72. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

ARANGUREN

Aranguren ibarreko Udalaren eta partikularren arteko hitzarmena, Mugartea sektorean

Aranguren ibarreko Udalak behin betikoz onetsirik, 2009ko martxoaren 31n egin osoko bilkuran.

Batzarturik:

Batetik.-Aranguren ibarreko alkate Manuel Romero Pardo, aipatu Udalbatzak 2008ko abenduaren 30eko bilkuran hartutako erabakiaren bidez ahalmena emanda.

Bertzetik:

Behean sinatzen dutenak, Mugartea sektorean sarturiko lur gehienen jabeak (haren mugen barnean, atal txiki bat Iruñeko udal mugapean kokaturik egonik ere hitzarmen honetan sartu dira).

Bi alderdiek hitzarmen hau sinatzeko bezainbat gaitasun juridiko eta jarduteko gaitasun aitortzen diote elkarri, eta

Adierazten dute:

Lehenbizikoa.-Lezkairu eta Ekialdeko Ingurabidea lotzeko bidea berehala egin behar zenez eta lurren desjabetzea eragotzi beharrez, ukituriko jabeetariko batzuek manatua egin zioten Luis Tabuenca eta Fermín Saralegui arkitektoek, Santiago Sáinz de los Terreros ingeniariak eta Héctor Nagore kegelariak osaturiko lan taldeari lan egin zezan litekeen hirigintzako antolamenduan, xedea zela bermatzea bidearen aurreikuspena eta haren lagapena, hirigintzako aprobetxamendu beharrezkoen truke, lurrei sailkapen berria emanez bizitegietarako lurzoru urbanizagarri gisa.

Lanen aurrerapena eman zitzaien bai Arangurengo Udaleko zerbitzu teknikoei bai Herrilan Departamentuari, honen ustez beharrezkoa baiten Lezkairutik Ekialdeko Ingurabiderako sarbideen plangintzan esku hartzea. Hartara, behin-behineko akordioa egin da.

Bigarrena.-Ikusirik esparru horretako jarduketa koherentea zela Arangurengo planeamenduaren berrikuspenak eta lurraldea antolatzeko planak iradokitzen dituzten aurreikuspenekin, bai Arangurengo Udalak bai Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eta Herrilan Departamentuak adierazi dute beren interesa alde honetako antolamenduak erantzuna eman diezaien organo bakoitzak dituen interesei, tokikoak izan ala tokiez gaindikoak izan. Horretarako, beharrezkoa dirudi ukituriko lurren jabeak kontuan hartzea, are gehiago ekimenak jadanik abiaraziak zituztelarik, horiek zehaztu eta erregulatu behar badira ere.

Hirugarrena.-Alde horretatik, aitzineko adierazpen zatian aipaturiko Administrazio Publikoen interes orokorra Arangurengo Udalak du; hura prest dago lurrei sailkapen berria emateko, baita jabeen proposamen bera sustatzeko, betiere administrazio guztien eskakizunei erantzuna ematen bazaie; horiek hitzarmen honen zehaztapenetan zehaztuko dira.

Laugarrena.-Alderdiek nahi dituzten xedeak lortzeko (jabeek, lurzoruari sailkapen berria ematea; Udalak, hirigintzako antolamendua eta lagapenak; eta Foru Administrazioak, etxebizitza babestuen ehunekoak eta haien sarbideak, eta Lezkairu eta Ekialdeko Ingurabidea lotzeko bide nagusiaren definizioa), hitzarmen honetan Udalak defendatzen dituen interesak baitira, alderdiek hitzarmen hau sinatzen dute honako hauei jarraikiz,

Zehaztapenak:

Lehenbizikoa.-Hitzarmen hau sinatzen dugun jabeek manatu diote lehen xedapen zatian aipaturiko lan taldeari presta dezan Mugartea alderdiko Udalez Gaindiko Plan Sektoriala, eransten den planoan adierazten den esparruan.

Bigarrena.-Udalez Gaindiko Plan Sektorial hori, Plan Partzial mailako antolamendu xehakatua izan behar duena, Aranguren ibarreko Udalak hartuko du bere gain, Foru Administrazioaren aitzinean sustatzeari dagokionez, betiere hitzez hitz lotzen bazaio indarra duen legeari eta gutienez ere oinarrizko edo egiturazko determinazio hauek begiratzen baditu:

a) Ekialdeko Ingurabidearekin bat egiteko bide eta elkarbideen diseinua eta ezaugarriak Herrilan Departamentuak ezartzen dituenak izanen dira; Ekialdeko Ingurabidearekin lotzeko sektoretik kanpora kokaturiko bidearen kostu osoa Herrilan Departamentuaren kontura izanen da; gainerako bideak jabeen bizkar izanen dira.

b) Plan Sektorialak bizitegietarako llurzuroi urbanizagarriaren sailkapena emanen dio sektore guztiari; gehienez ere 1.000 etxebizitza izanen dira, banaz-bertze 110 m² eraiki izanen dituztenak; horietarik, %70 araubide orokorreko etxebizitza ofizialak izanen dira.

