72. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2009ko maiatzaren 18koa, Nafarroako Gobernuarena, Iruñerriko Mankomunitateak aurkeztutako "Iruñerriko Ibai Parkea Handitzeko Plana" Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzen duena.

2009ko otsailaren 20an, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak tramitatzeko aurkeztu zuen Iruñerriko Ibai Parkea Handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala.

I. XEDE OROKORRA

Plan Sektorial horren xedea Arga ibaiaren eta bere adarren Ibai Parkearen handitzea arautzea da, ondoko ibai eta tarteak kontuan hartuta:

-1. tartea: Ultzama ibaia, Ostiztik Soraurenen gaur egungo ibai parkearekin lotu arte.

-2. tartea: Arga ibai garaia, Zubiritik Irotzen gaur egungo ibai parkearekin lotu arte.

-3. tartea: Urbi ibaia, Ustarroztik Uharten gaur egungo ibai parkearekin lotu arte.

-4. tartea: Sadar ibaia, Zolina/Ezkorizko urmaeletik NUPeko Campuseraino.

-5. tartea: Elortz ibaia, Dorretik goitiko aldetik Sadar ibaiarekiko elkarguneraino (Nafarroako Unibertsitatearen campusa), Besaire ibaia barne dela Elortz ibaiarekiko elkargunetik Moreako aintziraraino.

-6. tartea: Arga Beherea ibaia, Etxarritik Barañainen gaur egungo ibai parkearekin lotu arte.

Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala honako dokumentu hauek osatzen dute: Memoria, Planoak, Hirigintzako Araudia eta Ingurumen ondorioen azterlana. Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren dokumentazioa osoa dela uste da.

II. PROPOSAMEN OROKORRAREN ELEMENTU ESANGURATSUAK

A) Helburuak

Kontuan hartu diren ibaietan jarduteko helburuak eta dagozkien irizpideak funtsezko hiru alderditan zehaztu ahal dira:

1. Ibai-inguruaren ingurumen egoera hobetzea.

Horretarako, hau proposatu da: a) dagoen landaredia errespetatzea; b) landaredi naturaleko zerrenda luzetara handitzea eta integrazio-espazioak txertatzea, paisaiaren eta ingurumenaren aldetik soil-soilik landuta; eta c) ibaien erregimena errespetatzea, parkea tarteren batean urak azpian har dezakeela aintzat hartuta.

2. Herritarrek erabiltzeko espazio eta ibilbideak gaitzea.

Planean hainbat pasealeku eta bidexka gaitu da herriguneak elkarren artean lotzeko, horrela mugikortasun iraunkorra bideratuko delakoan. Hori burutzearen ondoriozko eragina murrizteko, pasealeku eta bidexkak lehendik dauden pista edo bideen gainean trazatzen dira, beharrezkoak diren baldintzek horretarako aukera ematen dutenean. Halaber, herriguneetara modu errazagoan sartzeko eta uneoro egokia den ibaiertza aukeratu ahal izateko, pasealekuan pasabide egokiak jarri dira. Pasealekuak ibilgailuen trafiko handia duten komunikazio bideak zeharkatu behar dituenean, maila desberdinetako soluzioak hartu dira, arrisku egoerak saihesteko.

Pasealekuen sarea osatzeko, atsedenerako jolas guneak gaitu dira, pasealarien eskura egonen diren elementuekin ekipatuta, besteak beste iturriekin, kioskoekin, eserlekuekin, erretegiekin, etab. Nolanahi ere, gune horietan egin beharreko urbanizazio eta eraikuntza maila araudian mugatuta egonen da, jarduerek ahalik eta ingurumen eragin txikiena izan dezatela nahi delako.

3. Zuzenketak eta eragin txarren hobekuntza.

Ibai-espazioak jasaten duen eragin txarrik larrienetako bat ibaian zehar eraikita dauden etxola ugariak dira; horietako asko legez kanpokoak dira eta ibaiaren zortasun gunea inbaditzen dute. Kasu horietan, Udalez gaindiko Plan Sektorialak etxola horiek eraistea aurreikusiko du.

Legea bete arren kaltegarritzat jotzen diren instalazio edo obren kasuan, Udalez gaindiko Plan Sektoriala garatzeko proiektuek instalazio edo obra horiek zuzendu edo moldatzea aurreikusi ahal izanen dute. Era berean, uraren higadurak eragiten dituen kalteen konponbidea aurreikusi ahal izanen da, bereziki arrisku egoerak sortu ahal dituztenean.

B) Uholde arriskua

Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak Nafarroako ibaien uholde arriskuari buruzko hainbat azterlan egin du. Udalez gaindiko Plan Sektorial honen jarduera eremuaren barruan, Arga ibaiaren uholde arriskua aztertuta dago goiko eta beheko tarteetan, baita Ultzama ibaiarena, Elortz ibaiarena eta Sadar ibaiarena -Mutiloatik Iruñeraino- ere; horietarako, irudi bidez agerrarazi dira 5, 10, 100 eta 500 urteko itzul-aldiak dituzten uholdeetarako uholde guneak. Urbi ibaiaren uholde arriskuari buruzko azterlana ez dago eskuragarri oraindik.

