72. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

LAKUNTZA

Lakuntzako herritarren Eskubideen Karta. Behin betiko onespena

Lakuntzako Udalak, 2008ko abenduaren 13ko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Lakuntzako Herritarren Eskubideen Karta.

Onespenaren erabakia 2009ko 29. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 9an. Jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betikoz onetsi da eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Lakuntzan, 2009ko maiatzaren 11n.-Alkatea, Jose Ramon Garin Lizarraga.

LAKUNTZAKO HERRITARREN ESKUBIDEEN KARTA

Hitzaurrea

Herritarren parte-hartzearen fenomenoaren zailtasunak eta garrantziak Karta hau osatzera eraman gaitu, Lakuntzako herriaren demokrazia zabaltze proiektu honetan, Karta honek printzipioak, egitasmoak eta helburu nagusiak batu nahi ditu.

Karta honen bidez, besteak beste nahi dugu partehartze inguruan dauden tresna desberdinen azalpena eta martxan jartzea prozesu malguago eta denboran zabalago bat, jendearteren partehartzea zabalago eta kalitate handiagoa izateko.

Herritarren Eskubideen Karta honek zenbait tresna batzen ditu, horietako batzuk arau juridiko modukoak dira, beste batzuk proiektu modukoak dira, baita programa edo ekintzarako planen modukoak, hauek guztiak zuzenduta herritarren parte-hartzea errezteko. Kartak baita elkarte, bilera zein informazio eskubideak biltzen ditu ere. Tresna hauek, progresiboki joango dira garatzen eta Kartan gehitzen, Erregelamendu eta Ekintza Planatik hasita.

Adierazpena

Demokraziaren kontzeptua parte-hartzearen kontzeptuarekin oso lotuta dago, izan ere, partehartzea honen ardatz nagusi bat da. Herritarren parte-hartzea udal politikagintzan ezin da soilik izan lau urtetan behin ordezkari batzuk hautatzera murriztu, hori bait da herritar borondatearen errefleju osatu gabe bat, zein behartuta ikusten da beste ahalegin batzuekin osatua izatera, erreztatzeko herritarren aitzipena gai publikoen eguneroko kudeaketan.

Herritarren parte-hartzea, oinarrizko eskubi bezala eta udal administrazioaren printzipio iradoki bezala, Lakuntzako Udalaren aukera estrategikoa eta estrukturala da, eta bere jarduera guztiak egituratu behar ditu. Parte-hartze hau gidatua izan beharko da printzipio desberdinengatik: ordezkaritza politikoa eta herritarren parte-hartzearen arteko osagarritasunaren printzipioaren bidez, kogestiorako tresna eraginkorrekin; jendartean adierazten den elkarte autonomiaren errespeto eta sustapenaren printzipioaren bidez; eta jendarte kritika eta elkartzeko bokazio handiagoarekin eta udal kudeaketan aktiboki parte-hartzeko printzipioaren bidez.

Parte-hartze demokratikoa, beste ezer baino lehen ideien kontrastea, elkarrizketa eta proposamena da. Hau bakarrik errotu daiteke jendarte batean non pertsonak elkarrekin ezagunak izan behar dira eta konnotazio historikorik gabe aurreko belaunaldiekin lotura izatea. Arrazoi horrengatik, parte-hartzearen aldeko giro lagungarria sortzea inplikatzen du jendartearen harremanak hobetzea arlo publikoan, kultur arloan, tokiko oroimen historikoa mantentzen, edota balore hauen heziketa transmisioaren bidez.

Herritarren parte-hartzea ez da teknika bat, ezta antolakuntza administritatibo bat ere. Hare gutxiago pose instituzional bat. Konpromiso kolektibo bat da, erronka bezala bere gain hartzen duela udal gobernua eta herritarren papera eguneroko bizitzan ulertzeko era berri bat

LAKUNTZAKO HERRITARREN PARTEHARTZE ERREGELAMENDUA

Zioen azalpena

Lakuntzako Udalak, erregelamendu honen bitartez, udaleko gai publikoetan parte-hartze demokratikoa eta gardentasuna sustatzeko konpromiso argia eta irmoa hartu nahi du udaleko herritarren aurrean. Ildo horretan, Lakuntzako Udalak erregelamendu honetan arautzen diren parte-hartze eskubideak egiaz erabil daitezen bultzatuko du, eta osotara gauzatzea eragozten duten trabak kenduko ditu. Elkartetan biltzea ere sustatuko du, udalerriko sare soziala indartzeko xedearekin eta interes orokorreko ekimenak garatzeko asmoz; era berean, gizartean ahotsa izateko arazo handienak dituzten taldeak biltzea bultzatuko du, bai eta etorkinen parte-hartze sustatuko ere.

Udalaren konpromiso hau pauso garrantzitsua da toki demokraziarekin bat datorren parte-hartze sistema bat sortu eta sendotzeko hartutako erabaki irmoaren bidean, gizarte orok erdietsi nahi dituen bitarteko eta jokabide demokratiko zabaltzen lagunduko duelakoan.

Teknologia berriak bereganatzen ari diren garrantziaz, bai eta informazioa eskuratzeko moduak eta parte-hartze prozesuak abian jartzen eman dezaketen laguntzaren norainokoaz jabeturik, Udalak bitarteko horien erabilera sustatuko du eta, bere ahalmenen barruan eta beste administrazio eta operadore batzuekin lankidetzan, etxeetara irits daitezen eta erabilerarako gune publikoak ezartzen ahaleginduko da, udal ekipamendu eta bulegoen sarearen bitartez.

Udal gobernuaren eskumenen barruan, erregelamendu honetan aitortutako eskubideek babes berezia jasoko dute Lakuntzako Udalaren aldetik, horiek errespetatzen ez duten edo haien erabilera urratzen duten udal langile eta agintariei erantzukizunak eskatuz.

Lakuntzako herritarrak

1. artikulua. Lakuntzako herritarrak.

1.-Lakuntzako herritarrak bertako Biztanleen Udal Erroldan sartutako pertsona guztiak dira, edozein dela ere haien nazionalitatea.