c) Etxebizitza kolektibo librearen eta babes ofizialeko etxebizitza kolektiboaren arteko erabilera koefizienteak 3tik 1era bitarteko diferentzialean gelditu dira, nonbait hor, finkaturik; Plan Sektorialeko azterketa ekonomiko finantziarioaren arabera zehaztuko dira koefizienteak.

d) Exekuzio sistema lankidetza izanen da; Arangurenko Udala izanen da diharduen Administrazioa, eskumena izanen baitu Udalez Gaindiko Plan Sektoriala betearazi eta kudeatzeko. Birzatiketa eta urbanizazio proiektuak lehen xedapen zatian aipaturiko lan taldeak prestatuko ditu, eta sektorearen azaleraren %35 baino gehiago ordezkatzen duten jabeek aurkeztuko, baina Udalak bere gain hartuko ditu eta tramitatuko, betiere horiek bat egiten badute indarra duen legeriarekin, Udalez Gaindiko Plan Sektorialeko determinazioekin eta hitzarmen honen zehaztepenekin.

e) Urbanizazio proiektuan bide nagusia sartuko da, eta hura behin betikoz onetsirik, Aranguren ibarreko Udalak kudeatu eta betearaziko du Udalez Gaindiko Plan Sektoriala, lankidetza sistema erabiliz eta urbanizazio lanak kontratatuz indarra duen legeriarekin bat.

f) Aranguren ibarreko Udalak baimena emanen du, urbanizazio lanen erritmoak aukera eman ahala, eraikuntza lanak batera egitea, behar bezainbat bermeak aitzinbetik emanda

Hirugarrena.-Plan Sektoriala edo birzatiketa eta urbanizazio proiektuak prestazeagatik jabeek egin dituzten gastu guztiak birzatiketa proiektuaren likidazio kontuari erantsiko zaizkio, behar den konpentsaziorako.

Laugarrena.-Aranguren ibarreko Udala babes ofizialeko etxebizizaren aprobetxamendu osoaren esleipen hartzailea izanen da, bai ondarekoa bai lagapenekoa; etxebizitza librea eta gainerako etxebizitza babestua, berriz, proportzioan banatuko da sektore jabe guztien artean.

Borzgarrena.-Sektoreko jabeek konpromisoa hartzen dute Aranguren ibarreko Udalari eta haren lekuan subrogatzen den administrazio publiko edo entitate instrumentalari eskualdatzeko birzatiketa proiektuak babes ofizialeko etxebizitzan esleitzen dizkien aprobetxamendu guztiak, gehienez ere 3 hilabetean eskualdatu ere birzatiketa proiektua erregistroan inskribatzen denetik eta betiere lehen urbanizazio kuota igorri baino lehenago, izan ere horren ardura hartuko du, eskualdaketa oraindik formalizatu ez bada ere, diharduen Administrazioak.

Eskualdaketaren prezioa legeak gehienez baimentzen duena izanen da, eta eroslearen kontura izanen dira gastu eta zerga guztiak, baita gainbalioari dagokiona ere.

Eskualdaketaren formalizazioa etxebizitza babestuak saltzeko modulu berria ezarri arte luzatu beharko da nahitaez, 2008ko urriaren 1a baino lehen formalizatu ez bada; hori hala izanagatik, aldi horretan igortzen diren kuotak Administrazio erosleak ordain litzake.

Seigarrena.-Eskualdaketa Aranguren ibarreko Udalaren edo berak izendatzen duen Administrazio Publiko edo entitate instrumentalaren alde eginen da; aipatu orubeak babes ofizialeko etxebizitza eraikitzeko izanen dira, eta eroslea subrogatuko da Aranguren ibarreko Udalak bere gain hartutako betebeharretan.

Zazpigarrena.-Ekialdeko Ingurabidea eta Lezkairu arteko bide nagusiaren kokapenak ukitzen dituen lurren jabeek baimena emanen diote Arangurengo Udalari, honek errekerimendua eginez gero, saihesbidea okupatzeko behar diren lurrak aitzinetik okupatzeko, betiere Plan Sektoriala behin betikoz onetsi bada eta bermatu bada berdinbanatze prozesuan parte hartzean jabeek jartzen duten azalera osoa, okupaziorako beharrezkoa dena barne, bistan dena.

Zortzigarrena.-Hitzarmen hau eraginkorra izateko baldintza izanen da behin betikoz onestea Mugartea sektoreko Udalez gaindiko Plan Sektoriala, bigarren estipulazioan ezarritako determinazioekin.

Bederatzigarrena.-Hitzarmen honek izaera juridiko administratiboa du, ondorio guztietarako.

Mutiloabeitin, 2009ko apirilaren 22an.-Alkatea, Manuel Romero Pardo.

Iragarkiaren kodea: L0915933