C) Komunikazio sistemaren gorabeherak

C.1. Bide sarearekin (Nafarroako Errepideen 2002-2009ko Plan Zuzentzailea).

IOS: Iruña-Frantzia Belaten barna. Jarduera-zenbakia: 23. N-121-A errepidean Ostizko Saihesbidea egitea.

Dokumentua idazterakoan, pasealekuaren trazadurari eragiten ez dion jarduera hori amaitzen ari zen. Hain zuzen ere, pasealekua lotune berriaren euste-lotuneetako baten azpitik igarotzen da, Enderitz aldean.

Herriguneetako saihesbideak. Jarduera-zenbakia: 122. NA-700 errepideko Ororbiako saihesbidea.

Jarduera hori oraindik ez da burutu eta baliteke pasealekuaren trazaduran eragina izatea pasealekua NA-700 errepidera hurbiltzen den lekuan, baina iparraldetik desbideratzen denez gero ez dio kalterik eginen planteatutako trazadurari.

Iruñerria. Jarduera-zenbakia: 132. Ekialdeko ingurubidea iparraldetik ixtea. Olatz-Olloki tartea.

Oraindik burutu ez den jarduera horrek Uhartetik igarotzen den Urbi ibaiaren tarteari eraginen dio. Pasealekua, ibaia zeharkatzen den lekuetan, proiektuan aurreikusi diren oinezkoentzako azpiko pasabideetara moldatu eginen da.

NA-150 errepidea bikoiztea Egues eta Olatz artean.

2002-2009ko Plan Zuzentzailean aurreikusita egon ez arren, orain garatzen ari den Planean NA-150 errepidea Urbi ibaia zeharkatzen duen aldean bikoiztea aurreikusteko aukerak daude. Urbi ibairako planteatuta dagoen pasealekuan errepide hori azpiko pasabide biren bitartez zeharkatzea aurreikusi da, horrela bere luzera handitu ahal izanen baita obraren bilakaeraren arabera. Obra hori pasealekua egin aurretik egiten bada, pasealekua obrara moldatu ahal izanen da, eta are gehiago, errepidea zein ibarretatik zeharkatu behar duen, hori ere aldatu ahal izanen da.

C.2. Trenbide sarearekin (Nafarroako Abiadura Handiko Korridorea, Iruñerrian).

Nafarroako Abiadura Handiko Korridoreak Iruñerri aldean duen trazadurak Iruñeko Trenbidearen Kizkurgunea desagerraraztea du funtseko xede; era berean, geltoki berria ezartzea aurreikusi da, eta horrek Arga beherearen tartean ibai parkeari eraginen dio. Udalez gaindiko Plan Sektorialak horri buruz zera azaltzen du: "Arga ibaia zeharkatzeko ezarrita dauden zubibideak kontuan hartuta, ibai horretan ibai parkea handitzeko planteatzen den pasealekuak ez du arazorik izan behar".

D) Obra zibila. Egiturak

D.1. Trazadura.

Ibai parkea ibaiaren ertzetako batetik igaroko da. Alde batetik, oinezkoen eta txirrindularien aisialdirako erabili ahal izanen da, eta bestetik garbiketako, mantentze-lanetako eta lorezaintzako ibilgailuen zerbitzu-bide gisa. Etenik ez izateko, pasealekua beharrezkoak diren egiturez hornituko da (besteak beste ubideen gaineko pasabideez). Parametro hauek ezarri dira:

-Gutxieneko erradio orokorra: 10 m.

-Unean uneko gutxieneko erradioa: 5 m.

-Gehieneko malda: %8.

-Unean uneko gehieneko malda: %12.

-Zeharkako malda: %2.

D.2. Zabalerak eta zoru-mota.

Pasealekuak 4 m-ko zabalera izanen du oinezkoen eta txirrindularien trafikoa bateragarriak izateko. 10 m-ko integrazio-zerrenda baten barruan egonen da, eta ahal dela, ibaitik urrunen dagoen zerrendan, ibaiko landaredia leheneratzeko berma uzteko, beharrezkoa izanez gero landaketak eginda. Tarte jakin batzuetan (orografiak eragindako tarte estuagoak, pasabideak, etab.) zabalera gutxienez 2,5 m-raino murriztuko da. Proposatu den zoru-motaren egitura-sekzioa ondoko hau da:

-Zabalgune eskarifikatua, finkatutako sestraduna eta trinkotua.

-20 cm-ko oinarria, Proctor saiakuntza aldatuaren arabera %100ean trinkotutako harrobiko zabor-legarrezkoa.

-Beharrezkotzat jotzen denean, higadurak, uholde-arriskuak, maldek, etab. sortutako arazoengatik, lehengo oinarri horren gainean HP-35 motako hormigoizko 16 cm-ko geruza, errekarriz osatutako agregakinez egina, gainazaleko akabera garbitua duena.

D.3. Bidexkak.

Bidexka ireki berrietarako, hau proposatu da: gutxienez 2 metroko zabalera, eta kaxa irekiz eta Proctor saiakuntza arruntaren arabera %98an trinkotutako 20 cm-ko ibaiko zabor-legarrez osatutako zorua. Lehendik dauden bidexkak -hau da, bidexka gehienak-, garbitu eginen dira, besterik gabe.

