72. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

AURITZ

Aurizko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Indarra duten xedapenei jarraikiz, behin betikoz onetsi da eta, beraz, argitara ematen da Aurizko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza, biharamunean indarra har dezan; izan ere, 2009ko otsailaren 5eko bilkuran onetsi zen hasiera batean eta 2009ko 26. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, martxoaren 2an, eta jendaurrean egon den legezko epean inork ez du haren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Auritzen, 2009ko maiatzaren 12an.-Alkatea, José Irigaray Gil.

ORDENANTZA, AURIZKO UDAL ESPARRUAN EUSKARAREN ERABILERA ETA SUSTAPENA ARAUTZEN DITUENA

Zioen azalpena

Euskara Aurizko hizkuntza da eta bere herritarren ohiko hizkuntza izan da historian zehar. Hainbat hamarkadatan alde batera utzia, gizartearen haren aldeko nahiari eta beste estatus bati esker, belaunaldi berrietako jende gehiena euskalduna da. Hiztun horiek osatzen duten sektore sozialak, legez dituen hizkuntza eskubideak erabiliz, gero eta zerbitzu gehiago euskaraz emateko eskatzen dio Udalari eta, ziur asko, gehiago eskatuko dizkio; Udalak, zerbitzu publikoa denez gero, ematea baino beste irtenbiderik ez du izanen.

Hortaz, Aurizko Udalak uste du euskarak laguntza berezia behar duela normalizatu dadin. Horregatik, Udalak herritarrei zerbitzua euskaraz emanen diela bermatzea da ordenantza honen helburu orokorra, baita haren erabilera esparru guztietan sustatu eta normalizatzea ere.

Udalaren eta herritarren gogo garbi horretaz gain, aipatu behar da Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, euskara Nafarroako berezko hizkuntzatzat jotzeaz gain, helburutzat duela herritarren eskubidea babestea euskaraz ikasteko eta mintzatzeko, eta hura berreskuratu eta garatzea; lege horrek berak administrazio publikoetan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzen diela herritarrei eta aukera ematen duela zenbait lanpostutarako euskaraz jakin beharra nahitaezkoa izateko, eta halako lanpostu batzuetan baloratua, lanpostu horien eginkizun bereziengatik euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal denean, euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.

Ez da ahaztu behar, bestalde, Erregioetako edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutuna, Europako Kontseiluaren Ministro Batzordeak 1992ko ekainaren 25ean hitzarmen gisa hartutakoa, hamaika estatu kidek (Espainia barne) urte bereko azaroaren 5ean sinatua. 10. artikuluan, administrazio agintariei eta zerbitzu publikoei buruzko gomendioak aipatzen dira, besteak beste:

''...jendaurrean dauden agenteek erregioetako edo gutxiengoen hizkuntzak erabil ditzaten zaintzea, hizkuntza horietan mintzatzen zaizkienekin''.

''...erregio hizkuntzetako hiztunek (...) eskaerak ahoz edo idatzita aurkeztu eta erantzuna hizkuntza horietan har dezaten zaintzea (...)''.

Aipatu den araudiarekin bat eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz, ordenantza hau onestea erabaki da:

I. KAPITULUA

Ordenantzaren xedea eta aplikazio esparrua

1. artikulua. Udalerriko herritarrei zerbitzua euskaraz ematea da ordenantza honen xedea, baita euskara normalizatzea eta haren erabilera sustatzea ere.

2. artikulua. Aipatu xedea betetzeko, ordenantzak ondoko xede bereziak ditu:

a) Herritarrei bermatzea erabili nahi duten hizkuntzan izatea harremana.

b) Euskararen erabilera finkatzea Udalaren kanpoko irudian.

c) Euskararen erabilera idatziaren gaineko araudia zehaztea.

d) Zein lanpostutarako jakin behar den euskaraz, haiek zehaztea.

e) Euskara sustatzeko bestelako jarduerak bultzatzea, ordenantzaren xedearekin lotura dutenak.

