135. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 5a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA

2010eko urriaren 7ko ebazpena, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko gobernu idazkariak emana, Nafarroan idazkari judizial ordezko izateko lan-poltsetarako deialdia egiten duena

Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 451. artikuluan eta Idazkari Judizialen Kidego Organikoaren Erregelamendua onesten duen abenduaren 30eko 1608/2005 Errege Dekretuaren 134.-139. bitartekoetan xedatutakoarekin bat, gobernu idazkaritza honek erabaki du Nafarroako probintzian idazkari judizial ordezko izateko lan-poltsetarako deialdia iragartzea. Hona hemen deialdiaren oinarriak:

Lehenbizikoa.-Nafarroan hogei (20) lanpostuz osatuko da lan-poltsa, eta erreserbako kupo gisa beste bost (5) lanpostu gehituko dira.

Poltsak urtebeteko indarraldia izanen du, bera eratu izana argitaratzen denetik aurrera. Beste urte baterako luzatu ahal izanen da.

Deialdiko lanpostu guztietatik %5 gordeko dira legez aitortutako %33ko ezgaitasuna edo handiagoa dutenentzat, martxoaren 31ko 406/2010 Errege Dekretuaren (apirilaren 1eko Estatuko Aldizkari Ofiziala) 5. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Hautagaiek ezgaitasun hori frogatu behar dute, baita Idazkari Judizialen Kidegoko eginkizunetan aritzeko bateragarritasun funtzionala ere.

Bigarrena.-Lehiaketan parte hartu ahal izateko, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean baldintza hauek bete behar dira:

1. Espainiarra eta adin nagusikoa izatea.

2. Zuzenbidean lizentziaduna izatea.

3. Dolozko delituengatik inoiz kondenatua ez izatea eta halako delituengatik auzipeturik edo inputaturik ez egotea, edo, hala bada, birgaikuntza lortu izana, edo auzia largesteko auto irmoa izatea, edo zigor aurrekariak ezereztu izana.

4. Eskubide zibilak osorik egikaritzeko moduan egotea.

5. Funtzio publikoetan aritzeko desgaitua ez egotea.

6. Diziplina prozedura baten bidez Estatuko, autonomia erkidegoetako edo toki administrazioetako kidegoren batetik baztertua ez izatea, ezta eginkizun publikoetan aritzeko gabetua ere, diziplina edo epaile bidez, non ez den behar bezala birgaitua izan.

7. Karguan aritzea galarazten dion akats fisikorik nahiz psikikorik edo eritasunik ez izatea.

8. Hirurogeita hamar urte beteak edo poltsaren indarraldian betetzekoak ez izatea.

Hirugarrena.-Interesdunek parte hartzeko eskabide bakarra aurkeztuko dute, Justizia Auzitegi Nagusiko gobernu idazkariari zuzendua, eta lan egiteko nahi dituzten probintzien zerrenda erantsiko dute lehentasunaren araberako hurrenkeran. Eskaera zuzenean aurkeztu, edo bestela Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako bideetatik edozein erabil dezakete. Deialdia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hamar egun naturaleko epean aurkeztu behar dute eskabidea, eta deialdia beste edozein bidetatik aditzera ematen bada, horrek ez du eraginik izanen epea kontatzean.

Laugarrena.-1) Parte hartzeko eskabideak ebazpen honen eranskineko ereduan eginen dira nahitaez. Agiri hauen fotokopia konpultsatuak erantsiko dira: nortasun agiri nazionala, Zuzenbideko lizentziadun titulua edo hori egiteko tasak ordaindu izanaren frogagiria, Zuzenbideko lizentziaturako espediente akademikoaren ziurtagiria, karguan aritzea galarazten duen akats fisikorik nahiz psikikorik edo eritasunik ez izatearen ziurtagiri mediko ofiziala, eta lehiatzaileak alegatzen dituen merezimenduen frogagiriak.

2) Zigor aurrekarien ziurtagiria Justizia Ministerioak berak eskatuko die, Gobernu Idazkaritzak eskaturik, prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoan jardunean ez diren hautatuei bakarrik.

3) Administrazioko kidegoren batean zerbitzu aktiboan ari direnek diziplinako espediente bidez gabetuak ez izatearen ziurtagiria erantsiko dute, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegokoek izan ezik; hauei Justizia Ministerioak eginen die frogagiri hori, Gobernu Idazkaritzak eskaturik.

4) Gutxienez %33ko ezgaitasuna legez aitortua duten izangaiek organo eskudunen ziurtagiria aurkeztu beharko dute Idazkari Judizialen Kidegoko eginkizunetan aritzeko gaitasun funtzionala frogatzeko.

Bosgarrena.-Poltsaren batean daudenek, beste poltsa baterako deialdia egiten denean, hartan parte hartu ahalko dute, nahi badute. Alegatzen dituzten merezimenduak deialdi berrian ezarritako moduan baloratuko zaizkie.

Seigarrena.-1) Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, gobernu idazkariak baloratu eginen ditu eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten izangaiek alegatutako merezimenduak.

2) Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak 2006ko maiatzaren 26ko Ebazpenean ezarritako baremoa eta puntuazio-irizpideak erabiliko dira merezimenduak baloratzeko. Ebazpen hori 2006ko ekainaren 2ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, eta geroago partez aldatu zen, Justizia Administrazioa Modernizatzeko Zuzendaritza Nagusiak 2008ko uztailaren 14an eman zuen ebazpen baten bidez (2008ko abuztuaren 5eko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua). Ondoko merezimendu hauek baloratuko dira:

a) Espediente akademikoa.

b) Zuzenbidean doktorea izatea, eta gradu horretan lortutako kalifikazioa.

c) Epaitegi eta auzitegietan abokatutzan aritutako urteak, emandako irizpenak eta egindako aholkularitza lanak. Edozein elkargotan jarduneko abokatu gisa izangaia noiz afiliatu zen lehen aldiz, egun horretatik aurrera kontatuko zaio lanbidean aritutako aldia.

d) Gaitutako ofizial gisa aritua izatea, eta gaikuntzak iraun duen aldia.

e) Idazkari judizial, epaile edo fiskalen ordezko aritu izana, eta ordezpen horien benetako iraunaldiak.

f) Unibertsitate publiko nahiz pribatuetan arlo juridikoetako irakaskuntzan edo arlo horietako departamentuetan laguntzaile lanetan, benetako zerbitzuan egindako urteak.

g) Karrerako funtzionario gisa administrazio publikoetako beste edozein kidegotan egindako zerbitzu urteak, baldin eta Zuzenbideko lizentziadun titulua beharrezkoa bada kidego horietan sartzeko. Norbera praktiketako funtzionario izendatu zuten egunetik edo lehen lanpostuaz jabetu zen egunetik aurrera kontatuko da lanbidean aritutako aldia.

h) Argitalpen zientifiko-juridikoak.

i) Txostenak eta komunikazioak interes juridikoko biltzar eta ikastaroetan.

j) Espezializazio juridikoko ikastaroak egin izana.

k) Ariketaren bat gainditu izana Idazkari Judizialen Kidegoan, Karrera Judizialean edo Fiskalean sartzeko txanda irekiko probetan, edo Zuzenbideko lizentziadun titulua beharrezkoa den edozein oposiziotan.

l) Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoaren zerbitzuan egindako aldia.

m) Tokian tokiko Zuzenbidea ezagutzea eta/edo hizkuntza jakitea.

Seigarren oinarriko l) letran aipatzen den merezimendua, hau da, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoko funtzionarioa izatea, lehentasunez baloratuko da, idazkari ordezkoen poltsetan daudenen artean aukeratzeko orduan.

Zazpigarrena.-1) Eskaerak baloratu ondoren, Gobernu Idazkaritzak hautatuen behin-behineko zerrenda eginen du, puntu kopuru handienetik txikienera ordenatuta, eta erreserbako kupoa ere eginen du. Zerrenda horietan hautagai bakoitzaren deiturak, nortasun agiri nazionalaren zenbakia, ordena zenbakia eta lortutako puntuak ageriko dira. Zerrenda horiek beren iragarki oholetan jarriko dituzte ikusgai justizia auzitegi nagusiek, probintzia auzitegiek, hiriburuetako dekanotzek, administrazio unitateek, Gobernuaren ordezkaritzek eta, bere egoitza nagusian, Justizia Ministerioak.

2) Interesdunek hamar egun balioduneko epea izanen dute, Justizia Ministerioaren egoitza nagusian zerrendak ikusgai jarri eta biharamunetik hasita, Gobernu Idazkaritzari zuzendutako erreklamazioak egiteko eta, lurralde nazionaleko poltsa batean baino gehiagotan sartzeko hautatu badituzte, haietako bat aukeratzeko; gainerako poltsei uko egiteko idazkia aurkeztu beharko dute. Merezimenduen behin-behineko balorazioari buruzko erreklamazioak hertsiki lotu behar zaizkie eskaera aurkezterakoan frogatu diren merezimenduen balorazioari, eta ez da inoiz ere onartuko merezimendu horiek ongitzerik. Erreklamazioetan ezin da ez aipatu ez frogatu eskabidean azaldu gabeko merezimendurik.

3) Hamabost egun balioduneko epean Gobernu Idazkaritzak erreklamazioak ebatziko ditu eta behin betiko onartutako izangaien zerrenda eginen du. Zerrenda hori Justizia Ministerioari igorriko dio, egiazta dezan hautagaietako inor ez dagoela lan-poltsa batean baino gehiagotan. Hala balitz, hautagaia puntu gutxien lortu duen poltsatik baztertuko dute. Justizia Administrazioko idazkari nagusiak berretsi ondoren, zerrenda ikusgai jarriko da zazpigarren oinarri honetako 1. puntuan adierazitako moduan, baita Justizia Ministerioaren web orrian ere, eta Estatuko Aldizkari Ofizialera eta autonomia erkidegoko aldizkari ofizialera bidaliko da argitaratzeko.

