135. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

65/2010 FORU AGINDUA, urriaren 13koa, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariak emana, "Zaragoza-Altsasuko lineako 202/497 k.p.an, Izurdiagako udal mugapean, trenbide pasagunea kentzeko proiektua" jendaurrean jartzeko eta ukitutako toki entitateei entzunaldia emateko tramitea baliorik gabe uzten duena.

1998ko azaroaren 25ean, lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Nafarroako Gobernuak eta Sustapen Ministerioak, Nafarroako 20 trenbide pasagune kentzeko. Hitzarmen horretan, Nafarroako Gobernuari esleitu zitzaion Zaragoza-Altsasuko lineako 202/497 k.p.an, Izurdiagan, trenbide pasagunea kentzeko ardura.

Nafarroako Gobernuak, 2008ko apirilaren 21eko Erabakiaren bidez, "Asterain-Irurtzun NA-7010 errepidearen Arakilgo tartea: Irurtzun-Izurdiaga saihesbidea" izeneko Udalez gaindiko Plan Sektoriala onetsi zuen. 2008ko 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 14an. Horren arabera, batetik Zaragoza-Altsasuko lineak Izurdiagan duen trenbide pasagunea kenduko da, eta bestetik, Irurtzungo Saihesbidea eraikiko, Nafarroako Errepideen 2002-2009rako II. Plan Zuzentzailean 126. jarduketa gisa ageri baita.

Zaragoza-Altsasuko lineak Izurdiagan duen trenbide pasagunea kentzeko UPSan proposatutako irtenbidea bat dator N-1 alternatibarekin. Hala, "N1 aldatua" (N-1/m) izena eman zitzaion, izan ere N-1ak trenbidea goitik gurutzatzeko pasagune bat aurreikusten zuen, eta UPSaren proposamenak, berriz, beheko pasagune bat, trenbidea azpitik gurutzatzeko.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 14ko 560/2008 Ebazpenaren bidez, "Asterain-Irurtzun NA-7010 errepidearen Arakilgo tartea: Irurtzun-Izurdiaga saihesbidea" eraikuntza proiektuari buruzko azterlan informatiboaren Ingurumen eraginaren adierazpena egin zen eta 2008ko 55. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 2an.

Aurrekoarekin bat, 2009an "Zaragoza-Altsasuko lineako 202/497 k.p.an, Izurdiagan, trenbide pasagunea kentzeko oinarrizko proiektua" prestatu zen.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariak urriaren 6an emandako 95/2009 Foru Aginduaren bidez, proiektu hori behin-behinekoz onetsi eta jendaurrean jarri zen, eta ukitutako toki entitateei entzunaldia eman zitzaien (2009ko 131. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 23koa).

Proiektua jendaurrean egon zen aldian, ondoko alegazioak jaso ziren:

1.) Miguel Ángel Laplana Alba jauna, Izurdiagako Kontzejua ordezkatuz.

Eransten duen agirian, José Luis García Urbistondo jaunak, Izurdiagako Kontzejuko buruak, honako hau adierazten du:

Jendaurrean jarritako trazadura proiektuan trafikorako proposatzen den behin-behineko saihesbidea arriskutsua da herritarrentzat. Izan ere, proiektuaren arabera, San Juan auzoan trenbidea azpitik gurutzatzeko dagoen pasagunea erabiltzea aurreikusten da (Izurdiagako sarreran, Erroztik etorrita), eta pasagunearen galiboa tamaina txikikoa denez, ibilgailu astunak bertatik igarotzea galarazten du, eta ibilgailu arinak txandaka igarotzera behartzen ditu. Gainera, oinezkoentzat eta abereentzat nahitaezko pasabidea da, auzoaren ekialdera joateko.

Bestalde, trenbidea behetik gurutzatzeko pasagunea eraikitzearen ondorioz, gaurko sarbidea galtzen duten bizilekuetarako sarbide berriek tamaina handiko ibilgailuen igarotze egokia galarazten dute (anbulantziak, autobusak, suhiltzaileen kamioiak edo salgaien garraiorako kamioiak).

Gainera, sarbide berri horiek ikuspen urriko bidegurutzeak sortzen dituzte.

Eskatzen du:

-Beheko pasagunea goiko pasagune batekin ordeztea, eta hori 5. poligonoko 5. eta 6. lurzatietan dauden bizilekuen ondoan kokatzea (egungo trenbidearen 202/000 k.p.aren inguruan).