2.-Horrez gain, erregelamendu honen ondorioetarako, herritarren eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte bertan jaio izateagatik udalerriarekin lotura dutela frogatzen duten 16 urtetik gorako pertsona guztiek. Baita bigarren egoitza eta Lakuntzan lan egiten dutenak eta herriareki bereziak dituztenak ere.

3.-Erregelamendu honen 2. artikuluan aurreikusten den egoeran dauden pertsonek izena eman beharko dute Herritarren Parte-hartzerako Udal Erroldan. Lakuntzan jaio izana frogatzeko nahikoa izanen da nortasuna frogatzen duen edozein agiri aurkeztea. Beste kasuetan, balioztatuko da edozein akreditazio nahikoa ezagutzeko bere harremana herriarekiko.

4.-Biztanleen Udal Erroldan sartuta dauden 16 urtetik gorako herritar guztiak besterik gabe sartuko dira Herritarren Parte-hartzerako Udal Erroldan.

Parte hartzeko eskubideak

2. artikulua. Parte hartzeko eskubidea.

1.-Pertsona guztiek herriko kontu publikoen kudeaketan esku hartzeko eskubidea dute, zuzenean edo herritarren elkarteen bitartez, legeetan eta erregelamendu honetan ezarritako parte-hartzerako organoak eta bideak erabiliz.

2.-Erregelamendu honekin bat, Udalaren jardunarekin lotutako gaietan interes legitimoa eta udal partehartzearen erroldan dauden edozein pertsona erabil ditzake parte hartzeko eskubideak.

3. artikulua. Informazioa jasotzeko eskubidea.

1.-Pertsona guztiek, fisikoek nahiz juridikoek, eskubidea dute udal jarduerei eta zerbitzuei buruzko informazio zabala eta objektiboa jasotzeko, udal artxibo publikoak ikusteko eta Udalak informazio orokorrerako ezarritako baliabide guztiak erabiltzeko.

2.-Udalak erraztu eginen du eskubide horren erabilera, eta edozein pertsonak egin ditzakeen informazio orokorra jasotzeko eskaerei erantzuteko bideak sortuko ditu, muga bakarra izanik legeetan agindutakoa, bereziki haurrak eta gazteak, pertsonen intimitatea edo herritarren segurtasuna babesteko eskubideen arloan.

3.-Ordena publikoko arrazoiak direla-eta, komeni denean eta udal organo eskudunak ados agertu ondoren, udalerrian bizi diren guztiei udal erabakiak eta xedapenak igorriko zaizkie, horrek ukatu gabe Aldizkari Ofizialetan argitaratzea, aginduzkoa den kasuetan.

4.-Herritarrek ahalik eta informazio gehien izan dezaten ziurtatzeko, Udalak iragarki oholean eta web orrian paratuko ditu ikusgai erabakiak eta garrantzia orokorra duten agiriak. Era berean, gutxienez hiru hiletik behin buletin bat argitaratuko da, udal informazio nabarmenarekin.

5.-Herritar guztiek eskubidea dute posta elektronikoko helbideen udal zerrendan egoteko, bide horretatik jasotzeko osoko bilkuren aktak, udal bandoak, alkatetzaren dekretuak eta herritarren parte-hartzerako prozesuei buruzko dokumentazioa.

6.-Beste edozein informazio idatziz eskatu beharko da. Eskabidean argi adieraziko da nork aurkezten duen eskabidea, bere izenean edo beste norbait ordezkatuz egiten duen eta zehazki azalduko du nolako informazioa kontsultatu nahi duen. Dokumentu grafiko edo idatzizkoetan jasotako informazioaren kopiak ere eskatu ahalko dira, bai eta Udalak hartutako erabakien ziurtagiriak ere.

7.-Alkatetzak ebatziko ditu eskaera horiek, gehienez ere 30 eguneko epean, eskaera udaletxean sartu eta biharamunetik hasita. Erantzuteko epe hori beste 15 egunez luzatu ahalko da, horretarako arrazoiak emanda.

8.-Herritarrek Lakuntzako Udalaren Osoko Bilkuretan eta Kontseiluaren bileretan egoteko eskubidea dute. Herritarrek bilkura horietako gai zerrendaren berri izan dezaten, web orrian argitaratuko da, iragarki oholean paratuko da eta posta elektroniko bidez bidaliko zaie Elkarteen Udal Erregistroan inskribatutako elkarteei eta posta elektronikoko helbideen udal zerrendan ageri diren pertsonei.

4. artikulua. Entzunaldirako eskubidea.

Herritarrek eskubidea dute alkateak har ditzan, horretarako ezarriko den ordutegian eta hitzordua eskatzeko prozedura erabiliz, eskatu eta 30 eguneko epean, gehi beste 15 egun, luzatzeko arrazoiak egonez gero. Entzunaldia eskatzen dutenen artean, lehentasuna izanen dute tramitatutako prozeduretan edo udal jarduketetan interes legitimo eta zuzena dutenek. Alkateak, sentsuzko era batean, ordezka dezake harrera hauek gobernuko beste zinegotzi batean, eskatzaileak kontrakoa usten ez badu.

5. artikulua. Eskaerak egiteko eskubidea.

1.-Pertsona guztiek, nork bere aldetik edo taldeka, eskubidea dute eskaerak egiteko udal gobernuari honen eskumenekoak diren gaietan, edo udal jarduerei buruzko azalpenak eskatzeko. Eskubide hori eskatzailearen nortasuna eta eskaeraren helburua modu sinesgarrian adierazten duen eta zuzenbidearen arabera balioduna den edozein bide baliatuz erabiliko da.

2.-Eskaerek kexak, iradokizunak edo ekimenak izan ditzakete atxikirik, eta Herritarren Arretarako Zerbitzuan, Udal Erregistroan edo iradokizunen postontzian aurkeztuko dira. Udalak ezarritako bitarteko elektroniko edo telematikoak ere erabil daitezke. Taldean egindako eskaeren kasuan, eskatzaileak identifikatzeko bide eman beharko dute.

3.-Udalak eskaera jaso duela jakinaraziko du gehienez ere 10 eguneko epean eta tramitera onartuko du, non ez den baldintza hauetakoren bat gertatzen:

a) eskatzailearen edo eskatzaileen nortasuna behar bezala frogaturik ez egotea;

b) eskaeraren helburua ez izatea Udalaren eskumenekoa;

c) eskaerak tramite administratibo berariazkoa izatea.

