89. ALDIZKARIA - 2009ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

403/2009 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Iruñeko udal mugapean (Nafarroa) 50 kVA-ko transformazio zentro berri bat eta hura elikatzeko 13,2 kV-eko lineak egiteko proiekturako. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. da.

2009ko urtarrilaren 13an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) atalean sartuta dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua eginen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela. Horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektuaren xedea da argindar eskari gero eta handiagoa asetzea Santa Luziako banaketarako transformazio azpiestazioaren inguruan. Proiektuaren bidez, zehazki, 50 kVA-ko transformazio zentro berri bat eta hura elikatzeko lineak jarriko dira. Transformazio zentro berria Santa Luziako BTArekin eta Hormigones Pamplona enpresaren transformazio zentroarekin loturik egonen da. TZ horrek behe tentsioan telefonia mugikorreko bi antena hornituko ditu, Movistar enpresarena eta Vodafonek jarri behar duena.

Espedientean Iruñeko Udalaren aldeko txostena ageri da. Bertan adierazten denez, begi-inpaktua muga onargarrien barnean egon dadin eta hirigintzako udal araudiaren 74. artikuluari jarraituz, ingurunerako egokiak diren koloreak erabili behar dira, instalazioa lurzatiko mugetatik aldendu behar da eta instalazioa landarez inguratu behar da.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Iruñeko udal mugapean (Nafarroa) 50 kVA-ko transformazio zentro berri bat eta hura elikatzeko 13,2 kV-eko lineak egiteko proiekturako. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. da.

2. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Iruñeko Udalari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko maiatzaren 29an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0916940