3. artikulua. Ordenantza hau Aurizko udal mugapean aplikatuko da, Aurizko udalerrian. Horretarako, bai bere zerbitzuak bai bere mendeko erakunde autonomo eta enpresa publikoenak sartzen dira.

4. artikulua. Udalaren eskumeneko zerbitzuak izanik, zeharkako edozein kudeaketa molde baliatuz, hirugarrenek ematen badituzte, ordenantza honen II, III, IV eta V. kapituluak aplikatuko dira.

II. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanak

5. artikulua. Aurizko Udalak euskaraz eta gaztelaniaz igorriko dizkie dokumentu, jakinarazpen eta komunikazio administratiboak beste administrazio publikoei eta entitate ofizialei, eta euskara hutsean erakunde edo entitate interesdunak hala eskatuz gero.

6. artikulua. Edozein dokumentu bidaltzen dioten administrazio edo erakunde publiko, entitate eta erakundeei, ele bitan idatz dezatela eskatuko die Aurizko Udalak.

7. artikulua. Udalarekin eta herritarrekin duten harremanetan, dokumentuak eta komunikazioak bi hizkuntzetan izan daitezela eskatuko die Udalak mankomunitateei eta partzuergoko kideei, edo euskara hutsean, hala eskatuz gero.

III. KAPITULUA

Herritarrekiko harremanak

8. artikulua. Pertsona fisikoendako zein juridikoendako komunikazio eta jakinarazpenak euskaraz eta gaztelaniaz eginen dira, non duten ere bizilekua. Euskara hutsean emanen zaie, norbaitek hala eskatuz gero.

9. artikulua. Pertsona fisikoek zein juridikoek euskaraz edo gaztelaniaz igortzen dizkioten komunikazioak onartuko ditu Aurizko Udalak.

10. artikulua. Herritarrei ematen zaizkien inprimakiak euskaraz eta gaztelaniaz idatziko dira. Norbaitek hala eskatuta, euskara hutsean emanen zaio. Guztiek dute eskubidea bi hizkuntzetako edozeinetan betetzeko.

11. artikulua. Herritarrek gaztelaniaz zein euskaraz egiten ahal diote Aurizko Udalari. Administrazioari euskaraz mintzatzen zaionari, hizkuntza horretan erantzungo zaio.

12. artikulua. 8, 9, 10 eta 11. artikuluetan ezarritakoa bete dadin, Aurizko Udalak jarduketa plan bat diseinatu eta gauzatuko du; horren bidez, langile euskaldunak izatea bermatuko da, ordenantza honen V. kapituluan adierazitako moduan.

IV. KAPITULUA

Udalaren kanpo irudia

13. artikulua. Udalak gaztelania eta euskara erabiliko ditu herritarrei zuzentzen zaienean.

Hortaz, elebidunak izanen dira honako hauek:

a) Bandoak, ediktuak, kartelak eta argibideak emateko plakak.

b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta antzeko elementuak.

c) Eraikin, kale eta eremu publikoetako errotuluak.

d) Udalaren egoitza eta bulegoetako errotuluak, Udalaren ibilgailuetakoak, eta langileen arropetakoak.

e) Interes turistikoko, zerbitzuen kontroleko eta trafikoko seinaleak, etzanak izan ala zutikakoak.

f) Udalak administrazio prozedura guztien gaineko argibideak eman beharrez herritarren eskura jartzen dituen agiri eta ereduak.

g) Beste edozein baliabide edo formatu, Udalaren irudia, kanpokoa edo instituzionala, adierazteko erabiltzen dena.

h) Barne erabilerako inprimakiak.

i) Udalak prestatzen dituen publizitate eta dibulgazioko elementuak: liburuxkak, kartelak etab.

14. artikulua. Udal jardueraren publizitatea eta hedakuntza baliabide idatzietan eta/edo ikus-entzunezko baliabideetan -prentsa idatzia, irratia, telebista eta Internet- bi hizkuntzetan eginen da, eta euskaraz bakarrik hedabidea hizkuntza horretakoa bada.

15. artikulua. Argitalpenak.

Udalaren edo bere mendeko erakundeen argitalpenak ele bitan eginen dira.