4.-Lehendabiziko kasuan, 15 eguneko epea emanen da froga gabezia zuzentzeko; epea iraganik, prozedura bertan behera gelditu dela ulertuko da. Eskaera beste edozein arrazoirengatik atzera botatzen bada, horren zergatiei buruzko ebazpena eman beharko du Udalak 45 eguneko epean, eskaera aurkeztu eta biharamunetik hasita.

5.-Eskaera tramitera onartzen bada, Udalak, derrigorrez, hiru hilabeteko epea izanen du, gehienez ere, eskatzaileari erantzuteko, eta gaiaren inguruan hartutako neurrien edo aurreikusi dituen ekintzen berri emanen dio, bidezkoa bada.

6.-Udalera jotzeko aurreikusi diren bideez gain, iradokizunetarako postontzi bat jarriko da udaletxearen kanpoaldean. Behar bezala identifikatutako idazkiak Udal Erregistroaren bidez sarrera emanez tramitatuko dira. Bestaldera, herritarren iritzia jakiteko baizik ez dira kontuan hartuko.

6. artikulua. Proposamenak egiteko eskubidea.

1.-Herritar guztiek dute gaiak proposatzeko eskubidea, Udalak Osoko Bilkuraren gai zerrendan sar ditzan, Udalaren eskumenen esparruetako proiektuak edo erregelamenduak onesteko proposamenak barne.

2.-Proposamena Udalaren Osoko Bilkuraren gai zerrendan sar dadin, eskaera Herritarren Parte-hartzerako Udal Erroldan izena emanik dagoen edozein pertsonak egin beharko du, herritarren %5 baino gehiagoren sinaduren sostenguarekin, eta gaiak azken sei hilabetean prozedura berean tratatu gabekoa izan beharko du nahitaez.

3.-Betebehar horiek betez gero, alkateak gehienez ere 15 eguneko epean ebatziko du eskaera, eta ebazpenean iragarriko da noizko osoko bilkuran eztabaidatuko den proposamena. Osoko Bilkura hori eskaera egin eta hurrengo bi hilabeteetan eginen da, presako kasu arrazoituetan izan ezik. Osoko Bilkura ohikoan nahiz arruntean eztabaidatu ahal izanen da, eta alkateak proposamenaren egileari hots egin beharko dio proposamena azal dezan, herritarrek edo elkarteek osoko bilkuretan izan dezaketen parte-hartzea erregelamendu honen 9. artikuluan araututa dagoen moduan.

7. artikulua. Herritarren ekimenerako eskubidea.

1.-Herritarren ekimenak aukera ematen dio edozein pertsonari edo pertsona talderi Udalaren interes publikokoa den jarduera zehatz bat bete dezan eskatzeko Udalari; halakoetan, eskatzaileek konpromisoa hartuko dute beren aldetik dirua, ondasunak, eskubideak edo lan pertsonala jartzeko. Eskaera tramitatzeko nahitaezkoa izanen da udalerriko bizilagunen %20, gutxienez, harekin bat etortzea.

2.-Ekimenak aurkezteko eredu bat izanen du Udalak herritarren eskura, eta bertan argi eta garbi adierazi beharko da proposamena, bai eta hura justifikatzen edo komenigarri egiten duten arrazoiak ere. Zergak edo prezio publikoen arauak ez dira sekula izanen ekimen honen xede.

3.-Eskaera idazki baten bidez eginen da, argi adierazita zer ekintza eskatzen den eta zer bitarteko ekonomiko eta/edo pertsonalak eman behar dituzten eskatzaileek hura gauzatzeko. Idazkian sinatzaile guztien izen-abizenak agertuko dira, haien helbideak, nortasun agiriak eta sinadurak. 16 urtetik beherakoen kasuan, haien lege ordezkariek baliodundu beharko dute eskaera.

4.-Ekimena erregelamendu honen eskakizunekin bat datorrela egiaztatu ondoren, jendaurrean jarriko da hilabetez, eta epe horretan alegazioak aurkeztu ahal izanen dira.

5.-Epe horretan, eskaeraren bideragarritasunari buruzko bi txosten eginen dira, bata alderdi teknikoari dagokionez eta bestea aurrekontuei dagokienez; txosten horiek, proposamenarekin batera, Udalaren Osoko Bilkurari aurkeztuko zaizkio 30 eguneko gehieneko epean, jendaurreko aldia amaitu eta biharamunetik hasita. Osoko Bilkura horretan ekimenaren ordezkari batek proposamena defenditu ahal izanen du, 9. artikuluan ezarritako moduan.

6.-Herritarren ekimen bat onesteko kontuan hartuko dira bai interes publikokoa izatea bai eskatzaileen ekarpenaren ezaugarriak, eta onespenak berarekin ekarriko du hitzarmen bat izenpetzea Udalaren eta eskatzaileen artean; hitzarmen horretan jasoko dira bi aldeen konpromisoak, betebeharrak eta erantzukizunak, bai eta ekintzaren eduki zehatza ere.

8. artikulua. Hitz egiteko txanda librea Udalaren Osoko Bilkuretan.

1.-Udalaren Osoko Bilkuren amaieran hitz egiteko txanda librea egonen da, bertan diren pertsonek nahi dituzten iruzkinak edo galderak egin ditzaten.

2.-Hitz egiteko txanda horren moderatzailea udal bilkurako burua izanen da.

3.-Bilkura berezietan edo presako tramitearekin deitutakoetan ez da parte-hartzerik onartuko, ez badu Osoko Bilkurak berak erabakitzen.

9. artikulua. Jendaurreko udal bilkuretan esku hartzeko eskubidea.

1.-Pertsona guztiek Udalaren jendaurreko Osoko Bilkuretan parte hartzeko eskubidea dute, betiere agindu hauek betez:

a) Esku-hartzearen xede den gaia proposamenak egiteko edo herritarren ekimenerako eskubidearen erabilerak eta defentsak babesten dituztenetakoa izan beharko da.

b) Parte-hartzea alkatetzari eskatu beharko zaio idatziz, gutxienez bilkura egin baino egun baliodun bat lehenago.

c) Eskatzaileak hamar minutu izanen ditu hitz egiteko. Ondoren udal taldeek parte hartuko dute, eta alkateak edo zinegotzi eskudunak ere erantzun ahal izanen dio. Amaitzeko, berriz erantzuteko txanda izanen du eskatzaileak, ondoren udal taldeek eta hitz egiteko azken txanda alkatearena izanen da.

