126. ALDIZKARIA - 2010eko urriaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALTSASU

Terrazak eta beladoreak lurzoru publikoan ezartzea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Altsasuko Udalak, 2010eko uztailaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Terrazak eta beladoreak lurzoru publikoan ezartzea arautzen duen ordenantza. Hura 2010eko 99. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 16an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Altsasun, 2010eko irailaren 30ean.-Alkatea, Unai Hualde Iglesias.

UDALAREN ORDENANTZA, TERRAZAK ETA BELADOREAK LURZORU PUBLIKOAN EZARTZEA ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

Altsasun plaza publikoak, ataripeak eta oinezkoen pasealekuak egin direnez, ostalaritzak badu aukera bere negozioa eremu publikoan handitzeko eta bezeroei gero eta zerbitzu hobea eta zabalagoa emateko beladoreak eta terrazak ezarrita espazio publikoetan edo erabilera publikoa duten espazio pribatuetan.

Aukera erreal horren aurrean, horrelako instalazioak erregulatuko dituen araudia eskaini behar zaie ostalaritzako titularrei beren jarduera gauzatzeko, zenbait bizilagunen aisiarako eskubidea, jarduera ekonomikoa eta inguruko jendearen atsedenerako eskubidea bateratuta. Herritarren lankidetzari esker, denen artean, bizikidetza eta bizi kalitatearen hobekuntza lortzen ahal dira.

Bizilagunei zerbitzu zabala eskaintzen ahal dieten establezimenduei terrazak eta beladoreak ezartzeko aukera ematea du helburu ordenantza honek, beste batzuen atsedenerako eskubidea galarazi gabe, baina banaka murriztera joz, hainbat gorabeherarengatik, terrazaren inguruko bizilagunekin gatazka pizten bada.

Bizilagunek eskatuta aztertuko da murriztera jotzea, eta haien argudioak entzundakoan, sektoreko elkartearekin eta Udalaren txosten teknikoarekin zehaztuko dira neurriak, hala nola, baimendutako mahai kopurua gutxitzea edo terrazarako baimendutako ordutegia laburtzea. Terraza bertan behera utzi eta kentzeraino ere iristen ahal da.

Altsasuko Udalak aldian behin ikuskatuko ditu terraza eta beladore guztiak, ordenantza honetako artikulu guztiak bete daitezen; batez ere, herritarrengan zuzenean eragina dutenak, hala nola: jendea eta, bereziki, ezindu fisikoak ibiltzeko pasabidea, inguruko etxeetara iristen den zarata, okupatutako tokien garbiketa, ixteko orduak etab.

Ordenantza hau hobeki betetzearren, ona litzateke lankidetza egokia izatea Udalaren eta herriko ostalaritza sektoreko elkarteen artean. Herriko bizikidetzarako hain garrantzitsua den alderdi horretan eragina izan gogo duen ordenantzak harreman estua eskatzen du eta etengabeko elkarrizketa, terrazak eta beladoreak guztien gozaleku izan daitezen inor gogaitu gabe.

I. kapitulua

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Taberna eta kafetegiei jarduera pribatuetarako eta etekintsuetarako lurzoru publikoaren erabilera ematea arautzeko xedea du ordenantza honek, Altsasuko Udalaren aldetik, eta hura erabili eta mantentzeko baldintzak ezartzea kontzesio-hartzaileei, baita araubide tekniko eta juridikoa ezartzea ere, terraza eta beladoreak eta haien instalazio osagarriak, hala nola, eguzki-babesak, toldoak etab. jartzeko.

Jarduerarako lizentzia eta irekitzekoa duten jarduera guztiak, hala nola, taberna, kafetegi, jatetxe eta taberna bereziak, erabilera publikorako baitira guztiak, erabilera publikoko enpresa eta lokalen erregistroan inskribatuta egonik, ordenantza honetan ezarritako aginduen mende daude, eta nahitaez bete beharko dituzte udal mugapean.

2. artikulua. Definizioa.

