158. ALDIZKARIA - 2010eko abenduaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Ordenantza, "La Cometa" udal ludotekako instalazioak erabiltzeko tasak arautzen dituena, 2011ko urtarrilaren 1ean indarra hartzekoa. Behin betiko onespena

Udalak, 2010eko urriaren 4an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza, "La Cometa" udal ludotekako instalazioak erabiltzeko tasak arautzen dituena.

Onespenaren erabakia 2010eko 129. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 25ean. Jendaurreko epean aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoan, delako ordenantza behin betiko onetsi da, baita xedatu ere osorik argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

ORDENANTZA, "LA COMETA" UDAL LUDOTEKAKO INSTALAZIOAK ERABILTZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Tasa hauek martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legearen 100.5 artikuluari jarraituz ezarri dira, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatu baitzuen, tasen eta prezio publikoen gaietan.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Ordenantza honen zergapeko egintza da udal ludotekaren zerbitzua erabiltzea, Tuterako Udalaren "La Cometa" ludotekaren antolaketa eta funtzionamendurako Erregelamenduaren 2. artikuluan zehaztutako ezaugarriekin.

Subjektu pasiboak

3. artikulua. Tasa horien subjektu pasiboak izanen dira udal ludotekaren zerbitzuak erabiltzen dituzten adingabeen tutoreak edo arduradunak. Adingabe horiek Tuterako Udalaren "La Cometa" ludotekaren antolaketa eta funtzionamendurako Erregelamenduaren 4. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

Tributu-kuota

4. artikulua. Kuota kopuru finkoa izanen da, ordenantza fiskalaren 1. eranskinean ezarritako tarifei jarraituz, eta indarrean izanen da Udaleko Osoko Bilkurak aldatzea erabakitzen ez duen bitartean.

Tasen sorrarazpena

5. artikulua. 1. Ordaintzeko beharra sortzen da adingabearen inskripzioa egiten den momentuan, uste baita orduan hasten dela bai Udala zerbitzua ematen bai onuraduna zerbitzua hartzen.

2. Denboraldiko kuotaren kasuan, dena ordaintzea eskatuko da, inskripzio eguna kontuan hartu gabe, eta horrekin denboraldi osoa ordainduko da, irailaren 15etik ekainaren 15era arte. Uko egiten bazaio ez da zenbatekoa itzultzeko edo murrizteko eskubiderik izanen.

3. Hiruhilekoko kuoten kasuan, kuota bakoitza osorik ordaindu beharko da eta hasia dagoen hiruhilekoa ordainduko. Uko egiten bazaio ez da zenbatekoa itzultzeko edo murrizteko eskubiderik izanen. Hiruhilekoak hauek izanen dira:

-Lehen hiruhilekoa: inskripzioa irailaren 15etik abenduaren 14ra bitarte, biak barne, egiten dutenek ordainduko dute kuota hau.

-Bigarren hiruhilekoa: inskripzioa abenduaren 15etik martxoaren 15era bitarte, biak barne, egiten dutenek ordainduko dute kuota hau.

-Hirugarren hiruhilekoa: inskripzioa martxoaren 16tik ekainaren 15era bitarte, biak barne, egiten dutenek ordainduko dute kuota hau.

4. Espresuki baztertzen da kuota hainbanatzeko aukera.

5. Hamar eguneko bonuen kasuan, ordainketa bonua eskuratzen denean eginen da eta dagokion denboraldian erabili beharko da, irailaren 15etik ekainaren 15era.

Salbuespenak eta hobariak

6. artikulua. Hobariak.

1. %75eko hobaria izanen dute adingabeen inskripzio kuotek, haien familiek oinarrizko errenta jasotzen badute.

2. %20ko hobaria izanen dute familia bereko bigarren senidearen inskripzio kuotek.

3. Orobat, %25eko hobaria izanen dute hiru seme-alabako familia ugarietako adingabeen inskripzio kuotek, eta %50ekoa lau seme-alaba edo gehiago duten familia ugarietako adingabeenek.

4. Artikulu honetako 1. puntuan aipatzen den hobaria metagarria da 2 eta 3. puntuan aipatzen direnekin.

5. Hobari horiek jasotzeko, oinarrizko errenta jasotzen duela frogatzen duen agiria, Nafarroako Gobernuak luzatua, eta familia ugariendako ezarritako titulu ofiziala aurkeztu beharko dira.

Kudeaketa arauak

7. artikulua. 1. Ludotekaren udal zerbitzua eskatzaileek Herritarrendako Laguntza Zerbitzuaren egoitzetan agertuko beharko dute eta bertan adierazten zaien bezala eskaria eginen dute. Horrekin batera, dokumentazio hau aurkeztuko dute:

1.-Legezko tutorearen baimena (ik. 2. eranskina) eta karnet motako bi argazki.

2.-Familia ugaria izanez gero, horietarako ezarritako titulu ofiziala.

3.-Eskolako ziurtagiria, derrigorrezko hezkuntza egiteko adinean diren adingabeen kasuan.

4.-Erroldaren ziurtagiria.

