60. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 18a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

IRUÑA

Iruñeko alkate udalburuak 2009ko apirilaren 1ean onetsi zuen
2009. urtean arauzko kirol-instalazioak eraikitzeko obrak osorik edo hein batean egin dituzten hezkuntza- edo kirol-entitateei diru-laguntzak emateko deialdia

Deialdi honen helburua 2009. urtean arauzko kirol-instalazioak eraikitzeko obrak osorik edo hein batean egin dituzten hezkuntza- edo kirol-entitateei diru-laguntzak emateko prozedura garatzea da. Deialdi hau norgehiagokako araubidean sustatuko da, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak xedatutakoa gauzatze aldera; aipatu ordenantza 2005eko azaroaren 3an egindako osoko bilkuran hasiera batez onetsi zuen Udalbatzak. Hartutako erabakia behin betiko bihurtu da, ez baita erreklamazio, eragozpen edo oharrik aurkeztu, jendaurreko epean, betiere Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bigarren lerroaldean xedatutakoa betez.

Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorra 2006ko otsailaren 17ko 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotan, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorra aplikatuko da.

1.-Aurrekontua.

Deialdi honi 250.000 euro esleituko zaizkio, gehienez ere, Udalaren aurrekontuko 7045220/782020 kontusailaren kargura esleitu ere.

Onuradun bakoitzari gehienez ematen ahal zaion kopuruak ezin izanen du gainditu eraikuntzak sortu duen defizitak zenbat jo eta horren %100, eta, edonola ere, inoz ez da izanen 67.000 euro baino gehiago.

2.-Diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburua, eta onuradunen betebeharrak.

Deialdi publiko honen xedea eta helburua 2009. urtean arauzko kirol-instalazioak eraikitzeko obrak osorik edo hein batean egin dituzten hezkuntza- edo kirol-entitateei diru-laguntzak ematea da.

Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, honako hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Diru-laguntzaren xede den helburua, proiektua edo jarduera gauzatzea edo diru-laguntzaren oinarria den jokabidea hartzea.

b) Organo emailearen aurrean justifikatzea baldintzak eta betekizunak bete dituztela, bai eta jarduera egin dutela eta diru-laguntza zertarako den eta helburu hori bete dutela ere.

c) Organo emaileak egin beharreko egiaztapen eta finantza-kontrol guztiei men egitea, bai eta kontrol-organo eskudunek egiten ahal dituzten egiaztapen eta finantza-kontrol guztiei ere men egitea, betiere udal-agiritegietan jaso ez eta aurreko jarduketetan eskatzen dieten adina informazio eman beharko dutelarik.

d) Helburu berbera duten beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, organo emaileari horren berri ematea. Bestelako laguntza horiek lortu direla jakin bezain laster egin behar da jakinarazpen hori, eta, betiere, hartutako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

e) Diru-laguntzetarako ebazpen-proposamena eman baino lehen egiaztatu beharra dute egunean dituztela hala tributu-betebeharrak nola Gizarte Segurantzarekikoak. Iruñeko Udalak bere kabuz egiaztatuko du Udalarekiko betebeharrak egunean dituztela.

f) Kontabilitate-liburuak, izapide-erregistroak eta gainerako agiriak izan behar dituzte, behar bezala ikuskatuak izan ere, onuradunari kasuan-kasuan aplikatzen ahal zaizkion merkataritzako eta sektoreko legeek ezarritakoekin bat, bai eta deialdiek edo ebazpenek egiaztapen eta kontrol-eskumenak modu egokian gauzatuko direla bermatzeko galdatzen ahal dituzten egoera-orriak eta berariazko erregistroak ere.

g) Jasotako funtsen aplikazioaren egiaztagiriak, agiri elektronikoak barne, gordetzea, egiaztapen eta kontrol jarduketen xedea izan daitezkeen neurrian.

h) Behar bezalako publizitatea egitea, diru-laguntza jaso duten programak, jarduerak, inbertsioak edo jarduketak Iruñeko Udalak finantzatu dituela jakitera emate aldera.

i) Jasotako funtsak itzultzea, Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak horretarako zein kasu adierazi eta halakoetan.

Halaber, onuradunek Iruñeko Udalarekin adostuko dute, denboraldia noiz hasi eta bi hilabete lehenago, erakunde horrek zein egun eta ordutan erabili ahalko dituen instalazioa eta haren ekipamendu osagarriak (aldagelak, dutxak, komunak ...). Erabilera horiek ezin izanen dira, ezein kasutan, 108 baino gehiago, kirol denboraldiko, ezta bina ordukoak baino luzeago ere. Betebehar honek 20 urte iraunen du, ebazpenaren datatik aitzina.

3.-Diru-laguntzak eskatzeko bete beharreko baldintzak eta horiek egiaztatzeko bideak.