Aurreko artikuluan adierazitakoaren ondorioetarako, jarduera nagusian aritzeko Udalaren baimena duen ostalaritzako jarduera baten aldi baterako osagarri izanik, mahai, aulki eta behin-behineko instalazio finko edo mugigarriei esaten zaie terraza eta beladore. Hona kontzeptu horiek:

a) Terraza: behar bezala baimenduta, leku ireki batean -eraikinik gabe- eta jabari publikoan edo erabilera publikoko lurzoru pribatuan kokatua den espazioari esaten zaio terraza, bertan mahai, aulki, eguzki-babes eta bestelakoak, hala nola, lore-askak edo lorontziak, dituztela erabilera publikorako, ostalaritzako establezimendu bati erantsita.

b) Beladorea: alboetan eta estalkian babesa duten terrazei esaten zaie beladore.

c) Altzariak: mahai, aulki, berogailu, lore-aska, eguzki-babes eta antzekoen instalazioari esaten zaio altzari.

d) Hornigarriak: altzari osagarriei, zorupeko kable elektriko fokudunari, ordenagailurako kableatuari eta bestelakoei esaten zaie hornigarri.

e) Denboraldia: baimenaren indarraldia da.

Terrazetarako baimena sei hilabeterako izaten ahal da, hau da, maiatzaren 1etik urriaren 31 bitarte, eta hamabi hilabetekoa edo urtekoa beladoreetarako, hau da, urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitarte. Terrazetan berogailuak jartzeko baimena 7 hilabetekoa baino ez da izanen, hau da, urriaren 15etik maiatzaren 15a arte.

Lizentzian zehaztutako eperako ematen dira terraza eta beladoreetarako baimenak. Ez da inoiz denbora mugagaberako baimenik emanen.

Eskaera bat egiten denean, udal organo eskudunak terrazak eta beladoreak jartzeko espazioak aztertuko ditu.

Udal organo eskudunak beste espazio batzuk aukeratzen ahal ditu terrazak eta beladoreak ezartzeko, bai hirigintzako garapenalde berrietan bai gaur egungo beste alderdi batzuetan, baldin egokia iruditzen bazaio eta ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Kontzesioak dirauen bitartean, esleitutako lurzorua jardueraren edo lokalaren partetzat hartuko da.

II. kapitulua

Instalatzen ahal diren elementuen ezaugarriak

3. artikulua. Elementuen zer-nolakoak.

a) Modulu tipoa: mahai batek eta lau aulkik osatzen dute terrazaren modulu tipoa.

b) Aulki eta mahaiak: ahal dela, zurezkoak, aluminiozkoak edo altzairu herdolgaitzezkoak izanen dira. Mahai eta aulkiek bat etorri beharko dute beren artean.

c) Eguzki-babesak: oihalezkoak izanen dira, leunak eta kolore argi bakar batekoak. Euskarria arina eta desmuntatzen dena izanen da. Eguzki-babesen oinplanoko proiekzioak ez ditu beladorearen mugak gaindituko. Osagai guztiek 2,20 metroko altuera utziko dute libre, gutxienez ere.

d) Lore-askak eta lorontziak: bada baimena lorontzi edo lore-aska lerro bat jartzeko terrazaren okupazioaren luzeran, terrazetako erabiltzaileak babestu edo bereizteko. Okupazioaren zabalera eta lorontziaren altuera 0,50 metrokoak izanen dira, gehienez ere.

e) Berogailuak: Nafarroako Gobernuko Industria Departamentuak homologatutako modeloetako berogailuak baino ez dira ezarriko beladoreetan. 4 modulo bederen beharko dira terraza edo beladoreetan berogailua jartzeko, eta 4 moduloko multzoan berogailu bakarra izanen da terrazaren esparruan. Berogailuak kontsumo apalekoak izanen dira; betiere, ingurumenaren jasangarritasuna txukun errespetatuz. Berogailu elektrikoak ezarriz gero, kableak lur azpian izanen dira.

f) Publizitatea: beladoreetatik kanpo, establezimenduaren izena jartzen ahal da. Mahaietan, aulkien bizkarraldean eta altzarietan, oro har, establezimenduaren izena jartzeaz gain marka komertzialena ere jartzen ahal da, modu nabarmenean ez bada. Guztiz debekatuta daude publizitateko terraza eta beladore estandarrak.