10. artikulua. Biltzeko eskubidea

Pertsona guztiek Udalaren lokalak, ekipamenduak eta eremu publikoak erabiltzeko eskubidea dute, bertan biltzeko eskubidea baliatze aldera, baldintza bakarrak izanik tokiaren ezaugarriak eta udal ordenantzak.

Herritar elkarteen eta taldeen parte-hartzea

11. artikulua. Herritarren Elkarte eta Taldeen Udal Erregistroa

1.-Jarduteko eremu nagusia Lakuntzako udalerria duten elkarte eta talde egonkorrek emanen dezakete izena erregistro honetan. Elkarte edo talde egonkorra hau dela ulertzen da: hiru pertsona baino gehiago elkartzea, baliabide ekonomiko eta/edo pertsonalak irabazi-asmorik gabe batera jartzeko konpromisoa hartuta, interes orokorreko xede bat lortzeko asmoarekin, baina Nafarroako Gobernuko Barne Departamentuaren Elkarteen Erregistroan edo antzeko eginkizunak dituen edozeinetan izena ematera beharturik egon gabe. Udal erregistro honetan ez dira sartzen alderdi politikoak eta hautesle koalizio edo taldeak.

2.-Erregistroa publikoa da eta edozein pertsonak kontsulta dezake. Organo dinamikoa da, udalerriko elkarte eta taldeen berri izan nahi duena, eta horien bilakaera ere aztertzen duena, informazio hori Udalaren eta entitateen esku uzteko, elkarteen lana sustatu eta hobetzeko politika eraginkorra egiten laguntzeko.

3.-Erregistroak aukera eman behar du entitate bakoitzaren eginkizun edo helburu nagusia ezagutzeko, sailkapena eraginkorra izan dadin.

4.-Erregistroan izena emateko, idazki bat aurkeztu beharko da udal erregistroan hala eskatuz, honako agiri hauekin batera:

a) Indarra duten estatutuen edo funtzionamenduko arauen kopia. Inskribatu gabe dauden taldeen kasuan, elkartearen helburuei buruzko adierazpena, kide guztiek sinatua.

b) Elkarteen Erregistro Orokorrean elkarteak duen zenbakia, bertan inskribatutakoen kasuan.

c) Zuzendaritza batzordeko kideen nortasuna frogatzen duen akta edo ziurtagiria, bai eta haien helbideak eta harremanetan jartzeko telefonoak ere.

d) Elkartearen helbidea eta egoitza edo egoitzak, halakorik badago.

e) Identifikazio Fiskaleko Zenbakia, inskribatutako elkarteen kasuan.

f) Eskaera egiten den unean dagoen kide kopurua ziurtatzen duen agiria. Inskribatu gabe dauden talden kasuan, osatzen duten jende kopurua.

g) Jardueren programa edo urteko memoria.

h) Entitatearen urteko aurrekontua.

5.-Udalak Erregistroan dauden ataletako batean sailkatuko du entitatea edo taldea, eta interesatuari jakinaraziko dio, komenigarria iruditzen zaion alegazioa egin dezan. Jakinarazi eta 15 egunera alegaziorik egin ez bada, sailkapena ontzat eman dela ulertuko da. Sailkapena egiterakoan inskribatzeko funtsezko baldintzetako bat falta dela ohartuz gero, interesatuari jakinaraziko zaio, 15 eguneko epean akatsa zuzen dezan, eta hala egiten ez badu, inskripzioa bertan behera gelditu dela ulertuko da.

6.-Erregistroan inskribatutako entitateek Udalari jakinarazi beharko diote inskribatzeko erabili den dokumentazioko datuetan egindako edozein aldaketa, aldaketa hori egin eta hilabeteko epea iragan baino lehen.

Era berean, urtero aurkeztu beharko diote Udalari, otsaila amaitu baino lehen, aurreko urtean egindako jarduerei eta ekintzei buruzko memoria bat, bai eta abenduaren 31n elkarteak zuen kide kopuruaren berri eman ere.

Atal honetan ezarritakoa betetzen ez bada, inskribatutako elkarteak jardunik ez duela ulertuko du Udalak, eta erregistroan ofizioz baja emateko prozedurari ekinen dio, hurrengo atalean azaltzen den moduan.

7.-Udalak baja emanen die, ofizioz, jardunik ez duten elkarte edo taldeei, eta horren berri emanen die interesatuei, alegazioak egin ditzaten, gehienez ere 15 eguneko epean; alegaziorik ez badago berehala emanen zaio baja.

12. artikulua. Taldeen Mahaia (artikulo hau ez da indarrean egongo Elkarteak Sustatzeko Plana erabaki arte).

1.-Taldeen Mahaia bigarren mailako erakunde bat da, Lakuntzako elkarte eta talde guztietako ordezkariekin osatua. Erakunde autonomoa da eta taldeek beraiek kudeatua.

2.-Taldeen Mahaiak bere erregelamendua prestatuko du barneko funtzionamendurako. Elkarteen Udal Erregistroan inskribatutako taldeen bi herenek onartu beharko dute erregelamendu hori, eta bertan erabakiak hartzeko printzipio demokratikoak bermatuko dira.

3.-Elkarteen Udal Erregistroan inskribatuta dauden entitate guztiek Taldeen Mahaian parte hartzeko eskubidea dute.

4.-Lakuntzako Udalak mintzakide izaera aitortzen dio Taldeen Mahaiari, Lakuntzako elkarte eta talde guztien ordezkari gisa, bai eta erregelamendu honetan deskribatzen diren pare-hartze organoetan entitate horiek dituzten ordezkariak hautatzen dituen erakundea izatea ere.

13. artikulua. Elkarteen eskubidea informazioa jasotzeko.