D.4. Maila bereko pasabideak eta azpiko pasabideak errepideetako bidegurutzeetan.

Pasealekuak dagoen errepidea maila berean zeharkatu behar duen kasuetan, errepideko trafikoaren fluxua egunean 1.000 ibilgailu baino gutxiagokoa izatea eskatzen da, edo bestela, kopuru hori gaindituta, bestelako konponbideren bat (goiko pasabideak edo azpiko pasaguneak) teknikari edo ekonomiari dagokionez ezin egitea. Pasabide horietan hainbat motatako seinaleak jarriko dira, horizontalak zein bertikalak, bai ibilgailuentzat bai pasealekuko erabiltzaileentzat. Kasuz kasu aztertu beharko da, eta semaforoak edo oinezkoentzako gaineko pasabideak jartzea ere proposatu ahal izanen da.

Ibilgailuen trafikoaren fluxua dela-eta maila bereko pasabide bat jartzea komenigarria ez denean, errepidea zeharkatzeko azpiko pasabideak erabiliko dira. Horiek egiteko, obrak egiten diren denboran errepidea eten beharko da. Hori ezinezkoa den kasuetan, adibidez Barañain ondoan, Oltza Zendeako trenbidean, pasabide horiek zulaketa sistemaren bidez egin ahal dira.

D.5. Pasabideak zubietan zehar edo zubien azpitik.

Hainbat lekutan ibaia zeharkatzeko dauden zubiak erabiltzen dira, eta bidea ibilgailuekin konpartitzen da. Maila bereko pasabideetan egiten den bezala, konponbide hori aukeratzen da errepideko trafikoa eguneko 1.000 ibilgailu baino gutxiagokoa denean edo, handiagoa izanik, oinezkoak eta txirrindulariak ibiltzeko zabalera eta segurtasun nahikoko guneak daudenean. Hainbat motatako seinaleak jarriko dira, horizontalak zein bertikalak, bai ibilgailuentzat bai pasealekuko erabiltzaileentzat.

Kasu jakin batzuetan zubien begiak aprobetxatzen dira pasealekua azpiko mailatik igarotzeko. Begi horiek aprobetxatuko dira baldin eta baldintza geometrikoak pasealekua atontzeko egokiak badira eta egituraren ahalmen hidraulikoa murrizten ez bada.

D.6. Arrainentzako eskalak.

Ibaien egoera ekologikoa hobetzeko jardueretako batzuk arrain-espezieen migrazio mugimenduak erraztea helburu dutenak dira, adibidez dauden presetan arrainentzako eskalak, dikeak, arrapalak, ubideak, etab. egitea, baldin eta presa horiek eraistea ezinezkoa bada.

E) Tratamendu berezia duten guneak

E.1. Atsedenlekuak.

a) Atsedenleku soilak.

Gune horiek hainbat jardueratarako oinarrizko ekipamendua izan dezatela nahi da; hona hemen jarduera horietako batzuk:

-Kirol jarduerak: Gimnasia zirkuituak zurezko elementuekin.

-Haurren jarduerak: haurrentzako jolasak.

-Kultura jarduerak: Botanikari, faunari, historiari eta hidraulikari buruzko informazioa.

-Gastronomia jarduerak: altzariak, besteak beste mahaiak, eserlekuak eta erretegiak.

Halaber, ekipamendu hori osatu eginen da gune bakoitzaren izaera eta aukerak kontuan hartuta, ibilgailuak aparkatzeko guneekin, ereiteko guneekin, zuhaitz edo zuhaixken landaketekin, seinaleekin, paperontziekin, etab.

b) Atsedenleku tematikoak.

Urari eta naturari lotutako gaiekin zerikusia duten erakarpen guneak dira. Gune horiek landa izaerakoak izanen dira, baina urbanizatuagoak izanen direla aurreikusi da, dela hiriguneetatik hurbil egoteagatik, dela haietan ezarri ahal diren jarduerengatik, beren interesa kontuan hartuta. Gune horiek urbanizatzeko elementu erakargarriak erabiliko dira jarduera horiek estalpean edo leku itxietan egin behar badira. Modu horretan, parkearen edukiak alde batetik helburu horretarako atondutako eraikin batean kokatuko lirateke, eta bestetik, beste eduki batzuk aire zabalean egonen lirateke, gunean zehar barreiatuta.

E.2. Ibai Ingurumenaren Integrazioko guneak.

Ibaiaren bi ertzetako lur zerrenda zabala da, parkearen mugen barruan dagoena, pasealeku bat egiteko ezinbestekoa dena baino haratago, ibai ingurua leheneratu eta zaintzeko helburuarekin. Zerrenda horiek barnean hartzen dute dagoen ertzeko landaredia, landaredi horretatik kanpo pasealekua eginen dela, baita beste elementu batzuk ere (meandro txikiak, ezpondak, gune interesgarriak, baratzeak...) ibaiaren egoera ekologikoa hobetzea helburu dela.

E.3. Eraikin bereziak.