16. artikulua. Hedabide berekiak.

Hedabidearen titulartasuna Udalarena bada, bi hizkuntzak erabiliko dira.

17. artikulua. Udaleko kargudunek bi hizkuntzak erabiliko dituzte jarduera publikoan.

18. artikulua. Hirugarrenek kultura, kirol eta ekonomia alorrean Udalaren esparruan egiten dituzten jardueretan, euskara eta gaztelania erabiliko dituzte adierazpen publiko guztietan, zein den ere euskarria.

V. KAPITULUA

Langileak

19. artikulua. Udalaren plantilla organikoan zehaztuko da zein lanpostutan jakin behar duten euskaraz haiek betetzen dituzten langileek. Zerrenda hori ordenantza honi erantsiko zaio, onetsi ondoren.

20. artikulua. Aurreko artikuluan aurreikusi ondorioetarako, batzorde bat eratuko da honako hauek aztertzeko: zein esparrutan dagoen harreman handiena herritarrekin ahoz zein idatziz, zein diren administrazio prozedura ohikoenak, zein lanpostu elebidun behar diren herritarrekin harremana euskaraz bermatzeko, zein diren aipatu esparru edo prozedurei lotutako lanpostuen hizkuntz eskakizunak eta zein jarduketa plan ezarri, finkatutako helburuak betetzeko bitarteko eta baliabideak ezartzearren. Azterlan hori euskarazko komunikazioa bermatzera bideratuko da, bai udal esparruan bai jarduera publikoan.

21. artikulua. Lanpostuetarako deialdiren batean euskarazko eskakizunak betetzen ez dituzten izangaiak daudenean, lanpostuak hutsik geldituko dira, eta beste deialdi bat eginen da. Bigarren deialdian lanpostua berriz hutsik gelditzen bada, aldi baterako beteko da (urtebetez, gehienez ere). Horrela, berriz eginen da deialdia eta hizkuntz gaitasuna duen langileak beteko du.

22. artikulua. Udalak lanpostuak betetzeko egiten dituen deialdietan euskaraz jakin beharrik ez badago, merezimendu kualifikatua izanen da hizkuntza horretan jakitea; Euskarari buruzko Foru Legean eta hura garatzen duten dekretuetan zein bestelako ebazpenetan ezarritako gehieneko balorazioa emanen zaio.

23. artikulua. Edozein mailatako lanpostuetan, euskaraz jakitea nahitaezkoa edo merezimendu kualifikatua bada, hizkuntza eskola ofizial baten tituluaren bitartez edo beste baliokide baten bidez frogatuko da haren ezagutza; bestela, behar den eskakizuna badela erakusten duen proba gaindituta.

Nolanahi dela ere, euskara maila egiaztatu behar bada proba baten bidez, proba hori NAPIko akreditazio unitateko teknikariek eginen dute.

24. artikulua. 1. Euskaraz ikasten lagunduko zaie udal langileei, ordenantza honetan ezarritako helburuak bete daitezen.

2. Udalak hizkuntz prestakuntzarako planak antolatuko ditu, helburu horiek lortzearren. Haietan lanaldiaren murrizketak aurreikusiko dira, laguntza ekonomikoak eta ordezkotzak, Nafarroako Gobernuak ezarritako esparruaren barrenean.

3. Udal langileak hizkuntz prestakuntzako plan horietan sartuta badaude edo, Udalean sartzeko nahiz haien lan bizitzako edozein fasetan, dakiten euskara baloratu bazaie, duten ezagutza erabiltzeko eskatzen ahalko zaie Aurizko udal administrazioan egiten duten lanean.

VI. KAPITULUA

Kontratazioak

25. artikulua. Aurizko Udalak zerbitzu publikoen kontratazioak egiten dituenean, zeharka, irizpideak ezarriko dira zerbitzu horien erabiltzaileen eskubidea, euskara zein gaztelania erabiltzekoa, bermatze aldera, ordenantza honetan aurreikusitako eran.