Erregelamendu honen 3. artikuluan aitortzen den eskubide orokorra, udal informazioa jasotzekoa alegia, ezertan ukatu gabe, Elkarteen Udal Erregistroan behar den bezala inskribaturik dauden elkarte eta taldeek eskubide hauek ere izanen dituzte:

a) Elkartearen helbidean Udalaren Osoko Bilkuren edo Lakuntzako Kontseiluaren bileren deialdiak jasotzeko.

b) Elkartearen helbidean Udalak jendaurrean jarri eta zabaltzen dituen udal argitalpen edo informazio guztiak jasotzeko, elkartearen interesekoak badira bere lan-esparrurako.

c) Elkartearen lan-esparrukoak izan daitezkeen udal proiektu eta ekimen guztiei buruzko informazioa jasotzeko.

14. artikulua. Udalaren Osoko Bilkuretan esku hartzeko eskubidea

1.-Udal erregistroan inskribatutako elkarte eta taldeei Osoko Bilkurako gai zerrendan ageri den puntu batean inguruan ordezkari baten bitartez ahoz parte hartzeko eskubidea aitortzen die Udalak, entitate horiek Udalak erabakiak hartzeko prozesura gerturatzeko helburuarekin.

2.-Eskubidea erabili ahal izanen dute gai zerrendan ageri den puntu horretan, haien jardun esparrua dela-eta, interesa dutela justifikatzen duten elkarteek.

3.-Prozedura:

a) Ezinbesteko baldintza izanen da alkateari idazki bat aurkeztea, osoko bilkura hasi baino 60 minutu lehenago gutxienez, esku-hartzea eskatuz eta parte hartu nahi den gaian interesa dutela frogatuz.

b) Alkateak osoko bilkura hasi aurretik jakinaraziko du bere erabakiaren berri.

c) Behin baimena emanda, elkartearen ordezkari batek parte hartu ahal izanen du hamar minutuz gehienez, gai zerrendako puntua irakurri ondoren eta haren eztabaida eta bozketa egin aurretik.

15. artikulua. Udalaren web orrian tokia edukitzeko eskubidea

1.-Udalak tokia gordeko du Udalaren web orrian Elkarteen Udal Erregistroan inskribaturik dauden elkarte guztientzat, bakoitzak bere bloga izan dezan.

2.-Toki horietako edukiak elkarte bakoitzak sartu nahi dituenak izanen dira, bere erantzukizunpean.

16. artikulua. Diru-laguntzak

1. Aurrekontu bakoitzean dagoen diru-kopuruaren arabera, Udalak herritarren elkarteak eta haien lana bultzatuko ditu diru-laguntzak emanez.

2.-Laguntza horiek eskuratzeko baldintza orokorrak hauek izanen dira:

a) Entitatea Elkarteen Udal Erregistroan inskribatuta egotea eta deialdiaren baldintzak betetzea.

b) Udalak ezarriko dituen laguntzen irizpideak arlo hauetan oinarrituko dira: elkartearen ordezkaritzaren garrantzia, jardueraren interesa, herritarrentzat duen erabilgarritasuna, entitatearen ahalmen ekonomikoa edo beste administrazio batzuetatik jaso ditzakeen laguntzak.

17. artikulua. Udal ekipamenduen kudeaketa.

1.-Udalaren ekipamenduak kudeatzeko planen barruan, haietako baten kudeaketa ekipamenduaren xedearekin lotura duten elkarteen esku utzi ahal izanen du Udalak.

Herritarrek parte hartzeko prozesuak, organoak eta bideak

18. artikulua. Parte-hartze prozesuaren definizioa.

1.-Erregelamendu honen ondorioetarako, parte-hartze prozesua da honako fase hauek modu integralean biltzen dituena:

a) Informazio fasea, ukitutako herritarrei parte-hartzearen xede den gai edo proiektuaren berri emateko, teknika metodologiko egokiak erabiliz.

b) Herritarren eztabaida fasea, metodologia egokien bidez herritarren diagnostikoa, eztabaida, eta proposamenak sustatzen dituena.

c) Itzulketa fasea, erabakiak hartzeko parte-hartze prozesuaren emaitzaren berri emateko partaideei eta herritar guztiei.

19. artikulua. Herritar kontsulta.

1.-Udal Partehartze Erroldan inskribaturik dauden herritar guztiek eskubidea dute zuzeneko kontsulta egin dakien haien interesekoak diren gaiei buruz, bai eta herritar kontsulta edo erreferendumak bultzatzekoa ere.

2.-Kontsulta egiteko, beharrezkoa izanen da Udalaren Osoko Bilkuraren gehiengoak hala erabakitzea.

3.-Udalak herritar kontsultak egin ahal izanen ditu Osoko Bilkurak hala erabakitzen badu, Herritarren Parte-hartzerako Batzorde Iraunkorrak edo Lakuntzako Kontseiluak proposaturik edo herritarrek eskatuta, Herritarren Parte-hartzerako Parte-hartzerako Udal Erroldan daudenen %20 baino gehiagoren sinadurak biltzen badituzte. Sinadura horiekin batera izen-deiturak eta identifikazio zenbakia adierazi beharko dira.

4.-Edozein kasutan ere, Osoko Bilkurak berretsi edo ezetsi beharko du kontsultarako deialdia, eta herritarrek, behar den sostenguarekin, egindako eskaeren kasuan nahitaez berretsi beharko du. Deialdia ezesten badu, arrazoiak adierazi beharko ditu.

5.-Udalak egin beharko ditu kontsultarako beharrezkoak diren tramite guztiak.

6.-Herritar kontsultan Herritarren Parte-hartzerako Udal Erroldan izena emanik dauden 16 urtetik gorako pertsona guztiek parte hartu ahal izanen dute.

7.-Urte batean sei herritar kontsulta egin ahal izanen dira gehienez ere, ez dira zergen arloko gaien gainekoak izanen, agintaldi batean ez da herritar kontsultaren gaia errepikatuko eta kontsulta bakoitzean galdera bat baino gehiago egin ahal izanen dira.

8.-Kontsultaren emaitza kontuan hartuko da baldin eta parte-hartzea Herritarren Parte-hartzerako Udal Erroldan daudenen %50tik gorakoa bada.

