71. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

150/2009 FORU AGINDUA, apirilaren 16koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, 2008-2009 ikasturtean kontsumo arloan egindako hezkuntza esperientzietarako diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Kontsumorako hezkuntza Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Babesteari buruzko ekainaren 20ko 7/2006 Foru Legeak aipatzen dituen oinarrizko eskubideetariko bat da eta, gainera, tresna horrek bide ematen dio kontsumitzaileari lege horrek aitortzen dizkion gainerako eskubideak neurri handiago batean erabiltzeko.

Hori horrela, kontsumorako hezkuntza zeharkako gai gisa sartu da curriculumean, arlo eta gai guztien tratamenduan eta programazioetan egon behar baitu.

Nafarroako ikastetxeetako eskola programazioan kontsumorako hezkuntza sartu eta garatzen laguntzearren, beharrezkoa da hezkuntza esperientzien finantziaziorako diru-laguntzak emateko irizpide, betebehar eta baldintzak ezartzea. Diru-laguntza horiek deialdi honen xede dira eta jarduera horiek 2008-2009 ikasturtean egindakoak izan behar dute. Nafarroako Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako ezarri den kontu-saila erabiliko da horretarako.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1.-2008-2009 ikasturtean kontsumo arloan egindako hezkuntza esperientzietarako diru-laguntzak emateko deialdia onestea. Oinarriak foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2.-21.000 euroko gastua baimentzea, 2009ko gastuen aurrekontuko 951001 92410 4811 492300 kontu-sailaren kargura.

3.-Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4.-Foru agindu hau igortzea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kudeaketa Ekonomikoaren Ataleko Kontabilitate Zentroari eta Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiko Kontsumo Atalari.

Iruñean, 2009ko apirilaren 16an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

2008-2009 ikasturtean kontsumo arloan egindako hezkuntza esperientzietarako diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak

1. oinarria. Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da kontsumorako hezkuntza programazio didaktikoetan eta ikasgeletako praktiketan sartu eta garatzeko jarduerak diruz laguntzea, 2008-2009 ikasturtean egin badira, ikasleak kontsumitzaileak direla eta kontsumitzaileak diren aldetik eskubideak eta eginbeharrak dituztela konturatzeko eta kontsumoaren gizartea nola dagoen antolaturik eta nola funtzionatzen duen irakasteko hezkuntza esperientzien bidez.

2. oinarria. Diruz laguntzen ahal diren gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1.-Honako gastu hauek dira diruz laguntzen ahal direnak:

a) Materialak: bibliografia, fotokopiak, material suntsigarria, material grafikoa eta ikus-entzunezkoa. Elikagaiak ez.

b) Diru-laguntzaren xede den proiektuarekin zerikusia duten bidaiak eta txangoak.

c) Erakusketak.

Ikastetxeetako langileen kostuak, aktibo finko materialen erosketa eta autofakturazioa ez dira finantzatuko.

2.-Diru-laguntzak ikastetxe bakoitzeko proiektuaren kostuaren 100eko 100ekoak izanen dira eta gehienez ere 2.500 eurokoak.

3. oinarria. Onuradunak.

Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa irakasteko baimena duten Nafarroako ikastetxeak aurkezten ahalko dira deialdi honetan, 2008-2009 ikasturtean ikastetxeko programazio didaktikoan kontsumorako hezkuntzako esperientziak egin badituzte.

4. oinarria. Diruz laguntzen ahal diren proiektuen ezaugarriak.

1. Proiektuek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Ikastetxeko hezkuntza proiektuan aitortzen diren balio eta jarrerak sustatzea, hau da, kontsumorako hezkuntza ordezkatzen dutenak.

b) Hezkuntza tratamenduan zeharkako gaia izatea, bere erreferenteak etapako curriculum proiektuan izanik.

c) Ikastetxearen helburuetan sartzea, hezkuntza komunitateko sektore guztiak, familiak bereziki, erakarriz. Ikastetxeko irakasleek egin beharko dituzte proiektuan sartu beharreko jarduerak.

d) Ikastetxe bakoitzak proiektu bakar bat aurkezten ahalko du, azpiproiektu batzuk biltzen ahalko dituena, denek lan ildo bakarra badute.

2. Kontsumorako hezkuntza proiektuaren diseinuan alderdi hauek hartuko dira kontuan:

a) Proiektuaren helburuak.

b) Etapako curriculum proiektuan eta ikasgelako programazioan kokatzea.

c) Zerikusia duten arloak, parte hartzeko faseak eta etapako helburuekiko lotura.

d) Egindako esperientzia eta jarduerak, edukiak, metodologia, epeak eta aurreikusitako ebaluazioa zehaztuta.

e) Proiektuan parte hartzen duten ikasleen kopurua eta irakasleen zerrenda.

f) Gastuen laburpen zehaztua.

5. oinarria. Eskabideen aurkezpena eta eskatutako agiriak.

1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten ikastetxeek 2009ko ekainaren 30eko 14:30 baino lehen aurkeztu beharko dituzte eskabideak, ikastetxearen datuak eta proiektuaren azalpen teknikoa biltzen dituzten agiriekin batera, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren Erregistroan (Iruñeko González Tablas kalea, zk.g.) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 25/2008 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren tokietan.

Agiriak posta bulego batean aurkezten badira, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira (Posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuaren 31. artikulua).