4. artikulua. Elementuen homogeneotasuna.

Oro har, mahaiak, aulkiak, eguzki-babesak eta ezartzen diren gainerako elementuak material egokikoak izanen dira, ahalik eta zarata gutxien ateratzen duen materialekoak; bestela, egokitu beharko dira, ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko. Ordenantza honetan ezarritako baldintza guztiak betetzeaz gain, bat etorri beharko dute beren artean eta inguruarekin kromatismo, material eta diseinu aldetik.

Baimen edo establezimendu baten elementu guztiak kolore, diseinu eta testura berekoak izanen dira. Terrazen diseinuak, materialek eta kromatismoak ez dute noiz gaizki emanen ondoko terrazekin eta ingurune arkitektonikoarekin.

Altzariek (mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak) halako harmonia eta estetika izan dezaten, ezaugarri hauek izanen dituzte:

a) Materialak: ahal dela aluminioa erabiliko da, eta beste material batzuekin konbinatzen ahal da, hala nola zur tratatua, biniloa, zumea etab. Mahai eta aulkien egitura ez da inoiz plastikozkoa izanen.

b) Koloreak: tonu neutroak (zuriak, krema koloreak, metalizatuak) erabili beharko dira. Ezin da kolore deigarri edo/eta biziegirik erabili.

c) Eguzkitakoak: mahai bakoitzekoak ezin zaizkio lurzoruari lotu. Mahai bat baino gehiago estaltzen dituzten eguzkitako eta toldoentzat, lizentzia beharko da, propio emana. Eguzkitakoen hegalkina terrazaren barrenean geldituko da.

d) Estaldurak: diseinu berezi irekia izanen dute, bistetarako trabarik gabea, batez ere; ez dira oztopo izanen herria ikusteko eta ez dute edukiontzi trinko baten itxurarik izanen. Lehen zehaztu dira haien egiturazko elementuak eta koloreak.

e) Beladoreei eusteko plataforma lurretik 5 - 10 zentimetrora egonen da. Plataforma hori zoladurari lotu ahal izateko, Udalak baimena eman beharko du eta, edozein arrazoi dela medio, instalazioa kentzen denean zoladura eta okupatutako lurzorua egoera ezin hobean berreskuratuko direla bermatuko du lizentziaren titularrak. Horretarako, 600 euroko abala eratuko da.

Propio debekatuta daude lehen deskribatu baldintza edo materialak betetzen ez dituzten publizitate estandarreko terrazak.

Udal agintari eskudunak baimendu beharko ditu altzariak (mahaiak, aulkiak, toldoak, bereizgarriak etab.), eta estaldurak eta beti ongi kontserbatuta izan beharko dira.

III. kapitulua

Udalaren lizentzia eskuratu beharra

5. artikulua. Aldez aurretik lizentzia eskuratu beharra.

Eremu publikoaren gaineko instalazioek erabilera komun bereziaren kategoria juridikoa dute, eta baliatu ahal izateko Udalaren lizentzia lortu beharko da aldez aurretik. Eskuratzeko, ordenantza honetan aurreikusitakoa beharko da bete.

Terraza eta beladoreen instalazioa onartzeko, establezimedu eskatzaileak nahitaez irekiera lizentzia izan beharko du, JEZa ordainduta izan beharko du eta ez du inongo zorrik izanen Altsasuko Udalarekin.

Altsasuko Udalak erabakiko du nori eman lurzoru publikoaren erabilera, eta berak eman, ukatu edo kenduko ditu baimenak, ikusita zein arazo sortzen dizkieten terraza edo beladoreek etxebizitzei, bizilagunei, saltokiei edo eremu publikoari aurreko ekitaldietan edo kontzesioaren epean.

6. artikulua. Lizentzia aldez aurretik eskuratu beharretik salbu.