Zortzigarrena.-1) Izendatu ahala, idazkari ordezkoak karguaz jabetuko dira izendapenaren berri jaso eta hogeita lau orduko epean, probintziako idazkari koordinatzailearen aurrean.

2) Uko egiteengatik edo kargua uzteko legezko beste arrazoi batzuengatik, behar adina hautagai ez dagoenean, deialdi honetan puntuazioa lortu dutenak izendatu ahal izanen dira, merezimenduen araberako hurrenkera zehatzean.

Bederatzigarrena.-Idazkari ordezkoak, karguan ari diren bitartean, Idazkari Judizialen Kidegoaren estatutuaren mende egonen dira, lanpostuari dagozkion ordainsariak jasotzeko eskubidea izanen dute, eta Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko dituzte.

Hamargarrena.-Karguan ari diren bitartean, idazkari ordezkoek Idazkari Judizialen Kidegoaren Erregelamendu Organikoaren 140. artikuluan eta hurrengoetan azaltzen diren bateraezintasun eta debekuak izanen dituzte.

Hamaikagarrena.-Kasu hauetan izendapenak indarrik gabe geratuko dira eta idazkari ordezkoek kargua utziko dute:

a) Titularra karguaz jabetu edo kargura itzultzen denean, edo kargua ezabatzen denean.

b) Poltsetan sartzeko eskatutako baldintzaren bat edo alegatutako inguruabarren bat faltsua zela jakiten bada.

c) Administrazio bidean diziplinako zehapen irmoren bat jasotzen bada, ohartarazpena izan ezik.

d) Epea amaitzen denean, edo izendapena eragin zuten premiazko edo presako arrazoiak desagertzen direnean.

e) Botere Judizialari buruzko Lege Organikoan eta Erregelamenduan Idazkari Judizialen Kidegoko funtzionarioentzat ezarritako nahitaezko erretiro adina betetzean.

f) Interesdunak karguari uko egiten badio, behar bezala justifikatuta, eta onartzen bazaio.

g) Justizia Ministerioak, kasuan kasuko gobernu idazkariaren proposamenez, ebazpen arrazoitua ematen badu, desgaitasun, bateraezintasun edo debeku kausaren bat gertatzen denean, eta karguko eginkizunak zintzo betetzeari uzten diotenean edo argi ikusten denean karguan aritzeko gai ez direla.

Hamabigarrena.-Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Idazkaritzaren erabakien aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izanen dute, Justizia Ministerioari zuzendua, administrazio bidea amaitzeko; eta, bidezkoa denean, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua.

Iruñean, 2010eko urriaren 28an.-Gobernu idazkaria, Mercedes Vitrian Arigita.

ERANSKINA

Lehiaketan parte hartzeko eskabidea, Idazkari Judizial Ordezkoen Poltsan sartzeko, Nafarroako gobernu idazkariak 2010eko urriaren 7ko Ebazpenaren bidez egindako deialdian

DATU PERTSONALAK

NANa:

Lehen deitura:

Bigarren deitura:

Izena:

Jaioteguna:

Helbidea: kalea edo plaza, eta zenbakia:

Eguna:

Hilabetea:

Urtea:

Helbidea: udalerria

Helbidea: probintzia

Telefonoa:

Ikasketa titulu ofizialak:

Tituluak eman zituzten zentroak:

PUNTUAK

NAHI DITUEN PROBINTZIAK,
LEHENTASUNAREN ARABERAKO HURRENKERAN

Agiri bidez frogatutako merezimenduak.

[ ] Espediente akademikoa.

[ ] Zuzenbideko doktore titulua.

[ ] Deialdiaren seigarren oinarriko c) puntuan adierazitako lanetan egindako urteak.

[ ] Gaitutako ofizial gisa egindako lanak.

[ ] Deialdiaren seigarren oinarriko e) puntuan aipatutako ordezpenak.

[ ] Unibertsitate-irakaskuntzan ................................................... urte egin ditu, ................................ko Unibertsitateko .............................. zentroan.

[ ] Beste kidego batzuetako karrerako funtzionarioak.

[ ] Argitalpen zientifiko-juridikoak.

[ ] Txostenak eta komunikazioak interes juridikoko biltzar eta ikastaroetan.

[ ] Espezializazio juridikoko ikastaroak.

[ ] Zenbat ariketa gainditu dituen beste oposizio batzuetan: ........... (seigarren oinarriko k) letra).

[ ] Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoan egindako zerbitzuak.

[ ] Autonomia erkidegoko Zuzenbidea eta hizkuntza jakitea (bidezkoa bada, seigarren oinarriko m) letraren arabera).

Sinatzaileak eskatzen du orri honetan aipatutako lehiaketan onar dezatela eta adierazten du hemen jarri dituen datuak egiazkoak direla, eta goian aipatutako deialdiko baldintza guztiak betetzen dituela; laugarren oinarrian eskatzen diren agiriak erantsi ditu.

..............................(e)n, 2010eko .........................aren ......(e)an.

(Sinadura)

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIKO IDAZKARI ANDREA,

SAN ROKE KALEA, ZK.G., 31011 IRUÑA.

Iragarkiaren kodea: J1017686