71. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

201/2009 EBAZPENA, maiatzaren 13koa, Hezkuntza Departamentuko Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, eguneko araubide ofizialean batxilergoko lehen mailan matrikulatutako ikasleen egoerari buruzko jarraibideak ematen dituena, ikasturtea amaituta hiru edo lau irakasgaitan ebaluazio negatiboa dutenen kasurako.

Auzitegi Gorenak 2009ko otsailaren 2an emandako epaiak baliorik gabe utzi du 1467/2007 Errege Dekretuaren 14. artikuluaren 2. idatz-zatia, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 36. artikuluan batxilergoko ebaluazioari eta mailaz igotzeari dagokienez jasota dauden arauen kontrakoa delako.

Horrenbestez, 14. artikuluaren 2. idatz-zati hori baliorik gabe gelditu da, inpugnatu eta baliogabetzeko eskatu ondoren baliogabetzat deklaratu baita, bertan ezartzen den aukerak lege babesik ez duelako eta, halaber, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan jasotako araubidea aldatzen duelako.

Horren ondorio saihestezina da 14. artikuluaren 2. idatz-zatian ezarritako aukera horrekin lotura duten errege dekretuaren gainerako zatiak, inpugnatu ez direnak eta Auzitegi Gorenak baliogabetu ez dituenak, ezin direla aurrerantzean ulertu, orain arte bezala, baliorik eta ondoriorik gabekotzat deklaratu den arauaren xedearekin bat.

Maiatzaren 12ko 49/2008 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitatean batxilergoko ikasketen egitura eta curriculuma ezartzen dituena, eta abenduaren 4ko 191/2008 Foru Agindua, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatuetan batxilergoko ikasketak egiten ari diren ikasleak ebaluatu, hurrengo mailara igaro eta haiei tituluak emateko arauak ezartzen dituena, 1467/2007 Errege Dekretutik eratorritako arauak direla kontuan hartuta, bidezkoa da haien interpretazioa argituko duten jarraibideak ematea, aipatutako araua baliorik gabe gelditu baita.

Antolamendu eta Berrikuntzako zuzendariak egin duen txostena eguneko araubide ofizialean batxilergoko lehen mailan matrikulatuta egon eta, ikasturtea amaituta, hiru edo lau irakasgaitan ebaluazio negatiboa duten ikasleen egoerari buruzko jarraibideak ematearen aldekoa dela ikusita.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Maiatzaren 12ko 49/2008 Foru Dekretuaren 20. artikuluaren 1. idatz-zatian ezarritako betebeharra, lehenengo mailan beste urte bat gelditu eta berriz osorik egitekoa alegia, ikasturtea amaituta hiru edo lau ikasgaitan ebaluazio negatiboa duten ikasleei ere badagokiola ulertzea, eta artikulu horren 2., 3., 4. eta 5. idatz-zatiek ezin dutela inolako ondoriorik ekarri, Auzitegi Gorenak Batxilergoko egitura eta gutxieneko ikasketak arautzen dituen azaroaren 2ko 1467/2207 Errege Dekretuaren 14.2 artikulua baliorik gabe uztearen ondorioz.

2. Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 4ko 191/2008 Foru Aginduaren 11. artikuluaren 1. idatz-zatian ezarritako betebeharra, lehenengo mailan beste urte bat gelditu eta berriz osorik egitekoa alegia, ikasturtea amaituta hiru edo lau ikasgaitan ebaluazio negatiboa duten ikasleei ere badagokiola ulertzea, eta artikulu horren gainerako idatz-zatiek ezin dutela inolako ondoriorik ekarri, Auzitegi Gorenak Batxilergoko egitura eta gutxieneko ikasketak arautzen dituen azaroaren 2ko 1467/2207 Errege Dekretuaren 14.2 artikulua baliorik gabe uztearen ondorioz.

3. Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 4ko 191/2008 Foru Aginduaren 12. eta 13. artikuluek ondoriorik ezin dutela izan ulertzea, Auzitegi Gorenak Batxilergoko egitura eta gutxieneko ikasketak arautzen dituen azaroaren 2ko 1467/2207 Errege Dekretuaren 14.2 artikulua baliorik gabe uztearen ondorioz.

4. Ebazpen hau igortzea Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzura, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzura, Kalitatearen eta Genero Berdintasunaren Zerbitzura, Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Ikasketak Antolatzeko Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2009ko maiatzaren 13an.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

Iragarkiaren kodea: F0915765