72. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

319/2009 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena eguzki-parke fotovoltaiko bat eraikitzeko Cascanteko udal mugapeko 12. poligonoko 79-85, 88, 92-94, 122, 123, 125, 127-133, 135, 136, 142, 158, 163, 394, 395, 421 eta 435. lurzatietan, 35 ha-ko eremua hartzen duela. Sustatzailea Parques Solares de Navarra, S.L. da.

Jarduera hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko I) atalean dago jasota eta, horrenbestez, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

2009ko otsailaren 19an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua eginen duela.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak, martxoaren 2ko 76/2009 Ebazpenaren bidez, espedientea jendaurrean jarri zuen, 2009ko 33. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 18an. Epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

Espedientean Cascanteko Udalak eman aldeko txostena ageri da, non adierazten baita landaketa perimetrala hemengo espezieekin eginen dela, Ingurumen ukipenetarako azterlanean aipatzen diren kanpoko espezieen ordez. Gorabehera hori ebazpen honetako baldintzen artean ageri da.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea eguzki-parke fotovoltaiko bat eraikitzeko Cascanteko udal mugapeko 12. poligonoko 79-85, 88, 92-94, 122, 123, 125, 127-133, 135, 136, 142, 158, 163, 394, 395, 421 eta 435. lurzatietan, 35 ha-ko eremua hartzen duela. Sustatzailea Parques Solares de Navarra, S.L. da. Baldintza hauei jarraitu beharko zaie:

-Inguruko hesiak animalia txiki-ertainei pasatzen utzi beharko die; beraz, beheko aldean gutxienez ere 20 cm-ko tartea izanen duen sarea erabiliko da.

-Ukituko dira, bakarrik, zimentazioak eta kanalizazioak egin ahal izateko ezinbestean ukitu behar diren eremuak; ahalik eta lur mugimendu gutxien egin beharko da eta ez da inguruko topografia aldatuko.

-Landare tratamendu egokia egin beharko da, lurzoruaren higadura murrizteko. Obrak ukitutako eremu guztiak berriz landatu beharko dira, Ingurumen ukipenen azterlanean ezarritako hazien nahasketa erabilita.

-Landaketa perimetrala hemengo espezieekin eginen da, hala nola, patxaranekin (Prunus spinosa), elorri zuriarekin (Crataegus monogyna), abaritzarekin (Quercus coccifera), ena arruntarekin (Rhamnus lycioides) eta abarrekin, Ingurumetarako ukipenen azterlanean aipatzen diren kanpoko espezieen ordez.

-Eguzki instalazio fotovoltaikoetarako 35 ha okupatzeagatik ordain gisa, gutxienez ere eremuaren %10 (3,5 gutxienez) hartuko duen zona bat gehituko zaio, berezko landarediarendako erabiliko dena. Zona horrek eguzki parke fotovoltaikoaren esparruan integraturik gelditu beharko du.

-Ekoitziriko energia lur azpiko linea elektriko baten bidez aterako da, Tutera-Cascante 66 kV-ko lineako 27. euskarriraino.

-Obrak hasi aurretik plano bat aurkeztu behar da, lur azpiko linearen behin betiko kokalekuak zehaztuko dituena, baita landaredia berez garatzeko eremua eta inguruko hesia ere; horrek Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren oniritzia eduki beharko du.

-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak eman beharreko aldeko txostena eduki beharko da.

-Hesiak hiru metroko zortasuna utzi beharko du inguruan dituen bide publiko guztiekin.

-Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak egiten hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu; zein den arloko organo eskuduna, handik.

2. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura).

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa izanen da 40.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu hura konpondu edo gutxituko dela bermatzeko, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

5. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Cascanteko Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko maiatzaren 11n.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0915872