128. ALDIZKARIA - 2010eko urriaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

244/2010 EBAZPENA, urriaren 19koa, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Tramitazio Prozesal eta Administratiboaren Kidegorako praktikaldi baztergarria garatzen duena (sarrera irekia). Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren urtarrilaren 26ko 47/2010 Foru Aginduaren bidez ezarri zen praktikaldi baztergarria.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak, Nafarroako administrazio publikoen goi mailako erakunde teknikoa den aldetik, bere ardurapean du, besteak beste, Nafarroaren sektore publikoa hobetzen duen edozein jarduera osagarri egitea, haren estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 117/2007 Foru Dekretuaren 3. artikuluaren arabera.

Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak urtarrilaren 26an emandako 47/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari agindu zaio Tramitazio Prozesal eta Administratiboaren Kidegorako praktikaldi baztergarria ematea (sarrera irekia). Hori azaroaren 10eko JUS/3339/2008 Aginduan xedatu zen, haren bidez sarrera irekiko eta barne igoerako sistema orokorren bidez Tramitazio Prozesal eta Administratiboaren Kidegoan sartzeko hautapen prozesurako deia egin baitzen.

Aurrekoa ikusirik, beharrezkotzat jotzen da ebazpen bat egitea alderdi teknikoak arautzeko, aipatutako deialdian emandako jarraibideekin bat, horiek kontuan hartu behar baitira barne igoerako sistemari dagokion praktikaldi baztergarria ematerakoan.

Horrenbestez, irailaren 3ko 117/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren Estatutuen 15. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Tramitazio Prozesal eta Administratiboaren Kidegorako praktikaldi baztergarrirako oinarriak ezartzea (sarrera irekia). Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

2. Ebazpen hau igortzea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Justizia Zuzendaritza Nagusiari, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari eta interesdunei.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2010eko urriaren 19an.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Eguilaz Gogorza.

ERANSKINA

Tramitazio Prozesal eta Administratiboaren Kidegorako praktikaldi baztergarrirako oinarriak (sarrera irekia)

Lehena.-Praktikaldi baztergarria.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak emanen du Tramitazio Prozesal eta Administratiboaren Kidegorako praktikaldi baztergarria (sarrera irekia). Adierazi bezala, baztergarria izanen da, eta azaroaren 10eko JUS/3339/2008 Aginduak arautuko du. Agindu horren bidez sarrera irekiko eta barne igoerako sistema orokorren bidez Tramitazio Prozesal eta Administratiboaren Kidegoan sartzeko hautapen prozesurako deia egin zen.

Justizia Ministerioak izendatutako praktiketako funtzionarioek hartuko dute parte praktikaldian, JUS/3339/2008 Aginduan ezarritakoarekin bat, eta abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 25. artikuluan xedatutakoak aginduko du. Errege dekretu horren bidez Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide igoerari buruzko Erregelamendua onetsi zen.

Bigarrena.-Praktikaldi baztergarriko ikasgaiak eta balorazioa.

Hasteko, funtzionarioek berariazko prestakuntza teorikoa jasoko dute, behar diren ezagupenak eta trebetasunak har ditzaten Nafarroako Justizia Administrazioan erabiltzen diren tresna eta aplikazio informatikoak eta bitarteko teknikoak erabiltzeko.

Prestakuntza horrek, nolanahi ere, gai hauek jasoko ditu:

-Exekuzio zibila.

-Exekuzio penala.

-Baliabide informatikoak.

-Erregistro Zibila.

Aldi teorikoa bukaturik, hari ateratako probetxua ebaluatuko da proba objektibo baten bidez. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari dagokio hori prestatzea eta kalifikazioa jartzea.

Praktikaldiaren kalifikazioa 25 puntukoa izanen da gehienez. Horietarik 15 prestakuntza informatikoari ateratako probetxua ebaluatzeko izanen dira eta 10 prestakuntzako gainerako kontzeptuei ateratako probetxua ebaluatzeko.

