72. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

286/2009 FORU AGINDUA, maiatzaren 22koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, kudeaketako legezko betekizunak eta nekazaritzako zein ingurumeneko baldintza egokiak ezartzen dituena, nekazaritzako politika bateratuaren esparruan zuzeneko laguntzak eta Landa Garapenerako 2007-2013 Programaren 2. ardatzaren esparruan laguntza zehatz batzuk jasotzen dituzten nekazariek eta mahastiak berregituratu eta moldatzeko eta erauzteagatiko prima laguntzeko programen arabera laguntzak jasotzen dituzten nekazariek bete ditzaten. Halaber, nekazaritzako ingurumenerako laguntzak eskatzen dituztenek ongarriak eta produktu fitosanitarioak erabiltzeko bete beharreko gutxieneko beharkizunak ezartzen ditu.

Kontseiluaren urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduak Nekazaritzako politika bateratuaren esparruan zuzeneko laguntzak jasotzeko araubideei aplikagarri zaizkien xedapen komunak ezartzen ditu. Erregelamendu horren 4. artikuluan adierazten da zuzeneko ordainketak jasotzen dituzten nekazari guztiek bete behar dituztela erregelamendu haren II. eranskinean aipatzen diren kudeaketako legezko betekizunak eta, 6. artikuluaren indarrez, estatukideek ezartzen dituzten nekazaritzako eta ingurumeneko baldintza egokiak. Artikulu horretan berean ezartzen da nazio-agintari eskudunak nekazarien eskura jarriko duela zerrenda bat, kudeaketan bete beharreko legezko betekizunekin eta ingurumeneko eta nekazaritzako baldintza egokiekin.

Kontseiluaren 1782/2003 (EE) Erregelamenduan araututako kudeaketa eta kontrolerako sistema integratua eta hartarako baldintzak eta modulazioa aplikatzeko xedapenak ezarri zituen Batzordearen 2004ko apirilaren 21eko 796/2004 (EE) Erregelamenduak. Erregelamendu horrek kudeaketako legezko betekizunak eta nekazaritzako zein ingurumeneko baldintza egokiak ez betetzeagatik zuzeneko ordainketei egin beharreko murrizketa eta bazterketak egiteko oinarriak ezarri zituen.

Apirilaren 3ko 486/2009 Errege Dekretuak bere 3. artikuluan ezartzen ditu Europako Batasuneko erregelamendu horrek aipatzen dituen kudeaketako legezko betekizunak eta nekazaritzako zein ingurumeneko baldintza egokiak. Dekretu horrek ezarri ditu Nekazaritzako politika bateratuaren esparruan zuzeneko laguntzak jasotzen dituzten nekazariek, landa garapeneko laguntza zehatz batzuen onuradunek eta mahastiak berregituratu eta moldatzeko eta erauzteagatiko prima laguntzeko programen arabera laguntzak jasotzen dituzten nekazariek bete behar dituzten kudeaketako legezko betekizunak eta nekazaritzako zein ingurumeneko baldintza egokiak. Halaber, Errege Dekretu horrek gutxieneko exijentzia maila ezartzen du lurralde nazional guztirako. Hala ere, oinarrizko araudia izanik, badu aski malgutasun tokian tokiko baldintzetara moldatzeko.

Kontseiluaren 2005eko irailaren 20ko 1698/2005 (EE) Erregelamenduak, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez (LGENF) landa garapenari laguntzeari buruzkoak, ezartzen duenez, 36. artikuluaren a) letrako i) ataletik v) atalera eta b) letrako i), iv) eta v) ataletan ezarritako laguntzen onuradunek 1782/2003 (EE) Erregelamenduaren 4. eta 5. artikuluetan eta III. eta IV. eranskinetan ezarritako nahitaezko baldintzak bete beharko dituzte ustiategi osoan.

Batzordearen 2006ko abenduaren 7ko 1975/2006 (EE) Erregelamenduak Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezarri zituen, landa garapenerako laguntza neurriak hartzeko kontrol prozeduraren eta baldintzen aplikazioari buruz. Erregelamendu horren 19. artikuluan aipatzen da landa garapenerako programetan ongarriak eta produktu fitosanitarioak erabiltzeko ezarri diren gutxieneko beharkizunak bete behar direla nekazaritzako ingurumenerako laguntzak jasotzeko.

Mahastizaintza eta ardogintzaren merkatu antolakunde bateratua ezartzen duen Kontseiluaren 479/2008 (EE) Erregelamenduak ezartzen du ezen, mahastiak berregituratu eta moldatzeko edo erauzteagatiko prima laguntzeko programen arabera jasotako laguntza ordaindu ondorengo hiru urteetan, hautematen bada onuradun batek bere ustiategian ez dituela errespetatu kudeaketako legezko betekizunak eta nekazaritzako zein ingurumeneko baldintza egokiak (1782/2003 (CE) Erregelamenduaren 3. artikulutik 7. artikulura aipatzen direnak), ez-betetzea nekazariari leporatzen ahal zaion egite edo ez-egite baten ondorioz baldin bada, laguntzaren zenbatekoa murriztu edo deuseztatuko dela, hein batez edo osorik.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak otsailaren 8an emandako 29/2007 Foru Aginduaren bidez, NBEUFrekin batera finantzaturiko landa garapenerako laguntzak kudeatzeko prozedura ezarri zen.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak otsailaren 8an emandako 30/2007 Foru Aginduaren bidez, LGENFrekin batera finantzaturiko landa garapenerako laguntzak tramitatzeko prozedura ezarri zen.

Apirilaren 11ko 144/2008 Foru Aginduaren bidez, kontrolerako agintaritza eskudunak izendatu ziren, nekazaritzako politika bateratuaren esparruan zuzeneko laguntzak eta landa garapenerako laguntzak emateko baldintzei dagokienez. Foru agindu horren 3. artikuluan ezartzen da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eginkizunen artean dagoela, besteak beste, Kontseiluaren 1782/2003 (EE) Erregelamenduaren 3. artikuluan aipatzen den kudeaketako legezko betekizunen eta nekazaritzako zein ingurumeneko baldintza egokien zerrenda nekazariei ematea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Helburua eta aplikazio eremua.

1. Foru agindu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko eremuan finkatzea kudeaketako legezko betekizunen eta nekazaritzako zein ingurumeneko baldintza egokien zerrenda zehatza, aurrerantzean baldintza beharkizunak, nekazaritzako politika bateratuaren esparruan zuzeneko laguntzen araubideei aplikagarri zaizkien xedapen komunak ezartzen dituen 2009ko urtarrilaren 19ko Kontseiluaren 73/2009 (EE) Erregelamenduak aipatzen dituenak, hain zuzen. Era berean, Batzordeak 2006ko abenduaren 7an emandako 1975/2006 (EE) Erregelamenduaren 19. artikuluak aipatzen dituen ongarriak eta produktu fitosanitarioak erabiltzeari buruzko gutxieneko baldintzak ezarriko ditu.

2. Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean dauden ustiategietako azalera eta instalazio guztietan aplikatuko da, ustiategietako titularrek laguntza araubide hauetako batean aurkeztutako laguntzen eskaeren ondorioz ordainketak jaso badituzte:

a) 73/2009 (EE) Erregelamenduaren I. eranskinean bildutako zuzeneko laguntzak.

b) Landa garapenerako programaren laguntzak, 1698/2005 (EE) Erregelamenduaren 36. artikuluaren a) letrako i) ataletik v) atalera eta b) letrako i), iv) eta v) ataletan sartutakoak.

ia) Mendiko eskualdeetarako konpentsazioko kalte-ordainak.

iia) Mendikoak ez diren eskualdeetarako konpentsazioko kalte-ordainak.

iiia) Artzaintzarako laguntzak, Natura 2000 Sareko estepa eremuetan.

iiia) Artzaintzarako laguntzak, Natura 2000 Sareko mendiko larreetan.

iva) Nekazaritza ekologikorako laguntzak.

iva) Abeltzaintza ekologikorako laguntzak.

iva) Galtzeko zorian dauden arrazak mantentzeko eta sustatzeko laguntzak.

iva) Nekazaritzako ingurumen arloko laguntzak, estepa eremuetan.

ib) Alorretan lehenengo oihaneztapena mantentzeko laguntzak.

ib) Alorretan lehenengo oihaneztapena egitearen ondoriozko errenta galerarako laguntzak.

c) Mahastiak berregituratu eta moldatzeko eta erauzteagatiko prima laguntzeko programen arabera jasotako laguntzak, 479/2008 (EE) Erregelamenduan bildutakoak.

Ongarriak eta produktu fitosanitarioak erabiltzeari buruz bete beharreko gutxieneko beharkizunek 1698/2005 (EE) Erregelamenduaren 36. artikuluaren a) letrako iv) ataleko laguntzak eskatu dutenengan bakarrik dute eragina.

2. artikulua. Baldintzak.

1. artikuluan aipatzen diren nekazariek Nafarroako Foru Komunitatean dituzten ustiategietan bete beharko dituzte foru agindu honen I. eranskinean azaltzen diren baldintzak, eta, bidezkoa bada, ongarriak eta produktu fitosanitarioak erabiltzeko gutxieneko beharkizunak ere bai.

Mahastiak berregituratu eta moldatzeko eta erauzteagatiko prima laguntzeko programen arabera laguntzak jaso dituztenek laguntza jaso eta hurrengo hiru urteetan izanen dute betebeharra.

3. artikulua. Kontrol plana.

Baldintzak betetzen ote diren kontrol egokia egiten dela bermatzeko, urtero kontrol plan bat onetsiko da eta bertan ezarriko dira, besteak beste, lagina aukeratzeko sistema eta baldintzak betetzen ote diren egiaztatzeko modua.

4. artikulua. Murrizketak aplikatzea.

1. Urte horretan, foru agindu honen 1. artikuluak aipatzen dituen araubideetako batean laguntza eskatu zuen pertsonari leporatzen ahal zaion egite edo ez-egite baten ondorioz baldintzak ez badira betetzen, Batzordearen 2004ko apirilaren 21eko 796/2004 (EE) Erregelamenduaren 65., 66., 67. eta 71. artikuluetan eta 1975/2006 (EE) Erregelamenduaren 22. eta 23. artikuluetan ezarritako murrizketak edo bazterketak aplikatuko dira, eta kontuan hartuko da, betiere, foru agindu honen I. eranskinaren arabera baldintzak aplikatzeko eremua zein den, bai eta ez-betetzearen larritasuna, hedadura, iraupena eta ez-betetzeak errepikatzen diren ere.