9.-Galdera edo galderak Udalaren Osoko Bilkurak onartu beharko ditu, eta horretarako proposamenak eskatuko dizkio Herritarren Parte-hartzerako Batzorde Iraunkorrari. Galderek aukerako bi edo hiru erantzun izan ditzakete, edo erantzuna planteatzen diren aukera desberdinak ordenatzean datzan galdera ere izan daiteke. Azken kasu honetan, kontaketa egiteko lehentasunezko boto eskualdagarriaren sistema erabiliko da.

10.-Herritar kontsulta baten deialdiak berarekin dakar Udalak informazio kanpaina zentzuzko bat egitea planteatzen den gaiari buruz, herritarrek talde politikoek eta elkarteek egindako proposamenen berri izan dezaten.

20. artikulua. Lakuntzako Kontseilua.

1. Lakuntza osoari eragiten dioten jarduerak aztertu eta eztabaidatzeko parte-hartze organoa da.

2. Haren eginkizun nagusiak dira ekintza plan orokorrak eztabaidatzea, azterlanak edo txostenak sustatzea eta proposamenak egitea arlo hauetan: garapen ekonomikoa, toki garapena, herriaren plangintza estrategikoa eta hirigintzako proiektu handiak. Orientabide gisa, honako eginkizun hauek nabarmenduko ditugu:

a) Jarduketa estrategikorako planak, ordenantzak eta beste xedapen orokor batzuk ezagutu eta eztabaidatzea.

b) Xedapen orokorren onespena proposatzea.

c) Udal gobernuari aholku ematea udal politikaren eta kudeaketaren ildo nagusiei buruz.

d) Udal aurrekontuak ezagutzea, horien betetzearen emaitzak eta jarraitutako parte-hartze prozesuaren balantzea.

e) Gai zehatzen inguruko parte-hartze prozesuak proposatzea.

f) Herritar kontsultak proposatzea.

g) Herriaren intereseko gaiei buruzko azterlanak proposatzea eta emaitzei buruzko eztabaida bultzatzea.

Osaera.

1. Kontseiluko burua Alkatea edo Alkatesa izanen da, edo hark eskuordetutakoa, eta buruordea, berriz, Kontseiluak udalbatzaren agintaldiaren hasieran egiten duen lehendabiziko bilkuran hautatuko da, kontseiluko kide izan eta Udalaren nahiz beste edozein administrazio publikoren ordezkari ez direnen artean.

Lakuntzako Kontseiluko gainerako kideak hauek dira:

a) Lakuntzako Udalbatzako kide diren zinegotziak.

b) Elkarteen Udal Erregistroan inskribaturik dauden elkarteen hiru ordezkari arte.

c) Udalerrian ordezkaritza handiena duten sindikatuak, lanbide erakundeak eta enpresa erakundeak ordezkatuko dituzten pertsonak, Alkatetzak izendatuak, berak edo Udalaren Osoko Bilkurak proposaturik.

d) Herritarren artean ospea duten pertsonak, Alkatetzak proposatuak eta Lakuntzako Kontseiluak izendatuak.

e) Udalerrian eskumena duten administrazio publikoen ordezkariak, hala nola, hezkuntza, osasuna, lurralde plangintza, zerbitzuak; hitzarekin baina botorik gabe ariko dira, Kontseiluko buruak deitutako teknikariak bezala.

Funtzionamendua.

1.-Lakuntzako Kontseiluak urtean behin gutxienez eginen du ohiko bilkura, bai eta Alkatetzak edo Kontseiluko kideen heren batek deitzen duen aldiro ere. Bilkuren eta deialdien dinamika ezartzeko erregelamendua Lakuntzako Kontseiluak egin eta Udalaren Osoko Bilkurak onetsi beharko du.

2.-Erregelamendu horretan batzorde iraunkor bat sortzea aurreikusi ahal izanen da, haren osaera eta eginkizunak zehaztuta, eta, egoki ikusiz gero, lan taldeak eta batzorde teknikoak sortzea ere, herriko zerbitzu publikoen arduradunak bilduko dituztenak, direla udal eskumenekoak direla beste administrazioenak.

3.-Batez ere adierazi beharko da bilkuren funtzionamendua, Kontseiluak kide kopuru handia duenez beharrezkoa baita kide guztien arteko eztabaida eta parte-hartzetza bermatuko dituzten metodologiak erabiltzea.

4.-Lakuntzako Kontseilua hauteskundeak egiten diren bakoitzean berritu beharko da, egin eta hiru hilabeteko epean betiere.

5.-Urtero, Lakuntzako Kontseiluak txosten bat eztabaidatu eta onetsiko du herritarren parte-hartzearen, kontu publikoen eta interes orokorreko beste gai batzuen arloan egindako ekintzei buruz, eta horiek hobetzeko ekimenak proposatuko ditu. Txosten hori Alkateak edo Alkatesak aurkeztuko du.

21. artikulua. Lakuntzako Haurren Kontseilua.

1.-Parte-hartze, kontsulta eta aholkurako bitarteko bat da, Udaleko arduradun politikoak eta teknikoak eta Lakuntzako haurrak elkartzeko gunea, aldizka erabili daitekeena. Haren eginkizun nagusia, nolanahi ere, pedagogikoa eta hezkuntza arlokoa da udalerriko haurrei dagokienez, eta kontuan hartu beharko du eskolekin, aisiako zentroekin, guraso elkarteekin eta haurrekin lotutako beste entitate batzuekin batera eginen den lan plana.

2.-Alkateak edo Alkatesak eginen du bilkurako deialdia, ikastetxeetako baten hezkuntza komunitateak eskatuta.

3.-Bilkura alkatearen edo hark eskuordetutakoaren aurkezpenarekin hasiko da, bera izanen baita bilkurako burua; ondoren Haurren Kontseiluko ordezkariek hitz eginen dute.

Bilkurako buruak beharrezkotzat jotzen badu, hizpide den edo diren gaiaren edo gaien arduradunek ere -zinegotziek edo teknikariek- parte hartuko dute. Jarraian, Udaleko talde politikoek beren jarrera agertzeko hizketarako txanda izanen dute. Amaitzeko, bertan diren gainerakoek hitz egin ahal izanen dute, haurrei lehentasuna emanez, muga bakarra izanik denbora zentzuz erabiltzea.