Horrelakoak dira Udalez gaindiko Plan Sektorialaren eremuaren barruan egonik interes soziokulturalagatik, ibaiarekiko harremanagatik edo abandonatuta egoteagatik tratamendu jakin bat duten eraikinak. Eraikin horiek leheneratzeko eta Ibai Parkearen erabileretan sartzeko aukera planteatu da. Eraikin horien artean nabarmentzen dira Etxauriko errota eta garbitokia eta Zizur, Ziritza, Etxarri eta Larrasoañako errotak.

F) Aurreikuspenik esanguratsuenak tarterik tarte

1. tartea: Ultzama (Sorauren-Ostitz).

Tarte horretan hiru atsedenleku aurreikusi dira:

AR-1 (T2) Ostiztik goiti, tartearen hasiera/amaieran.

AR-2 (T2) Enderitzerako sarreran.

AR-3 (T2) Olaitzerako sarreran.

Halaber, goiko pasabideez eta beste elementu batzuez gain, maila bereko bi pasabide aurreikusi dira Enderitzerako eta Olaitzerako sarreretan, baita arrainentzako eskala bat ere Soraurengo presan. Aldez aurretik presa hori eraitsi ahal den baloratu beharko da.

2. tartea: Arga garaia (Esteribar).

Tarte horretan hiru atsedenleku aurreikusi dira:

AR-4 (T2) Urdaitzen.

AR-5 (T1) Larrasoañan.

AR-6 (T2) Zuriainen.

Maila bereko bi pasabide proposatu dira: bat bide-adar bat zeharkatzeko Larrasoañaren iparraldean eta beste bat Ilurdotzeko sarreran. Halaber, beste hainbat elementuren artean nabarmentzen dira arrainentzako eskala moduko bi pasabide: Urdaizko errotaren presan eta Larrasoañako errotaren presan. Pasealekuaren tarte batzuk bat datoz Done Jakue bidearekin.

Parkea Zubiriko Kontzejura arte iristeko asmoa dago. Hala ere, Magnako higakinek hartzen duten gunean, azterlan bat egiten ez den arte eta gerora Magnak hartzen duen gune osoa antolatzeko konpromisoa hartzen ez den arte egokiagotzat jo da pasealeku bat ez jartzea, kontuan hartuta metatutako materialen eta makina astunen joan-etorrien ondorioz sor daitezkeen arriskuak. Dena dela, Arga ibaiak eraginpean dagoen gune osoa zeharkatzen duenez, Udalez gaindiko Plan Sektorialaren mugen barruan gainerako tarteetan bezala ibaiaren paraleloan bi ertzetan ibaiaren ertzetatik beraietatik haratago 10 m-ko zabalera duen zerrenda bat jartzea planteatu da, indarrean dagoen lurzati planoaren arabera. Modu horretan abiapuntu bat eduki nahi da ibaiaren espazio hori erreklamatzeko eta Urari buruzko Legeak ezartzen duen bide zortasuna berreskuratzeko. Tarte horretan pertsonak ibaiaren bi ertzetatik segurtasun egoera egokietan ibiltzeko baldintzak daudenean, pasealekuari jarraipena eman ahal izanen zaio.

3. tartea: Urbi (Uharte-Egues).

Pasealekua Ustarrozko mugapean hasten da, Eguesibarko Udal Planean etorkizunerako proposatu den urmaelak eta herrira sartzeko gaur egungo errepideak bat egiten duten lekuan. Urmaelaren eskuineko ertzean 10 m-ko zabalera duen zerrenda aurreikusi da, bertatik pasealekua ibil dadin.

Tarte horretan hiru atsedenleku aurreikusi dira:

AR-7 (T1) Gorraitz/Eguesen.

AR-8 (T2) Altzuzan.

AR-9 (T1) Uharten.

Hainbat elementu proposatu da, besteak beste maila bereko pasabide bat Frantziarako errepidea Luzaiden zeharkatzeko, Ekialdeko ingurubidea ixten denean (horretako Udalez gaindiko Plan Sektoriala onetsita dago jada) errepide horren trafikoa murriztea espero baita.

Tarte horretan, eta geografia nahiz hirigintza arloko eragozpenak direla-eta, pasealekurako, Egues, Gorraitz eta Uharteko mugapeetan zehar, hiru ibilbide alternatibo proposatu dira. Ibilbide horiek (haietako baten bat "El Irati" izeneko trenbide zaharraren ibilbide beretik doa) ibai-espaziotik bertatik aldenduko lirateke.

4. tartea: Sadar (Aranguren).

Tarte horretan pasealekua Zolinako urmaelean hasten da. Urmael hori Udalez gaindiko Plan Sektorialaren eremuaren barruan geratzen da, gutxi gorabehera 500 kotaraino heltzen den inguruko guneaz batera.

Tarte horretan hiru atsedenleku aurreikusi dira:

AR-10 (T1) Ezkorizko edo Zolinako urmaelaren inguruan, urmaelaren behatoki gisa, ornitologia aldetik balio handia duela kontuan hartuta.

AR-11 (T2) Labianon, urmaelaren eremuaren ipar-ekialdeko muturrean.

AR-12 (T2) Zolinan.

Halaber maila bereko hiru pasabide proposatu dira Mutiloagoitiko bide sareko kaleak edo bide-elementuak zeharkatzeko.

