76. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

79/2009 EBAZPENA, ekainaren 4koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Nafarroako Gazteriaren Institutuko Iruñeko Fuerte del Príncipe gazteen egoitzan, 2009-2010 ikasturtean, ikasle egoiliarrentzako plazak betetzeko deialdiaren oinarriak onesten dituena.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko Iruñeko Fuerte del Príncipe gazteen egoitza erabiltzeko dauden aukerak ahalik eta gehien aprobetxatzeko, kontuan harturik jatorrizko herritik kanpora ikasketa arautuak egiten dituzten ikasleei ostatua eman behar zaiela eta egoitza erabiltzeko orduan konkurrentzia eta objektibotasuna sustatu behar direla, komenigarria da instalazio horretako ikasle egoiliarrentzako plazak 2009-2010 ikasturtean betetzeko oinarriak eta irizpideak ezartzea.

Deialdi hau, betiere, administrazio egokiaren printzipioaren ikuspegitik, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren eginkizunekin bat eta horiek erreferentziatzat harturik prestatu da, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortu zuen irailaren 24ko 217/2007 Foru Dekretuari jarraikiz.

Adierazitakoari buruzko txostena aurkeztu du Gazteriaren zuzendariordeak.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gazteriaren Institutuko Gobernu Batzordeak ezartzen ahal dituen arauak deusetan ukatu gabe, arestian aipatutako foru dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Nafarroako Gazteriaren Institutuko Iruñeko Fuerte del Príncipe gazteen egoitzan, 2009-2010 ikasturtean, ikasle egoiliarrentzako plazak betetzeko deialdiaren oinarriak onestea, ebazpen honi atxikitako eranskinean ezarritakoari jarraikiz.

2. Oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Gazteriaren Institutuari, Idazkaritza Nagusiaren Zerbitzuari, Fuerte del Príncipe gazteen egoitzako arduradunari, Gazteriaren Zuzendariordetzari, behar diren ondorioak izan ditzan. Aditzera ematen zaie ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal dela, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluekin bat.

Iruñean, 2009ko ekainaren 4an.-Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Ana Frías Pardo.

I. ERANSKINA

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Nafarroako Gazteriaren Institutuko Iruñeko Fuerte del Príncipe
gazteen egoitzan 2009-2010 ikasturteko ikasle egoiliarrentzako
plazak betetzeko deialdiaren oinarriak

1.-Xedea.

Deialdi honen xedea da, 2009-2010 ikasturtean, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Iruñeko Fuerte del Príncipe gazteen egoitzako ikasle egoiliarrentzako plazak betetzea.

2.-Egoitza.

"Fuerte del Príncipe" gazteen egoitza, 31005, Iruña (Nafarroa), Goroabe kalea, 36.

3.-Eskaerak.

3.1. 45 plaza eskaintzen dira.

3.2. Hauexek eskatzen ahal dute egoiliar plaza: 2008-2009 ikasturtean egoiliar plaza lortu zutenek, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuak egin behar dituzten 26 urtetik beherako ikasleek eta unibertsitateko ikasketak Iruñeko ikastetxe ofizial batean egin behar dituztenek.

4.-Eskaeren aurkezpena eta dokumentazioa.

Eskaerak Nafarroako Gazteriaren Institutuaren erregistroan aurkeztuko dira (Emilio Arrieta kalea, 25, 31002 Iruña), deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, I. eranskinean agertzen den ereduari jarraikiz. Posta ziurtatuaren bidez ere igortzen ahal dira, gutun-azalaren atzeko aldean hauxe jarriz: "Nafarroako Gazteriaren Institutuko Iruñeko Fuerte del Príncipe gazteen egoitzako ikasle egoiliarrentzako plazen deialdia". Eskaerak balio dezan, postako funtzionario batek sinatu eta zigilatu behar du, kartazala itxi aurretik, eta horren berri emanen da, eskaerak aurkezteko epearen barrenean, "Fuerte del Príncipe" egoitzara bidalitako fax edo telegrama baten bidez (Goroabe kalea 36, 31005 - Iruña - Faxa: 948290540).

5.-Agiriak.

5.1. Eskabideei honako agiri hauek erantsiko zaizkie:

-Onartua izateko eskabidea.

-NANaren fotokopia.

-Karneterako bi argazki.