4.-Idazkari lanak Udalbatzako idazkariak edo hark eskuordetutakoak beteko ditu.

22. artikulua. Herritarren Parte-hartzerako Batzorde Iraunkorra.

1.-Herritarren Parte-hartzerako Batzorde Iraunkorra Lakuntzako udalerrian herritarren parte-hartze prozesuak koordinatzen dituen organoa da.

2.-Batzorde horren erabakiak formaren gainekoak baizik ez dira izanen, parte hartzeko tresna edo bideei dagokienez, eta Osoko Bilkurak horretarako ezarritako jarduketa esparruaren barruan.

3.-Haren erabakietan ahalik eta adostasun politiko eta sozial handiena lortzeko xedearekin, hauek izanen dira batzordeko kideak:

a) Hauteskundeetara aurkeztu eta ordezkaritzarik lortu gabe ere botoen %3tik gora lortu duen hautagai zerrenda bakoitzeko ordezkari bat.

b) Alkatea.

c) Herritarren Parte-hartzearen arloko Zinegotzia.

d) Taldeen Mahaiak aukeratutako hiru ordezkari.

f) Udalak egokitzat hartzen dituen teknikariak, hitzarekin baina botorik gabe.

4.-d) ataleko ordezkari sozialak ez dira hautetsiak izanen.

5.-Pertsona batek ez du batzorde honetako kargu bat baino gehiago beteko.

6.-Herritarren Parte-hartzerako Batzordearen eginkizunak hauek dira:

a) Herritarren parte-hartze prozesuak eta bitartekoak koordinatzea bai ekintza planak egiteko bai unean uneko jarduketetarako.

b) Parte-hartze prozesuen gardentasuna eta neutraltasuna ziurtatzea.

c) Herritarren parte-hartzearekin landu nahi diren gaiei buruz beharrezkoa den dokumentazioa prestatzea.

d) Parte-hartze prozesuetan parte hartzen dutenak mugiaraztea.

e) Lakuntzako Kontseilua bildu, parte-hartzerako tailer bat edo herri kontsulta bat egin edo parte-hartzerako beste edozein tresna erabili aurretiko hausnarketa eta informazio prozesua antolatzea.

f) Parte-hartze prozesuetako emaitzen zabalkundea egitea.

7.-Batzordeko erabakiak, ahal dela, kide guztien adostasunarekin hartuko dira. Ezinezkoa bada, bozketa eginen da eta erabateko gehiengoa beharko da erabakia izan dadin.

8.-Batzordeak eskaerak egin ahal izanen ditu parte-hartzerako tailerrak, herritar kontsultak eta Udal Batzar informatiboak deitzeko.

23. artikulua. Ekipamenduko Kontseilua.

1. Udalak ekipamendu publikoen kudeaketarekin lotutako parte-hartze organoak eratzea sustatuko du, horien programazioan eta funtzionamenduan herritarrak inplikatzen laguntzeko, Ekipamendu Publikoen Kudeaketa Planaren garapenaren barruan.

2. Kontseiluko bilkuretan alkatea edo hark eskuordetutako zinegotzia izanen da buru, eta buruorde, berriz, Udalbatzakoa ez den edozein kontseilukide ariko da.

3. Kontseiluetan parte hartu ahal izanen dute ekipamenduaren entitate erabiltzaileek, haren arduradun teknikoek eta erabiltzaileen ordezkariek, zozketaz aukeratuta. Halaber, ekipamenduko batzordeko kide izateko interesa duten erabiltzaileen erregistro berezia egitea ere sustatu ahal izanen da, batzordean sartuko liratekeenak zozketaz aukeratzeko.

4. Kontseiluko kideek proposatu eta Osoko Bilkurak onetsitako erregelamenduaren bidez arautuko dira, eta udal hauteskundeetarako deialdi bakoitzaren ondoren berrituko dira, hiru hilabete iragan baino lehen.

24. artikulua. Batzorde bereziak.

1.-Lakuntzako Kontseiluak, Herritarren Parte-hartzerako Batzorde Iraunkorrak eta alkateak lan batzorde bereziak eratzea sustatu ahal izanen dute, gai jakinetan edo gai sektorialetan esku har dezaten.

2.-Batzorde horien osaera eta funtzionamendua Udalaren Osoko Bilkurak haiek eratzeko hartzen duen erabakietan zehaztuko dira.

25. artikulua. Parte-hartzerako tailerrak.

1.-Herritarren parte-hartze prozesu baterako hautatutako pertsona taldeak dira, sistema orokorra ez den obra zehatz batekin zuzeneko harremana duten pertsonena hain zuzen; taldearen helburua da pertsona horien iritzia jasotzea obraren oinarrizko alderdi batzuei buruz.

2.-Alkatetzak tailerra eratzeko erabakian bertan zehaztuko du nola eman informazioa, nola egin eztabaida eta nola bildu bizilagunen iritzia.

3.-Tailer horiek Alkatetzak deituko ditu, Osoko Bilkurak, Lakuntzako Kontseiluak edo Herritarren Parte-hartzerako Batzorde Iraunkorrak eskatuta.

26. artikulua. Parte hartzeko beste formula batzuk.

1.-Lakuntzako Udalak edo Herritarren Parte-hartzerako Batzorde Iraunkorrak erabaki dezakete erregelamendu honetan jasota ez dauden herritarren parte-hartzerako beste bide batzuk abian jartzea, baldin eta ez badaude erregelamenduaren kontra edo haren aldaketa ezkutua ez badira.

2.-Erregelamendu honetan jaso diren parte-hartze organoak eta bitartekoak modu egokian garatzean, haien funtzionamendu onerako egokitzat jotzen diren teknika eta metodologia guztiak erabili ahal izanen dira.

Informazio, Arreta eta Komunikazio Sistemak

27. artikulua. Herritarren Arretarako Zerbitzua.