2. Ustiategi osoa edo hein batean eskuz aldatzen bada, ez-betetzea laborantzako alorra jaso duen pertsonari edo lur hori eskuz aldatu duen pertsonari leporatzen ahal zaion egite edo ez-egite baten ondoriozkoa den alde batera utzita, laguntzen murrizketa edo bazterketa ez-betetzeak ukitu duen azalerarengatik ordainketa jaso duen pertsonari aplikatuko zaio. 2010. urtetik aurrera, laguntzen murrizketa edo bazterketa aplikatuko zaio ez-betetzea leporatzen ahal zaion pertsonari, betiere horrek baldintzek ukitutako laguntzaren bat eskatu badu.

3. Murrizketak ez dira aplikatuko txikitzat jotzen diren ez-betetzeen kasuetan, hau da, larritasun arinekoetan, ustiategitik kanpo ondoriorik ez dutenetan, eraginik ez dutenetan edo ondorioen iraupena urte bat baino laburragoa denetan. Osasun publikorako edo abereen osasunerako arrisku zuzena ekarriko dutenak ez dira ez-betetze txikitzat hartuko. Zuzentzeko hartu beharreko neurrien berri izan ondoren, nekazariak, ez-betetzea atzeman den urtearen hurrengoko ekainaren 30 arteko epean egoera zuzentzen ez badu, ez-betetzea ez da txikitzat hartuko eta, gutxienez, %1eko murrizketa aplikatuko da. Landa garapenerako programaren laguntzetan, hori ez da 2010eko urtarrilaren 1a arte aplikatuko.

4. 796/2004 Erregelamenduaren 66. artikuluaren 1. idatz-zatian xedatutakoari jarraikiz, murrizketen aplikazioa bertan behera uzten ahalko da, baldintza edo arau jakinari buruzko xedapenek antzemandako ez-betetzea ez kontrolatzeari bide ematen badiote. Hori kontrol txostenean adierazi beharko da.

5. Gauza bera eginen da Europar Batasunaren arau berriekin lotutako ez-betetzeen kasuan, baldin eta ustiategiko titularra arau horiek betetzeko ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzen onuraduna bada, betiere horiek betetzeko graziazko aldia amaitu ez bada. Norbere gain hasteko, laguntzak jasotzen dituzten nekazari gazteen kasuan, graziazko aldia eta, hortaz, murrizketen aplikazioaren baztertzea Europar Batasunaren egungo arauetara ere zabaltzen ahalko dira.

Xedapen gehigarri bakarra.-Arau osagarriak.

Foru agindu honetan araututa ez dagoen orotan, apirilaren 3ko 486/2009 Errege Dekretuan xedatutakoari eginen zaio men.

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Indargabetutako arauak.

Indargabetu da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak ekainaren 12an emandako 299/2008 Foru Agindua, kudeaketako legezko betekizunak eta nekazaritzako zein ingurumeneko baldintza egokiak ezartzen dituena, nekazaritzako politika bateratuaren esparruan zuzeneko laguntzak eta Nafarroako Landa Garapenerako 2007-2013 Programaren 2. ardatzaren esparruan laguntza zehatz batzuk jasotzen dituzten nekazariek bete behar dituztenak. Halaber, nekazaritzako ingurumenerako laguntzak eskatzen dituztenek ongarriak eta produktu fitosanitarioak erabiltzeko bete beharreko gutxieneko beharkizunak ezartzen ditu.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko maiatzaren 22an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

I. ERANSKINA

Baldintzen zerrenda

1. ESPARRUA

Nekazaritzako zein ingurumeneko baldintza egokiak

1.-Gaia: lurreko higadura.

1. araua. Lurzoruaren gutxieneko estaldura.

1) Lurra uzta bildu ondoren lantzea.

Lehorreko lurzatietan lurra ezin izanen da iraulketaz landu, uzta-bilketaren egunetik hasi eta irailaren 1era arte, neguko belarkiak (zerealak, proteaginosoak, aletarako lekadunak eta abar) ereinda dituzten lurzatietan, toki hauetan salbu:

-Kanpaina berean bigarren aldiz erein behar den lurzatietan.

-Nekazaritza eta abeltzaintzari zuzeneko ordainketak aplikatzeari buruzko azaroaren 2ko 1612/2008 Errege Dekretuaren V. eranskinaren arabera, lehorreko lurretan hektarea bakoitzeko, batez beste, 4,4, 4,1 edo 3,7 tonako errendimendua esleitua duten udalerrietan, lurrak abuztuaren 10etik aurrera lantzen ahalko dira oro har, eta edonolako errepideen, burdinbideen edo 10 hektareatik gorako zuhaizti jarraituen mugakide diren nekazaritzako lurzatien kasuan, uzta bildu ondoren noiznahi. Hori guztia laguntza mota bakoitza onartzeko arauetan laboreari edo hondakinei eusteko ezartzen diren betekizunak deusetan galarazi gabe.

2) Zurezko laboreen erauztea.

Debekatuta dago batez beste %15etik gorako malda duten lurzatietan zurezko laboreen oinak erauztea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak espresuki baimendu gabe. Baimena honako hauek baldintzatuko dute: labore motak, eremuko higadura arriskuak eta ondoko labore edo aprobetxamenduak lurraren higaduraren aurka eskaintzen duen babesa, gutxienez, erauzitako laboreena bezalakoa izatea. Baimen eskaeran argi eta garbi azaldu beharko da erauzketa zein lurzatitan egin gogo den, hala nola memoria bat, erauzketaren zergatiak eta geroko laborea edo aprobetxamendua adierazteko.

Ez da aplikatuko eremuko benetako malda terraza edo zapalda bitartez orekaturik dagoenean.

3) Landare-estaldura olibadietan.

%15etik gorako malda eta 0,5 hektareatik gorako azalera duten olibadietan, herbizidak aplikatzearen ondorioz zuhaitzen azpiko zorua bipildua baldin badago, kale paraleloetan gutxienez metro bateko zabalerako landare-estaldura bat jarri beharko da, eremuko benetako malda terraza edo zapalda bitartez orekaturik dagoenean izan ezik.

4) Lugorriko edo kendu beharreko lurzatietako mantentze-lanak.

Lugorriko eta kendu beharreko lurrak laborantzarako baldintzetan mantenduko dira eta belar gaiztoak agertzea saihestuko, metodo hauetako bat erabiliz:

-Laborantzako ohiko praktikak.

-Gutxieneko lur-lantzea.

-Landare-estaldura egokia mantentzea.

Gainera, lugorriak abereak larratuz mantentzen ahalko dira.

Elkarren segidako bi kanpainatan edo gehiagotan lugorri bihurtzeko edo laborantzatik kentzeko diren lurzatietan, bigarren urtetik hasita mantentze-lanak urtean behin egin beharko dira gutxienez.

Mantentze-lan horiek, ohiko laborantzako praktikak badira, ezin izanen dira egin apirilaren 1etik ekainaren 30era bitarte, salbu eta hurrengo kanpainako ereintza prestatzeko lanak direnean.

5) Landu gabe dauden lurzatietan lur goldagarrietako mantentze-lanak.

GIS-NPBren arabera goldagarriak diren lurzatiak, erein behar ez badira edo artzaintzarako, ohiko lugorrirako edo kentzeko erabili behar ez badira, lantzeko moduan mantendu beharko dira eta belar gaiztoen ugalketari aurrea hartu beharko zaio, honako bide hauetako bat erabiliz:

-Laborantzako ohiko praktikak.

-Gutxieneko lur-lantzea.

-Landare-estaldura egokia mantentzea.

-Belar gaiztoak eta zuhaixka eta zuhaitz inbaditzaileak kentzeko beharrezkoak diren bestelako lan batzuk.

Kanpaina batean baino gehiagotan erein gabe edo artzaintzarako aprobetxatu gabe uzten diren lurzatietan, beharrezkoa da mantentze-lanak gutxienez lau urtean behin egitea VI. eta VII. nekazaritza eskualdeetan, eta bi urtean behin gainerako eskualdeetan.

Mantentze-lan horiek, ohiko laborantzako praktikak badira, ezin izanen dira egin apirilaren 1etik ekainaren 30era bitarte, salbu eta hurrengo kanpainako ereintza prestatzeko lanak direnean.

2. araua. Lurraren gutxieneko antolamendua, tokiaren berariazko baldintzak errespetatuko dituena.

6) Maldan dauden lurzatiak lantzea.

Hektarea 1etik gorako alorretan, betiere itxura konplexurik ez badute (angelu biziak, biratzeko erradio txikia edo aldakorrak dituzten tokiak) eta maldatik begiratuta zeharkako neurria 100 metrotik gorakoa badute, ezin izanen da maldaren norabidean lurra iraulketa bidez landu kasu hauetan:

-Belarkien laboreak, lurzatien malda batez beste %10etik gorakoa bada, eremuko benetako malda terraza edo zapalda bitartez orekaturik ez dagoenean.

-Mahastien, olibondoen eta fruitu lehorren laboreak, lurzatien malda batez beste %15ekoa edo handiagoa bada, laborantza zapaldarik edo zerrendarik gabe eta lurzoruaren landare-estaldura erabatekorik gabe egiten bada.

3. araua. Eusteko terrazak.

7) Terrazetako mantentze-lanak.

Eusteko terrazak egoera onean kontserbatu beharko dira, drainatzeko ahalmena gutxitu gabe, bai eta ezpondak eta ildarteak ere, lur erortzarik edo estaltzerik gerta ez dadin, eta bereziki lubakirik ager ez dadin. Kasua bada, konpondu edo behar diren neurriak hartu beharko dira.

2.-Gaia: lurzoruaren materia organikoa.

4. gaia. Uztondoen kudeaketa.

8) Uztondoak erretzea.

Debekatuta dago uztondoak erretzea, non ez den suteei aurrea hartzeko, arrazoi fitosanitarioengatik, edo, ureztaketa lurretako arto edo arroz soroetan, laborearen hondarrak kentzeko.

Aurreko lerroaldean ezarritako salbuespen kasuetan, ondoko baldintza hauek bete beharko dira:

-Lehorreko lurzatietan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren baimena beharko da, departamentu horrek berariazko araudia ezartzen duen kasuetan izan ezik. Horrelako kasuetan, uztondo erreketak arau horien arabera eginen dira.

-Ureztaketako lurzatietan, tokian tokiko udalaren baimena izatea.

-Erreketa arrazoi fitosanitarioengatik egiten bada, gainera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren aldeko txostena ere beharko da. Txosten hori lortzeko, eskaera aurkeztu beharko da, eta horrekin batera, nekazaritzako ingeniari tekniko batek edo nekazaritzako ingeniari batek egindako txostena, izurriaren edo eritasunaren hedapena dela-eta, erreketa justifikatzen duena, gehituko da.