Proiektuak eta gero prestatuko den materiala gaztelaniaz, euskaraz edo bietan aurkezten ahalko dira.

2. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Ikastetxearen datuak: ikastetxearen kokalekua eta ezaugarriak, ematen dituen hezkuntza mailak eta ikasleen kopurua, guztira.

b) Esperientzia kontsumorako hezkuntzako proiektuan ezarri bezala burutu dela frogatzea.

c) Amaierako memoria eta, bertan, egindako jardueren azalpena, prestatutako materialak, epeak eta proiektuaren ebaluazioa, ondoko hauek zehaztuta: jardueretan sortutako arazoak, lortutako emaitzak, ikasleen erantzuna, hobetzeko iradokizunak eta hurrengo proiektuetarako aukera berriak. Memoria hori paperean eta euskarri informatikoan aurkeztuko da, materialen balizko edizioa erraztu ahal izateko.

d) Gastuak eta haien ordainketak frogatzen dituzten agiriak jatorrizkoak edo konpultsatutako fotokopiak izanen dira eta baldintza hauek bete beharko dituzte:

-Gastuak justifikatzeko, fakturak erabiliko dira, baldin eta legeak haiek ematera behartzen badu, baita haien ordainagiriak ere, hala nola gordekinak eta bankuko letrak eta karguak.

-Fakturak ez diren frogagirietan argi eta garbi azalduko da zer ordaintzen den, hartzailea nor den, IFZ edo IFK barne, dagozkien atxikipen fiskalak eta, behar baldin bada, BEZa.

6. oinarria. Diru-laguntzak emateko irizpide objektiboak.

Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bitartez tramitatuko da.

Diru-laguntzak banatzeko erabiliko diren balorazioko irizpide ponderatuak hauexek dira:

1. Gai hauetariko bat kontuan hartu eta sartzen duen proiektuak 100eko 50eko ponderazioa izanen du gehienez:

a) Estereotipo sexistarik gabeko publizitatea.

b) Kontsumo arduratsua eta garapen iraunkorra.

2. Proiektuaren diseinuaren kalitateak 100eko 30eko ponderazioa izanen du gehienez.

3. Proiektuaren kostua txikia izateak 100eko 20ko ponderazioa izanen du gehienez.

Ebazpena emateko prozesuan proiektuen koordinatzaileekin mintzatzea eskatzen ahalko da, edukiaren kontuak argitzeko.

7. oinarria. Organo eskudunak.

1.-Batzorde batek baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak. Batzorde horrek kide hauek izanen ditu:

-Kontsumo Zerbitzuko zuzendaria.

-Kontsumo Zerbitzuko teknikari bat.

-Hezkuntza Departamentuko teknikari bat.

2.-Unitate kudeatzaileak arlo juridikoko administrazio publikoko teknikari baten laguntza izanen du. Teknikariak egiaztatuko du, alde batetik, eskatzaileek deialdian eskatutako agiriak aurkeztu dituzten eta, bestetik, unitate organiko horrek antolamendurako eta instrukziorako egindako prozedura eta balorazioa deialdiaren araberakoak izan diren ala ez, dagokion txosten juridikoaren bidez.

3.-Batzorde horrek organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela, bai eta bakoitzari dagokion diru-kopurua ere.

4.-Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusiak du deialdia ebazteko eskumena.

8. oinarria. Ebazpena emateko epea.

1. Organo eskudunak 3 hilabeteko epean eman beharko du eskaeren gaineko ebazpena, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.

2. Epe hori espresuki ebazpenik eman gabe iraganik, aurkezturiko eskaerak ezetsi egin direla ulertuko da, eta kasuan kasuko errekurtsoa aurkezten ahalko da, interesdunaren izaera juridikoaren arabera.

9. oinarria. Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntza, deialdian ezarritako mugaren barrenean, ordainketa bakar baten bidez emanen da, diru-laguntzaren kontzesioaren unean.

10. oinarria. Betebeharrak ez betetzea eta laguntzak itzultzea.

1. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

2. Halaber, aurreko betebeharrak hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehaztuko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuliko.

11. oinarria. Jarraipena eta laguntza.

Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuak, Kontsumo Zerbitzuarekin koordinaturik, jarduketa batzuk eginen ditu esperientziak trukatzen eta zabaltzen laguntzeko, jardunaldiak antolatuz eta materialak argitaratuz.

12. oinarria. Zabalkundea eta argitalpena.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak eta Hezkuntza Departamentuak kontsumitzaileen hezkuntzarako proiektuak zabaldu eta argitaratzen ahalko dituzte, uste badute ikastetxeendako edo irakasleendako interesgarriak direla, egileei dagozkien eskubideak errespetatuta betiere.

13. oinarria. Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira administrazio honek eta beste administrazio publiko batzuek xede eta helburu bererako ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin, baldin eta diruz lagundutako proiektuak eranskin honen 2.2 oinarrian ezarritako zenbatekoa gainditzen badu.

Jasotako laguntzek ez dute, inola ere, diruz lagunduriko jardueren kostua baino gehiago eginen. Kostu hori gainditzen bada, soberakina Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari itzuli beharko zaio.

14. oinarria. Errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta oinarrien kontra administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa para dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Interesdunak administrazio publikoak baldin badira, ohartarazi behar da foru agindu honek administrazio bidea amaitzen duela, eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

2. Era berean, Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusiaren ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

15. oinarria. Arau osagarriak.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F0914622