153. ALDIZKARIA - 2010eko abenduaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2010eko azaroaren 30ean hartua, Urdiain-Altsasuko industrialdearen UPSaren eremuko esku-hartze arkeologikoak (Nafarroa 2012 Plana, lehentasunezko jarduketa) ukitutako finken aldi baterako okupazioaren onura publikoa, beharra eta presa adierazten dituena desjabetu ahal izateko.

Nafarroako Gobernuak 2008ko maiatzaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, "Urdiain-Altsasuko industrialdea" izeneko udalez gaindiko plan sektoriala onetsi zen, eta 2008ko urriaren 13ko Erabakiaren bidez, plan horren S-1 sektorearen (Urdiain) onura publikoa adierazi, desjabetu ahal izateko.

Aipatu plan sektorialak industriarako lurzoru antolatua, zerbitzu eta azpiegiturez hornitua, bultzatzea du xede, Arakil ibaiaren inguruan proiektu industrialek bidea egin eta indarra har dezaten, Foru Komunitateko sarearen industriarako lurzoru publikoa osatzearren. Jarduketa eremua bi udal mugapetakoa da (Altsasu eta Urdiain), eta kudeatzeko banaketa eremu bakarra da, bi sektorerekin: S-1 sektorea (Urdiain) eta S-2 sektorea (Zangitu).

Nafarroako Gobernuak 2008ko maiatzaren 19an hartutako Erabakiaren 1.h) atalean honako hau esaten da, zehazki: "Ondare Historikoaren Zerbitzuak aipatzen dituen baldintzak bete daitezen, konponbidea hauxe litzateke: Altsasuko 3. poligonoko 1616., 1624., 1625. eta 1626. lurzatiak -horietan, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak zehaztutakoaren arabera, zundaketak egin behar dira 2. sektoreko Plan Partziala egin baino lehen- kultura balioa duen lurzoru gisa eta 2. sektoreari atxikitako sistema orokor gisa sailkatzea, eta Plan Partzialerako uztea ondare arkeologikoa babesteko eremuaren azken mugaketa zehatza, zundaketa horien emaitzak ikusi eta gero egin beharko baita"

Urdiain-Altsasuko industrialdearen proiektua dela-eta, Kulturako zuzendari nagusiaren maiatzaren 19ko 341/2009 Ebazpenaren bidez, presako esku-hartze arkeologikoa egitea baimendu zen, "Navarra de Suelo Industrial, S.A.k" (NASUINSA) aurkeztutako proposamenaren arabera, Altsasuko 3. poligonoko 1616., 1624., 1625. eta 1626. lurzatiei dagokienez.

Nafarroako Kultura Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 58. artikuluak esku-hartze arkeologikoak definitzen ditu, eta presakotzat jotzen ditu ondare arkeologikoko ondasunak hondatu, galdu edo konpontzeko zailak diren kalteak egiteko arriskua dagoenean, edo aurreneurriak hartu behar direnean haiek dokumentatu eta babesteko.

Nafarroako Kultura Ondarearen arloan, eta aipatu foru legearen 4.c) artikuluari jarraituz, Nafarroako Foru Komunitateak nahitaez desjabetzeko eskumena du, besteak beste.

Aipatu esku-hartzeak Altsasuko 3. poligonoko 1616., 1624., 1625. eta 1626. lurzatiak aldi baterako okupatzea dakar. Horren gainean, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 108.1 artikuluak ezartzen du administrazio publikoak gaituta daudela partikularren lurrak aldi baterako okupatzeko, haietan azterlanak edo iraupen laburreko eragiketa fakultatiboak egin eta datuak jasotzeko; hori guztia, proiektua prestatzeko edo obraren zuinketa egiteko.

Ukitutako lurzatien aldi baterako okupazioaren beharra eta presa "Urdiain-Altsasuko industrialdea" izeneko udalez gaindiko plan sektorialaren garapenak justifikatzen ditu eta, zehazki, Zangituko (S-2 sektorea) hirigintza sektorekoak, hortxe baitago prospekzio eremua. Sektore horrek ez dauka hirigintzako antolamendu xehakaturik eta, plan partzial batez hornitzeko, ezinbestekoa da prospekzio arkeologikoa egitea; horregatik komeni da Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan araututako salbuespeneko prozedura erabiltzea.

2010eko urriaren 28an, "Navarra de Suelo Industrial, S.A.k" (NASUINSA) nahitaezko desjabetzearen gaineko espedientea tramitatzeko eskatu zuen, lehen aipatu esku-hartze arkeologikoak ukitutako finkak aldi baterako okupatzeko; orobat, lurren aldi baterako okupazioaren onura publikoa, beharra eta presa adierazteko, baita desjabetzearen enpresa onuraduna adierazteko ere.

Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU

1. Desjabetu ahal izateko, Altsasuko 3. poligonoko 1616., 1624., 1625. eta 1626. lurzatien aldi baterako okupazioaren onura publikoa adieraztea, Urdiain-Altsasuko industrialdearen UPSaren eremuan (Nafarroa 2012 Plana, lehentasunezko jarduketa) esku-hartze arkeologikoa egiteko.

2. Ukitutako finken aldi baterako okupazioaren beharra eta presa adieraztea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

3. "Navarra de Suelo Industrial, S.A." (NASUINSA) aldi baterako okupazioren onuraduna dela adieraztea.

4. Erabaki hau Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta "Navarra de Suelo Industrial, S.A.ra" (NASUINSA) igortzea.

5. Erabaki hau Altsasuko Udalari jakinaraztea, eta adieraztea erabakiak amaiera ematen diola administrazio bideari eta bere kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

6. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2010eko azaroaren 30ean.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1019874