-Baimenean ezartzen ahal diren berariazko baldintzak deusetan galarazi gabe, 9. baldintzan adierazten diren neurri orokorrak bete beharko dira gutxienez.

9) Uzta hondarrak eta inausketa hondarrak erretzea.

Aurreko zenbakian aurreikusitakoez besteko belarki laboreen uzta hondarrak edo inausketa hondarrak kentzea baldin bada erreketaren helburua, erreketa hasi aurretik, landare hondarrak metetan edo zerrendetan bildu beharko dira, sua hedatzeko arriskurik ez dagoen tokietan.

Horrelako erreketak egiteko, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak kanpainarako ezartzen duen araudi berariazko baten bidez propio ezarri ezik, ez da baimenik beharko, baina prebentziorako neurri hauek bete beharko dira gutxienez:

-Aipatutako landareak erreko dira, ez besterik, eta betiere zapaldak, ezpondak, lur landugabeak, errekak, muinoak, arekak, heskaiak, zuhaitz lerrokatuak edo basoak erretzea galaraziko da.

-Suhiltzaileen parkean galdetu beharko da egun horretan erreketarik baimendurik ote dagoen.

-Erreketak, neguan, 9:00etatik 17:00ak bitarte eginen dira, eta udan, 19:00ak arte, eta erabat itzali arte zaindu beharko dira.

-Erreketa bitartean gutxienez bi lagunek egon beharko dute bertan, eta ondoan traktore bat, sakelako telefono bat eta itzaltzeko tresnaren bat (fumigatzeko bizkar-zorroak, aitzurrak, palak, su amatatzekoak, etab.) izanen dituzte.

3.-Gaia: lurzoruaren egitura.

5. araua. Makineria egokia erabiltzea.

10) Laborantza lurzoru urasetu edo istilduetan.

Lurzoru urasetu edo istilduetan -arroz alorrak izan ezik- edo elurra dutenetan ezin izanen da laborantza lanik egin, ez eta ibilgailuekin zanpatu ere. Ondotik aipatzen diren laborantza lanak, ezustean, euri garaian egin behar direnean, lanak egiten ahalko dira: uztaren bilketa, azaleko ongarriak aplikatzea, tratamendu fitosanitarioak, aziendarentzako bazka erabili eta banatzea.

4.-Gaia: mantentzearen gutxieneko maila.

6. araua. Larre iraunkorrak mantendu eta babestea.

11) Larre iraunkorrak luberritzea edo erretzea.

Debekatuta dago larre iraunkorrak luberritzea edo erretzea, landareak birsortzeko lanetarako izan ezik. Erre nahi izanez gero, beharrezkoa izanen da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren aldez aurreko baimena eta kontrola izatea, indarra duen ingurumeneko araudiaren arabera. Betiere, beharrezkoa izanen da dauden zuhaitzak mantentzea.

12) Larre iraunkorretako mantentze-lanak.

Larre iraunkorrek hartzen dituzten lurrak egoera onean mantendu beharko dira, lurra hondatu ez dadin eta sastrakek har ez dezaten. Hori helburu, nekazariak neurrizko azienda-karga eraginkor bat jarriko du edo mantentze-lan mekanikoak eginen ditu, edo bien arteko konbinazio bat.

7. araua. Egiturazko osagaien mantentze-lanak.

13) Egiturazko osagaien mantentze-lanak.

486/2009 Errege Dekretuak definitutakoari jarraikiz, ezin izanen da mugetan eta egiturazko bestelako elementuetan aldaketa handirik egin, agintari eskudunen baimena izan ezean. Behar horretatik at geldituko da arroz eta bestelako labore ureztatuetako soroetan, euri-bideak, erretenak eta maila edo zelaiguneak egitea.

8. araua. Olibondoak erauzteko debekua.

14) Olibondoak erauztea.

Hektareako zuhaitz dentsitatea 100etik gorakoa eta 300 baino beherakoa duten landaketetan, hektarea batetik beherako azalera dutenetan, ezin izanen dira 1998 baino lehenago landatutako olibondoak erauzi, ez baldin badira ordeztu behar.

9. araua. Nahi ez diren berezko landaretzak alorrak inbaditzeari aurre hartzea.

15) Landare inbaditzaileak kentzea alorretan.

Alorretan ondoko espezie hauek ateratzea ekidin beharko da: panpa-lezkak (Cortaderia selloana), Ailantoa (Ailanthus altissima), Daviden Buddleia (Budleja davidii) eta Japoniako odulurura (Reynoutria japonica). Horrelako espezieren bat ateraz gero, kendu beharko da.

10. araua. Olibondoak eta mahastiak landare egoera onean mantentzea.

16) Olibondoak eta mahastiak mantentzea.

Olibondoak eta mahastiak landare egoera onean mantenduko dira eta, horretarako, inausketak alderdi bakoitzak duen ohiko maitasunez eginen dira.

11. araua. Habitatak mantentzea.

17) Lurzoru istilduetan edo elurtuetan lohiak eta ongarriak ematea.

Lur istilduetan eta elurtuetan debekatuta dago hondoko ongarriak, araztegiko lohiak, konposta, mindak edo simaurra botatzea. Debeku horretatik kanpo gelditzen dira arroz alorrak ongarritzeko lanak eta lur elurtuetan azaleko ongarria ematekoak.

18) Ur lasterren edo geldien kutsadura.

Ur lasterretan eta ur geldietan ezin izanen da produktu fitosanitariorik, ongarririk, araztegiko lohirik, konpostik, mindarik ez simaurrik bota, ezta bertan ongarritze horietarako erabilitako makinak garbitu ere.

Minda ezin izanen da lur gainean zabaldu %20tik gorako malda duten lurzatietan eta ur laster naturaletatik 10 metro baino gutxiagora. Hala ere, ustiategiak, eskualdeko orografiagatik, malda apalagoko lurzatietan azalera nahikoan antolatzerik ez badago, %20tik gorako malda duten lurzatietan minda lur azalean banatzen ahalko da, baldin eta azaleko isurketek sortzen dituzten urak kutsatzeko arriskua gutxitzeko neurri egokiak hartzen badira. Bereziki:

-Ezin izanen da aplikatu ez lurzoru soilduetan, ez eta egun euritsuetan ere.

-Aplikazioan banaketa uniformea bermatzeko sistemak erabiliko dira. Ez da inola ere upelaren ahotik libreki botako.

-Hektarea eta urte bakoitzeko, gehienez, 250 kg nitrogeno botako dira.

Abereentzako askak ur laster naturaletatik eta hezeguneetatik 10 metro baino gehiagora egonen dira ur-bazterreko landareak badaude, eta 40 metro baino gehiagora halako landarerik ez badago.

19) Nekazaritzako lanen hondakinak deuseztatzea.

Nekazaritza eta abeltzaintza lanen hondakin ez-biodegradagarriak, hots, plastikoak, ontziak, enbalajeak, makinen hondakinak, olio eta labaingarriak, produktu fitosanitarioen eta zoosanitarioen hondarrak, ez dira lur gainean egonen beharrezko erabilera egokiaz gaindi, eta ez dira bertan utziko. Bildu eta, indarra duten arauei jarraikiz deuseztu beharko dira, eta lur-estalkirako plastikoen kasuan, uzta bukatu eta, gehienez ere, bi hilabeteko epean.

20) Simaurra eta mindak bildu eta kudeatzea.

Abeltegiek simaurtegi edo biltegi iragazgaitzak izanen dituzte, simaurra ekoitzi eta kudeatzeko duten planarekin bat.

Abeltegiko instalazioek zoru iragazgaitza izanen dute, edo azpi beroa, behar adina gai xurgagarriren bidez. Horrela ez da lixibiatuen ez isurketarik ez perkolaziorik izanen.

Herriguneetan dauden abeltegietako instalazioek, metatze hobirik ez badute, landare jatorriko gai xurgagarriak erabili beharko dituzte.

Simaur solidoa aldi baterako lur naturalean pilatzen bada, ubide, laku eta urtegietatik 25 metrora egonen dira gutxienez, eta edateko ura duten putzu, iturburu eta urtegietatik 200 metrora gutxienez.

Simaur solidoa aldi baterako lur naturalean pilatzen denean, gai iragazgaitzaren gainean ezarri beharko da, baldin eta lurpeko urak kutsatzeko arrisku handia duten lekuetan badago, esaterako kareharri pitzatuetan eta/edo karst bihurtutakoetan.

5.-Gaia: uraren babesa eta kudeaketa.

12. araua. Ura eta ureztaketaren erabilera.

21) Ura eta ureztaketa.

Ureztaketako alorretan, nekazariak bere eskubidea frogatu beharko du, eskudun den administrazio hidraulikoak emandako agiri administratiboaren bidez.

Uren kontzesio administratiboen titularrek eta beste arrazoiren batengatik uraren erabilpen pribatiborako eskubidea dutenek kasuan kasuko administrazio hidrauliko eskudunek ezarritako ureztatzeko ura neurtzeko sistemak jarri eta mantendu beharko dituzte, benetan erabilitako ur emariei buruzko informazio zehatza bermatzeko.

2. ESPARRUA

Ingurumena

1. ekintza.-Kontseiluaren 79/409/EEE Zuzentaraua, 1979ko apirilaren 2koa, Basa hegaztiak zaintzeari buruzkoa (3., 4. eta 5. artikuluak).

22) Hegazti migratzaileen, mehatxupean eta galzorian daudenen habitat naturalak zaintzea.

Estepako hegaztientzako eremu garrantzitsuetan debekatuta dago arbola edo mahasti gehiago landatzea besora sisteman, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren berariazko baimena izan gabe.

Natura 2000 Sarean eta estepako hegaztientzako eremu garrantzitsuetan, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren berariazko baimena beharko da, jarduera hauetakoren bat egiteko:

-Hezeguneak lehortzea edo alteratzea

-Kultur eraikinak kentzea eta, halaber, zuhaitz lepatuak edo zaharrak, edo interes ekologiko edo kulturala dutenak eta basa flora eta faunarentzat babesleku izan daitezkeenak kentzea;

Foru agindu honen ondorioetarako, estepako hegaztientzako eremu garrantzitsutzat jotzen dira II. eranskineko katastro-poligonoen zerrendan sartzen diren lehorreko lurzatiak.

23) Hegaztien espezie guztiak babestea.

Hazi blindatuak erein ondotik lurperatu beharko dira, eta debekatuta dago alorretan erabili ez direnak lurrazalean uztea.

