71. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

170/2009 FORU AGINDUA, maiatzaren 5ekoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, enpresaburu gazteak orientatu eta sostengatzeko programak garatzeko gazte entitateendako diru-laguntzen oinarriak onesten dituena.

Gizartea oso bizkor aldatzen da eta horrek behar, itxaropen eta eskaera berriak sortzen ditu herritar guztiengan, oro har. Hezkuntza, enplegua, etxebizitza eta emantzipazioa bereziki gazteei eragiten dieten aferetako batzuk dira. Horregatik, administrazio publikoek gazteen benetako premiak asetzeko eta norberaren autonomia, trebakuntza eta garapen osoa lortzeko politikak egin behar dituzte. Gazteek gizarte aldakor honetan guztiz integratzea eta haien parte-hartze soziala, politikoa, ekonomikoa eta kulturala bermatzea are gehiago bultzatu behar da.

Hori guztia dela eta, komenigarritzat jo zen Nafarroako Gazteriaren Institutua sortzea, irailaren 24ko 217/2007 Foru Dekretuaren bidez, eta gazteriaren esparruari berariazko moduan ekiteko institutuaren estatutuak onetsi ziren. Haren xede orokorra da herritar gazteen eskubideak babestea eta gazteek garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean askatasunez eta eraginkortasunez parte hartuz eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erakundeetan zeharka jardunez.

Institutuaren estatutuen arabera, haren eginkizuna, besteak beste, laguntza eta diru-laguntzen programak kudeatzea da. Horregatik, gazteriaren arloko jarduketak erraztu eta sustatzeko asmoz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea da diru-laguntza publiko guztiak arautzeko esparrua; izan ere, bertan ezartzen dira diru-laguntzak emateko printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, eta haiek eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak txosten bat aurkeztu du. Bertan, institutuaren ekintzak iradokitzen zituen zeharkotasun kontzepua garatuz, programen garrantzia baloratzen du, haien helburua denean enpresaburu gazteak orientatzea. Horrela gazteriak sostengu bat edukiko du, bere enpresa proiektuei ekonomiarako zailak diren momentuetan irauteko erraztasunak emanen dizkiena.

Horrenbestez, bidezkoa da foru agindu bat onestea, gazteentzako gizarte eta lan arloko integrazio eta orientazio programak garatzen dituzten gazte entitateei diru-laguntzak emateko, baina aldi berean funts publikoen kudeaketa eta kontrol egokia egiteko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. Gazte entitateek enpresaburu gazteak orientatu eta sostengatzeko programak garatzeko laguntzen deialdia onestea, foru agindu honen eranskinean azaltzen diren oinarrien arabera.

2. Deialdiaren gastua, 22.500 euro (hogeita bi mila eta bostehun) gehienez ere, 2009ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Gazteentzako lan arloko orientazio programak" izeneko 960002 96100 4819 232103 kontu-sailaren kargura ordainduko da.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gazteriaren Institutuari jakinaraztea.

Iruñean, 2009ko maiatzaren 5ean.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria,

ERANSKINA

Oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea Nafarroako gazte entitateei diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea da. Gazte Entitateen Erroldan inskribaturik egon eta enpresaburu gazteak orientatu eta sostengatzeko programak garatu behar dituzte.

Programa mota horiek onuragarriak dira gizartearentzat, haietan gazteak baitira beste gazte batzuei informazioa eta orientazioa ematen dietenak. Horrek haien arteko komunikazioa errazten du, eta baita ekintzen emaitzak ere.

Halaber, deialdi honen onura publikoaren funtsa enpresaburu gazteei behar duten orientazioa eta sostengua ematea da, inguru ekonomikoak sorturiko zailtasunei aurre egiteko.

2. Helburua.

Hona hemen diru-laguntzaren helburua:

-Gazte entitate batek enpresaburu gazteak orientatzeko programa bat abian jartzeko finantziazioa ematea.

Honelako ekintzak sartzen ahal dira:

-Gazteek zuzenduriko enpresen egoeraren diagnostikoa: aukerak eta arazoak atzematea.

-Banakako aholkularitza zerbitzua enpresen proiektuei buruz.

-Tutoretza eta laguntza sustatzaile gazteei.

Helburu horrekin bat, diru-laguntza norgehiagoka emanen da.

3. Esparrua.

3.1. Aurreko oinarrian adierazitako laguntzak Nafarroako enpresaburu gazteak orientatu eta sostengatzeko programak egiteko eskatzen ahalko dira.

3.2. Deialdiaren barrenean proiektu bakar bati emanen zaio laguntza, hau da, interesagatik eta kalitatearengatik nabarmentzen denari. Diru-laguntzak aurrekontuaren %100 har lezake, 22.500 euroko zenbatekoa gainditu gabe, betiere.