5. tartea: Elortz (Zizur, Beriain/Dorre).

Tarte horretan zazpi atsedenleku aurreikusi dira:

AR-13 (T2) Zabalegin.

AR-14 (T2) Dorren.

AR-15 (T2) Imarkoainen.

AR-16 (T1) Beriainen, Moreako aintzira.

AR-17 (T2) Noain-Akueduktuan.

AR-18 (T2) Getze Galarren.

AR-19 (T2) Zizur Txikian.

Hainbat elementu proposatu dira, besteak beste maila bereko sei pasabide, ondoko hauek zeharkatzeko: Zizur Txikirako, Ezkirotzerako eta Getze Galarrerako sarrerak, Campsaren instalazioetarako sarrera eta Beriainen N-121 errepidearen ekialdean dauden industria-nabe batzuetarako sarrera.

Ibai Parkearen punturik bereizgarrienetako bat Moreako aintzira da. Horregatik, Besaire ibaiaren ibilbideari jarraitu zaio Elortz ibaiarekiko elkargunetik aintziraraino, eta bertan proposatu da AR-16-Morea atsedenlekua. Atsedenleku horrek perimetroko gunea hartuko du, poligonoetarako sarbideen eta ur-azalaren artean iparraldean eta hegoaldean dagoen zerrenda barne dela; ekialdean ponpa multzo zaharren instalazioen gunea sartuko da; eta zerrenda zabalago bat ere bai, leku batzuetan 100 m-tik gorakoa, mendebaldeko gune landatuetan.

6. tartea: Arga Beherea (Oltza-Bidaurreta).

Tarte horretan, ibaiaren ertz batetik bestera aldatzeko zortzi pasabidez gain, sei atsedenleku proposatu dira:

AR-20 (T2) Arazurin.

AR-21 (T2) Ororbian.

AR-22 (T2) Iberon.

AR-23 (T1) Iberon.

AR-24 (T2) Etxaurin.

AR-25 (T1) Etxarrin.

Ibero eta Etxauri arteko pasealekua ibai espaziotik bereizten da. Arga ibaiaren eta Arakil ibaiaren meandroak zeharkatzen ditu biek bat egiten duten gunean.

Laburpen taula: Pasealekuaren luzera, tartez tarte.

LUZERA (m)

TARTEA

UDALERRIA

KONTZEJUA

LEHENDIK DAGOENA

BERRIA

GUZTIRA

1. tartea-Ultzama

ODIETA

1.143

1.143

OLAIBAR

784

3.685

4.469

EZKABARTE

647

326

973

1. tartea - Ultzama guztira

1.431

5.154

6.585

2. tartea-Arga garaia

ESTERIBAR

860

7.800

8.660

2. tartea-Arga garaia guztira

860

7.800

8.660

3. tartea-Urbi

EGUES

3.212

4.236

7.447

UHARTE

1.302

1.302

3. tartea - Urbi guztira

4.514

4.236

8.749

4. tartea-Sadar

ARANGUREN

3.985

5.090

9.075

4. tartea - Sadar guztira

3.985

5.090

9.075

5. tartea-Elortz

BERIAIN

1.056

1.056

NOAIN

3.013

5.144

8.156

GALAR

1.880

3.388

5.268

ZIZUR

345

2.469

2.469

5. tartea - Elortz guztira

5.237

12.057

17.294

6. tartea-Arga beherea

IRUÑA

45

45

ZIZUR NAGUSIA

100

21

121

BARAÑAIN

449

327

776

OLTZA

Arazuri

1.708

4.011

5.719

Ibero

1.269

1.157

2.426

Ororbia

183

2.079

2.262

ETXAURI

2.386

613

2.999

ZIRITZA

850

850

ZABALTZA

1.771

1.771

ETXARRI

1.918

1.918

BIDAURRETA

526

255

781

6. tartea-Arga beherea guztira

6.621

13.048

19.669

Iruñerriko Ibai Parkearen Handitzea guztira

22.647

47.386

70.033

I) Kalkulatu den aurrekontua

1. tartea: Ultzama ibaia: 745.147,50 euro.

2. tartea: Arga ibai garaia: 1.332.602,00 euro.

3. tartea: Urbi ibaia: 1.009.730,20 euro.

4. tartea: Sadar ibaia: 402.630,00 euro.

5. tartea: Elortz ibaia: 1.908.294,60 euro.

6. tartea: Arga ibai beherea: 2.946.585,54 euro.

Exekuzio materiala, guztira: 8.344.989,84 euro.

Kontrataren aurrekontua guztira: 9.680.188,21 euro.

Aurrekontu orokorra guztira: 11.229.018,32 euro.

G) Hirigintzako oinarrizko determinazioak

G.1. Lurzoruaren sailkapena.

Plan Sektorialak dagokion udal planeamenduak ezarritako lurzoruen sailkapenari eusten dio, aintzat hartuta lurzoruen baldintza objektiboek justifikatzen dutela beren sailkapena, eta Udalez gaindiko Plan Sektorialak bere horretan onartu behar dituela.

