153. ALDIZKARIA - 2010eko abenduaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1642/2010 EBAZPENA, urriaren 26koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen eraginaren adierazpena egin eta udalaren ebazpenaren aurreko txostena ematen duena Castejongo udal mugapean dagoen "Corraliza del Pozo" izeneko legar-hobia ustiatu, aprobetxatu eta lehengoratzeko proiektuari buruz. Sustatzailea Hormigones Vicente, S.L. da.

Proiektatu den legar-hobiak bi urtetik gorako ustiapen aldia izanen luke eta 2,5 ha baino gehiago ukituko; hortaz, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua betez, Ingurumen eraginaren adierazpena egin behar da, jarduera sailkatuko udal lizentzia eman edo ukatu baino lehen, arau horretako 4B eranskinean sartuta baitago.

2010eko urtarrilaren 29an, Hormigones Vicente, S.L.k laburpen memoria bat aurkeztu zuen, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko prozedurari hasiera emateko. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak 2010eko otsailaren 15ean egindako idazkiaren bidez, aldez aurreko kontsulten tramitea hasi zen, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 60. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua, Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzua, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua eta Ebroko Ur Konfederazioa izan ziren erantzun zuten entitateak, eta sustatzaileari igorri zitzaizkion erantzun haiek.

Ingurumen eraginaren azterlana eta ustiapen proiektua 2010eko martxoaren 5ean departamentu honetan sartu ziren eta martxoaren 26an nahikotasun txostena eman zen. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarki baten bidez (2010eko 39. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 29koa) proiektua jendaurrean jarri zen hogeita hamar egunean, jarduera sailkatuko udal lizentziaren eta ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren ondorioetarako. Epe horretan Santiago Villanueva Orbaiz jaunaren alegazio bat jaso zen, eta horren edukia eta erantzuna ebazpen honen III. eranskinean ikusten ahal dira.

Proiektuaren laburpena eta ingurumenean eragina izanen duten ekintzen azalpena ebazpen honen I. eranskinean jaso dira. Ingurumen eraginaren azterlanean (II. eranskinean laburturik ageri da) proiektuak ingurumenaren gainean izanen dituen ukipen nabarmenenak egokiro aztertzen dira eta neurri zuzentzaile batzuk ezartzen, ingurumenean eragin nabarmenik ez sortzea bermatzeko.

Tramitatu den dokumentazioan jarduketak ongi zehaztuta daudela uste da eta, hortaz, bidezko da Castejongo udal mugapean "Corraliza del Pozo'" izeneko legar-hobia ustiatu, aprobetxatu eta lehengoratzeko proiektuari buruz Ingurumen eraginaren adierazpena egitea (sustatzailea Hormigones Vicente, S.L. da), aurkeztutako proposamena ingurumenaren aldetik bideragarri jotzen baita, ebazpen honetan biltzen diren baldintzak betez.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziorako prozedura osaturik dagoela, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari dagozkion eginkizunak esleitzeari buruz urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduarekin bat, eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legearen 28.1 artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpena egitea, aldekoa, Castejongo udal mugapean dagoen "Corraliza del Pozo" izeneko legar-hobia ustiatu, aprobetxatu eta lehengoratzeko proiektuari buruz. Sustatzailea Hormigones Vicente, S.L. da.

2. Jarduera izenburuan azaldutako espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin dadila ezartzea, eta gainera baldintza hauek bete daitezela:

-Legar-hobiak 57.752 m² hartuko ditu guztira, Castejongo 3. poligonoko 13. eta 14. lurzatien barnean.

-Guztira 202.132 m³ legar aterako da 9 urteko ustiatze aldian, proiektuan zehaztutako 3 faseko planari jarraikiz.

-Lehengoratze lanean, sortutako zuloa beteko da hondeaketan ateratako lurra erabiliz, lurzatien jatorrizko topografia eta nekazaritzako erabilera berreskuratu arte.

-Lanak hasi aurretik 50 cm-ko geruza bat landare lur kenduko da eta lur-meta bat eraikiz metatuko da, alboko bideetatik legar-hobia ikustea ezinezkoa izan dadila. Landare lur hau guztia berrezarri eginen da lehengoratze lanean. Azkenik, lursaila egokituko da lurzatiak sail ureztatuan berriro sartzeko.

-Lurzatiek (bidearen bestaldean) mugatzen dute Soto de Giraldelli EN-25 Natur Lekunearekin, "Ebro ibaia" izeneko BILen zati dena. Lekune honetako inguruko babesgunean debekatuta izango da lanak egitea, material metatzea eta makinak ibiltzea. Legar-hobia ustiatzen denean proiektuan aurreikusitako ustiatzeko mugaren barrenean eginen dira metaketak.

-Lurzatien bazterretan dauden zuhaitzak osorik errespetatuko dira.

-Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2009ko martxoaren 13an emandako txostenean eskatutako neurriak beteko dira. Aurreikusitako lanak egitean hondar arkeologikorik agertzen bada lur azpian, obrak berehala gelditu eta aurkikuntzaren berri emanen zaio Vianako Printzea Erakundeko Ondare Arkeologikoaren Bulegoari.

