153. ALDIZKARIA - 2010eko abenduaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

682/2010 EBAZPENA, azaroaren 8koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, behe tentsioko aireko linea isolatuaren eta barne banaketa elektrikoaren proiektu elektrikorako, Leatxeko 5. poligonoko 705. lurzatian arditarako nabea ezartzeko. S.C.A. Sola Irurozqui, J y E delakoak sustatzen du.

2010eko martxoaren 5ean Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O atalean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Lineak 230/240 V-eko tentsioa eta 143,4 kW-eko potentzia izanen du, eta 368 ml luze izanen da, horietatik 268 ml airetik eta 100 ml zanga barrenean kanalizatuta. Aireko tartea, 7 baoz osatua, 11 m-ko altuerako hormigoizko zutabetan eusten da, herritik iparraldera doan bidearen parean. Lurpeko tarteak zangan sartuko dira 0,8 m sakon, eta 60x60 cm-ko kutxatiletik kutxatilera, abiapuntuan, bukaeran eta loturako euskarrien ondoan. Zanga hormigoiz hartuko da lurzoru urbanizatuan eta lurraz 705. lurzatian, naberaino. Eroaleak sare-polietilenoz isolatuko dira, eta 160 mm-ko PVCzko zorroan bilduko dira zangan sartutako eroaleen kasuan.

Aldeko txostena jaso da, bai Udalarena, bai Udalaren Hirigintza Planeamendurako Atalarena, 2010eko maiatzaren 7an.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea behe tentsioko aireko linea isolatuaren eta barne banaketa elektrikoaren proiektu elektrikorako, Leatxeko 5. poligonoko 705. lurzatian arditarako nabea ezartzeko. S.C.A. Sola Irurozqui, J y E delakoak sustatzen du.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean eman da:

-705. lurzatiaren gainetik doan aireko tartea zangan sartzen ahal da, sustatzaileak egokitzat joz gero.

-Obrak hastean landare lurra kenduko da (lurzoruaren azalera emankorra) eta hondeaketako gainerako lurretatik aparte pilatuko da; gero, zangaren gainaldea betetzeko erabiliko da, lurpeko lineak ukitutako lurzorua lehengoratzeko. Sortzen ahal diren gainontzeko soberakinak, landare lurra ez bada, jaso eta zabortegi baimendu batera eramanen dira, zer diren kontuan hartuta.

-Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen beste azpiegitura eta zortasun batzuei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak eskuratu beharko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.

3. Baimen honek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Leatxeko Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko azaroaren 8an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1018616