3.3. Honako hauek izanen dira balorazio irizpide iraunkorrak:

a) Garatuko diren ekintza zehatzak eta horiekin lortu nahi diren helburuak garatzea.

b) Programan zenbat gazte sartzen ahal diren.

c) Entitatearen kaudimen teknikoa. Entitateak enpresaburu gazteak orientatu eta sostengatzeko proiektuetan duen esperientzia baloratuko da.

d) Programaren garapena ebaluatzeko adierazleen multzoa.

e) Aurrekontu zehaztua.

f) Entitateak aurkezturiko proiektua garatzeko eskura jartzen dituen baliabide teknikoak eta langileak.

g) Proiektuaren bideragarritasuna.

Irizpide bakoitza gehienez ere 10 puntuz baloratuko da. Gehienez ere 70 puntu lortzen ahalko dira guztira.

4. Entitate onuradunak.

4.1. Nafarroako Gazteriaren Institutuko Gazte Entitateen Erroldan inskribaturiko gazte entitateek hartzen ahalko dute deialdi honen xede den diru-laguntza.

5. Aurkezteko epea eta tokia.

5.1. Proiektuek, behar bezala prestaturik eta ekonomikoki baloraturik, 3.3 ataleko irizpideei jarraitu eta erantzuna eman beharko diete. Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira (Arrieta kalea, 25, Iruña) edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren erregistroetatik batean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun balioduneko epean.

6. Egiteko epea.

Proiektu horiek burutzeko epea hauxe da: proiektua onesteko ebazpena jakinarazten denetik 2009ko abenduaren 31 arte.

7. Eskabidea eta agiriak.

7.1. Proiektua, gazte entitateko lehendakariak sinatua, eskabide orokorrarekin eta txosten batekin batera aurkeztuko da. Txosten horretan, entitateak enpresaburu gazteak orientatu eta sostengatzeko zereginetan duen esperientzia azaldu beharko da. Proiektuak erantzun beharko die 3.3 ataleko balorazio irizpideei, hurrenkera horretantxe.

Halaber, zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak eguneratuak dituztela dioen erantzukizuneko aitorpena aurkeztu beharko dute.

Halaber, beren konpromisoa adieraziko dute, bai antolatutako jardueren onuradunei bai egindako agirietan, programa Nafarroako Gazteriaren Institutuak Nafarroako Gobernuko funtsekin egin duela jakinarazteko.

7.2. Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaerak, bai eta datu faltsuak dituztenak ere.

7.3. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, Nafarroako Gazteriaren Institutuak eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako edo eskatutako agirietako informazioa zabal edo hobe dezatela.

8. Instrukzioa, balorazioa eta zenbatekoa.

8.1. Diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko organo eskuduna Nafarroako Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetza izanen da.

8.2. Batzorde Aholku-emaile batek enpresaburu gazteak orientatu eta sostengatzeko aurkezturiko proiektuak aztertu eta Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari ebazpen proposamen lotzailea igorriko dio. Gazteriako zuzendariordea izanen da Batzorde Aholku-emaile horretako burua eta kide hauek izanen ditu: Administrazio Publikoko teknikari bat (arlo juridikokoa), idazkaria izanen dena; Entitateekiko Harremanen Ataleko burua; eta Idazkaritza nagusiko Ataleko burua.

8.3. Proiektuen balorazioa eranskin honetako 3.3 oinarrian ezarritako irizpideen arabera eginen da.

8.4. 2009an, diru-laguntza 22.500 eurokoa izanen da gehienez.

8.5. Diru-laguntzaren zenbatekoa finkatzeko, kontuan hartuko da betiere zenbateko kreditua dagoen hartarako Nafarroako Gazteriaren Institutuaren aurrekontuetan.

8.6. Diru-laguntza emateko ebazpena Nafarroako Gazteriaren Institutuko oholetan jarriko da, orok jakin dezan.

9. Frogagiriak.

Gazte entitate onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

-Proiektuaren bukaerako memoria. Bertan, egindako gastuen justifikazioa jasoko da, diru-laguntzarekin finantzatu diren jarduerak eta haien kostua azalduko dira, bai eta izandako gastu guztiak zehaztu ere. Gastuek, gutxienez ere, emaniko diru-laguntzaren zenbatekoa izan beharko dute. Gastuak fakturen bidez frogatuko dira. Horretarako, jatorrizko fakturak eta fotokopiak aurkeztuko dira. Proiektua entitate batek baino gehiagok elkarrekin egiten badute, horietako edozeinek aurkezten ahalko ditu fakturak.

-Halaber, proiektua justifikatzeko memorian, jarduera egiteko sortu eta erabili diren materialak sartuko dira. Nafarroako Gazteriaren Institutuak berarentzat gordetzen du material horiek erabiltzeko eskubidea, egoki baderitzo.