-2008-2009 ikasturteko kalifikazioen ziurtagiria.

-Egoiliar-plaza lehenbiziko aldiz eskuratu nahi duten ikasleek 2007-2008 ikasturteko kalifikazioen ziurtagiria ere aurkeztu behar dute.

-Bestelako dokumentuak, eskatzaileak eskaerari laguntzeko egokitzat jotzen dituenak.

5.2. Dokumentazio osagarria.

Irailean, edo lehenago, ahal balitz, eskatzaileak egin beharreko ikasketei dagokien matrikularen jatorrizkoa eta fotokopia aurkeztu beharko dira, 3.2 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

5.3. Agiriren bat falta bada, hamar egun naturaleko epea emanen da akatsa zuzentzeko, interesdunari jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

6.-Balorazioa.

6.1. Batzorde batek aurkezturiko eskaerak aztertu eta proposamen bat bidaliko dio Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Batzordea hauexek osatuko dute: Gazteriaren zuzendariordeak, Idazkaritza Nagusiaren Ataleko buruak eta Fuerte del Príncipe gazteen egoitzako arduradunak, Zeharkako Ekintzen Bulegoko buru ere denak.

6.2. Batzordeak honako irizpide hauei jarraituko die eskaerak baloratzeko:

6.2.1. Lehentasuna izanen dute unibertsitateaz kanpoko derrigorrezkoaren ondoko irakaskuntzarik, ez eta eragin eremuan ezaugarri horietako inolako ikastetxerik ere ez duten herrietatik etorritako eskaerek.

6.2.2. 2008-2009 ikasturtean ikasle egoiliarren plaza lortu zuten eskatzaileek lehentasuna izanen dute berriz hori eskuratzeko, betiere 2008-2009 ikasturtean bi ikasgai baino gehiago gainditu gabe utzi ez badituzte, edo, unibertsitateko ikasketak direnean, 2008-2009 ikasturtean hartu diren kredituen %45 edo gehiago gainditua badute, eta egoitzako arduradunak txosten negatibo arrazoitua eman ez badu. 2008-2009 ikasturtean egin diren ikasketak utzi eta beste ikasketa arautu batzuetan matrikulatzen direnek ere aurreko baldintzak bete beharko dituzte. Horretarako, ekaineko kalifikazioak hartuko dira oinarritzat, eta 2009ko uztailaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dira.

Salbuespen gisa, eta arrazoi bereziak direla medio edo zailtasun handiko ikasketen kasuan, egoitzako arduradunak nahitaezko txosten arrazoitua egin ondotik, batzordeak plaza batzuk esleitzen ahal dizkie ikasmaila errepikatu behar dutenei edo lehen aipatutako baldintzak betetzen ez dituztenei.

6.2.3. Egoiliar berrientzako plazetarako eskaerak onartu eginen dira, baldin eta deialdiaren baldintza guztiak eta 6.2.2 oinarrikoak betetzen badira.

Ikasle egoiliarren eskaerak eskaintzen diren plazak baino gehiago badira, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak, ebazpenaren bitartez, balorazio baremo bat onartuko du, hauek aintzat hartuko dituena:

-Nafarra izatea edo auzotasun zibil nafarra edukitzea 2007ko urtarrilaren lehenean.

-Eskatzaileak lortutako eskolako kalifikazioak.

-Ikasturte horretan berean anai-arrebaren bat izatea gazteen egoitzan.

-Ikasten segitzeko Iruñera joan beharra izatea. Lehentasuna izanen dute, dela adinagatik, dela hautaturiko ikasketengatik, Iruñean beste egoitza publiko batean gelditzeko aukerarik ez duten ikasleek.

-Eskatzaileak aurkeztutako merezimenduak.

-2008-2009 ikasturtean Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren bekaz baliatu izana.

-Familia ugarikoa dela egiaztatzea.

6.2.4. Eskainitako plaza kopurua handitzen ahalko da Nafarroako Kirolaren Institutuak kirolari egoliarrendako dituen plazak ez baditu betetzen.

7.-Ebazpena.

7.1. Eskaerak Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu, horiek aurkezteko epea amaitu eta, gehienez ere, 6 hilabeteko epean.

