81. ALDIZKARIA - 2009ko uztailaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

349/2009 EBAZPENA, maiatzaren 18koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Altsasuko udal mugapean (Nafarroa) abeltzaintzako azpiegiturak hobetzeko obrak egiteko, 2009rako. Sustatzailea Altsasuko Udala da.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua eginen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela. Horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Departamentu honetan 2009ko apirilaren 8an sartu da arestian aipatutako eskabidea. Jarduketa, bere ezaugarriengatik, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko D) letran sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du.

Hauek dira egin beharreko jarduketak:

-Pista berria Bargako bazkalekuan: 4,5 metro zabaleko ibilgua eta areka irekiko dira lur trinkoan. Oinarri-azpia harrobiko harriz eginen da eta oinarria lehen mailako zabor-legarrez. 4 sakonune eginen dira eta PVCzko hodi bat jarriko da, 60 cm-ko diametrokoa. Luzera: 2.200 metro.

-Tratamendu-eskorta Barga alderdian.

-Murgilarte-Larrazabal pista: belar-sastrakak garbitzea bidearen bi ertzetan, areka garbitzea eta hondarrak hondakindegira eramatea. Zelaigunea hobetu eta lehen mailako zabor-legarrezko errodadura geruza ematea (1.350 x 3,5 metro). Luzera: 1.350 metro.

-Basomuturreko pista: belar-sastrakak garbitzea bidearen bi ertzetan, areka garbitzea (560 metro) eta hondarrak hondakindegira eramatea. Areka irekitzea 460 metroko tartean. Azaleko ibilgua egitea eta harrobiko harrizko oinarri-azpia jartzea II. tartean (460 metro). Zelaigunea hobetzea I. tartean (569 metro). Errodadura geruza ematea I. eta II. tarteetan (1.020 x 3,5 metro). Luzera, guztira: 1.020 metro.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Altsasuko udal mugapean (Nafarroa) abeltzaintzako azpiegiturak hobetzeko obrak egiteko, 2009rako. Sustatzailea Altsasuko Udala da.

2. Baimena ingurumenari buruzko baldintza hauen mende egonen da:

-Pista irekitzeko bota behar diren zuhaitzak basozainak markatuko ditu.

-Bargako pista berrian, ez da metro batetik gorako garaiera duen ezpondarik sortuko eta ezponden gehieneko malda 1H:1V izanen da. Ezpondak behar bezala landareztatuko dira espezie belarkara autoktonoekin.

-Lanak udan edo udazkenean eginen dira.

-Bide ertzetako sastraken garbiketa arretaz eginen da, bidea eta arekak garbituz baina bide ondoko zuhaitz eta zuhaixkak hondatu gabe, esku-hartzearen ondoren berriz haz daitezen, faunaren babesleku gisa eginkizun garrantzitsua betetzen baitute.

-Ateratzen den lurra eta hondarrak hondakindegi baimendu batera eramanen dira.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eta Altsasuko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko maiatzaren 18an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0916297