-Egungo NA-7010 errepidearen eta goiko pasagune berriaren gurutzegunean lubetadun biribilgunea jartzea, futbol-zelaiak gaur egun duen aparkalekuaren gainean (Arakil ibaiaren maila igotzearen ondorioz San Juan auzoan aldian-aldian izaten diren uholdeak saihesteko).

-Oinezkoentzako zebra-bide goratuak eraikitzea, San Juan auzotik igarotzen diren ibilgailuen abiadura moteltzeko.

2.) Javier Lázcoz Olaechea jauna, Arakil Ibarreko Udala ordezkatuz.

Honako hau adierazten du:

Herri Lan Departamentuak igorritako agiriak aztertuta, pasagunea kentzeko beste irtenbide bat planteatzen du, udaleko arkitekto aholkulariaren txostenaz.

Eskatzen du:

-Beheko pasagunea goiko pasagune batekin ordeztea, eta hori 5. poligonoko 5. eta 6. lurzatietan dauden bizilekuen ondoan kokatzea (egungo trenbidearen 202/000 k.p.aren inguruan).

-Egungo NA-7010 errepidearen eta goiko pasagune berriaren gurutzegunean lubetadun biribilgunea jartzea, futbol-zelaiak gaur egun duen aparkalekuaren gainean.

-Adar berria egitea eraiki beharreko biribilgunetik NA-7010 errepideraino, futbol-zelaiaren atzetik.

-NA-7010 errepidearen tartea aldatzea, hiriko zerbitzu berrira egokitzeko. Tarte hori herriaren zerbitzurako soilik geratuko litzateke.

3.) 800 partikularrek sinatutako idazkia, Eduardo Artieda Zugasti jaunak aurkeztua, eta 253 partikularrek sinatutako idazkia, Miguel Ángel Laplana Alba jaunak aurkeztua.

Honako hau adierazten dute:

Jendaurrean jarritako trazadura proiektuan trafikorako proposatzen den behin-behineko saihesbidea arriskutsua da herritarrentzat. Izan ere, proiektuaren arabera, San Juan auzoan trenbidea azpitik gurutzatzeko dagoen pasagunea erabiltzea aurreikusten da (Izurdiagako sarreran, Erroztik etorrita), eta pasagunearen galiboa tamaina txikikoa denez, ibilgailu astunak bertatik igarotzea galarazten du, eta ibilgailu arinak txandaka igarotzera behartzen ditu. Gainera, oinezkoentzat eta abereentzat nahitaezko pasabidea da, auzoaren ekialdera joateko.

Bestalde, trenbidea behetik gurutzatzeko pasagunea eraikitzearen ondorioz, gaurko sarbidea galtzen duten bizilekuetarako sarbide berriek tamaina handiko ibilgailuen igarotze egokia galarazten dute (anbulantziak, autobusak, suhiltzaileen kamioiak edo salgaien garraiorako kamioiak).

Gainera, sarbide berri horiek ikuspen urriko bidegurutzeak sortzen dituzte.

Eskatzen dute:

-Beheko pasagunea goiko pasagune batekin ordeztea, eta hori 5. poligonoko 5. eta 6. lurzatietan dauden bizilekuen ondoan kokatzea (egungo trenbidearen 202/000 k.p.aren inguruan).

-Egungo NA-7010 errepidearen eta goiko pasagune berriaren gurutzegunean lubetadun biribilgunea jartzea, futbol-zelaiak gaur egun duen aparkalekuaren gainean.

4.) Forjas Brun enpresaren alegazioa, Eduardo Artieda Zugasti jaunak aurkeztua.

Honako hau adierazten du:

Obraren ondorioz, espazio gutxi geldituko da beheko pasagunearen pantaila-hormen eta enpresa kokatzen den higiezinaren artean, eta horrek ondoko kalte hauek eraginen ditu, besteak beste:

-Materiala kargatu eta deskargatzeko zailtasunak.

-Aparkatzeko arazoak berezoentzat.

-Artisau forjari buruzko erakusketa hirigunetik isolatua geldituko da.

Eskatzen du:

1.053 alegazio partikularrek eskatzen duten gauza bera.

5.) Bilatabe S.L. enpresaren alegazioa, Eduardo Artieda Zugasti jaunak aurkeztua.

Honako hau adierazten du:

Obraren ondorioz, espazio gutxi geldituko da beheko pasagunearen pantaila-hormen eta enpresa kokatzen den higiezinaren artean, eta horrek ondoko kalte hauek eraginen ditu, besteak beste:

-Materiala kargatu eta deskargatzeko zailtasunak.