7.2. Eskaerak ebazteko gehieneko epea berariazko ebazpena eman gabe bukatuz gero, eskaera ezetsia dela ulertuko da.

7.3. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan plaza hutsik geldituz gero, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan eskaera berriak aurkezteko epea irekiko da, betiere 6.2.2 oinarriko betekizunak betetzen badira.

8.-Esleipena.

8.1. Plazak esleitzeko baldintzak honako hauek izanen dira:

-Aurreko ikasturteetako egonaldiei dagozkien hilabeteko zenbateko guztiak ordainduta edukitzea.

-Jakinarazpena jaso eta hurrengo 10 egun naturaleko epean, hilabete bateko ostatuaren eta egonaldiaren gastuak ordaintzea. Diru hori 2010eko maiatzeko ordainketari dagokio.

-Dokumentazio osagarria aurkeztea (matrikula), 5.2 oinarrian xedatu bezala.

Egoiliar plaza esleituta izateak eskola-garaian mantenua eta ostatua izateko eskubidea ematen du, Eguberrietan, Aste Santuan eta udan izan ezik. Abenduaren 24tik urtarrilaren 6ra bitartean eta apirilaren 1etik 11ra bitartean, egoitza itxita egonen da eta ez da inor gelditzen ahalko, egoitzako arduradunaren baimenik izan gabe.

8.2. Nafarroako Gazteriaren Institutuak emandako erabilera baimena atzera botatzen ahal du, osorik edo zati batean, honako kasuotan:

-Instalazioak behar bezala ez erabiltzea.

-Ebazpen honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

-Eskaeran datu faltsuak jartzea.

-Egoitzako barneko arautegia ez betetzea.

-Egoitzan gai sorgorgarriak eta alkoholdun edariak izatea edo kontsumitzea.

9.-Egoiliarren betebeharrak.

Egoiliarrak behartuak daude egoitzaren barne arauak betetzera, baita haiek aplikatzeko ere, bertako arduradunak ematen dituen jarraibideak ere. Igandetik asteazkenera egoitza 7:00etatik 1:30era egonen da irekia; ostegunetan, ostiraletan, larunbatetan eta jaiegunen bezperetan, 7:00etatik 3:00etara. Salbuespenik egiteko Zuzendaritzaren berariazko baimena beharko da.

Era berean, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Gobernu Batzordeak ofizialki onetsitako prezioak ordaindu beharko dituzte hilabete bakoitzaren hamarra baino lehen, egoitzaren kontuan dirua sartuz. Diru-kopuru hori egoitza erabiltzeari eta egonaldiari dagokie. Kontsumitzen diren jan-edariei dagokiena elikadura enpresari ordaindu beharko zaio, kargu baten bidez.

2008ko abenduaren 23an Nafarroako Gazteriaren Institutuko Gobernu Batzordeak hartu zuen Erabakian ezarritakoaren arabera (Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxikitako zentroetako prezio eta tarifen araubidea onartzen duena, 2009ko 28. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 6koa), hilabeteko kopuruak kontzeptu hauek hartuko ditu barnean eta jarraian adierazten diren ezaugarriak izanen ditu:

-Ostatua eta egonaldia.

Urriaren 1etik maiatzaren 31ra bitarteko prezioa (bi egun horiek barne) 1.616,00 eurokoa da, birentzako gelan, bainugela konpartituarekin, 2.328,00 eurokoa banakako gelan, bainugela konpartituarekin, eta 2.520,00 eurokoa, birentzako gelan, gelak bainugela duenean. Hilabeteko 202,00 euro, 291,00 euro edo 315,00 euro, hurrenez hurren. Prezio horretan ostatua eta egonaldia sartzen dira, astelehenetik igandera bitartean, oporretan izan ezik. Iraila eta ekaina asteka ordainduko dira, 63,00 euro birentzako gela bainugela konpartituarekin, 80,00 banakako gela bainugela konpartituarekin eta 83,00 euro birentzako gela, bainugela eta guzti. Hilabete osoa egon behar duten egoiliarrek gainerako hilabeteetan bezalaxeko kuota ordainduko dute.

-Janaria.