Era berean, praktiketako funtzionarioek tutoretzapeko praktikak eginen dituzte organo judizialetan. Horietan Erregistro zibileko prozedura judizialen eta espedienteen oinarrizko tramitazioa behintzat landuko dira.

Tutoretzapeko praktiken bigarren aldi hau amaitzean emanen da kalifikazioa: GAI edo EZ GAI.

Ikastaro baztergarria gainditzeko, lehenengo fasean gutxienez ere 12 puntu lortu behar dituzte eta bigarren fasean GAI izan behar dute.

Tramitazio Prozesal eta Administratiboaren Kidegoan barne igoerako sistemaren bidez sartzeko praktikaldi baztergarrian bertaratzea nahitaezkoa izanen da, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Halakoetan behar bezala justifikatu beharko da eta balorazio batzordeak onartu.

Hirugarrena.-Praktikaldi baztergarriaren balorazio batzordea.

Batzordeak kide hauek izanen ditu:

-Mahaiburua: Estrella Lamadrid Morón.

-Ordezkoa: Tomás Rodríguez Garraza.

-Mahaikidea: Alfredo Amestoy Ibarra.

-Ordezkoa: Carmen Cirauqui Osés.

-Mahaikide idazkaria: Rosa Muro Hermosilla.

-Ordezkoa: Ana Román Puerta.

Praktikaldi baztergarria hasi baino lehen eratu beharko da batzordea.

Batzordea ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, batzordeburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

Balorazio batzordeko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean baldin badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute batzordekideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Batzordeak gehiengoz ebatziko ditu oinarri hauen interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak eta praktikaldi baztergarrian izan daitezkeenak.

Balorazio batzordeak ikastaro baztergarrian izangaiei emandako kalifikazioek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua lotuko dute.

Batzordeak aholkulari adituen laguntza izan dezake gai batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diote laguntza batzordeari.

Langileak hautatzeko epaimahaietan parte hartzeagatik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak funtzionarioentzat ezarritako ordainsariak kobratuko dituzte batzordeko kideek, hala behar badu.

Laugarrena.-Ikastaro baztergarriaren iraupena.

Praktikaldi baztergarriak lau asteko iraupena izanen du.

Prestakuntza teorikoak astebete iraunen du, 2010eko urriaren 25ean hasiko da, eta ordutegia goizeko 10.00etatik 14.30era izanen da, Justizia Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Iratxeko Monasterioa, 22, Iruña) eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren (NAPI) bulegoetan (Navarrería kalea 39, Iruña).

Praktiketako funtzionarioek 2010eko urriaren 25ean aurkeztu beharko dute, goizeko 10etan, Justizia Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan, ikastaroa hasteko.

Prestakuntza teorikoaren ondoren prestakuntza praktikoaren aldia hasiko da. Hiru aste iraunen du, 2010eko azaroaren 2tik 19ra bitarte, aurretik zehaztutako Foru Komunitateko organo judizialetan. Epaitegietako ohiko lanaldiaren barneko ordutegia izanen du.

Bosgarrena.-Tutoreak.

Foru Komunitateko organo judizialetan egiten den praktikaldian beharrezkoa izanen da Justizia Administrazioaren zerbitzuan Nafarroan ari diren funtzionarioek laguntzea eta tutoretza lana egitea. Laguntzaile eta tutore diren horiek, prestakuntza prozesua bukatutakoan, baimendutako izangaien gaitasunari eta aprobetxamenduari buruzko kalifikazioa eman beharko dute.

Erantsitako foru aginduaren ondoriozko gastuak ordainduko dira Justizia Zuzendaritza Nagusian indarrean den gastuen aurrekontuko "Nafarroan justiziako langileak prestatzeko jarduerak" izeneko 060001 06000 2266 112100 kontu-sailaren kargura.

Iragarkiaren kodea: F1017168