VII. KAPITULUA

Euskara sustatzea

26. artikulua. Aurizko Udalak, bertako Euskara Zerbitzuak proposamena eginik, urteko programak prestatuko ditu euskarari buruzko gaien eta haren egoera soziolinguistikoaren gaineko informazio maila handitzeko eta hizkuntza horren ezagutza eta erabilera sustatzeko gizartearen esparru guztietan.

27. artikulua. Aurizko Udalak bere jarduerak koordinatuko ditu Nafarroako Gobernuarekin eta tokiko beste entitate batzuekin, haiek euskara sustatzeko prestatzen dituzten ekimen eta kanpainetan parte hartzeko.

28. artikulua. Alde horretatik, Aurizko Udalak eskolako matrikulazio kanpainetan eta helduentzako euskara irakaskuntzan hartuko du parte, baita euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko eta haren aldeko sentsibilizazio kanpainetan ere.

29. artikulua. Kultur jarduerak eta euskara sustatzekoak bultzatuko dira. Halaber, laguntza ekonomikoa emanen da euskara sustatzeko edo irakasteko jarduerak antolatzearren.

30. artikulua. 1. Aurizko Udalaren diru-laguntza hartzen duten taldeei, diru-laguntza horren xedeko jardueretan euskara erabiltzeko eskatuko zaie, baita jarduera horiek sustatzeko publizitatean ere.

2. Orobat, eskolaz kanpoko jarduerak edo bestelakoak (kirola, musika etab.) antolatzen dituzten patronatu edo entitateak euskaldunek jarduera horiek euskaraz egin ditzaten arduratuko dira.

31. artikulua. Euskaldunak.

Udalak euskaldunen zentsua prestatuko du, udalerriko egoera soziolinguistikoa hobeki ezagutu eta haientzako kanpaina berariazkoak berme guztiekin egitearren.

Gainera, zentsua eginik, euskarari buruzko galderak erantsiko dira Udalaren erroldako baja eta alta guztietan; horrela, zentsua eguneratuta egonen da beti, borondatezko inskripzioen bitartez.

VIII. KAPITULUA

Toponimia

32. artikulua. Aurizko Udalak bere mugapeko toponimoak (toponimia handia eta txikia) finkatuko ditu Euskaltzaindiaren jarraibideen arabera. Haien forma ofiziala euskarazkoa izanen da.

Arazorik izanez gero, Udalak hartuko du erabakia Euskaltzaindiari jarraituz.

33. artikulua. Oikonimiari (etxeen izenak) dagokionez, Udalak laguntza emanen die herritarrei beren etxeen izenak katastroan inskribatzeko, euskarazko adierari lehentasuna emanez eta, zalantzarik bada, Euskaltzaindiari eginen zaio kontsulta.

IX. KAPITULUA

Ordenantza betetzea

34. artikulua. Batzorde bat eratuko da, ordenantza hau aplikatu eta garatzean hartzen ahal diren neurri teknikoak zuzentzeaz eta jarraitzeaz arduratuko dena.

35. artikulua. Udala lankidetzan ariko da hizkuntza politikan eskumenak dituzten entitate guztiekin, ordenantza hau aplikatu eta garatzeari eta hizkuntza normalizazioaren zeregin orokorrari dagokienez.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Aurizko Udalak ordenantza honen edukia gauzatzeko jendea eta bitarteko teknikoak ez dituen bitartean, hura lortu beharreko helburua izanen da eta Udalaren jarduketaren oinarri.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehendabizikoa.-Aurizko Udalak sortu edo bultzatutako programa guztiak garatzeko, kontuan hartuko da hizkuntzaren normalizazioaren ikuspegia, eta Euskara Zerbitzuak emanen die aholkua Udalaren zerbitzuei euskararen normalizazioa bermatzeko.

Bigarrena.-V. kapituluan aurreikusitako batzordeak sei hilabeteko epea du, ordenantza honek indarra hartzen duenetik, bere proposamena egiteko Udalaren Osoko Bilkurari.

AZKEN XEDAPENA

Behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan ondoren hartuko du indarra ordenantza honek.

Iragarkiaren kodea: L0916071