Instalazioek ez dute ordenantza honetan araututako lizentzia eskuratu beharrik izanen, kasu hauetako batean badaude:

a) Udalaren administrazio kontzesio baten babesean egindako jardueren osagarri direnean, jabari publikoko edo ondareko ondasunetan kokatuta egoteagatik.

b) Herriko jaietako ekitaldiak direla eta, aldi baterako jarduerak direnean, Udalaren organo eskudunak ezarritako egutegiaren eta moduaren barrenean.

7. artikulua. Nolako tokitan kokatzen ahal den instalazioa.

Terraza eta beladoreak jabari publikoko ondasunak edo erabilera publikoko ondasun pribatuak diren tokietan jartzeko lizentzia ematen ahal da.

8. artikulua. Lizentzia ukatzeko arrazoiak.

Udalaren organo eskudunak beladore, terraza eta elementu osagarriak ez baimentzeko aukera izanen du baldin eta interes publikoak, trazadurak, kokalekuak, bidearen segurtasunak edo bestelako inguruabarrek hala eskatzen badute hurrengo kasuetan:

-Instalazioa galtzadan edo ibilgailuek aparkatzeko eremuan jarri nahi denean.

-Jendea zerbitzatzeko, galtzada gurutzatu behar denean.

-Bide segurtasunari (ikuspena gutxitzea, gidariak arreta galtzea) kalte egiten bazaio edo oinezkoen joan-etorria nabarmen zailtzen badu.

-Eraikinen eta inguruko lokalen segurtasunean (ebakuazioa) eragina badu.

-Ekipamendu edo hornigarrien (bankuak, iturriak, telefono kabinak etab.) erabilera galarazten badu, edo modu larrian zailtzen.

IV. kapitulua

Instalazioak bete beharreko baldintzak

9. artikulua. Instalazioak ibilgailuen zirkulazioa duten kaleetako espaloietan.

1. Instalazioa ez da jarduera nagusiak hartzen duen establezimenduaren fatxada baino luzeago izanen, non ez duten haren ondokoek baimen idatzia ematen; betiere, ondoko etxebizitza eta lokaletan sartzeko bidea bermatu beharko da.

2. Ahal dela, luzetara jarriko dira, espaloi ertzaren ondoan, hartatik 30 zentimetro bederen bereizita.

3. Ezin da terrazarik jarri 2,50 metrotik beherako zabalera duen espaloian edo oinezkoen eremuan. Dena dela, instalazioak tarte bat utzi beharko die oinezkoei, 1,50 metro zabal gutxienez ere, fatxadatik, oztoporik gabe, eraikinaren fatxada ondoan.

4. Ezin da beladorerik jarri ibilgailuen zirkulazioa duten kaleetan.

10. artikulua. Instalazioak oinezkoendako kaleetan.

1. Ibilgailuen zein oinezkoen joan-etorrietarako beharrak hartuko dira kontuan lizentziak emateko orduan.

2. Instalazioa ez da jarduera nagusiak hartzen duen establezimenduaren fatxada baino luzeago izanen, non ez duten haren ondokoek baimen idatzia ematen; betiere, ondoko etxebizitza eta lokaletan sartzeko bidea bermatu beharko da.

3. Orobat, debekatuta daude instalazio horiek oinezkoen pasabideen, elbarriendako aparkalekuen, larrialdiko irteeren, autobusen geralekuen, taxiek aparkatzeko guneen, beira, kartoia eta zaborra biltzeko edukiontzien, ibilgailuen irtenbideen eta abarren parean.

11. artikulua. Instalazioak plazetan eta espazio libreetan.

Beladore eta terrazak plaza eta eremu libreetan jartzeko eskaerak kasu bakoitzeko ezaugarrien arabera ebatziko dira, muga orokor hauek betetzen dituztela:

a) Hartzen den zati jarraitua plazaren edo eremu librearen erdia bezain luze izanen da, gehienez ere.

b) Instalazioa, gehienez ere, plazaren edo eremu librearen laurdena bezain zabal izanen da, fatxadetatik hiru metro gutxienez bereizita.

c) Etxebizitzetan eta lokaletan sartzeko bidea bermatu beharko da.

d) Udal zerbitzuen (garbiketa, garbigailuak etab.) eta larrialdiko zerbitzuen (suhiltzaileak, anbulantziak etab.) funtzionamendua bermatuko da.

