116. ALDIZKARIA - 2010eko irailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1121/2010 EBAZPENA, irailaren 17koa, Herri Lanetako zuzendari nagusiak emana,"Irati eta Urrobi ibaietan Itoizko urtegiko atzealdeko presak eraikitzea (Na/Orotz-Betelu)" proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko deia egiten duena.

Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioko Uraren zuzendari nagusiaren 2008ko azaroaren 1eko Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi ziren "Irati eta Urrobi ibaietan Itoizko urtegiko atzealdeko presak eraikitzea (Na/Orotz-Betelu)" proiektua eta hura jendaurrean jartzeko espedientea. Obra hori obra osagarri zuzentzailetzat hartua dago Itoizko urtegiaren proiektuan.

Proiektuarekin bat, Ebroko Ur Konfederazioak eskatu du proiektua betearazteko behar diren lurrak eskura jar daitezen, desjabetze prozeduraren bidez.

Otsailaren 21eko 79/1991 Foru Dekretuaren bidez, Itoizko urtegiaren eta haren obra osagarrien proiektuan aurreikusitako obrek ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea presakoa zela deklaratu zen.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Irati eta Urrobi ibaietan Itoizko urtegiko atzealdeko presak eraikitzea (Na/Orotz-Betelu)" izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei dei egitea 2010eko urriaren 8an Orotz-Beteluko udaletxean ager daitezen, ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu aurreko aktak egitera.

2. Ekitaldi horretara titularrek beraiek joan beharko dute, edo haien izenean aritzeko behar bezala baimendutako pertsona bat bidali, titulartasuna frogatzen duten agiriak aldean dituztela (eskritura publikoa, jabetza erregistroko ziurtagiria, etab.); egoki baderitzote, perituak eta/edo notarioa eraman ditzakete, baina, betiere, norberak ordainduta.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Foru Komunitateko egunkari batean eta Orotz-Beteluko udaletxeko iragarki oholean argitaratzea eta, banakako zitazio zedularen bitartez, ukitutako titularrei horren berri eman eta adieraztea argitalpen hau Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 59.5 artikuluan aipatzen diren ondorioetarako ere egiten dela.

4. Ebazpen hau igortzea Orotz-Beteluko Udalari eta Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuko Desjabetze Atalari.

Iruñean, 2010eko irailaren 17an.-Herri Lanetako zuzendari nagusia, José Luis Echávarri Arraiza.

Iragarkiaren kodea: F1015395