Alorretan estepako hegaztien edo hegazti harraparien habiarik edo txitorik aurkituz gero, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko zaio, batez ere, mirotz urdinenak, zingira-mirotzenak, mirotz zurienak, basoiloenak edo basoilo txikienak badira. Zuzendaritzak habiak eta txitoak babesteko aholkuak emanen ditu eta, beharrezkoa bada, behar den kalte-ordaina finkatuko.

2. ekintza.-80/68 /EEE Zuzentaraua, Lurpeko urak kutsaduraren kontra babesteari buruzkoa (4. eta 5. artikuluak).

24) Substantzia arriskugarri batzuk lurpeko uretan sar daitezen ekiditea.

Debekaturik dago ardi aziendari parasitoen kontra egiten zaion tratamenduan lindanoa duten produktuak erabiltzea.

Debekaturik dago ardi aziendari parasitoen kontra egiten zaion tratamenduan iragazgaitza ez den bainuontzia erabiltzea.

Debekaturik dago produktu fitosanitarioetako hondakinak isurtzea.

3. ekintza.-86/278/EEE Zuzentaraua, Araztegiko lohiak nekazaritzan erabiltzen direnean, ingurumena eta, batik bat, lurzoruak babesteari buruzkoa (3. artikulua).

25) Araztegietako lohiak nekazaritzan aplikatzeari buruzko araubidea.

Araztegiko lohiak Kontseiluaren 86/278/EEE Zuzentarauan xedatu bezala erabiliko dira nekazaritzan eta bereziki epeei dagokiena errespetatuko da, alorretan entsaladarako, berduretarako, siloratzeko edo bazkatarako pentsuetarako, frutetarako edo barazkietarako alorretan erabiltzen diren lohiak eman ondoren.

4. ekintza.-91/676 /EEE Zuzentaraua, Ura nekazaritzako nitratoek sortutako kutsaduratik babesteari buruzkoa (5. artikulua).

Nekazaritzako nitratoek kutsatzen ahal dituzten eremuetan dauden ustiategietako titularrek ondoren adierazten diren betekizunak bete beharko dituzte, nitratoek kutsa ditzaketen eremuetako jarduketa programa arautzen duen indarreko foru araudiari jarraikiz:

26) Ustiategiko liburua.

Ustiategiko liburua bete eta hartaz arduratzea, 3. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

27) Ongarri organikoen gehieneko kopurua.

Lurzoruan aplika daitezkeen ongarri organikoen kantitaterik handiena (simaurra, mindak, lohiak, etab.) jarduketa programaren 2.1 puntuan ezarritakoa izanen da.

28) Ongarri nitrogenatu mineralaren gehieneko kantitatea.

Lurzoruan aplika daitezkeen ongarri nitrogenatu mineralen kantitaterik handiena jarduketa programaren 2.4 puntuan ezarritakoa izanen da.

29) Lurzoruari nitrogenoa ematen dioten ongarriak aplikatzea noiz dagoen debekatua.

Lurzoruari nitrogenoa ematen dioten ongarriak aplikatzeko debekualdiak jarduketa programaren 2.2 puntuan ezarrita daude.

30) Abeltzaintzako instalazioak.

Kutsa daitezkeen eremuetan dauden abeltzaintzako instalazioek jarduketa programaren 3.5 puntuan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

31) Ongarria ur laster naturalen eta ur horniketa egiteko tokien inguruan zabaltzea.

Ongarria emateko orduan, jarduketa programaren 3.2 puntuan ezarritakoa beteko da.

32) Isurketa eta lixibazio kutsadurari aurrea hartzeko neurriak, ureztatze sistemetan.

Ongarri nitrogenatuak ureztaketa sistemetako uraren bidez zabaltzeko orduan, jarduketa programaren 3.3 puntuan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da.

33) Minda zabaltzea.

Minda lurrean zabaltzeko orduan, jarduketa programaren 3.6 puntuan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da.

5. ekintza.-92/43/EEE Zuzentaraua, Natur habitatak eta basa fauna eta flora zaintzeari buruzkoa (6. eta 13. artikuluak). Horien zerrenda zuzentarauaren II. eranskinean azaltzen da.

34) Landare espezie babestuak zaintzea.

Foru agindu honen III. eranskinean ageri diren udalerri eta katastro-poligonoetan debekatuta dago Narcissus asturiensis (asturiensis eta jacetanus azpiespezieak), Narcissus nobilis, Soldanella villosa, Trichomanes speciosum, Narcissus triandrus (Pallidus eta triandrus azpiespezieak) eta Spiranthes aestivalis espezieen populazioetan alterazioren bat eragiten duten jarduketak egitea, bereziki horiek edukitzea, merkaturatzea eta habitata suntsitzea, salbu eta ingurumenarekiko bateragarritasun txostena badute.

35) Habitat naturalak eta basa faunako eta florako espezieak babestea.

Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren berariazko baimena beharko da, jarduketa hauetakoren bat egiteko:

-Sasien garbiketak, mozketak, luberritzeak, erreketak edo lurreko egiturazko osagai naturalei eragiten zaizkien bestelako kalteak, esaterako hauei: zapaldak, ezpondak, eremu landugabeak, altxonbideak, ur-ibilguak, zuhaixka edo zuhaitz hesiak eta zuhaitzen eremu edo ilarak.

-Oihanen erabilera aldatzea, larreak sortu eta hobetzea, luberritzeak eta/edo azken 5 urteotan landu gabe egon diren eremuak nekazaritzarako ustiatzen hastea eta basoberritzeak.

-Eraikuntzak eta obrak: nekazaritzako ustiategietan nekazaritzako azpiegiturak eraiki eta hobetzea, barreneko zaharberritze-lanak izan ezik, pistak eta bideak ireki eta aldatzea, baltsa berriak, lur pilaketak, hondakindegiak eta horrelakoak, basa faunaren pasabidea galarazten ahal duten itxiturak (1.000 metrotik gorakoak) eta linea elektrikoak.

6. ekintza. Landa Garapenerako 2007-2013 Programako nekazaritzako ingurumenerako laguntzak eskatzen dituztenek ongarriak erabiltzeko bete beharreko gutxieneko beharkizunak (honako hauetarako laguntzak: nekazaritza ekologikoa, abeltzaintza ekologikoa, galtzeko zorian dauden arraza autoktonoen babesa eta sustapena, nekazaritzako ingurumenerako laguntzak estepa-eremuetan eta biodibertsitateari eta paisaiari eustea).

36) Ongarrien erregistroa.

Ustiategiaren titularrek ongarrien aplikazioen erregistroa izanen dute: ongarriena edo lurraren emankortasuna hobetzeko erabiltzen den bestelako medeatzeena. Hartan aplikazioaren eguna, kantitatea eta erabilitako produktuaren izena adieraziko dira. Horretaz gainera, ustiategian erabilitako ongarriei dagozkien fakturak ere gorde beharko dituzte.

37) Hondakinen erabilera.

Batzordearen 2001/118/EE Erabakian jasotako Europako Hondakin Zerrendako produktuak ongarri gisa erabiltzen ahalko dira baldin eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren produktu ongarrien erregistroan inskribaturiko produktu ongarriren bat sortzeko lehengai gisa jaso badira. Beraz, ezin izanen dira zuzenean lursailetan aplikatu.

38) Ongarriak modu egokian aplikatzea.

Ongarriak aplikatzeko erabiltzen diren banatze eta lurperatze makinak egoera onean egonen dira, banaketan uniformetasuna bermatzeko.

39) Aplikazio sasoia.

Landareak gehien xurgatzen duen unetik hurbilen aplikatuko dira ongarriak.

Neguko belar-laboreetan (zerealak eta koltza) ez dira ongarri nitrogenatuak aplikatuko ereintzan, salbu eta ongarri konplexuak erabiltzen direnean edo ziklo laburreko garagarra denean (neguko garagarra, malta egitekoa). Azaleko ongarriak gehienez 2 aldiz aplikatuko dira, salbu eta ureztaketako gari gogorraren kasuan, 3 aldiz ematen ahalko baita, betiere ekainaren 1a baino lehen.

Udako belar-laboreetan (artoa, arroza, tabakoa eta ekilorea) ongarri nitrogenatuaren zati bat erein edo landatu aurretik aplikatzen ahalko da, eta, gainerakoa, abuztuaren 15a baino lehen egindako azaleko aplikazioetan.

40) Ongarrien kantitateak.

Lurreko mantenugaien gabeziak zuzentzeko beharrezkoak diren ongarri kantitateak aplikatuko dira, betiere 1997ko otsailaren 17ko Foru Aginduak onetsitako Nekazaritza Praktika Egokietarako Kodeko kantitateak gainditu gabe.

41) Ur ibilguetatiko distantziak.

Ur ibilgu guztien ondoan 2 eta 3 metro bitarteko zerrenda bat utziko da ongarri nitrogenatu mineralik eman gabe.

Ur zikinak eta ongarri organikoak giza kontsumorako ura hornitzen duten iturri, putzu edo zulaketetatik gutxienez ere 50 metrora eman beharko dira.

3. ESPARRUA

Osasun publikoa, animalien osasuna eta fitosanitatea

1. ekintza. 92/102/EEE Zuzentaraua (4. eta 5. artikuluak), Zerriak identifikatzeko xedapenei buruzkoa.

42) Zerrien ustiategietan erregistro liburua egoki eguneratua eramatea eta egiaztagiriak gordetzea.

Zerrien ustiategietako titularrek erregistro liburua eguneraturik izan beharko dute. Datuek bat etorri beharko dute ustiategian dauden animaliekin.

Ekoizle horiek eduki, garraiatu, salerosi edo hil duten animaliaren jatorriari, baita identifikazioari eta, bidezkoa denean, destinoari buruzko dokumentazioa ere gorde beharko dute.

43) Zerri-espezieko animalien identifikazioa.

Zerri ustiategietako animalia guztiek behar bezala identifikaturik egon beharko dute, arauek ezartzen dutenaren arabera.

2. ekintza.-92/2004/EE Erregelamendua (4. eta 5. artikuluak), Ardi-azienda eta ahuntz-azienda identifikatzeko eta erregistratzeko xedapenei buruzkoa.

44) Ardi eta ahuntz ustiategietan erregistro liburua egoki eguneratua eramatea eta egiaztagiriak gordetzea.

Ardi eta ahuntz ustiategietako titularrek erregistro liburua eguneraturik izan beharko dute. Datuek bat etorri beharko dute ustiategian dauden animaliekin.

Ekoizle horiek eduki, garraiatu, salerosi edo hil duten animaliaren jatorriari, baita identifikazioari eta, bidezkoa denean, destinoari buruzko dokumentazioa ere gorde beharko dute.

45) Ardi eta ahuntz espezieko animalien identifikazioa.

Ardi eta ahuntz ustiategietako animalia guztiek behar bezala identifikaturik egon beharko dute, arauek ezartzen dutenaren arabera.