-Aparkatzeko arazoak berezoentzat.

Eskatzen du:

1.053 alegazio partikularrek eskatzen duten gauza bera.

6.) José Manuel Artieda Legarra jaunaren alegazioa, Miguel Ángel Laplana Alba jaunak aurkeztua.

Honako hau adierazten du:

Aurreikusitako beheko pasagunea eraikitzearen ondorioz, herriko zirkulazioari kalte eginen zaio, traba eginez eta haren drainatzea kaltetuz.

Eskatzen du:

-NA-7010 errepidearen (Errotz-Izurdiaga norabidean) ezker aldeko baratzeen eremuan eta San Juan auzoko lehen bizilekuetatik hurbil dagoen errekak Arakil ibaian duen bokalea aldatzea, auzo horrek aldian-aldian jasaten dituen uholdeak murrizteko.

-Aurreikusitako beheko pasagunea ordeztea San Juan auzotik hurbil egonen den goiko pasagune batekin, eta egungo NA-7010 errepidearen eta trenbidearen gaineko bide berriaren gurutzegunean biribilgunea jartzea, futbol-zelaiaren ondoan.

-Trenbidearen gainetik pasatzen den bide berria AP-15 autobidearekin lotzea.

-Adar berria eraikitzea, bide berria eta AP-15 autobidearen azpian dagoen pasagunea Geltokiko auzoan lotzeko.

Bestalde, "Asterain-Irurtzun NA-7010 errepidearen Arakil Ibarreko tartea: Irurtzun-Izurdiaga saihesbidea" UPSa onesten duen Nafarroako Gobernuaren 2008ko apirilaren 21eko Erabakiaren 3. atalean, zera ezartzen da: trenbide pasagunea kentzeko aurreikusitako irtenbidea burutzeko proiektua egiterakoan jarduketa horren araberako beste irtenbide mota bat hartzearen komenigarritasuna adierazten duten oztopoak sortuko balira, prozedura arruntetara jo ahal izanen litzateke, aurretik Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatu gabe. Horrez gain, bide irtenbide horiek egiteko proiektuan eta, hala denean, obretan Ingurumen ondorioen adierazpenak dioenari jarraituko zaio.

Aurrekoan oinarrituta, Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuak egokitzat jo du bertan behera uztea UPSan proposatutako eta "Zaragoza-Altsasuko lineako 202/497 k.p.an, Izurdiagako udal mugapean, trenbide pasagunea kentzea" izeneko proiektuan (hasiera batez onetsi eta jendaurrean jarri zena) garatutako "N-1/m, beheko pasagunea" irtenbidea, eta UPSarekin eta Ingurumen ondorioen adierazpenarekin bat, beste proiektu bat prestatzea. Bertan, hasiera batean N-1 deituriko irtenbidea sartuko da (horren arabera trenbidea goitik zeharkatuko duen pasagunea eginen da), eta alegatzaileek aurkeztutako eskaerak ahal den neurrian ebatziko dira.

Horiek horrela, Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuak txostenean adierazi eta proposatu duenarekin bat, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 47/2005 Foru Dekretuaren 2.2 artikuluaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. Baliorik gabe uztea "Zaragoza-Altsasuko lineako 202/497 k.p.an, Izurdiagako udal mugapean, trenbide pasagunea kentzeko proiektua" jendaurrean jartzeko eta ukitutako toki entitateei entzunaldia emateko tramitea. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariak urriaren 6an emandako 95/2009 Foru Aginduaren bidez eman zitzaion hasiera proiektuari.

2. Beste proiektu bat prestatzea, azalpen zatian adierazitakoarekin bat.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta departamentuko web orrian argitaratzea, eta dagokion iragarkia Nafarroako Foru Komunitatean gehien zabaltzen diren egunkarietako batera bidaltzea.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuari, Desjabetze Atalari eta alegatzaileei, bai eta Arakil Ibarreko Udalari eta Izurdiagako Kontzejuari ere, eta dagozkien iragarki oholetan argitara dezatela eskatzea.

5. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta partikularrek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dutela horren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa galarazi gabe, foru agindu honek administrazio bidea amaitzen du administrazio publikoentzat. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, hura jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2010eko urriaren 13an.-Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilaria, Laura Alba Cuadrado.

Iragarkiaren kodea: F1017060