-Onuradunak erantzukizuneko aitorpena aurkeztu beharko du, non azalduko baitu hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatzen dela, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipamendu ondasunak hornitu edo zerbitzuak ematen dituztenean.

Agiri horiek Nafarroako Gazteriaren Institutuan aurkeztuko dira 2009ko azaroaren 27a baino lehen.

Kontuan hartuz proiektua egiteko epea abenduaren 31n bukatuko dela, azaroaren 28an egiteke dauden gastuen ziurtagiria onartuko da, lansariekin, Gizarte Segurantzarekin eta abarrekin loturik daudenak, bereziki. Hala ere, gazte entitateak eskuratu bezain laster aurkeztuko ditu jatorrizko agiriak.

10. Bateragarritasuna.

Diru-laguntza beste batzuekin osatzen ahalko da, baldin eta:

-Eginiko gastuak diru-laguntza gisa onarturiko 22.500 euro baino gehiago egiten badu.

-Haien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du behin ere gainditu gauzatu beharreko jardueraren kostua.

Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri eman beharko du entitate onuradunak.

11. Ebazpena.

11.1. Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eskaerak ematearen gaineko ebazpenak gehienez ere 10 egun baliodunean emanen ditu, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera.

11.2. Eskaerak ebazteko gehieneko epea berariazko ebazpena eman gabe akituz gero, eskaera ezetsi dela ulertuko da.

11.3. Diru-laguntza emateko ebazpenean diru-laguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordainketa modua agertuko dira. Halaber, kasua izanez gero, espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla.

11.4. Deialdiari jarraikiz, diru-laguntza eskuratzeak ez du esan nahi hurrengo ekitaldi ekonomikoetan ere diru-laguntzak jasotzeko eskubiderik eskuratzen denik.

12. Diru-laguntzaren ordainketa.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak bi zatitan pagatzen ahalko du onarturiko kopurua.

-Lehenbizikoan, onarturiko diru-laguntzaren %50 bitarte, irailaren 1etik aurrera, eginiko gastuaren justifikazioa aurkeztu ondoren.

-Bigarrena, 2009ko azaroaren 27tik aurrera eginen da, baldin eta egun horretarako entitate onuradunak proiektuaren azken justifikazioa aurkeztu badu, deialdiaren 9. oinarrian ezarritakoarekin bat.

13. Betebeharrak.

13.1. Diru-laguntzaren onuradunak honako betebehar hauek izanen ditu:

a) Ematen diren xedeetarako erabiltzea.

b) Diru-laguntzaren xede den jarduera garatzeko egiten diren materialetan Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertuko da, indarra duen araudia betez.

c) Nafarroako Gazteriaren Institutuarekin koordinatzea zabalkunde eta komunikazio jarduketak oro. Programa ezagutarazteko, Nafarroako Gazteriaren Institutuarenak ere erabiliko dira, haren Gazteentzako Informazio Sarearen bidez.

d) 9. oinarrian xedatutakoari jarraikiz, haien erabilpena agiri bidez frogatzea.

e) Nafarroako Gazteriaren Institutuak edo Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen arabera eskumena duten organoek eskatutako egiaztapenak onartu eta erraztea. Horretarako, entitate onuradunak kontabilitate liburuak, erregistro bideratuak eta behar bezala ikuskaturiko bestelako agiriak eduki beharko ditu, aplikatzen ahal zaizkion merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala.

f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 11/2005 Foru Legeari jarraikiz, Foru Ogasunaren kontu-hartzailetzari dagozkion kontrol lanak erraztea.

g) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga betebeharrak, bai eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak ere, kitatuak izatea.

h) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.

14. Zorrak kitatzea.

Diru-laguntzaren onuradunari, Nafarroako Foru Ogasunarekin zorrik baleuka, zor horiek kitatuz pagatu lekioke diru-laguntza.

15. Ez-betetzeak.

Deialdiko oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak, eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntzak zertan erabili diren ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe diru-laguntzaren helburuak aldatzeak ekarriko dute diru-laguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra, eta kasua izanez gero berandutza-interesak, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluak agintzen dituen beste erantzukizunak ezertan galarazi gabe. Lege horren bidez Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen araubide juridikoa ezarri zen.

Onuradunek egindako gastu guztiak 9. oinarrian agindu bezala frogatzen ez badituzte, proportzionaltasun printzipioari jarraikiko zaio, eta bakarrik justifikatutako gastuari dagokion zenbatekoa pagatuko.

Halaber, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak burutzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua aurreko atalean aipatzen den proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

16. Errekurtsoak.

Deialdiaren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Halaber, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua.

17. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatu bezala jokatuko da.

Iragarkiaren kodea: F0916065