V. kapitulua

Udalaren lizentzia tramitatzea

12. artikulua. Lizentziaren eskabidea.

1. Jardueraren titularrak beharko du hura emateko eskatu, eta jarduerari loturik egonen da. Interesdunak erregistro orokorrean eskabidea aurkeztuko du, artikulu honetan adierazten diren agiriekin batera. Eskabidean honako datu hauek adieraziko ditu:

a) Eskatzailearen izen-deiturak.

b) Eskatzailearen datuak: helbidea, telefonoa eta NANa.

c) Jardueraren izena eta kokalekua.

d) Jarduerari buruzko datuak (Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga, I.F.Z. etab.).

2. Interesdunak, eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztuko ditu:

a) Jardueran aritzeko Udalaren lizentzia (instalatzeko edo irekitzeko lizentzia) izatearen gaineko frogagiria.

b) Altsasuko Udalarekin zorrik ez izatearen gaineko udal ziurtagiria.

c) Ondoko etxebizitza eta lokalek emandako baimenaren egiaztagiriak, halakorik behar denean.

d) Kokalekuaren planoa, 1:100 eskalakoa gutxienez ere, instalazioak hartzen duen azalera, mahai eta aulkien banaketa, alboko babesak etab. behar adina zehaztuta. Orobat, fatxadaren luzera eta eremu libreen zabalera adierazi beharko dira; gainera, dauden elementuak (trafiko seinaleak, zuhaitzak, bankuak, zutabeak, hiri hornigarriak etab.) eta udal zerbitzuetan izan daitekeen ondorioa (urak, saneamendua, gasa etab.) azalduko dira.

e) Egin nahi diren obren aurrekontu xehatua, obrak egin behar badira.

f) Teknikari eskudunak idatzitako eta dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsitako ziurtagiria. Hartan eginen den itxitura edo ezarriko den toldoa deskribatuko dira eta, halaber, egungo araudiaren arabera, eraikinari eusten dion egituraren erresistentziaren gaineko beteberra betetzen dela, beladoreen eta toldoen kasuan, halakoak ezarriz gero.

13. artikulua. Ebazpena.

1. Eskabidea ordenantza honetan zehaztu bezala aurkeztu ondotik, eta txosten teknikoa nahiz juridikoa egin ondoren, Udaleko organo eskudunak legez ezarritako epeetan emanen du ebazpena.

2. Lizentziaren agirian instalazioaren eta elementu osagarrien baldintzak zehaztuko dira, hala nola, hartuko duten azalera, mahai eta aulkien kopurua, kontzesioaren indarraldia eta beharrezkotzat jotzen diren gainerako alderdiak.

3. Eskatutako lizentzia ematea egokitzat ez bada jotzen edo eman beharreko baimenak aldaketaren bat badakar eskatutakoaren gainean, Udalak entzunaldia emanen dio eskatzaileari, egokia iruditzen zaiona alega dezan.

4. Eskatzaileak ez badu ordaintzen jabari publikoa okupatzeagatik dagokion tasa edo ordenantza honen arabera paratutako isunen zenbatekoa, lizentzia ukatzen ahalko da.

14. artikulua. Lizentziaren baldintzak.

1. Lizentziak beti ematen dira jabetza eskubiderik gabe eta hirugarrenik kaltetu gabe, eta ezin da haietara jo onuradunak bere jardunean izan dezakeen erantzukizun zibila edo penala kendu edo gutxitzeko.

2. Udal lizentzia beti egonen da prekarioan eta dagokion udal organoak instalazioa eremu publikotik kentzeko agintzen ahal du trafikoko, urbanizazioko edo interes orokorreko beste edozein inguruabarrek hartara eramanez gero. Baimendutako instalazioen titularraren kontura izanen dira gastuak, kalte-ordainetarako eskubiderik ez duela.

