72. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

CORTES

Ediktua, P1 sektoreko Konpentsazio Batzordea desegiteko espedientea irekitzen duena

51/2009 EBAZPENA, maiatzaren 14koa, Cortesko Udaleko alkate udalburuak emana, Cortesko P1 sektoreko Konpentsazio Batzordea desegiteko espedientea irekitzea erabakitzen duena.

Javier Blasco Mendívil, Cortesko Udaleko alkate udalburua naizen honek,

Aurrekariak

Lehendabizikoa.-Cortesko Planeamenduko Arau Subsidiarioak, P-1 sektorekoak zehazki, betearaziz, urrats hauek eman dira:

-Sektoreko Konpentsazio Batzordea eratzea;

-Hainbat jabek beren lurrak desjabetzeko eta Batzordetik kentzeko eskatzea;

-Lurrak desjabetzeko prozedura hastea, Konpentsazio Batzordea desjabetzearen onuradun izanik;

-Beste jabe batzuek lurrak desjabetzeko eta Batzordetik kentzeko eskaera gehiago aurkeztea; aurrekoei gehituta, Batzordea osatzen duten jabeak guztirako azaleraren %35 baino gutxiago dira, gaur egun.

Bigarrena.-Zehazki, 2009ko martxoaren 17an, Enrique Martínez Fernández jaunak, Gestión de Inmuebles Iruña 2000, S.L. ordezkatuz, Cortesko P1 sektoreko jarduketa eremuan sartutako bere finka guztiak desjabetzeko eskaera aurkeztu zuen Udaletxean (R.E. 440/2009), Konpentsazio Batzordetik berehala kentzeko, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 162. artikuluari jarraituz.

Hirugarrena.-Gestión Inmuebles Iruña 2000 enpresa P1 sektoreko jarduketa eremuan sartutako lurren %61,43aren jabea da, eta sistematik ateraz gero, P1 sektoreko Konpentsazio Batzordea osatzen duten kideek ez dute hura eratzeko eta sistema abiatzeko legez eskatzen den gutxieneko azalera ordezkatuko.

Zuzenbideko oinarriak

Lehendabizikoa.-Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen agindu hauek aplikatzen ahal dira:

-"Exekuzio unitatearen azaleraren %35 ordezkatzen duten jabeek Konpentsazio Batzordearen estatutuen proiektua aurkeztu beharko dute exekuzio unitatearen mugaketan aurreikusitako epean". 161.1 artikulua.

-"Batzordean sartutako kideek, ez badute sisteman parte hartu nahi, Udaletxera jotzen ahal dute birzatiketa proiektua onesten den eguna baino lehen, eta beren ondasun eta eskubideak Batzorde horren alde desjabetzeko eskatu. Batzorde horretatik baztertuta geldituko dira, ondorio guztietarako, eskaera egunetik aitzina". 162. artikulua.

-"Desjabetutako finkei dagozkien eskubide eta betebeharrak Konpentsazio Batzordeari esleituko zaizkio". 162. artikulua.

-Konpentsazio Batzordeak "unitatearen azaleraren %50 baino gehiago ordezkatzen duten jabeen quoruma duela, birzatiketa proiektua formulatu eta onetsiko du". 163. artikulua.

-"Konpentsazio Batzordeak du erantzukizuna, zuzenean, Administrazio eskudunaren aurrean". 166.1 artikulua.

-"Konpentsazio Batzordeari bere kideek zor dizkioten kopuruak premiamendu bidez ere eskatzen ahal dira". 166.3 artikulua.

-Erantzukizunaren eta eskubide eta betebeharren araubidea, bere garaian onetsi eta Konpentsazio Batzordearen estatutuetan jasotakoa.

Bigarrena.-Ikusita, gero, jabeen eta ukitutako azaleraren gehiengoa Konpentsazio Batzordetik baztertu dela, eta ez dagoenez gaur egun Konpentsazio Batzordea eratzeko eta sistema abiatzeko beharrezkoa zen gutxieneko azalera ere, bidezko da hura desegitea, interesdunei entzunaldia eman ondoren eta, zehazki, ohartarazita jaberen batek jarraitzeko nahia agertu dezakeela eta konpentsazio sistema bermatu.

Orobat, sistemarekin jarraitzeko ezintasuna jaso behar da, jabeen gehiengo hori gabe edo baten batek bestelako adierazpen espresik egin gabe, bermeekin.

Hirugarrena.-Konpentsazio Batzordea desegin ondoren, ondorio hauek agertuko lirateke, aldi berean lehenengoa, ondotik bigarrena:

a) Konpentsazio Batzordeak eta bere kideek Udalari eragindako gastuen likidazioa; izan ere, bera da desjabetzean egindako tramiteen onuraduna;

b) Desjabetze prozedura artxibatzea, onuradunik ez dagoelako.

Laugarrena.-Administrazio publikoari eskumena onartzen zaio Konpentsazio Batzordea kontrolatzeko -35/2002 Foru Legearen 164.4 artikulua eta erlazioa dutenak- baita Konpentsazio Batzordea desegiteko ere -apirilaren 3ko 95/1995 Foru Dekretuaren 61. artikulua, Hirigintzako Kudeaketaren Erregelamendua onesten duen abuztuaren 25eko 3288/1978 Errege Dekretuaren 30. artikulua eta Cortesko P1 sektoreko Konpentsazio Batzordearen estatutuen 35.3 artikulua-.

Ebatzi dut:

Lehendabizikoa.-Cortesko Arau Subsidiarioetako P1 sektoreko Konpentsazio Batzordea desegiteko espedientea irekitzea ebazpen honetan azaldutako arrazoiengatik, non ez duen jaberen batek P1 sektoreko konpentsazio sistema bermatzen entzunaldiaren epean.

Bigarrena.-P1 sektoreko Konpentsazio Batzordea desegitean artxibatu eginen da P1 sektorean sartutako ondasun eta eskubideen desjabetze prozedura, Cortesko Udaleko alkate udalburuaren azaroaren 6ko 131/2008 Ebazpenaren bidez hasitakoa, desjabetze prozeduraren onuraduna desagertzeagatik.

Hirugarrena.-Desegin aurretik, Konpentsazio Batzordeak eta desjabetze prozedura hasteko unean zituen kideek Cortesko Udalari eragindako gastuak likidatzea, hura baitzen desjabetzeko tramiteen onuraduna.

Laugarrena.-Espedientea jendaurrean edukitzea hogei egunean, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.

Bosgarrena.-Erabaki hau banan-banan jakinaraztea jarduketa sistemak ukitzen dituen erregistroko jabeei, jakinarazpenetik edo, geroago bada, argitalpenetik hogei eguneko epean alegazioak egin ditzaten.

Seigarrena.-Ebazpen honen berri ematea Udalbatzako Osoko Bilkurari, egiten duen hurrengo bilkura arruntean.

Cortesen, 2009ko maiatzaren 14an.-Alkate udalburua, Javier Blasco Mendívil.

Iragarkiaren kodea: L0916059