3. ekintza.-911/2004 EE Erregelamendua (6. eta 8. artikuluak), 1760/2000 EE Erregelamendua (4., 6. eta 7. artikuluak), Behi-azienda identifikatzeko eta erregistratzeko xedapenei buruzkoak.

46) Behi ustiategietan erregistro liburua egoki eguneratua eramatea eta egiaztagiriak gordetzea.

Abeltzaintzako ustiategietako titularrek erregistro liburua eguneraturik izan beharko dute. Datuek ustiategian dauden animaliekin bat etorri beharko dute baita identifikazio eta erregistrorako datu-basean dauden datuekin ere.

Ekoizle horiek eduki, garraiatu, salerosi edo hil duten animaliaren jatorriari, baita identifikazioari eta, bidezkoa denean, destinoari buruzko dokumentazioa ere gorde beharko dute.

47) Behi-espezieko animalien identifikazioa.

Behi ustiategietako animalia guztiek banan-banan identifikaturik egon beharko dute, eta identifikazio zenbakiek bat etorri beharko dute datu-basearekin eta erregistroarekin.

Behi-aziendako buru bakoitzeko identifikazio agiri bat (DIB) eduki beharko da. Horko datuak, ustiategian dauden animalienak eta ustiapen liburuan erregistratuak daudenak berdinak izanen dira.

48) Komunikazioak.

Behi-aziendako ekoizleak beharturik daude identifikazio eta erregistrorako datu-baseari animalien jaiotzen, mugimenduen eta heriotzen berri ematera, dagokien epean.

4. ekintza.-Kontseiluaren 91/414/EEE Zuzentaraua, 1991ko uztailaren 15ekoa, Produktu fitosanitarioak merkaturatzeari buruzkoa (3. artikulua).

49) Produktu fitosanitario baimenduak.

Produktu Fitosanitarioen Erregistroan 2163/1994 Errege Dekretuaren arabera inskribaturik dauden produktu fitosanitario baimenduak baizik ez dira erabiliko.

50) Produktu fitosanitarioen erabilera.

Produktu fitosanitarioak etiketan edo produktuaren segurtasun fitxan agertzen diren jarraibideei jarraikiz erabiliko dira.

5. ekintza. Kontseiluaren 96/22/EE Zuzentaraua, 1996ko apirilaren 29koa, Abereen hazkuntzan ondorio hormonal eta tireostatikoak dituzten substantzia jakin batzuk eta substantzia beta-agonistak erabiltzea debekatzen duena (3., 4., 5. eta 7. artikuluak).

51) Ondorio hormonal eta tireostatikoak dituzten substantziak eta substantzia beta-agonistak erabiltzea.

Debekaturik dago ustiategietan tireostatikoak, estilbenoak, estilbenoen deribatuak, horien gatzak eta esterrak, 17-Beta-Estradiol edo horren deribatu ester motakoak eta beta-agonistak edukitzea, justifikaturik ez badago.

Debekatuta dago horrelako substantziak ustiategiko animaliei ematea, tratamendu zootekniko edo terapeutikoa dela-eta onartzen diren salbuespenetan izan ezik, eta horrelakoetan indarreko arauek ezarri bezala eman beharko dira (azaroaren 12ko 2178/2004 Errege Dekretua).

52) Ondorio hormonal eta tireostatikoak dituzten substantziak eta substantzia beta-agonistak dituzten animaliak.

45. betekizunean adierazten diren substantziak dituzten animaliak ezin izanen dira ustiategian eduki, ez eta merkatuan jarri edo gizakiak jateko hil ere, salbu eta frogatu baldin badaiteke animaliak tratamendu zootekniko edo terapeutikoetako salbuespen kasuetan tratatu direla.

6. ekintza.-Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2002ko urtarrilaren 28an emandako 178/2002 (EE) Erregelamendua, Elikagaiei buruzko legeen printzipio eta betekizun orokorrak ezarri, Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritza sortu eta elikagaien segurtasunari buruzko prozedurak finkatzen dituena (14., 15., 17., 18., 19. eta 20. artikuluak).

53) Elikagaien segurtasuna.

Debekatuta dago ustiategiko produktuak elikagai gisa merkaturatzea, produktu seguruak ez badira, hau da, osasunerako kaltegarriak badira edo gizakiek jatekoak ez badira.

Elikagaiak ekoizteko abeltzaintzako ustiategietan, pentsu seguruak baizik ez dituzte izanen, eta horietatik emanen zaie animaliei (183/2005 (EE) Erregelamenduari jarraikiz, pentsuak establezimendu erregistratu eta baimenduetatik lortu behar dira eta etiketak dioena bete behar da).

54) Animalia berriak sartzea.

Aurreneurriak hartu beharko dira ustiategian animalia berriak sartzeko orduan, gizakiei elikagaien bidez transmititzen ahal zaizkien eritasun kutsakorrak sartu eta hedatzea saihesteko. Mota horretako eritasun fokuak daudela uste izanez gero, agintari eskudunari jakinarazi beharko zaio.

55) Erregistroak mantentzea.

Ustiategiaren titularrek honi buruzko erregistroak eduki beharko dituzte:

-Pentsuen eta animaliak elikatzeko beste produktu batzuen izaera, kantitatea eta jatorria.

-Pentsu sorta bakoitzaren kantitatea eta destinoa.

-Albaitaritzako botikak edo animaliei jartzen zaizkien bestelako tratamenduak, eta noiz ematen eta kentzen zaizkien.

-Bioziden eta fitosanitarioen erabilera.

-Landare eta animaliei egindako azterketa guztien edo giza osasunerako garrantzitsuak diren beste lagin batzuen emaitzak.

-Animaliek edo animalietatik ateratzen diren produktuek izaten dituzten kontrolen bidez lortutako edozein txosten esanguratsu.

-Hala dagokionean, genetikoki eraldatutako hazien erabilera.

56) Pentsuen higienea.

Pentsuetarako gehigarriak egiteko, produktu baimenduak erabili eta etiketatua eta errezetak errespetatuko dira.

Pentsuak eta animaliak elikatzeko produktu debekatuak (kimikoak edo bestelakoak) bereizita biltegiratuko dira.

Pentsu medikatuak eta ez-medikatuak biltegiratuko dira eta maneiatzean, kutsadura gurutzatua edo animaliak haientzako ez diren pentsuen bidez elikatuta izateko arriskua murrizten saiatu beharko da.

57) Elikagaien higienea.

Hondakinak eta substantzia arriskutsuak bereiztuta eta era seguruan biltegiratu eta maneiatuko dira, kutsadura saihesteko.

Albaitaritzako botikek eta biozidek produktu baimenduak izan beharko dute eta, horiek erabiltzean, etiketa eta errezetak errespetatuko dira.

58) Esnearen higienea.

Esnea ekoizteko behi-aziendaren ustiategiek gaixotasunak jo gabe edo ofizialki bruzelosiak eta tuberkulosiak jo gabe egon beharko dute. Ustiategia halakotzat jotzen ez bada, gaixotasunak desagerrarazteko programa nazionalak aplikatuko zaizkio, diagnostikoko proba ofizialetan emaitza negatiboak izan beharko ditu eta esnea termikoki tratatuko da.

Esnea ekoizteko ardi- edo ahuntz-aziendaren ustiategiek gaixotasunak jo gabe edo ofizialki bruzelosiak jo gabe egon beharko dute, eta behi-aziendarekin mantentzen den ahuntz-azienda ofizialki tuberkulosiak jo gabe. Ustiategia halakotzat jotzen ez bada, gaixotasunak desagerrarazteko programa nazionalak aplikatuko zaizkio, diagnostikoko proba ofizialetan emaitza negatiboak izan beharko ditu eta esnea termikoki tratatu edo 2 hilabetetik gorako heltze aldiko gaztak egiteko erabiliko da.

Behiez, ardiez eta ahuntzez gain, bruzelosia edo tuberkulosia izan dezaketen beste espezie batzuk erabilita esnea ekoizten duten ustiategiei gaixotasun horiek desagerrarazteko programa nazionalak aplikatuko zaizkie. Esnea proba ofizialetan negatiboa eman duten emeetatik atera beharko da eta, abere taldean gaixotasunik antzeman bada, esnea termikoki tratatuko da.

Aurreko puntuetan aipatutako gaixotasunak dituzten animaliek bakartuta egon beharko dute, gainerako animalien esnean ondorio negatiborik ez eragiteko, eta haien esnea ez da giza kontsumorako erabiliko.

Jezteko ekipamenduak eta esnea bildu, maneiatu edo hozteko lokalak esnea kutsatzeko arriskua mugatzeko moduan kokatu eta eraikiko dira.

Esnea biltzeko lokalek piztiez babestuta eta animaliak ukuiluratuta dauden lokaletatik argi eta garbi bereiztuta egon beharko dute, eta behar bezalako hozteko ekipamendua izanen dute, tenperatura arloko eskakizunak betetzeko.

Esnearekin kontaktuan dauden ekipamenduen gainazalak (tresnak, ontziak, zisternak, etab.), jezteko eta esnea biltzeko erabiltzen direnak, garbitu eta desinfektatzen errezak izanen dira eta egoera onean mantenduko dira. Gainazal horiek erabili ostean garbitu beharko dira eta, behar izanez gero, desinfektatuko dira. Materialak koskagabeak, garbigarriak eta ez-toxikoak izanen dira.

Osasun egoera onean dauden animaliak jetziko dira, modu higienikoan. Bereziki:

-Jezten hasi baino lehen, titiburuak, titiak eta alboko aldeak garbi eta zauririk eta inflamaziorik gabe egonen dira.

-Albaitaritzako tratamendua dela-eta, esnean hondakinak uzten ahal dituzten animaliak argi eta garbi identifikatu beharko dira.

-Albaitaritzako tratamendua dela-eta, esnean hondakinak uzten ahal dituzten animaliak baztertuta dauden bitartean, bereiztuta jetziko dira eta esne hori ez da gainerako animaliek emandakoarekin inola ere nahasiko eta ez da giza kontsumorako erabiliko.

Jetzi eta gero, esnea kutsadura saihesteko diseinatu eta ekipatutako leku garbian gordeko da. Ondoren, hoztu eta 8ºC-ra jarriko da, egunero biltzen bada, eta 6ºC-ra, egunero biltzen ez bada, salbu eta esnea hurrengo 2 orduen barruan prozesatu behar badute edo esneki zehatzak egiteko, arrazoi teknikoak direla-eta, tenperatura altuago batean gorde behar bada.

59) Arrautzen higienea.