-Legarra ateratzeak ezin du oztopatu maila freatikoa, eta mailaren gainetik gutxienez metro bateko segurtasun tartea izan behar du.

-Hautsaren kontrako babes neurri hauek jarriko dira:

  • Kamioiak kargatu ondoren olanaz estaliko dira.
  • Beharrezkoa izanez gero, pistak eta sarbideak urez garbituko dira, eta behar bezala trinkotuta edukiko dira.
  • Erauzketa jardueraren barnean ibilgailuen zirkulazio abiadura beti 30 km/h-tik beherakoa izanen da.
  • Haizetik babestuta eta lurrez estalita metatuko da hautsa daraman materiala. Metaketa horiek estaltzeko materialik ez bada, hezetasuna emanen zaie.

-Instalazioek material xurgatzaile egokiak izanen dituzte, baita edukiontzi bat ere, ustiapenerako makinetatik ateratzen ahal diren isurketak eta gainerako gai kutsatuak biltzeko.

-Lanak egunez eginen dira eta ibilgailuen eta ekipo mugikorren ihes-hodietan isilgailuak jarriko dira.

-Proiektuak Ebroko Ur Konfederazioaren aldeko txostena beharko du, Ebro ibaiko polizia eremuaren barnean dagoelako, Uren Legearen Testu Bateginak (1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak, uztailaren 20koak) ezarritakoa betetzeko.

-Proiektuak Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuaren (Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentua) baimena beharko du, Meatzeei buruzko uztailaren 21eko 22/1973 Legea betetzeko.

3. Legar-hobia lehengoratzeko plana gauzatuko dela bermatuko da, urriaren 15eko 2994/1982 Errege Dekretua eta abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena (109. artikulua) aplikatuz, sustatzaileak abal solidarioa aurkeztuta, zeina uztailaren 21eko 205/1988 Foru Dekretuaren araberakoa izanen baita, edo, bestela, eskudiruzko fidantza aurkeztuta, Nafarroako Gobernuaren Ekonomia eta Ogasun Departamentuan, 83.690 euro guztira, eta hori egin izana Udalari adierazi beharko zaio, hark irekitzeko lizentzia eman baino lehen. Bermea bost urtean behin eguneratu beharko da, kontsumorako prezioen indizearen bilakaeraren arabera.

4. Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedatutakoaren arabera.

5. Aditzera ematea Ingurumen eraginaren adierazpena toki entitateak jarduera sailkatuaren lizentzia eman aurreko txostena dela eta, beraz, adierazpenean ageri diren baldintzak lotesleak direla udal agintaritzarentzat.

6. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoari jarraikiz lurzoru urbanizaezinean jarduera baimentzeari dagokionez, administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen kontra, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 64. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

8. Ebazpen hau jakinaraztea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Castejongo Udalari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko urriaren 26an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Proiektuaren xedea da Castejongo 3. poligonoko 13. eta 14. lurzatietan legarra ateratzea. Legar-hobiak 57.752 m² hartuko ditu guztira. 202.132 m³ legar aterako da guztira eta kotak 4 bat metro eginen du behera. 4 metro hauetatik, 0,5 m landare lurrei eta 3,5 metro legar geruzei dagozkie. Lehendik dauden nekazaritza bideetatik iritsiko da legar-hobira. Alboko bide eta finketatik 2 m-ko babes zerrenda ezarriko da.

Ustiatze aldia 9 urtekoa izanen da eta hiruna urteko hiru fasetan burutuko da. Faseak zerrendaka aurrera doaz, hegoaldeko mugatik iparralderantz. Legarra aterako da banku bakar batean, gutxi gorabehera 3,5 m-ko altuera izango duena.

Ustiapen lanei hasiera emateko mugatuko da jarduketa eremua, dagoeneko hesituta dagoena. Gero kenduko da landare lurra (0,5 m), legar-hobia izkutatuko duten kordoietan metatuko dena.

Behin fase bakoitzaren ustiapena bukatuta, lehengoratuko da, eta horretarako ustiapenetik ateratako lurrarekin zuloa beteko da jatorrizko topografia berreskuratu arte. Geroago metatutako landare lurra zabalduko da. Azkenik, lurzatiak nekazaritzarako izanen dira berriro.

Lehengoratze lanerako aurkeztu den aurrekontua ez da aski aurreikusitako jarduketak gauzatzeko; hortaz, handitu egin da lehengoratze abalaren zenbatekoa, lehengoratze lana eginen dela ziurtatzeko.

II. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterlanaren laburpena

Proiektuari buruzko Ingurumen eraginaren azterlanean ondokoak bildu dira: ingurumen inbentarioa, eraginen identifikazioa, ezaugarriak eta balorazioa, aurreneurriak eta neurri zuzentzaileak, lehengoratze plana, aurrekontua eta ingurumena zaintzeko programa.