1. Udal informazioaren oinarrizko maila da, herritarren eskaerak eta kontsultak aurrez aurre, telefonoz edo bide telematikoez hartzen dituena. Horretarako, herritarrei erantzun azkarra eta eraginkorra ematen zaiela ziurtatzeko, bitarteko teknologiko egokiak, antolaketa, barne koordinazio eta udal langileen prestakuntza eta birziklatzea aintzat hartuko ditu. Zerbitzuaren funtzioa eskaeren, kexen, iradokizunen, ekimenen eta proposamenen erregistroa izatea da, bai eta ezartzen diren izapide administratiboak egitea ere. Beste administrazio batzuei zuzendutako idazkiak jaso eta organo eskudunei igorri ahal izanen dizkie, eta interesdunari horren berri emanen dio.

2.-Bulego honen zereginak, Udalak dauzkan langileen esku geldituko dira, eta ahalegina eginen da tramitazio administratiborako beharrezkoak diren prozesuak hobetzeko, eskura dauden aukerekin bat.

28. artikulua. Udal Batzar Informatiboa.

1.-Udal arduradunen eta herritarren artean data zehatz batean egiten den bilkura da, zenbait jardueraren edo arazoak berri emateko eta herritarren proposamenak biltzeko.

2.-Batzarra Alkateak edo Alkatesak deituko du. Erabakien akta jasotzeko, Udalbatzako idazkaria bera ariko da idazkari lanetan, edo hark eskuordetutakoa.

3.-Urtean zehar beharrezkoak diren batzar guztiak deitu ahal izanen dira, Udalaren ekimenez edo honakoek proposaturik:

a) Udal Erroldan inskribatutako hamasei urtetik gorakoen %3ak,

b) Herritarren Entitateen Udal Erregistroan inskribatutakoen %30etik gora egiten duten elkarte edo talde kopuruak.

4.-Bilkuren funtzionamendua hau izanen da:

1.a) Hizpide den gaia azalduko da;

2.a) Udalaren arduradun politikoak parte hartu eta bere jarrera agertuko du;

3.a) Bertan direnen parte-hartzea, gehienez ere bost minutukoa bakoitza. Denbora hori laburtu eginen da hitza eskatzen duten pertsona kopuruaren arabera, kontuan hartuta bilkurak gehienez ere bi ordu iraunen duela;

4.a) Arduradun politikoaren erantzuna, bidezkoa bada;

5.a) Ondorioak, bidezkoa bada.

29. artikulua. Udalaren web orria eta herritarren posta elektronikoa.

1.-Lakuntzako Udalak web orri bat jarriko du herritarren eskura, eta bertan informazioa emanen du interes orokorreko jarduketez, gobernu organoen eta Osoko Bilkuraren erabakiez, herriko elkarteen sarea ezagutaraziko du, bai eta herriarentzat jarduera nabarmenen agendaren berri emanen ere.

2.-Era berean, kontsultak egin ahal izanen dira haren bitartez, bai eta izapide administratiboak ere, dagokionean ezarriko diren prozedurak erabiliz. Web orrian gune bat bultzatuko da ideiak, iradokizunak, iritziak plazaratzeko edo eztabaidarako foroak egiteko Udalaren intereseko gaiei eta antzekoei buruz; horrez gain elkarteek ere eskubidea dute beraien tokia izateko web orrian, 15. artikuluan jasota dagoen bezala.

3.-Web orriaren bitartez posta elektroniko helbideen zerrenda ere kudeatuko da, erregelamendu honen 3.5 artikuluan ezarritako moduan.

30. artikulua. Tokiko komunikabideak.

1.-Udalak udal buletina argitaratzea bultzatuko du, idatzizkoa eta/edo digitala, eta ahaleginduko da bizilagunek eta Herritarren Elkarteen Udal Erregistroan inskribatutako elkarteek eskura dezaten. Bereziki udal intereseko proiektuak eta ekintzak emanen dira ezagutzera, jendaurreko epeak eta jardueren agenda.

2.-Udalak guneak ezarriko ditu udalerrian, bertan kartelak, horma-irudiak, banderak eta antzekoak paratzeko, udalerriko eragile sozialek herriaren interesei begira egiten dituzten jarduerei buruzko publizitaterako aukera egon dadin.

31. artikulua. Tramiteen gida.

1.-Udalak udal tramiteei buruzko oinarrizko gida bat egin eta gaurkoturik izanen du, herritarrentzako informazioa hobetu eta edozein jarduketa administratiboa egiteko; Udalaren web orrian argitaratuko da eta herritar guztien eskura egonen da.

Udalak zerbitzu gutunak edo kalitatea kontrolatzeko beste tresna batzuk sustatuko ditu, bertan Udalak ematen dituen zerbitzuekin hartutako konpromisoa jasotzeko. Gutxieneko edukia izanen da konpromiso horien ebaluazioa eta jarraipena egiteko bitartekoak adieraztea. Ebaluaziorako prozesuetan herritarrek parte hartzeko bitarteko berariazkoak ere ezarriko dira.

32. artikulua. Epeak luzatzea prozedura administratiboetan.

1.-Espediente administratiboak eskuratzen laguntzeko eta informazioa jaso eta proposamenak egiteko eskubidea eraginkortasunez erabiltzeko xedearekin, prozedura administratiboaren gaineko arauetan aurreikusirik dauden epeak luzatu ahal izanen dira, garrantzi berezia duten kasuetan, prozeduraren eskumena duen organoak hala erabakita.

XEDPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-Udalak Herritarren Karta egitea bultzatuko du, herritarren informazioa jaso, kontsulta egin, elkartu, bildu eta parte hartzeko eskubideak ahal den hobekien erabiltzeko bitarteko egokiak zein diren argitu, zabaldu eta erabiltzen laguntzeko. Karta horren edukiak izanen dira, batetik, erregelamendu honen edukia eta bestetik arlo honetan jarduteko plan bat, pixkanaka garatuz joanen dena.

Bigarrena.-Parte-hartzerako lagungarri diren eredu, esperientzia edo sistema berriak agertuz gero, alkateak txertatu ahal izanen ditu, Lakuntzako Kontseiluak edo Parte-hartzerako Batzordeak proposaturik, erregelamendu hau aldatzea eragiten ez duten neurrian, kasu horretan Udalbatzaren Osoko Bilkurak onetsi beharko baitu.

Hirugarrena.-Erreglamendu honetan esaten diren porzentai guztiak, Herritareen Partehartzearen Udal Erroldaren arabera kalkulatu behar dira.

Iragarkiaren kodea: L0915949