72. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

661/2009 EBAZPENA, apirilaren 21ekoa, Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusiak emana, Entremundos, Familia y Adopción elkarteak Kolonbian nazioarteko adopzio prozesuetan bitartekari aritzeko duen baimena, nazioarteko adopzioaren arloko entitate laguntzailearena, bertan behera uzten duena, aldi baterako.

1. Familiaren zuzendari nagusiak martxoaren 8an emaniko 296/2007 Ebazpenaren bidez onetsi zen Perun, Kolonbian, Nepalen, Indian, Nikaraguan, Brasilen, Etiopian, Vietnamen eta Kamerunen nazioarteko adopzioaren gaietarako entitate laguntzaileei baimena emateko deialdia, lehiaketa publikoaren bidezkoa.

2. Familiaren zuzendari nagusiak uztailaren 6an emaniko 842/2007 Ebazpenaren bidez ebatzi zen deialdi hori, eta Entremundos, Familia y Adopción NAELi eman zitzaion Kolonbian adopzio prozesuetan bitartekari aritzeko baimena. Ebazpen hartan urtebeteko epea eman zitzaion entitate laguntzaileari, ebazpenaren datatik hasita eta beste sei hilabetez luzatzeko aukerarekin, Kolonbian ere baimena eskura zezan, herrialde hartarako eman zitzaiolako baimena.

3. 2008ko ekainaren 27an eta abenduaren 26an, hurrenez hurren, bi eskabide aurkeztu zituen Entremundos, Familia y Adopción elkartearen ordezkariak Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Erregistroan; bertan, Kolonbian aritu daitekeela frogatzeko herrialde hartako agintariek eman beharreko agiria aurkezteko epea luzatzeko eskatu zuen. Emandako epea luzatzea egokia eta arrazoizkoa zela frogatzen zuten zenbait dokumentu aurkeztu zituen.

4. 2009ko martxoaren 16an, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Erregistroan aurkeztutako eskabidearen bitartez, Entremundos, Familia y Adopción elkartearen legezko ordezkariak idazki bat aurkeztu zuen, entitateak Kolonbian baimena lortzeko egindako pausoak eta horien datak azaltzen zituena.

5. Gaurko egunarekin Entremundos, Familia y Adopción elkarteak ez du oraindik lortu Kolonbiako adopzioetan bitartekari lana betetzeko baimen formala ematen dion agiririk.

II.-ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehena.-Nazioarteko adopzioaren arloko entitate laguntzaileak Nazioarteko Adopzioari buruzko abenduaren 28ko 54/2007 Legean eta, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, Nazioarteko adopzioaren gaietan lankide diren entitate kreditazioa arautu zuen uztailaren 22ko 168/2002 Foru Dekretuan araututa daude.

Bigarrena.-Nazioarteko Adopzioari buruzko 54/2007 Legearen 4. artikuluaren 5. eta 6. idatz-zatien arabera, soilik adingabeen babeserako entitate publikoei eta nazioarteko adopzioaren arloko entitate laguntzaileei dagokie nazioarteko adopzioaren arloko bitartekaritza lana. Azken horiek lehenengoen baimena beharko dute, bai eta adingabeen jatorriko herrialdeko agintariena ere.

Lege horren 5. artikuluak ezartzen duenez, nazioarteko adopzioaren arloan adingabeen babesaren arloan eskumena duten entitate publikoei dagokie bere lurraldean bitartekaritza lanak egiten dituzten nazioarteko adopzioaren arloko entitate laguntzaileen baimen, kontrol eta ikuskapen lanak egitea eta haien jarduerarako jarraibideak prestatzea.

Lege horren xedapen gehigarri bakarrak zehazten du adingabeen babeserako entitate publikoak autonomia erkidegoek izendatzen dituztela, Nafarroaren kasuan Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak.

Hirugarrena.-Nazioarteko adopzioaren gaietan lankide diren entitateen kreditazioa arautu zuen uztailaren 22ko 168/2002 Foru Dekretuaren 11. artikuluak ezartzen duenaren arabera, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak (gaur egun Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusia) entitate laguntzaileari herrialde baterako emandako baimenak ez du indarrik izanen entitate horrek delako herrialdeko erakunde eskudunek emandako ebazpen formal baten edo bestelako ziurtagiri baten bidez aritzeko baimena eskuratu arte; entitate laguntzailea behartuta egonen da kasuan kasuko herrialdeko ebazpen hori Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari (gaur egun Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiari) jakinarazi eta agiri bidez frogatzera.