Hiri lurzorua Olaibar, Esteribar, Uharte, Eguesibar, Aranguren, Galar, Noain (Elortzibar), Beriain, Barañain, Oltza eta Etxauri udalerrien ertzetan mugatuta dauden lurzoruei dagokie. Udal planeamenduak kasu guztietan helburu hau ezartzen du: ibai-ertza erabilera publikoko gune libre gisa tratatzea, ur jabariaren babesari buruzko legeek ezarritako zortasunei eutsita, edo bestela ibilbide gisa tratatzea.

Lurzoru urbanizagarria beren banaketa eremuan egonik plan partzialen bitartez garatu beharreko lurrak dira. Sektorearen zerbitzuko berdegune publikoetarako erabili behar dira. Plan sektorialak gune horiek Ibai Parkean sartzen ditu. Lurzoru urbanizagarriaren barruan dauden Ibai Parkeko guneak Eguesibar, Galar eta Noain (Elortzibar) udalerriei dagozkie.

Lurzoru urbanizaezina gainerako lurrak dira.

G.2. Lurzoru urbanizaezinaren kategoriak.

Lurzoru urbanizaezinean kategoria hauek bereiziko dira: babestu beharreko lurzoru urbanizaezina, indarreko sektore legediaren eraginpean dauden lurrak barnean hartzen dituena, eta gorde beharreko lurzoru urbanizaezina, gainerako lurrak hartuko dituena.

Lurzoru urbanizaezina udal planeamendu batzuek eta besteek hainbat modutan tratatzen dute araudi aldetik. Horregatik, Plan Sektorialak lurzoru mota horren sailkapenari eusten dio, baina lurren kategoriak aldatzen ditu, ibaiko pasealekua Ibai Parkearen multzoa taxutzen duten gune eta parke osagarriekin batera sortzearen helburuari moldatzeko.

G.3. Erabileren zerrenda beren funtzioaren arabera.

Udalez gaindiko Plan Sektorialean ondoko erabilera hauek ezarri dira:

-Alternatiba nagusia-dagoen bidea.

-Alternatiba nagusia-bide berria.

-Bizikletentzako bidezidorraren alternatiba.

-Lehendik dauden bideekiko lotura.

-Ibaia.

-Atsedenlekuak (1. mota eta 2. mota).

-Integrazio guneak.

-Berdegunea.

-Pasabideak (maila berean, zubi azpitik, zubi gainetik, azpian eta maila berean).

-Altxonbideak.

-Bide interesgarriak.

G.4. Erabilera eta eraikin babestuak.

Erabilera babestuak sektoreko legediaren eraginpean dauden lurzoruei dagozkienak direla planteatu da. Gainera, babestu eginen dira udal planeamenduetan hala definituta dauden elementu arkitektoniko edo arkeologikoak nahiz Interes Kulturaleko Ondasunak eta beren ingurua. Beste alde batetik, Udalez gaindiko Plan Sektorialean Etxarriko eta Etxauriko errotak eta Zizurren Huerta del Moroko presa eta errota babestu eta birgaitzea planteatzen da.

G.5. Jarduketa sistema.

Ibai Parkearen kudeaketa publikoa izanen da, integratuta dauden Udalen, Iruñerriko Mankomunitatearen eta Nafarroako Gobernuaren bitartez. Sistema orokorraren exekuziorako jarduketa sistema desjabetzea izanen da.

G.6. Determinazioen izaera.

Udalez gaindiko Plan Sektorialaren determinazio egituratzaileak honako hauek dira:

-Udalez gaindiko Plan Sektorialaren eremua.

-Indarraldia.

-Lurzoruaren sailkapena.

-Sistema orokor gisa hartzea.

-Jarduketa sistema.

-Lurzoru urbanizaezineko jarduera debekatuak eta bateraezinak.

-Lurzoru urbanizaezineko kategoriak.

Memorian zein hirigintzako araudian agertzen diren gainerako gaiak determinazio xehakatutzat hartuko dira.

III. LURRALDEAREN ETA HIRIGINTZAREN GAINEKO GOGOETAK

Udalez gaindiko Plan Sektorialaren memoriaren testua eta, bereziki, Ibai Parkearen interes eta onura publikoaren justifikazioari buruzko atala aztertuta, lurraldearen eta hirigintzaren gaineko gogoeta hauek planteatu ahal dira.

"Iruñerriko Ibai Parkea" eta "Argako Ibai Pasealekua", ideia berberaren emaitza diren bi errealitate dira, eta Iruñerriaren barruan Arga, Ultzama, Elortz eta Sadar ibaien ertzetako tarte batzuetan zehar ibiltzen den ibai parkean gauzatzen dira. Haietako lehenengoak Burlata, Atarrabia, Uharte, Eguesibar, Esteribar, Ezkabarte, Barañain eta Zizur Nagusia udalerriak zeharkatzen ditu; bigarrena Iruñean zehar ibiltzen da ekialdetik mendebaldera, Arga ibaiaren ertz bati edo biei nahiz Sadar ibaiaren hainbat tarteri jarraikiz. Orain proposatu den handitzearekin Ibai Parkearen eremuari honako udalerri hauek batuko zaizkio: Odieta, Olaibar, Aranguren, Beriain, Noain-Elortzibar, Galar, Zizur Zendea, Oltza Zendea, Etxauri, Zabaltza, Ziritza, Etxarri eta Bidaurreta. Gaur egun guztira pasealekuko 33 km burutu dira -horiei beste 47 km gehituko zaizkio- arrakasta nabarmenarekin, herritarrek pasealeku hori nola erabiltzen duten kontuan hartuta.