Arrautzak ekoizten dituzten ustiategiek arrautzak garbi, lehor, usain arrarorik gabe eta kolpeen eta eguzkiaren zuzeneko erradiazioaren kontra babestuta eduki beharko dituzte.

60) Trazabilitatea.

Ekoizleek beren produktuak eraman dituzten pertsona edo enpresak identifikatzeko moduan izanen dituzte, baita erosgaien kopurua eta salmentaren edo ematearen eguna ere.

Abeltzaintzako ustiategien titularrek ondoko hauen hornidura egiten duten pertsonak edo enpresak identifikatzeko moduan izanen dituzte: elikagaiak edo pentsuak ateratzeko hazten diren animaliak, pentsuak eta elikagaiak, edo azienda bazkatzeko edo pentsuak eurek egiteko erabiltzen den beste edozein substantzia.

61) Elikagaien edo pentsuen gaineko erantzukizuna.

Elikagaien edo pentsuen ekoizleek uste dutenean haien ustiategietatik atera diren produktuak gizakien osasunerako kaltegarriak izan daitezkeela edo kalterik ez eragiteko baldintzak betetzen ez dituztela, merkataritza katearen hurrengo operadoreari jakinarazi beharko diote lehenik, produktua merkatutik kentzeko, eta agintari eskudunei bigarrenik. Horretaz gainera, agintari eskudunek esandakoa egin beharko dute.

7. ekintza.-Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2001eko maiatzaren 22an emandako 999/2001 (EE) Erregelamendua, Entzefalopatia espongiforme kutsagarri batzuei aurrea hartu eta haiek kontrolatu eta desagerrarazteko xedapenak ezartzen dituena (7., 11., 13. eta 15. artikuluak).

62) Animalien elikaduraren gaineko debekuak.

Debekatuta dago hausnarkariak animalien jatorriko proteinekin edo hori duten pentsuekin elikatzea, 999/2001 (EE) Erregelamenduaren IV. eranskineko II. puntuan ezarritako salbuespenetan ez bada.

Debekatuta dago abere ez-hausnarkariak 999/2001 (EE) Erregelamenduaren IV. eranskineko I. puntuan aipatzen diren animalien jatorriko proteinekin elikatzea (animalien jatorriko proteina elaboratuak, hausnarkarietatik datorren gelatina, odol jatorria duten produktuak, proteina hidrolizatuak eta animalien jatorria duten dikaltzio fosfatoak eta trikaltzio fosfatoak), salbu eta larrugintzarako diren haragijaleak, ez eta proteina hori duten pentsuekin ere, erregelamendu horren IV. eranskineko II. puntuan ezarritako salbuespen kasuetan ez bada.

Espezie hausnarkariz eta ez-hausnarkariz osatutako abeltzaintzako ustiategi mistoetan, espezie bakoitzarentzako pentsuak leku ezberdinetan gordeko dira.

63) Entzefalopatia espongiforme kutsagarriak (EEK) dituzten edo izan ditzaketen animaliez osatutako ustiategiei buruzko neurriak eta jakinarazpena.

Ustiategiren batean EEKren bat izan dezaketen animaliak izanez gero, berehalakoan Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinarazi beharko zaio.

EEK batek kutsatuta izan daitezkeen animaliak dituzten ustiategietako titularrek zirkulatzeko murriztapen ofiziala ezarri beharko diote kutsaturik dagoen animaliari eta, kasua bada, ustiategiko gainerako animaliei, eta haien mugimenduen berri emateko eta agintaritza eskudunaren ebazpena betetzen dela egiaztatzeko behar den dokumentazioa eduki beharko dute.

EEK bat dagoela ofizialki berresten denean, ustiategi horretako titularrek animalien mugimenduen berri emateko eta agintari eskudunen ebazpena betetzen dela egiaztatzeko behar den dokumentazioa eduki beharko dute.

64) Animalia biziak, haien ernal-hazia, obuluak edo enbrioiak merkaturatzea.

Behi-, ardi- edo ahuntz-azienda edo haien ernal-hazia, obuluak edo enbrioiak merkaturatu edo esportatzeko, behar diren osasun ziurtagiriak eduki beharko dira eta 999/2001 (EE) Erregelamenduaren VIII. eranskinean ezarritako baldintzak bete (inportazioen kasuan IX. eranskineko baldintzak).

EEK bat izan dezaketen edo horrelakorik izan duten animalien ernal-hazia, enbrioiak edo obuluak edo animalia haien lehenengo ondorengoak merkaturatzeko, 999/2001 (EE) Erregelamenduaren VIII. eranskineko B kapituluan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

8. ekintza. Kontseiluaren 2003/85/EE Zuzentaraua, 2003ko irailaren 29koa, Ahoeriaren kontrako borrokan, Europar Batasunak neurri orokorrak ezartzen dituena. (3. artikulua).

65) Ahoeria jakinaraztea.

Ustiategiren batean ahoeria duten edo izan dezaketen animaliak izanez gero, berehalakoan Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinarazi beharko zaio.

9. ekintza. Kontseiluak 1992ko abenduaren 17an emandako 92/119/EEE Zuzentaraua, Europar Batasunak abereen zenbait gaixotasunen kontrako neurri orokor batzuk eta zerrien besikulako gaixotasunaren kontra berariazko neurri batzuk ezartzen dituena.

66) Zenbait gaixotasun jakinaraztea.

Ustiategian honelako eritasunen bat dagoelako susmoa izanez gero, berehalakoan jakinarazi beharko zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari: behi-izurria, hausnarkari txikien izurria, zerrien besikulako gaixotasuna, mingain urdina, oreinen eritasun hemorragiko epizootikoa, ardi eta ahuntzen nafarreria, estomatitis besikularra, zerrien izurri afrikarra, dermatosi nodular kutsakorra eta Rift haraneko sukarra.

10. ekintza. Kontseiluak 2000ko azaroaren 20an emandako 2000/75/EE Zuzentaraua, Ardien katarro-sukarraren kontra borrokatu eta hura desagerrarazteko berariazko xedapenak onesten dituena (3. artikulua).

67) Ardien katarro-sukarra jakinaraztea.

Ustiategiren batean ardien katarro-sukarra duten edo izan dezaketen animaliak izanez gero, berehalakoan Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinarazi beharko zaio.

11. ekintza. Landa Garapenerako 2007-2013 Programako nekazaritzako ingurumenerako laguntzak eskatzen dituztenek produktu fitosanitarioak erabiltzeko bete beharreko gutxieneko beharkizunak (honako hauetarako laguntzak: nekazaritza ekologikoa, abeltzaintza ekologikoa, galtzeko zorian dauden arraza autoktonoen babesa eta sustapena, nekazaritzako ingurumenerako laguntzak estepa-eremuetan eta biodibertsitateari eta paisaiari eustea).

68) Produktu fitosanitarioen erregistroa.

Ustiategiaren titularrek produktu fitosanitarioen aplikazioen erregistroa izanen dute. Hartan aplikazioaren eguna, kantitatea eta erabilitako produktuaren izena adieraziko dira.

69) Produktu fitosanitarioak modu egokian aplikatzea.

Ihinztatze tresnak mantentze eta erabilera egoera ezin hobean egonen dira. Ez da jariorik izanen ekipoaren osagaietan, adibidez ponpetan, hodietan edo pitetan. Banatzeko, erregulatzeko eta segurtasunerako osagai funtsezkorik ere ez da faltako.

70) Produktu fitosanitarioak aldi berean aplikatzea.

Egun berean, lurzati berean, ez dira produktu hauek aplikatuko:

a) T + (oso toxikoak) eta T (toxikoak) kategorietako produktuak.

b) Zenbait arrisku-esaldi dituzten produktuak (R40, R48, R62, R63, R64, R68), honako taula honekin bat:

Egun eta lurzati berean ezin aplikatu diren arrisku-esaldiak eta produktu fitosanitarioak:

R 40

R 48

R 62

R 63

R 64

R 68

R 40

X

X

R 48

X

R 62

X

X

X

R 63

X

X

X

R 64

X

X

X

R 68

X

X

R40: ondorio kantzerigenoak izan ditzake.

R48: eragina denbora luzez jasanez gero, osasunean ondorio larriak izan ditzake.

R62: ugalkortasunari kalte egin diezaioke.

R63: haurdunaldian umekiari ondorio kaltegarriak ekar diezazkioke.

R64: amaren esnez elikatutako haurrari kalte egin diezaioke.

R68: ondorio itzulezinak izan ditzake.

71) Aplikatzeko egiaztagiria.

Ustiategian tratamendu fitosanitarioak egiten dituen titularrak edo pertsonak horretarako gaitzen duen egiaztagiria izan beharko du.

72) Ontziak biltzea.

Tratamendu fitosanitarioetatik datozen ontzi hutsak produktu fitosanitarioetako ontzi hutsen kudeaketa sistema integratuaren sarean (SIGFITO) entregatu beharko dira.

4. ESPARRUA

Animalien ongizatea

1. ekintza. Kontseiluak 1991ko azaroaren 19an emandako 91/629/EEE Zuzentaraua, Aratxeak babesteko gutxieneko neurriei buruzkoa (97/2/EE eta 97/182/EE erabakiek 91/629/EEE Zuzentarauaren eranskina aldatu dute). (3. eta 4. artikuluak).

73) Aratxe ustiategien baldintzak.

Aratxeentzako banakako esparruek neurri hauek izan beharko dituzte: zabalerak animalia zutik dagoenean duen soinkurutzerainoko altuera izanen du, gutxienez; luzerak aratxearen sudur puntatik iskionaren isats-hegaleraino dagoen distantzia bider 1.1 neurtuko du. Eri ez dauden animalien banakako esparruak tabike zulatuzkoak izanen dira, aratxeek elkar ikusi eta ukitu ahal izateko. Umeak taldean hazteko gutxieneko espazioa hauxe izanen da: 1,5 m² (150 kg baino gutxiago), 1,7 m² (150 kg baino gehiago), 1,8 m² (220 kg baino gehiago).

Debekatuta dago zortzi aste baino gehiagoko aratxeak itxita edukitzea banakako esparruetan.

74) Aratxe hazkuntzaren baldintzak.

Animaliak egunean behin ikuskatuko dira gutxienez (ukuiluan daudenak, egunean bitan). Eri edo zaurituta daudela diruditen animaliek berehalakoan jasoko dute tratamendu egokia eta, behar izanez gero, albaitariari kontsultatuko zaio. Eri edo zaurituta dauden animaliak behar diren lekuetan bakartuko dira, eta azpi lehor eta erosoak izanen dituzte.

Aratxeek ez dute arazorik izan behar ukuiluetan arriskurik gabe etzateko, atseden hartzeko, lau hankatan jartzeko eta beraien burua garbitzeko.