3. Lizentziaren titularra behartua dago eremu publikoan egiten diren kalteak konpontzera, haiek instalazioko edozein elementuk eragin baditu.

4. Betebehar orokorrak eta ordenantza honen aplikazioaren ondoriozkoak ukatu gabe, lizentziaren titularra behartua dago baimendutako okupazioaren xedeko lurzorua, instalazioa bera eta bere elementu osagarriak egoera ezin hobean izatera, garbiketa, segurtasun eta apaindura aldetik, horretarako behar diren bitartekoak erabilita.

5. Lizentzia ezin da errentan edo azpierrentan eman, ezta zuzenean edo zeharka laga ere, erabatean edo zati batean.

6. Ekitaldiak eta Udalaren obrak direla eta, terraza eta beladoreak aldi baterako kentzeko eskatzen ahal du Udalak, behar den denborarako eta kalte-ordainik hartzeko eskubiderik gabe.

15. artikulua. Tasa eta fidantza.

1. Lizentziaren titularrak tasa eta dagozkion gainerako zergak ordainduko dizkio Udalari, ordenantza fiskaletan ezarritako kopuruan eta moduan.

2. Azaleretarako eta tasak igortzeko erreferentzia gisa, mahai batek eta lau aulkik 4 metro koadro hartzen dutela kalkulatzen da, haiek erabiltzen ari direnean. Toki gehiago hartuz gero, benetan okupatutako azalerari dagokiona igorriko da.

3. Ordenantza honetan ezarritako eginbeharrak betetzen direla bermatzeko, lizentziaren titularrak 300 euroko fidantza jarri beharko du, eskudirutan, tasa ordaintzearekin batean. Borondatez ordaintzeko epea fidantza jarri gabe iraganez gero, baimena iraungi eginen da; hala gertatuz gero, interesdunak beste lizentzia bat eskatu beharko du instalazioa egin nahi badu. Terraza eta beladoreak instalatzeko emandako lizentzien titularrek beren eginbeharrak bete dituztela egiaztatu bezain laster itzuliko zaizkie fiantzak.

16. artikulua. Eraikuntzaren baldintzak.

Lizentzia eskuraturik, titularra harremanetan jarriko da Udaltzaingoko kaboarekin, tokian berean gehienez baimendutako azalera muga dezan. Kontzesiodunak argi eta zehatz markatuko du lurzoruan okupatuko duen eremua, hura erabiltzen hasi baino lehen.

Markak pintura urdinez eginen dira; marra jarraiak, ongi taxutu eta zuzenak izanen dira, 4 cm lodi. Baimendutako eremua izanen da; bertan sartuko dira erabiltzaileek baliatuko dituzten mahai eta aulkiak, eta ez da inola ere gaindituko.

Lurzoruaren erabilera esleitua duena arduratuko da terraza edo beladoreak garbitzeaz, baita erabiltzaileek eta kontzesio hartzaileak berak inguruan utz ditzaketen hondarrak ere. Bai terrazak bai inguruak garbi eta txukun egon beharko dute.

Espazioa okupatzeagatik ezin da lokalerako sarbidea nahiz ondoko lokaletarakoa edo atarietarakoa oztopatu, ezta espaloian barnako joan-etorria trabatu ere.

Terrazek, propio emandako baimen puntualetan izan ezik, ezin dituzte inoiz hartu ibilgailuak aparkatzeko eremuak, oinezkoen pasabideak, elbarriendako aparkalekuak, larrialdiko irteerak, autobusen geralekuak, taxiak aparkatzeko guneak, beira, kartoia eta zaborra biltzeko edukiontzien espazioa, ibilgailuen irtenbideak etab.

Terrazetako lokalek arkupea dutenean, hura erabat libre utzi beharko da, nahiz egoera klimatologikoa txarra izan.

VI. kapitulua

Epeak eta ordutegiak

17. artikulua. Denboraldia.

