128. ALDIZKARIA - 2010eko urriaren 22a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA

Ediktua. 420/2010 epaia

María Ángeles Ederra Sanzek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako idazkariak,

Aditzera ematen dut: 22/2009 Administrazioarekiko auzi-errekurtsoan epaia eman zen eta irmo geratu da. Hona hemen horren eduki osoa, eta dena dela ere berari lotzen natzaio:

"420/2010 epaia.

Lehendakaria: Ignacio Merino Zalba jauna. Magistratuak: Juan Alberto Fernández Fernández jauna, Francisco Javier Pueyo Calleja jauna.

Iruñean, 2010eko irailaren 7an.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, aipatutako magistratuek osatuak, 22/2009 administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren autoak aztertu ditu eta auzia ebatzi du, behean azaltzen diren aurrekariak eta arrazoibide juridikoak oinarri hartuta. Errekurtsoa urriaren 20ko 103/2008 Foru Dekretuaren aurka aurkeztu zen (Nafarroako Foruzaingoaren Antolamendu eta Funtzionamenduaren Erregelamendua, uztailaren 26ko 265/2004 Foru Dekretuaren bidez onetsia, aldatzen duen foru dekretua, 2008ko 137. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, azaroaren 10ean). Hauek izan dira alderdiak: demandatzailea, Agrupación Profesional de Policía Foral sindikatua, Araiz prokuradore jaunak ordezkatua; eta demandatua, Nafarroako Gobernua, bere aholkulari juridikoak ordezkatua eta defendatua.

Aurrekariak:

Lehenbizikoa.-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarritakoan, Jurisdikzioari buruzko Legeak eskatzen dituen tramiteak beterik, alderdi demandatzaileari demanda formalizatzeko epea ezarri zitzaion eta hark hala egin zuen idazki baten bidez. Bertan, egitateak eta aplikagarritzat jotzen zituen zuzenbideko oinarriak azaldu zituen, eta azkenik eskatu zuen bere uziak baiesteko epaia eman zedila.

Bigarrena.-Alderdi demandatuaren abokatuak demandari erantzun zion idazki baten bidez. Bertan eskatu zuen epaian errekurtsoa ezetsi eta errekurritutako egintza berrets zedila.

Hirugarrena.-Prozeduran jasorik dagoen auto baten bidez, errekurtsoan frogaldia egitea erabaki zen. Emaitza autoetan ageri da.

Laugarrena.-Errekurtsoa bere txandaren zain geratu zen bozketa eta epaitza egiteko. Autoetan ageri denez, 2010eko irailaren 6an egin ziren.

Sala honen iritzia azalduko duen txostengilea Francisco Javier Pueyo Calleja magistratu jauna da, administrazioarekiko auzietan espezialista.

Zuzenbideko oinarriak:

Lehenbizikoa.-Aurkaratutako egintzaz eta alderdien uziez.

Administrazioarekiko auzi-errekurtso honen bitartez urriaren 20ko 103/2008 Foru Dekretua aurkaratu da, 2008ko 137. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, azaroaren 10ean. Foru dekretu horrek Nafarroako Foruzaingoaren Antolamendu eta Funtzionamenduaren Erregelamendua aldatzen du.

Demandako eskaeran demandatzaileak 103/2008 Foru Dekretuaren deuseztasuna eskatzen du, ez delako egin erregelamenduzko xedapenetan nahitaezkoa den entzunaldia.

Bigarrena.-Erregelamenduzko xedapenetan beharrezkoa den entzunaldia ez egiteagatik eskatzen den deuseztasunaz.

Demanda baietsi behar da, arrazoi hauengatik:

1.-Abuztuaren 30eko Legegintzako Foru Dekretuak (Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina) hauxe dio 83.7 artikuluan:

"7. Negoziazioa ez da nahitaezkoa izanen administrazio publikoek erabakiak hartzen dituztenean antolatzeko beren ahalmenei buruz, edo herritarren eskubideak funtzionario publikoen aurrean erabiltzeari buruz, edo Administrazioaren egintzak eta xedapenak eratzeko prozedurari buruz. Administrazio publikoek antolatzeko beren ahalmenei buruz hartzen dituzten erabakiek funtzionario publikoen lan baldintzetan eragina izan dezaketenean, kontsulta egin beharko zaie negoziazio mahaietan parte hartzen duten sindikatuei".