Proiektuak ez du naturgune babesturik ukitzen, eta ez da garatuko Natura 2000 Sareko Batasunaren intereseko lekuen proposamenean ageri diren lurretan. Lursailek mugatzen dute Soto de Giraldelli EN-25 Natur Lekunearekin, bide batek bereiztuta. Lekune honek Natura 2000 Sareko Ebro ibaia izeneko Batasunaren Intereseko Lekuaren zatia da. Horregatik kontu handiz ibiltzea funtsezkoa da eremu horrek ukipenik jasan ez dezan.

Laborantza ureztaturako erabiltzen dira lurzatiak. Horregatik natur landaredirik eta intereseko habitatik ez da ukituko. Lurzatiaren bazterretan dauden zenbait lizar (Fraxinus angustifolia) errespetatu behar dira.

Vianako Printzea Erakundeko Arkeologia Atalaren 2009ko martxoaren 13ko txostenean jakitera ematen denez, aipatutako lurzatietan proiektua bideragarria izaten ahal da ondarearen ikuspegitik, baina ezin da baztertu aztarna arkeologikoak lurpetik aterako direnik, zeren Cerro del Soto aztarnategi arkeologikoa oso hurbil baitago. Horregatik ondare arkeologikoa babesteko hainbat neurri ezarri da.

Ebro ibaia legar-hobitik oso gertu dago (50 metrotara, gertuen dagoen puntutik). Gutxi gorabehera 10 m-ko aldea dago kotan, ibaiaren egungo mailaren eta lurzatiaren azalaren artean. Proiektuan maila freatikoan ukipenik baztertuko duen lurzatiaren segimendu piezometrikoa ez da sartzen. Horregatik, maila freatikoa oztopatu ez dezan, hondeaketa mailaren gainetik gutxienez metro batera izango da uneoro.

Proiektuaren ondoriozko jarduketa nagusiak, eragina sortzen dutenak, hutsunea egitea (aldaketa fisiografikoa) eta materiala garraiatzea dira. Beraz, hurrengo hauek dira sortzen ahal diren eragin garrantzitsuenak: fisiografiaren, garraioaren, geologiaren eta airearen eta uraren kalitatearen gaineko eragina. Ingurumen eraginaren azterlanean jasotzen diren neurri zuzentzaileek, ebazpen honetan jasotzen direnekin batera, eragin hauek modu egokian arindu eta zuzentzea ahalbidetzen dute, proiektua ingurumen aldetik bideragarria dela ziurtatuz.

III. ERANSKINA

Jendaurrean jarri izanaren emaitza

Espedientearen jendaurreko epean Santiago Villanueva Orbaiz jaunak alegazio-idazkia aurkeztu zuen. Idazkian alegatzaileak ingurumena babeserako garrantzizko hainbat iritzi eman ditu:

-Eraginaren azterlanak aurretiazko kontsulten tramitean jasotako erantzunak ez dituela kontuan hartzen nabaritu du.

-Alegatzailearen iritziz, Ingurumen eraginaren azterlanean hainbat ukipen ez dira agertzen behar bezala; besteak beste: Natur Lekuneen eta Batasunaren Intereseko Lekuen gaineko eragina, paisaian izandako ukipenak, ondare arkeologikoaren gaineko eragina eta Ebro ibaiko polizia eremuaren gainekoa.

-Hondakin inerteekin betetzeko, lurra behar bezain iragazkorra dela ziurtatuko duten azterlan eta saiorik eza aipatu du, hondakinen suntsipena zabortegietan biltzearen bidez erregulatzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

Erantzuna:

Ebazpen honek ezarritako baldintzak betetzeak alegazio-idazkiak eskatutakoari erantzuten dio, modu honetan:

-Ebro ibaia izeneko BILaren eta bere Natur Lekuneen gaineko ukipenak erabat baztertuta daude, bai makinak ibiltzeak, bai material metatzeak bai eta edozein obra lagungarrik eragindakoa ere.

-Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2009ko martxoaren 13an emandako txostenak aztarnategi arkeologikoen gaineko ukipenik ez dela izanen ziurtatzen du. Txosten horrek zer neurri hartu beharko diren ezartzen du, aztarna arkeologikorik agertuz gero.

-Maila freatikoaren gaineko ukipena baztertzen da.

-Zuloa betetzeko, soilik ustiapenetik ateratako lurra erabiltzea baimentzen da.

Ebroko Ur Konfederazioak eta Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak aurretiazko kontsulten tramitean egindako aipamenei buruz, honako hau diogu: erakunde biek proiektua baimendu behar dute, Uren Legearen Testu Bategina (1/2001 Legegintzako E. D., uztailaren 20koa) eta Meatzeei buruzko uztailaren 21eko 22/1973 Legea betetzeko. Horrela proiektuko alderdi hauen berrikuspena halabeharrez kontsultatuko erakundeek egin beharko dute.

Aipatutako gainerako alderdiek ez dutela eragin kritikorik eta ezarritako baldintzak, neurri zuzentzaileak eta faseka eratutako lehengoratzeko proiektua betez gero egokiro zuzenduko direla uste da.

Iragarkiaren kodea: F1018025