Aratxeak ez dira lotuko (taldean daudenak izan ezik; horiek lotzen baitira, gehienez ere ordubetez, edoskitze aldian edo esnearen ordezko produktu bat hartzen duten bitartean). Aratxeak lotuz gero, lokarriek ez diete zauririk egin behar eta itotzeko edo zauriak egiteko arriskua saihesteko diseinatuta egon beharko dute; horretaz gainera, aldian behin ikuskatuko dira.

Ukuiluak egiteko erabiltzen diren materialak eta animaliekin kontaktuan egoten ahal diren ekipamenduak ezin izanen dira animalientzako kaltegarriak izan eta ongi garbitu eta desinfektatzen ahalko dira.

Zirkuitu eta instalazio elektrikoak indarra duen nazio araudiari jarraikiz paratuko dira, deskarga elektrikoak saihesteko.

Airearen zirkulazioa, hauts maila, tenperatura, airearen hezetasun erlatiboa eta gasen kontzentrazioa animalientzako kaltegarriak ez diren mugen barnean egonen dira.

Aratxeentzako ukuiluak, kaiola handiak, tresneria eta ekipamenduak behar bezala desinfektatuko dira, kutsadura gurutzatuei aurrea hartzeko eta organismo patogenorik izan ez dadin. Ahalik eta maizen kenduko zaizkie simaurra, gernua eta jan gabeko bazkak edo askatik eroriak.

Zoruak ezin dira izan ez irristagarriak ez konkortsuak, eta bi asteak beteak ez dituzten aratxeek behar bezalako azpiak izanen dituzte.

Bazkaz eta urez hornitzeko ekipamenduak aratxeentzako bazka eta ura ez kutsatzeko ahalik eta hobekien diseinatu, egin, kokatu eta mantendu beharko dira.

Aratxeak ez dira etengabe ilunpetan edukiko. Argi natural edo artifizialeko sistema bat paratuko da, azken finean, goizeko bederatzietatik arratsaldeko bostak arte normalean argi naturalarekin dagoen argitasunaren parekoa emanen duena. Bestalde, argi egokia izanen dute, edozein unetan animaliak osoki ikuskatu ahal izateko.

Animalien osasun eta ongizaterako nahitaezkoak diren ekipamendu automatiko edo mekanikoak egunean behin gutxienez aztertuko dira. Animalien osasun eta ongizatea eguraste sistema artifizialez egiten bada, ordezko sistema egoki bat prest eduki beharko da eta, horretaz gainera, alarmaz ohartarazten duen sistema ere edukiko da, matxura gertatzen baldin bada ere. Sistema aldian-aldian frogatuko da.

Aratxe guztiei bazka emanen zaie egunean bitan gutxienez. Behitegietan taldeka edukiz gero eta beren kasa jaterik edo elikatzeko sistema automatikorik ez badute, aratxe bakoitzak bazka taldeko besteek duten aldi berean izanen du eskura.

Bi aste beteak dituzten aratxe guztiek ur freskoa izanen dute eskura, behar den kopuruetan banatua, edo beren likido premiak asetzeko aukera. Bero dagoenean edo aratxeak eri daudenean, edateko ura izanen dute eskura uneoro.

Aratxeek oritza hartu beharko dute jaio eta hurrengo sei orduetan.

Aratxeen bazkak behar adina burdina izanen du, osasun eta ongizate aldetik ahalik eta hobekien egon daitezen.

Aratxeei ez zaie muturrekorik jarriko.

Bi asteak beteak dituzten aratxeei zuntzezko gutxieneko ano bana emanen zaie egunero. Zuntz kopurua 50 g-tik 250 g-ra handituko da, 8-20 aste dituzten aratxeentzat.

2. ekintza. Kontseiluaren 91/630/EEE Zuzentaraua, 1991ko azaroaren 19koa, Zerriak babesteko gutxieneko neurriei buruzkoa. Zuzentarau hori Kontseiluaren 2001eko urriaren 23ko 2001/88/EE Zuzentarauak eta Batzordearen 2001eko azaroaren 9ko 2001/93/EE Zuzentarauak (3. eta 4. artikulua) aldatu zuten.

75) Zerriak hazteko baldintzak.

Animalia eri edo agresiboak aldi baterako banakako esparruetan daudenean, erraz jiratzen ahalko dira (salbu eta albaitariren batek kontrakoa esaten badu).

Animaliek ikerketa eta manipulazio jarduerak garatzeko materialak eskura izanen dituzte uneoro (lastoa, beste substantzia bat edo beste objektu egoki bat).

Titia kendutako zerrikumeak eta ekoizpenerako zerriak taldean hazteko, dentsitate egokia behar da: 0,15 m² (10 kg baino gutxiago), 0,20 m² (1020 kg), 0,30 m² (2030 kg), 0,40 (3050 kg), 0,55 m² (5085 kg), 0,65 m² (85-110 kg), 1,00 m² (110 kg baino gehiago).

Taldean hazten diren zerrien kasuan, hormigoizko lurzoru parrilladunetan, irekiduren zabalera animalien ekoizpen aldirako egokia izanen da (esne-zerrien kasuan, 11 mm-tik behera; titia kendutako zerrikumeen kasuan, 14 mm-tik behera; ekoizpenerako zerrien kasuan, 18 mm-tik behera; arrak estali dituzten zerri eme eta zerri eme gazteen kasuan, 20 mm-tik behera). Habexken zabalera animalien pisu eta tamainaren araberakoa izanen da (esne-zerrien eta titia kendutako zerrikumeen kasuan, 50 mm gutxienez; ekoizpenerako zerrien, eta arrek estali dituzten zerri emeen eta zerri eme gazteen kasuan, 80 mm gutxienez).

Debekatuta dago zerri emeak lotzea (zerri emeak lotzeko debekua 2006-1-1etik).

Zerri eme gazteei, titia kendutako zerriei eta umedun zerriei zuntz askoko eta eduki energetiko handiko elikagaiak emanen zaizkie, behar duten kopuruan.

Taldean dauden zerri emeek eta zerri eme gazteek behar beste bazka hartzeko aukera izan beharko dute, baita gainerako animaliekin bazkagatik lehiatzen direnean ere. Hori bermatzen duen sistema bat eduki beharko da.

2003ko urtarrilaren 1az geroztik eraikitzen, berreraikitzen edo lehendabizikoz erabiltzen hasten diren ustiategietan:

-Taldean hazi eta arrak estali dituzten zerri eme edo zerri eme gazteei lurzoruaren azalera hauxe egokituko zaie: gutxienez 1,64 metro koadro, zerri eme gazte bakoitzeko, eta, gutxienez 2,25 metro koadro, arrak estali duen zerri eme bakoitzeko (6 zerri baino gutxiagoko taldeetan, lurzoruaren azalera gutxienez %10 handituko da, eta animaliak 40ko edo hortik gorako taldeetan hazten direnean, %10 txikitzen ahalko da). Arrek estali dituzten zerri eme gazteen eta umedun zerrien kasuan, azalera horren zati bat (0,95 metro koadro zerri eme gazte bakoitzeko eta 1,3 metro koadro zerri eme bakoitzeko) lurzoru jarraitu trinkoa izanen da. Horren %1, gehienez ere, drainatzeko irekiduretarako erabiliko da.

-Arrek emeak estali eta hurrengo lau asteetatik erditzeko aurreikusitako dataren aurreko zazpi egunera bitarte, 2,8 m-tik gorako aldeak dituzten esparruetan egon beharko dute (2,4 m-tik gorakoak, sei zerri baino gutxiagoko taldeak badira). 10 zerri eme baino gutxiagoko ustiapenetan edo bakartuta daudenetan, esparruan jiratzeko aukera izan beharko dute.

76) Mutilazioak.

Hortzak ez dira ohikotasunez txikiagotuko. Egitekotan, jaio eta hurrengo zazpi egunen barruan eginen da eta albaitari batek edo behar bezala prestatutako pertsona batek eginen du.

Arrak urraketarik eragin gabe zikiratuko dira. Jaio eta zazpigarren egunetik aurrera egiten bada, albaitari batek egin beharko du eta anestesia eta analgesia erabili beharko ditu.

Isatsgabetze partziala ez da ohikotasunez eginen. Egiten bada, jaio eta hurrengo zazpi egunetan eginen da. Behar bezala prestatutako pertsonek eginen dute eta anestesia eta analgesia erabiliko dituzte. Zazpigarren egunetik aurrera egitekotan, albaitari batek eginen du.

Bestelako ebakuntza traumatiko edo mutilatzaileak egiteko, identifikazio, tratamendu edo diagnostiko arrazoiak beharko dira.

77) Zerri ustiategien baldintza orokorrak.

Animalien esparruko etengabeko zarata ezin izanen da 85 dBe-tik gorakoa izan.

Animaliek gutxienez 8 argi ordu izanen dituzte egunero (gutxieneko intentsitatea: 40 lux).

Esparruak behar bezala egokituta egonen dira, eta ukuiluetatik atsedenleku garbi eta eroso batera igarotzeko aukera egonen da, animaliek elkar ikusi ahal izateko.

Animalien esparruetako lurzoruak koskagabeak, ez-irristagarriak, zurrunak edo azpi egokiz osatuak izanen dira.

Zerriei bazka gutxienez egunean behin emanen zaie eta, taldean ematen bazaie, guztiek aldi berean izanen dute bazka eskura.

Bi aste beteak dituzten zerri guztiek ur freskoa izanen dute eskura etengabeki, behar den kantitatean.

Zerri emeek eta zerri eme gazteek erditzeko behar duten material guztia eta erditzeko espazio libre bat izan beharko dute, ongarri likidoa biltzeko sistemak uzten baldin badu.

Behar izanez gero, umedun zerriak eta zerri eme gazteak barne zein kanpo parasitoen aurka tratatuko dira.

Behar diren neurriak hartuko dira zerri emeen eta zerri eme gazteen taldeetan erasoak ahalik eta gehien murrizteko.

Erditzeko esparruek esne-zerriak babesteko gailuak, hala nola barroteak, izan beharko dituzte.

Erditzeko esparruetan, esne-zerriek esnea hartzeko behar beste leku eduki beharko dute.

Esne-zerriei titia lau asterekin edo gehiagorekin kenduko zaie. Lau aste baino lehen kentzen bazaie, instalazio egokietara eraman beharko dira.

Beharrezko neurriak hartuko dira, ohiko jokabidetik ateratzen diren borrokei aurrea hartzeko, titia kendutako zerrikumeek eta ekoizpenerako zerriek osatzen dituzten taldeetan.

Jatorri ezberdineko esne zerrien nahasketaz osatutako taldeetan hazten diren titia kendutako zerrikumeak eta ekoizpenerako zerriak adin goiztiarrean nahastuak izateko moduan haziko dira.