Laugarrena.-Nazioarteko Adopzioari buruzko abenduaren 28ko 54/2007 Legearen 7.5 artikuluak ezartzen du entitate publikoek baimena bertan behera utzi edo kendu ahal izanen dietela, alde biko espedientearen bidez, bitartekaritzan aritzeko baimen hori ematea eragin zuten baldintzak betetzeari utzi edo, haien jardunean, antolamendu juridikoaren kontrako arau-hausteak egiten dituzten entitateei. Baimena bertan behera utzi edo kendu ahal izanen da herrialde guztietarako edo zehatz baterako bakarrik.

Ildo berean, aipatutako 168/2002 Foru Dekretuaren 13. artikuluan ezartzen da Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak (egun Familiaren Zuzendaritza Nagusiak), kasuan kasuko alde biko espedientea tramitatu ondoren eta ebazpen arrazoituaren bidez, indarrik gabe utzi ahal izanen duela baimena, aldi baterako edo behin betiko, hein batean edo oso-osorik, kasu hauetan: a) entitate laguntzaileak uzten badio eskatutako baldintzak eta betebeharrak betetzeari, b) adopzioari aplikatzekoa den legeren batek dioena edo deialdiaren oinarrietan edo baimenari buruzko ebazpenean jasotako baldintzak betetzen ez baditu, c) ez betetze larria bada edo kalte eta galera handiak eragin baditu, d) adingabearen jatorriko herrialdeko agintari eskudunen baimena edo agintari eskudunak esku-hartzearen kontra ez daudela frogatzen duen dokumentua urtebetean lortu ez badu edo edo e) nazioarteko adopziorako inolako espedienterik tramitatu ez badu epe horretan.

Bosgarrena.-Familiaren zuzendari nagusiak uztailaren 6an emandako 842/2007 Ebazpenaren bidez ebatzi zen nazioarteko adopzioaren gaietan lankide diren entitateak baimentzeko 296/2007 Ebazpenaren bidez onetsitako lehiaketa publikoaren deialdia; Entremundos, Familia y Adopción elkarteak baimena lortu zuen eta deialdiaren oinarrien menpe gelditu zen.

Deialdiaren 1.a) oinarriak dioenez, baimendutako entitateak konpromisoa hartuko du (herrialdearen) baimena lortzeko, Familiaren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena, baimenei buruzkoa, eman eta urtebeteko epean; epe hori sei hilabetez luzatu ahal izanen da.

Seigarrena.-Entremundos, Familia y Adopción entitateak agiri bidez frogatu ditu herrialde horretan baimena lortzeko egin dituen kudeaketak; horretan ari zela, Kolonbian legea aldatu da eta bitartekaritzako entitateei beste agiri batzuk eskatzen zaizkio orain, eta kanpoko auditoria baten azterketa, besteak beste. Hori dela eta, epea baimena lortzerik izan gabe iragan da.

Entremundos, Familia y Adopción entitateari baimena zein herrialdetarako lortu zuen, herrialde horretan ere lortzeko eman zitzaion gehieneko epea iragan denez, bertan behera utzi behar da entitate horri emandako baimena.

Kasuaren inguruabarrak direla-eta, baimena aldi baterako geratuko da bertan behera, harik eta Kolonbian espedientea ebatzi (alde nahiz kontra) eta emaitza Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiari berariaz jakinarazi arte.

Baimena 2009ko apirilaren 5etik aurrera geldituko da bertan behera.

Adopzio espedienterik tramitatu ez denez, bertan behera uzteak ez du eraginik hirugarrenengan.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legeak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Entremundos, Familia y Adopción elkarteak Kolonbian nazioarteko adopzio prozesuetan bitartekari aritzeko duen baimena, nazioarteko adopzioaren arloko entitate laguntzailearena, bertan behera uztea aldi baterako. Bertan behera uzteak 2009ko apirilaren 5etik aurrera izanen du indarra.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Entremundos, Familia y Adopción elkarteari (Premin de Iruña, 5 - 1.a, 31008-Iruña), Haur eta Nerabeentzako Sustapen, Laguntza eta Babesaren Zerbitzuari eta Nazioarteko Adopzioaren Bulegoari, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa paratu ahal dela, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriaren kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hilabeteko epean, behar diren ondorioak izateko.

Iruñean, 2009ko apirilaren 21ean.-Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusia, Loren Albéniz Ascorbe.

Iragarkiaren kodea: F0914396