Urteko denboraldia, urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arte, beladoreetarako.

Udako denboraldia, maiatzaren 1etik urriaren 31 arte, terrazetarako.

18. artikulua. Ordutegia.

1. Zein den ere jarduera nagusirako baimendu den ordutegia, beladoreak edo terrazak ordutegi honen barrenean baino ez dira erabiliko:

-Mahaiak eremu publikoan jartzeko ordutegia:

  • 10:00ak.

-Mahaiak eremu publikotik kentzeko ordutegia:

  • Udako ordutegi berezia (ekaina, uztaila, abuztua eta iraila).
  • Igandetik ostegunera arte: 01:00a arte.
  • Ostiral, larunbat eta jai bezperetan: 02:00ak arte.
  • Ordutegia, urtearen gainerakoan:
  • Igandetik ostegunera arte: 23:00ak arte.
  • Ostiral, larunbat eta jai bezperetan: 01:00a arte.

2. Udal organo eskudunak, salbuespenez, ordutegi malguagoa baimentzen ahal du instalazioa biltzeko, udalerri osorako edo halako eremu jakin baterako baimendu ere, herriko jaietan eta garrantzi bereziko bestelako egunetan.

3. Edozein arrazoi dela eta, auzoak gogaitzen direla egiaztatzen den tokietan, 21:00ak arte murrizten ahal da ordutegia igandetik ostegunera arte, eta 22:30 arte ostiral, larunbat eta jai bezperetan.

4. Debekatuta dago auzoen atsedenaldia galaraztea zarata, oihu edo bestelakoekin, 22:00etatik aurrera batez ere. Betiere, debekatuta dago kanpoko megafonia jartzea.

19. artikulua. Instalazioa eramatea.

1. Aurreko artikuluan ezarritako ordutegia bukatuta, instalazioaren titularrak erabat garbi utzi beharko ditu bai okupatutako eremua bai alboko eremua.

20. artikulua. Instalazioaren titularraren betebeharrak.

1. Betebehar orokorrak eta ordenantza honen aplikazioaren ondoriozkoak ukatu gabe, lizentziaren titularra behartua dago baimendutako okupazioaren xedeko lurzorua, instalazioa bera eta bere elementu osagarriak egoera ezin hobean izatera, garbiketa, segurtasun eta apaindura aldetik, horretarako behar diren bitartekoak erabilita, hala nola, paperontziak, hautsontziak etab.

2. Debekatuta dago kanpoan barra jartzea, baita bozgorailuak edo musika makinak ere.

3. Jardueraren titularrak etengabe zainduko du ez daitezen kokalekuaren baldintzak eta baimendutako elementuen mugak aldatu, lizentzian ageri direnak, alegia.

4. Lizentziaren titularrak uneoro izanen du jarduerarako lizentzia prest, agintaritzako agenteen eskura, bertan adieraziko baita zenbat mahai, beladore eta eguzkitako dauden baimenduta, baita zehazki non kokatu ere.

5. Gainerako auzoen lasaitasunerako eskubidea errespeta dadin zainduko du instalazioaren titularrak; hortaz, ez du eskandalu, borroka edo zaratarik onartuko instalazioan, batez ere 22etatik aurrera.

6. Zein den ere arrazoia, terraza edo beladorea behin betiko kentzen denean, establezimentuaren jabeak egoera ezin hobean utzi beharko du okupatutako lurzorua.

VII. kapitulua

Arau-hausteak eta zehapenak

21. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Honela sailkatzen diren ordenantza honetako arauak: arinak, larriak eta oso larriak.