2.-Nafarroako Gobernuari buruzko 14/2004 Foru Legearen 60.4 artikuluak ondokoa xedatzen du:

"60. artikulua. Entzunaldia eta parte-hartzea.

1. Erregelamendu proiektuak herritarrentzako entzunaldia izan behar du, zuzenean edo herritarrak biltzen edo ordezkatzen dituzten entitateen bitartez. Entitate horiek legez edo foru legez onartutakoak izanen dira, eta haien helburuak, berriz, arautu behar den gaiarekin ikustekoa dutenak betiere. Entzunaldia honakootan eginen da: a) Lege maila duen arau batek eskatzen duenean. b) Xedapenak eraginik baldin badu herritarren eskubide eta interes bidezkoetan. c) Nafarroako Gobernuak edo kontseilari eskudunak, egoki arrazoituta, hala erabakitzen duenean. 2. Aipatutako entitateentzat ez da nahitaezkoa izanen aurreko idatz-zatian aurreikusitako tramitea, baldin eta proiektua egiteko prozeduran iritzia eskatu bazaie edo hartan parte hartu baldin badute txostenen bidez, edo legez ezarritako ordezkaritza organo baten txostena aurreikusita dagoenean. 3. Entzunaldia ez da nahitaezkoa izanen Nafarroako Gobernuaren, Foru Komunitateko administrazioaren edo haren menpeko entitate publikoen antolaketa arautzen duten xedapen proiektuetan. Halaber, tramite hori egin gabe utz liteke onura publikoko arrazoi larriak direla-eta. Arrazoi horiek kontseilari eskudunak baloratu eta espedientean agerraraziko ditu. 4. Entzunaldia egiteko epea xedapen motara egokituko da, eta gutxienez hamabost egun baliodunekoa izanen da. Justifikatutako arrazoiak direla medio, eta behar bezala arrazoitutako erabaki edo ebazpen baten ondorioz, epe hori zazpi egun baliodunera murritz liteke".

3.-Nafarroako Gobernuaren iritziz, aipatutako 60.4 artikulua ez da aplikatu behar, abuztuaren 30eko Legegintzako Foru Dekretuaren 83. artikuluak ez duelako inolako eperik ezartzen eta, Nafarroako Kontseiluak egiaztatu duen bezala, Langileen Batzordeari erabakia igorri eta entzunaldia eman zitzaiolako.

4.-Lehendabizi argi utzi behar dugu Nafarroako Kontseiluak bere eskumeneko eremuan ematen dituen irizpenek, alde bateko zein bestekoek, ez dutela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusia lotesten epaitzeko garaian. Auzitegi honi dagokio, ez beste inori, erregelamendu bat zuzenbidezkoa den epaitzea eta horren deuseztasuna dekretatzea.

5.-Nafarroako Gobernuak 60.4 artikuluaren aplikaezintasunari buruz egindako alegazioak ezetsi behar ditugu. Abuztuaren 30eko Legegintzako Foru Dekretuaren 83. artikuluak eperik ez ezartzeak ez du esan nahi 60.4 artikulua aplikagarria ez denik.

14/2004 Foru Legearen 60.4 artikuluan (epea aipatuz) aurreikusten den entzunaldiak eta abuztuaren 30eko Legegintzako Foru Dekretuaren 83. artikuluaren arabera sindikatuei egin behar zaien kontsultak helburu bera dute, alegia, legez aurreikusitako kasuetan negoziazio/parte-hartze kolektiboa egin dadin eta eraginkortasuna izan dezan.

6.-Kasu honetan ez dago ukatzerik eta bi alderdiek onartzen dute beharrezkoa zela sindikatuei entzutea edo kontsulta egitea. Alderdiak ez datoz bat beharrezko kontsulta hori egiteko epea zehaztean.