Ibai Parkearen kontzeptua hainbat alderdiri (besteak beste ingurumena, lurraldearen antolamendua, komunikazio sistema, hidrologia, udalerrien arteko harremana, historia eta hezkuntza) buruzko gogoetaren emaitza da. Alderdi horiek edukia eta justifikazioa ematen diote ibai parkearen interes publikoari eta onura sozialari. Interes hori zein onura hori Udalez gaindiko Plan Sektorial honetan agertzen dira Ibai Parkearen izaeraren berezko emaitza gisa.

Ibai Parkearen balorazioa lurralde eta hirigintzako arloko alderdietara murriztuta, bidezkoa da adieraztea Ibai Parkeak bizilagunei beren aisialdirako erabiltzeko moduko espazioak emanen dizkiela kirol, haur, kultura edo gastronomia jardueretarako oinarrizko ekipamenduaz hornitutako pasealeku, bidexka eta atsedenlekuak gaituko dituelako, eta horrela Parkea eskualdeko oinezko eta txirrindularien sarean txertatuko delako. Alde horretan nabarmendu behar da Ibai Parkearen ezaugarri nagusietako bat bere jarraitutasuna dela; horrenbestez, Parkea hainbat udal mugapetan zehar ibiltzen denez, bertako herritar guztiek eta, bereziki, Ibai Parkearen barruan dauden udalerrietako herritarrek, sartu eta gozatzeko aukera izanen dute, modu horretan Udal batzuetako eta besteetako herrien arteko komunikazioa erraztuko delakoan.

Orain egin den proposamenari buruzko balorazio orokorra positiboa da bere asmoari, edukiari eta gizarte eraginari dagokienez. Bestalde, Udalez gaindiko Plan Sektoriala dokumentuen aldetik behar bezala egituratuta dagoela uste da.

Nolanahi ere, ondoko ohar hauek egin behar dira:

A) Memoriaren 5. idatz-zatian ("Ibai Parkearen Sustatzailea"), Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak sinatutako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aurkezpen idazkiarekin bat etorrita, zera adierazi da: Udalez Gaindiko Plan Sektoriala "Iruñerriko Mankomunitatearen ekimenez sustatu da", eta halaber, Iruñerriko Mankomunitatea da "lanak zuzendu eta kudeatzeaz arduratu den erakundea".

Hala ere, Memoriaren 10.4.3. epigrafean -"Jarduketa Sistema"- zera adierazi da: "Ibai Parkearen kudeaketa publikoa izanen da, integratutako udalen, Iruñerriko Mankomunitatearen eta Nafarroako Gobernuaren bitartez". Halaber, eta ildo beretik, Araudiaren 3. artikuluak -"Administrazio Jardulea"- zera ezarri du: "Udalez gaindiko Plan Sektoriala Ezkabarte, Olaibar, Odieta, Esteribar, Uharte, Eguesibar, Aranguren, Iruña, Zizur, Galar, Noain (Elortzibar), Beriain, Barañain, Zizur Nagusia, Oltza, Etxauri, Zabaltza, Ziritza, Etxarri eta Bidaurretako Udalen, Iruñerriko Mankomunitatearen eta Nafarroako Gobernuaren ekimenez sustatu da. Beraz, ekimen publikoaren bitartez garatuko da".

Ondorioz, zera uste da: espedientea ebatzi aurretik itxurazko kontraesan horiek argitu behar dira, eta bidezkoa bada, adierazitako erakundeek Ibai Parkearen kudeaketa eta exekuzioan parte hartzen duten egiaztatu.

B) 4. tartean (Sadar ibaia, Arangurenen), Udalez gaindiko Plan Sektorialak bere eremuan sartzen du Zolina/Ezkorizko urmaela, gutxi gorabehera 500 kotaraino heltzen den inguruko guneaz batera. Urmael horren inguruan 10 (T1) atsedenlekua proposatu da, urmaelaren behatoki gisa, ornitologia aldetik balio handia duela kontuan hartuta; eta ipar-ekialdeko muturrean 11 (T2) atsedenlekua. Beste alde batetik, adierazi behar da urmaelaren inguruko espazioari berdegunearen erabilera esleitu zaiola.

Bada, determinazio horiek orduko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak sustatutako Zolinako hiri bioklimatikoaren planaren aurreikuspenen aurka daude erabat. Nafarroako Gobernuaren 1999ko abenduaren 28ko erabakiaren bidez (7. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 1999ko urtarrilaren 15ekoa) Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratutako plan horren helburu nagusia bizileku eremu bioklimatiko bat ezartzea zen, eta horri lotuta, Ezkorizko urmaela (Zolinako urmaela izenez ezagutzen dena) ekologiaren aldetik berreskuratzea eta duen balioa ematea. Hain zuzen ere, nozitzen ari zen gazitasuna Potasas enpresak bere garaian izan zituen industri jardueren parte bat izatetik zetorkion.