Zerbitzuaren esleipena duen enpresari ordainduko zaio, banku-helbideratzeen bidez, hilabetea hasi aurretik. Urriaren 1eko gosaritik abenduaren 24ko gosarira bitarte, mantenuaren prezioa hilabetean 291,80 euro izanen da, hau da, eskola-egunak hiru hilabetekotan banaturik. Prezio horretan sarturik daude asteleheneko gosaritik ostiraleko bazkarira bitarteko otordu guztiak. Urriaren 12a, azaroaren 30a, eta abenduaren 3a eta 8a ez daude sarturik. Urtarrilaren 7tik maiatzaren 31ra bitarte, mantenuaren prezioa hilabetean 299,17 euro gehi 2009ko KPIa izanen da. Prezio horretan sarturik daude asteleheneko gosaritik ostiraleko bazkarira bitarteko otordu guztiak. Prezio horretan ez daude sarturik martxoaren 19a eta Aste Santuko oporraldia, apirilaren 1eko gosaritik apirilaren 11ko afarira bitarte. Ostiraleko afaritik igandeko afarira bitartean otorduren bat egin behar duten egoiliarrek horretarako tiketa hartuko dute jantokian ostiral eguerdia baino lehenago. Zerbitzu horren aldera aterpetxera doazenei edo bestelako erabiltzaileei jarritako prezioa ordaindu beharko dute.

Iraileko eta ekaineko zerbitzuak egonaldiko eta ostatuko egunen arabera ordainduko dira, aldian aldian finkaturik dauden prezioen arabera.

Egonaldiaren eta ostatuaren prezioan ez da deskonturik eginen egoiliarrak ikasturtean zehar huts egiten badu oporrengatik, zubiengatik, ikasturtea berandu hasteagatik, eritasunagatik edo beste edozerengatik. Ordaintzearen erantzukizuna egoiliarrena da, hirugarren batek ordaintzen baditu ere.

Erreserba egiteko dirua ordaindu ondoren plazari uko eginez gero edo egoitzatik maiatza baino lehen alde eginez gero, ez da ostatuko eta egonaldiko gastuak itzultzeko eskubiderik izanen.

Ikasturteko ostegun eta jai bezpera guztietan, egoiliarrek harrera-zerbitzuan adierazi beharko dute asteburuan egoitzan geldituko diren ala ez, noiz joanen diren etxera eta noiz itzuliko diren.

Bestetik, egoiliarrak inprimaki bat bete beharko du aldez aurretik faltako dela dakienean. Pentsatutako egunean itzuli behar ez badu, telefonoz abisatu beharko du.

Aste Santuko, Eguberrietako eta udako oporraldietan egoiliarrek gelak utzi beharko dituzte. Egoitzak ez du bere gain hartuko geletan uzten diren gauzen, arropen eta gainerakoen ardura.

Geletan, ordenagailu pertsonalaz eta soinu-aparatu txiki batez gainera, ezin izanen da beste tresna elektroniko edo elektrikorik eduki. Horiek matxuratu edo lapurtuz gero, egoitzak ez du erantzukizunik izanen.

Eskaera aurkezteak berarekin dakar deialdi hau inolako baldintzarik gabe onartzea eta aurkeztutako datuak zuzenak eta egiazkoak direla adierazteko erantzukizuneko aitorpena egitea.

Egoiliarrak plaza onartzeak, ezinbestean, gazteen egoitzako barne arauak ezagutu eta onartu beharra dakar.

10.-Errekurtsoak.

Deialdi honen eta aplikazio egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluekin bat.

I. ERANSKINA

"Fuerte del Príncipe" gazteen egoitza. Iruña

-Eskatzailearen datuak:

Deiturak

Izena

NANa ............................ Jaioteguna

Jaiolekua .......................... Bizilekua

Helbidea .............................................. P.K.: ............. Telefonoa

-Aita/amaren edo legezko ordezkariaren datuak:

Deiturak

Izena

NANa ............................ Jaioteguna

Jaiolekua .......................... Bizilekua

Helbidea .............................................. P.K.: ............. Telefonoa

  • Plaza lehen aldiz hartzeko?
  • Plaza berriro hartzeko?

-Aurreko ikasturteko datu akademikoak:

2008-2009 ikasturtean zer ikastetxetan matrikulatua

Ikasketak

Espezialitatea

-Hurrengo ikasturteko datu akademikoak:

2009-2010 ikasturtean zer ikastetxetan matrikulatua

Ikasketak

Espezialitatea .............. ikasmaila.......

Iruñean, 2009ko ................ (a)ren .... (e)an

(Sinatua)

Iragarkiaren kodea: F0917207