5.-Kuotaren ordainagiria. Ordaindu ahalko da txartel bidez Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan edo eskudirutan Diruzaintzan.

6.-Oinarrizko errenta jasotzen duela frogatzen duen ziurtagiria, Nafarroako Gobernuak luzatua, horri dagokion hobaria jaso nahi bada.

2. Ludoteka erabiltzeko hamar eguneko bonua dutenek "La Cometa" udal ludotekan bertan honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte: legezko tutorearen baimena, karnet motako bi argazki, erroldaren ziurtagiria eta eskolako ziurtagiria.

8. artikulua. Pertsona bat zerbitzuaren onuradun bihurtzen duen inskripzioak denboraldiaren bukaera arte balioko du, eta, beraz, hurrengoaren hasieran berriz ere egin beharko dira inskripzioa eta kuota osoaren ordainketa.

9. artikulua. Zerbitzua erabiltzeko eskubidea hasi eta bukatzen deneko adin mugari dagokionez, hasi, gutxieneko adina duenean hasiko da, hau da, Tuterako Udalaren "La Cometa" ludotekaren antolaketa eta funtzionamendurako Erregelamenduaren arabera 3 urte dituenean; eskubidea bukatzen deneko adinari dagokionez, gehieneko adina duenean, hau da, erregelamendu horren arabera 12 urte dituenean. Adin hori denboraldiaren barruan gainditzen bada, ez dio onuradun izateari utziko; aitzitik, hori besterik gabe gertatuko da hasitako denboraldia amaitzen denean.

Diru-bilketa

10. artikulua. Kuotaren ordainketa Herritarrendako Laguntza Zerbitzuaren edozein egoitzatan egin ahalko da txartel bidez, edo eskudirutan, Udaleko Diruzaintzan.

Tributuen arloko arau-hausteak

11. artikulua. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Kudeaketaren, diru-bilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantza orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

Xedapen iragankorrak

Lehenbizikoa.-Denboraldiko kuoten kasuan, haien inskripzioa 2011ko urtarrilaren 1etik ekainaren 15era bitarteko epean egin bada, ez zaie ordenantza honetako 1. eranskinean ezarritakoa aplikatuko; kontzeptu horrengatik 100 euroko kuota ezarri da.

Bigarrena.-Inskripzioak, hiruhilekoak, 2011ko lehenengo seihilekoan egiten badira, ez zaie aplikatuko ordenantza honetako 5. artikuluko 3. puntuan ezartzen den hiruhilekako banaketa. Horrelakoetan, banaketa hau eginen da:

-Lehen hiruhilekoa: inskripzioa urtarrilaren 1etik martxoaren 25era bitartean, biak barne, egin dutenek ordainduko dute kuota hori.

-Bigarren hiruhilekoa: inskripzioa martxoaren 26tik ekainaren 15era bitartean, biak barne, egin dutenek ordainduko dute kuota hori.

Azken xedapenak

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan ezarrita ez dagoen orotan, aplikatuko dira Kudeaketaren, diru-bilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantza orokorra, Tuterako Udalaren "La Cometa" ludotekaren antolaketa eta funtzionamendurako Erregelamendua eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak.

Bigarrena.-Ordenantza honek 2011ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

1. ERANSKINA

Tarifak

KONTZEPTUA

OINARRIZKO KUOTA

Kuota, denboraldika (irailaren 15etik ekainaren 15era arte)

150 euro

Hiruhilekoko kuota (lehenengoa, bigarrena edo hirugarrena)

60 euro

Hamar aldirako bonua

20 euro

2. ERANSKINA

"La Cometa" udal ludotekako bazkide txartela egiteko bete beharrekoa.

(Guraso edo tutoreek sinatutako baimenarekin eta datu pertsonalen fitxarekin batera, karnet neurriko bi argazki aurkeztu behar dira).

Baldintzak:

Tuteran bizitzea, 3 eta 12 urte bitarteko adina izatea eta Haur Hezkuntzan edo Lehen Hezkuntzan eskolatua egotea.

BAIMENA

Izen-deiturak:

Honako honen aita, ama edo tutorea:

Semeari/alabari baimena ematen diot udal ludotekako bazkide egiteko, arauen jakitun naiz eta onartu egiten ditut.

Tuteran, 20...(e)ko ..........aren .......(e)an.

Sinadura: .......................................

Datu pertsonalak

Izena

Deiturak

Jaioteguna

Helbidea

Telefonoa

Ikastetxea ............................................. Maila

Aita/tutorea ....................................... Lanbidea

Ama/Tutorea ......................................... Lanbidea

Zenbat anai-arreba diren ..........................

Aditzera ematen da, orok jakin dezan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluari jarraituz, eta ohartarazten da behin betiko onespen honen aurka jotzen ahal dela bide hauetakoren bat erabiliz:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, egintza/erabaki/ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean egintza/erabaki/ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Tuteran, 2010eko abenduaren 21ean.-Ogasuneko zinegotzi delegatua, José María Navarro Fandos.

Iragarkiaren kodea: L1019780