Bereziki agresiboak diren edo erasoen ondorioz arriskuan dauden titia kendutako zerrikumeak eta ekoizpenerako zerriak taldetik bereiziko dira.

Titia kendutako zerrikumeei eta ekoizpenerako zerriei salbuespenez baizik ez zaie lasaigarririk jarriko, eta betiere albaitariari kontsultatu eta gero.

Esne zerrien esparruko lurzoruaren azaleran, animalia guztiak aldi berean etzaten ahalko dira. Azalera hori solidoa izanen da edo babes materialez eginikoa.

Aketzen esparruetan, aketzek jiratzeko aukera eta gainerako zerriak entzuteko, usaintzeko eta ikusteko aukera izanen dute. Lurzoru librearen azalerak 6 metro koadro edo gehiago izanen ditu (esparrua arrek emeak estaltzeko ere erabiltzen bada, azalerak 10 metro koadro izanen ditu gutxienez).

3. ekintza.-Kontseiluaren 98/58/EE Zuzentaraua, 1998ko uztailaren 20koa, Animaliak abeltzaintzako ustiategietan babesteari buruzkoa. (4. artikulua)

78) Animaliak hazi eta mantentzeko baldintzak.

Ustiategiko animaliak ahalmen, ezagutza eta gaitasun profesional nahikoa duten behar beste langilek zainduko dituzte.

Arreta maiz behar duten animaliak egunean behin ikuskatuko dira, gutxienez.

Abereen instalazioek argi egokia (finkoa edo mugikorra) eduki beharko dute, animaliak edozein unetan ikuskatu ahal izateko.

Eri edo zaurituta daudela diruditen animaliek berehalakoan jasoko dute tratamendu egokia eta, behar izanez gero, albaitariari kontsultatuko zaio. Beharrezkoa bada, eri edo zaurituta dauden animaliak bakartzeko lokal bat izanen da, azpi lehor eta erosoak izanen dituena.

Abeltzainak tratamendu medikoen erregistroa izan beharko du eta ustiategiaren erregistro liburuan edo beste erregistro liburu batean adierazi beharko du ikuskapen bakoitzean hilik aurkitu dituen animalia kopurua. Erregistro horiek gutxienez hiru urtez edukiko dira.

Animalien mugitzeko ahalmena ez da mugatuko, haiei alferrikako sufrimendurik edo kalterik ez eragiteko. Animaliaren bat etengabe edo eskuarki loturik, katean edo nolabait eutsita baldin badago, haren premia fisiologiko eta etologikoetarako leku nahikoa utziko zaio.

Animaliekin kontaktuan dauden eraikuntza materialek ezin izanen diete animaliei kalterik eragin eta ongi garbitu eta desinfektatzeko modukoak izan beharko dute. Material horiek ez dute ertz zorrotzik edo irtenunerik izanen, animaliei zauririk egin ez diezaieten.

Aireztapena, hauts maila, tenperatura, airearen hezetasun erlatiboa eta gasen kontzentrazioa ez dira animalientzako kaltegarriak izanen.

Animaliak ez dira etengabe ilunpetan edukiko, ez eta argi artifizialaren pean behar diren etenaldiak egin gabe ere. Argi naturala aski ez bada, argi artifizial egokia paratuko da.

Beharrezkoa eta egin daitekeena den neurrian, aire zabalean dagoen azienda eguraldiaren erasoetatik, harrapakariengandik eta eritasun arriskutik babestuko da.

Animalien osasun eta ongizaterako nahitaezkoak diren ekipamendu automatiko edo mekanikoak gutxienez egunean behin aztertuko dira. Animalien osasuna eta ongizatea aireztapen sistema artifizial baten menpe badaude, larrialdiko sistema egoki bat prest edukiko da (leihoa irekitzea edo beste batzuk), aire nahikoa berritzeko, sistemak huts egiten duenerako. Aireztapen sistemak alarma eduki beharko du, matxura gertatzen baldin bada ere. Aldian-aldian egiaztatuko da behar bezala funtzionatzen duela.

Animaliek elikadura osasungarria, beren adin eta espezierako egokia, eta behar adinakoa izan beharko dute. Animaliei ez zaie emanen alferrikako sufrimendua edo kaltea eragin diezaiekeen ez jatekorik ez edatekorik.

Animalia guztiek bazka eta ura eskura izanen dituzte, beren premien araberako denbora-tarteetan. Horretaz gainera, kalitate egokiko behar adina ur izanen dute eskura edo edateko premia beste nolabait asetzeko aukera izanen dute.

Bazkaz eta urez hornitzeko ekipamendua bazka eta ur horien kutsadura ahalik eta txikiena izateko diseinatu eta kokatuko da.

Animaliei helburu terapeutikoa, profilaktikoa edo zooteknikoa duten substantziak baizik ez zaizkie emanen, azaroaren 12ko 2178/2004 Errege Dekretuari jarraikiz.

Mutilazioen arloko indarreko araudia bete beharko da.

Ez da erabiliko animaliei sufrimendua edo zauriak eragiten ahal dizkien hazteko prozedurarik, ez naturalik ez artifizialik.

Animaliak ez dira ustiategian mantenduko haien ongizaterako kaltegarriak diren abeltzaintza helburuengatik.

II. ERANSKINA

Estepako hegaztientzako eremu garrantzitsuak

Foru agindu honen ondorioetarako, estepako hegaztientzako eremu garrantzitsutzat jotzen dira katastro-poligonoen zerrenda honetan sartzen diren lehorreko lurzatiak:

Aberin 4; Ablitas: 2, 4, 6, 7, 9, 11, 12, 13 eta 14; Allo: 1, 4 eta 6; Andosilla: 1, 5, 6 eta 11; Los Arcos: 18; Arellano: 3 eta 4; Arguedas: 7, 8, 9, 10 eta 11; Arroitz: 7; Beire: 1, 2 eta 3; Berbintzana: 4 eta 5; Cabanillas: 6, 7, 8 eta 9; Caparroso: 1 eta 2; Cárcar: 2, 4, 6, 7 eta 10; Zarrakaztelu: 16, 17 eta 18; Cascante: 14, 15 eta 16; Castejón: 5; Cintruénigo: 3 eta 6; Corella: 9, 10, 13, 14, 15 eta 16; Deikaztelu: 7, 8 eta 9; Faltzes: 5, 11, 14, 15, 16, 17, 18, 20 eta 21; Fustiñana: 1, 4, 5, 6, 7, 8, 10, 11 eta 12; Larraga: 4, 5, 6 eta 9: Lerin: 1, 5, 6, 7, 8 eta 9; Lodosa: 8 eta 9; Martzilla: 7 eta 9; Mendabia: 8, 10, 11 eta 15; Miranda Arga: 1 eta 2; Morentin: 2; Murillo el Cuende: 2; Erriberri: 1, 2 eta 12; Oteitza: 1, 2, 3 eta 4; Azkoien: 12, 13 eta 14; Pitillas: 1 eta 5; Santakara: 1 eta 2; Sesma: 4, 5, 6, 7 eta 10; Tafalla: 9, 10, 11, 12, 13, 14 eta 15; Tutera: 10, 11, 13, 14, 25, 26, 39, 40, 41, 42, 43, 45, 46, 47, 48, 49 eta 50; Valtierra: 12; Villatuerta: 3 eta 4; 32. fazeria: 1; eta Errege Bardea: guztiak.

III. ERANSKINA

Flora espezie babestuak dauden eremuak

Foru agindu honen ondorioetarako, flora espezie babestuak dauden eremutzat jotzen dira katastro-poligonoen zerrenda honetan sartzen diren lehorreko lurzatiak:

Aberin 1; Aguilar Kodeskoa: 2; Ameskoabarren: 5 eta 6; Araitz: 5 eta 6; Arantza: 2, 3, 4, 5 eta 6; Arano: 3; Arakil: 1 eta 4; Artze: 16; Arguedas: 8; Atetz: 2; Aiegi: 1 eta 2; Basaburua: 3 eta 4; Baztan: 1, 11, 13, 21, 22, 23, 25, 26, 27, 28, 29, 30, 31, 32, 33, 34, 35, 36, 37, 38, 39, 40, 41, 42, 43, 44, 45, 49, 53, 54, 55, 57, 58, 60 eta 75; Burgi: 1 eta 2; Cascante: 17 eta 19; Cintruénigo: 4 eta 5; Ziordia: 1; Zirauki: 1, 5 eta 8; Zizur: 7, 11 eta 14; Deikaztelu: 1; Donamaria: 1; Etxalar: 21 eta 22; Etxarri Aranatz: 4; Ergoiena: 4, 6, 7 eta 9; Ezkurra: 3; Fitero: 1 eta 3; Galar: 8, 10 eta 11; Galoze: 6 eta 9; Garralda: 1 eta 2; Goizueta: 10, 11, 12, 13, 14 eta 15; Goñi: 1, 2 eta 3; Girgillao: 1, 2 eta 4; Uharte Arakil: 1 eta 2; Ibargoiti: 10 eta 11; Izaba: 6, 7, 11, 12, 15, 16, 17, 19 eta 21; Ituren: 4 eta 5; Txulapain: 1 eta 7; Lana: 1; Legarda: 1; Leitza: 5 eta 6; Leotz: 9 eta 21; Lesaka: 8 eta 9; Lezaun: 2, 3, 5 eta 6; Mendaza: 4, 5 eta 6; Elo: 4; Nabaskoze: 12; Nazar: 1; Olazti: 7, 10 eta 11; Gares: 1; Erromantzatua: 3 eta 11; Erronkari: 4; San Martin Unx: 2; Sunbilla: 1; Tebas: 3; Torralba del Río: 1, 3 eta 4; Tutera: 48, 49 eta 50; Ultzama: 11 eta 12; Urraulgoiti: 8; Uterga: 1; Uztarroze: 7; Valtierra: 12; Bidankoze: 1 eta 6; Villatuerta: 2; Igantzi: 3, 4 eta 5; Deierri: 7, 8, 10, 11, 13, 27, 28, 29 eta 30; Esa: 1; Zubieta: 1 eta 2; Zugarramurdi: 1 eta 2; 23. fazeria: 3 eta 7; fazeria: 26: 1; 41. fazeria: 1; 74. fazeria: 1; fazeria: 82: 1; 87. fazeria: 1, 3, 4 eta 5; 91. fazeria: 1; Errege Bardea: 8, 17, 20, 21, 22 eta 25; Andia: 1, 4, 5; Aralar: 1; Urbasa: 1, 3, 4 eta 19; Irurtzun: 2.

Iragarkiaren kodea: F0916695