1. Hutsegite arinak:

a) Terraza instalatzea aginduzko udal lizentziarik gabe, legezkoa izan daitekeenean.

b) Baimentutakoa baino azalera gehiago okupatzea, %30etik behera.

c) Ordenantzan xedatutako ordutegia haustea.

d) Mahaiak eta elementuak lizentzian baimendutako epetik kanpo jartzea.

e) Beladoreak, terraza eta eguzkitakoak kokatzeko baldintzak, lizentzian zehaztuak, ez betetzea.

f) Auzoak gogaitzea.

g) Terrazak edo mahaitxoak hartzen duen eremua behar bezain garbi ez edukitzea.

h) Hartutako espazioa behar bezain garbi ez uztea mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak etab. eremu publikotik kendutakoan.

i) Lizentzian baimendutako tokia ez, beste bat okupatzea.

j) Lizentzian jasotzen denaz bestelako mahai eta aulki kopurua edo beste gauza batzuk jartzea.

k) Mahai eta aulki tolestu eta pilatuak izatea establezimendutik kanpo.

l) Ordenantza honetan ezarritako ordutegia ez betetzea.

Ordenantza honetan eta baimenean jasotako edozein betebehar eta debeku, hutsegite larriaren kalifikazioa ez duena, ez bete eta haustea.

2. Hutsegite larriak:

a) Terraza jartzea, Udalaren aginduzko lizentzia izan gabe eta legeztatzeko aukerarik izan gabe, horrelako instalazioetarako baimenak eskuratzeko baldintzak betetzen ez direlako.

b) Hutsegite arinak bitan egitean.

c) Baimentutakoa baino azalera gehiago okupatzea, %30etik gora.

d) Beladoreak, terrazak edo eguzkitakoak kokatzeko baldintzak, lizentzian zehaztuak, ez betetzea, horrek kalte larria sortzen dionean interes publikoari edo hirugarrenei.

e) Auzoak gogaitzen behin eta berriz aritzea.

f) Ordenantzan ezarritako ordutegia behin eta berriro ez betetzea.

g) Musika aparatuak edo bozgorailuak jartzea.

3. Hutsegite oso larriak:

Hiru hutsegite larri egitea.

22. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honetan ezarritako aginduak ez betetzeagatik egiten da arau-haustea eta, ondorioz, zehapen espedientea ireki ondotik, hurrengo zehapenak ezarriko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua) ezarritako prozedurari jarraituz. Zehapen horiek ez dira inoiz arau-hausleari ekarri dion mozkina baino txikiagoak izanen.

Hutsegite arinak: 500 euro arteko isuna.

Hutsegite larriak: 501etik 1000 euro arteko isuna.

Hutsegite oso larriak: emandako lizentzia kentzea.

23. artikulua. Udal lizentziarik gabeko instalazioak.

1. Udalaren organo eskudunak, interesdunari entzunaldia eman ondoren, berehala kentzen ahal ditu lizentzia gabe ezarritako terraza eta beladoreak eta haiek Udalaren biltegietara eraman, arauzko zehapenak baztertu gabe.

2. Zehapen espedientea tramitatu ondoren, instalazio guztia kentzeaz gain, zehapen hau jartzen ahal da: ordenantza honetan araututako baimenak eskuratzeko desgaitzea, 2 urterako gehienez ere.

24. artikulua. Betearazte subsidiarioa

Instalazioaren erantzuleak kasu egiten ez badio eremu publikoan ezarritako elementuak kentzeko udal aginduari, ordenantza honetan ezarritako kasuetan, Udalak kenduko ditu eta bere biltegietara eramanen. Bertatik ateratzen ahal ditu jabeak, behar diren tasak ordaindu ondoren.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehendabizikoa.-Ordenantza honek indarra hartu baino lehenago emandako lizentziak orduko baldintzetara egokituko dira.

Bigarrena.-Indarra hartu baino hilabete lehenago aurkeztutako eskaerak ordenantza honetan erabakitakoaren arabera ebatziko dira.

Hirugarrena.-Ordenantza honek indarra hartzen duenetik, bi urteko epea izanen dute establezimenduetako titularrek hemen ezarritako irizpideen aurka dagoen guztia arau hauetara egokitu dezaten, hala nola, mahai eta aulkien materialak, materiala oro har eta koloreak, publizitatea etab.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honi dagokionez, Tokiko Gobernu Batzarra izanen da udal organo eskuduna, aldez aurretik Hirigintzako batzordeak txostena eginda.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1016171