Nafarroako Gobernuak nahikotzat jotzen ditu sindikatu demandatzailea kide zuen Langileen Batzordeari eman zitzaizkion bost egunak (egiaztatuta dago epe hori eman zitzaiola), hemen aurkaratu den erregelamendu proiektuari buruz alegazioak egin ahal izateko.

7.-Eta puntu horretan demanda baietsi besterik ezin da egin. Erregelamenduzko xedapenak prestatzeko prozedura zehazten da 60.4 artikuluan; zenbait betekizun jartzen dira, eta, guri dagokigunean, entzunaldia (oraingoan bezala nahitaezkoa izanez gero) gutxienez 15 egun baliodunekoa izanen dela ezartzen da (edo 7koa arrazoi justifikatuengatik, baina kasu honetan ez da halakorik adierazi, ez argudiatu, ezta alegatu ere). Ez dago inolako arrazoirik auzi honetako foru dekretua epe orokor horretatik salbuesteko.

Legez ezarritako epea ez da formazko betekizun hutsa, aitzitik, legeak nahitaezko entzunaldiaren helburua bermatu nahi du gutxieneko epea ezarriz. Helburua, esku artean dugun kasuan, sindikatuek (Langileen Batzordea) legez ezarritako gaietan parte hartzea da.

Nolanahi ere, arauz ezarritako eperik ez balego ere, erregelamenduzko xedapenaren izaerari eta garrantzi kualitatibo zein kuantitatiboari begiratu beharko litzaieke nahitaezko kontsulta edo entzunaldia bermatuko lukeen epea zehazteko. Hain zuzen ere, hizpide dugun foru dekretuari erreparatuta, argi dago emandako 5 eguneko epea ez dela nahikoa, eta ez da inon ageri hain epe laburra justifikatzeko inguruabar edo arrazoirik.

Hirugarrena.-Ondorioa.

Azken batean, azaldutako arrazoibideetan oinarrituta, partez baietsi behar da jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, aurkaratu den xedapena ez delako zuzenbidezkoa. Beraz, errekurritutako xedapena deuseztatu behar da.

Laugarrena.-Kostuak.

Kostuei dagokienez, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko 1998ko Legearen 139. 1 artikuluak hauxe dio: "1. Lehen auzialdian edo auzialdi bakarrean jurisdikzio organoak, epaia ematean edo bere aurrean sustatutako errekurtso zein intzidenteak auto bidez ebaztean, kostuak ezarriko dizkio, behar bezala arrazoituta, bere akzioan edo errekurtsoan fede gaiztoz edo ausarkeriaz aritu den alderdiari".

Jurisdikzioari buruzko Legearen 139.1 artikulua ikusita, ez denez ez ausarkeriarik ez fede gaiztorik hautematen, ez da bidezkoa ezer berezirik erabakitzea prozedura honetan eragindako kostuei buruz.

Azaldutako aurrekariak eta arrazoibide juridikoak kontuan hartuta, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, Erregearen izenean eta espainiar herriak, Konstituzioaren bidez, epaitzeko eman dion ahalmena erabiliz, hau ebatzi du:

Epaitza:

1.-Baiesten dugu Agrupación Profesional de Policía Foral sindikatuak, Araiz prokuradore jauna ordezkari duela, urriaren 20ko 103/2008 Foru Dekretuaren (2008ko 137. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, azaroaren 10ean) aurka jarri duen administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, eta xedapen hori deuseztatzen dugu zuzenbidezkoa ez izateagatik.

2.-Ez da bidezkoa ezer berezirik erabakitzea prozesuko kostuei buruz.

Jakinaraz bedi ebazpen hau Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 248. artikuluak xedatzen duen moduan, eta adierazi honen aurka ezin dela errekurtsorik jarri.

Beraz, epai honen bidez, hori erabaki, agindu eta sinatzen dugu.

Ignacio Merino Zalba, Juan Alberto Fernández Fernández, Francisco Javier Pueyo Calleja. Sinatuta."

Eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 107.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz, honako hau egin eta sinatzen dut.

Iruñean, 2010eko urriaren 30ean.-Salako idazkaria, María Angeles Ederra Sanz.

Iragarkiaren kodea: J1016222