Aurrekari horri buruz zera ere esan behar da: gerora, aurkeztutako alegazioak ikusita eta txosten eta zuzenketa egokiak egin ondoren, Nafarroako Gobernuak 1999ko ekainaren 7ko erabakiaren bidez Zolinako hiri bioklimatikoaren proposamen berria Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratu zuen berriro ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legean aurreikusita dauden ondorioetarako, eta plana hilabeteko epean jendaurrean paratu eta ukituriko toki entitateei entzunaldia eman zitzaien (79. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 1999ko ekainaren 25ekoa). Hala ere, espediente horren tramitea oraindik ez da burutu.

Beraz, argi dago Iruñerriko Ibai Parkea Handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorial hau gaur egun idatzita dagoen bezala onetsiz gero Zolinako hiri bioklimatikoaren Udalez gaindiko Plan Sektorialean bildutako hasierako aurreikuspenei uko eginen litzaiekeela. Horregatik, muturreko aukera horri buruzko azterketa eta gogoeta egitea beharrezkoa da Ibai Parkeari buruzko espediente hau ebatzi aurretik, Zolina/Ezkorizko urmaela Ibai Parkea handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialetik bazter utziko den ala ez une horretan erabakitzeko. Urmael hori bazter uztea erabakiz gero Ibai Parkearen oinarrizko helburu eta proposamenei kalterik eginen ez zaiela uste da.

Azkenik, bidezkoa da azken iruzkin bat egitea urmaelaren inguruari -gutxi gorabehera 835.000 m²-ko gunea- eman zaion "berdegune" kalifikazioari buruz. Udalez gaindiko Plan Sektorialaren eremua proposatu den moduan mantenduz gero, berdegune horrek beharko lituzkeen mantentze kostuak kontuan hartuta, kalifikazio hori berrikusi beharko litzateke: agian berdeguneen azalera murriztu ahal izanen litzateke, eta inguruko gainerako aldeei Ibai Ingurumenaren Integrazioko Guneen kalifikazioa eman.

Amaitzeko, eta Planak eskualdeko bide sistema dela-eta dituen gorabeherak kontuan hartuta, bidezkoa da espedientea ebatzi aurretik Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak Planari buruzko txostena egitea.

IV. INGURUMEN TXOSTENA

Iragan apirilaren 27an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, Iruñerriko Mankomunitateak aurkeztutako Iruñerriko Ibai Parkea Handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala ikusita, zera jakinarazi zuen: Planak ingurumen ondorioen azterlan egokia erantsita dauka; horrenbestez, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusita dagoenaren arabera, eta dokumentazioa aztertutakoan, dokumentazioa osorik dagoela eta jendaurrean jar daitekeela uste da.

Horri buruz zera adierazi behar da: iragan martxoaren 16an Ondare Historikoaren Zerbitzuak aditzera eman zuenez, proiektuaren ezaugarriak aztertutakoan ez da ikusi ondare arkeologikoak eraginik jasanen duenik eta proiektuaren xede diren guneetan ez da agertzen Nafarroako Inbentario Arkeologikoan katalogaturiko ondasunik.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Iruñerriko Mankomunitateak aurkeztutako Iruñerriko Ibai Parkea Handitzeko Plana Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusita dauden ondorioetarako.

2. Iruñerriko Mankomunitateari zera adieraziko zaio: espedientea ebatzi aurretik, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak Udalez gaindiko Plan Sektorialari buruzko txostena egin beharko du, eta Planaren sustapen eta kudeaketari buruz atzemandako kontraesanak argitu beharko dira; halaber, bidezkoa bada, Araudiaren 3. artikuluan -"Administrazio Jardulea"- zerrendatutako erakundeek Ibai Parkearen kudeaketa eta exekuzioan parte hartzen duten egiaztatu beharko da.

3. Espedientearen azken ebazpenaz batera erabaki eginen da Zolina/Ezkorizko urmaela eta bere ingurua Udalez gaindiko Plan Sektorialetik bazter geratzen diren ala ez. Eta Zolina/Ezkorizko urmaela eta bere ingurua Udalez gaindiko Plan Sektorialean geratzen badira ere, bidezkoa da urmaelaren inguruari eman zaion "berdegune" kalifikazioa berrikustea, Erabaki honen azalpen zatian adierazitako moduan.

4. Espedientea, hogeita hamar eguneko epean, jendaurrean jarri eta Planak ukituko dituen mugapeetako udalei entzunaldia egitea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legean ezarritakorekin bat.

Hartarako, espedientea ikusgai egonen da interesdunen eskura Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armada Etorbidea, 2, 3. maila, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Kultur Ondarearen Zuzendaritza Nagusiari eta Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari, Ebroko Ur Konfederazioari, Odieta, Olaibar, Ezkabarte, Esteribar, Eguesibar, Uharte, Aranguren, Noain (Elortzibar), Beriain Galar Zendea, Zizur Zendea, Iruña, Zizur Nagusia, Barañain, Oltza, Etxauri, Ziritza, Zabaltza, Etxarri eta Bidaurretako Udalei eta Iruñerriko Mankomunitateari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko maiatzaren 18an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0916145