Baldintza orokorrak betetzen dituzten eta Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak ezarritako debeku-zioren batek ere ukitzen ez dituen entitateek eska ditzakete diru-laguntzak, betiere ondokoekin bat:

3.1. Legearekin bat eraturik egotea, eskaera aurkeztu behar den datan.

3.2. Elkartearen egoitza nahiz zergetarakoa Iruñean edukitzea.

3.3. Iruñeko Udalarekiko tributu-betebeharrak egunean izatea.

Diru-laguntzaren xede diren jarduerek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

3.4. Arauzko kirol instalazioak izatea, osorik edo hein batean 2009ko abenduaren 31 baino lehenago eraikiak.

Deialdi honetatik at geldituko dira mantentze- edo konserbatze-obrak, hau da, kirol instalazioa erabiltzean eragindako kalteak konpontzekoak. Bestetik, deialdi honek ez ditu barne hartzen kirol ekipamenduak erosteak eragindako gastuak.

3.5. Iruñeko Udalak finantzatzen dituen bestelako programetan sarturik ez egotea.

Onuradunek aipatu baldintzak betetzen dituztela eta diru-laguntza jasotzeko inongo debeku-ziok ukitzen ez dituela justifikatzeko, zazpigarren klausulan galdatzen diren agiriak aurkeztu behar dituzte.

Ez da beharrezkoa izanen udal-agiritegietan jasota dauden alderdiak agiri bidez egiaztatzea.

4.-Diru-laguntzen gainean instrukzioa egin eta ebazteko organo eskudunak.

Gizarte Ongizate eta Kirol Alorreko Idazkaritza Teknikoa izanen da diru-laguntzen inguruko prozedura bideratzeko organo eskuduna, eta bere kabuz egingo ditu ebazpen-proposamena emateko behar diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezko jotzen dituen jarduketak oro.

Ebazpen proposamena instrukzio organoak emanen du, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena kontuan harturik, eta ebazteko eskumena duen organoari helaraziko dio.

Diru-laguntzak emateko prozedura Alkatetzak ebatzi behar du.

Hona Balorazio Batzordea osatuko duten kideak:

Batzordeburua: Gizarte Ongizate eta Kirol Alorreko zinegotzi delegatua.

Batzordekideak: Gizarte Ongizate eta Kirol Alorreko zuzendaria.

Gizarte Ongizate eta Kirol Alorreko zuzendariordea.

Kirol koordinatzailea.

Idazkaria: Gizarte Ongizate eta Kirol Alorreko letradua edo zuzenbidean lizentziaduna.

5.-Eskabideak noiz eta non aurkeztu.

Interesdunen eskaerak deialdi honek 1. eranskin gisara ezarritako arauzko ereduarekin bat etorri eta eskatzaileak sinatu beharreko eskabide baten bitartez egin behar dira.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Eskabidearekin batera, deialdi honen zazpigarren oinarriak aipatzen dituen agiriak eta argibideak aurkeztuko dira.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emango delarik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluak aurreikusitakoarekin bat.

Eskabideak Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean (Merkatuko k., 7-9) aurkezten ahal dira, edo, bestela, erregistro osagarrietan (Kultura Alorra -Descalzos k., 72-2. solairua-; Garapen Iraunkorreko Alorra -San Saturnino k., 2-beheko solairua-; Mugikortasun eta Herritarren Segurtasuneko Alorra -Iratxeko monasterioaren k., 2-beheko solairua-; Hirigintza eta Etxebizitza Alorra -Armada etorbidea, 2-5. solairua-; eta Lehendakaritza, Gizarte Ongizate eta Kirol, eta Hezkuntza eta Gazteria alorrak -Zapateria k., 40-beheko solairua-) zein Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak, haren 38. artikuluan, aurreikusten dituen beste edozeinetan.

6.-Ebatzi eta jakinarazteko epea.

Ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izanen da. Epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hortik aitzina hasiko da kontatzen.

Behin epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igaro eta gero, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jotzen ahalko du, betiere Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 17. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

7.-EskaBIDEarekin batera aurkeztu beharreko agiriak eta argibideak.

Eskabideekin batera ondoko agiriak aurkeztu behar dira:

a) Eskaera-orria beterik, deialdi honi atxiki zaion ereduarekin bat.

b) Entitate eskatzailearen agiriak (Estatutuak eta IFZ) eta, halakorik balitz, entitatearen izenean ari den ordezkariaren nortasuna egiaztatzekoa (NAN).

c) Beste erakunde publiko eta pribatu batzuei helburu bera lortzeko eskatutako diru-laguntzen zerrenda, halakorik balitz, ondokoak zehaztuta: eskatutako kopurua, erakundeen izena eta emandako zenbatekoa.

d) Hala badagokio, administrazio eskudunak egindako egiaztagiria, eskatzaileek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela frogatze aldera.

e) Erantzukizunpeko aitorpena (atxiki doan eskabide-ereduan jasota), eskatzaileek deialdi honetan galdatzen diren baldintzak betetzen dituztela frogatze aldera.

f) Erantzukizunpeko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak aipatzen dituen debeku-zioetako bakar batek ere ez dituela eskatzaileak ukitzen egiaztatzeko. (atxiki doan eskabide-ereduan jasota).

g) Diru-laguntza zein obratarako den eta horiek deskribatzeko memoria eta gai horretan eskudun den teknikari batek sinatutako aurrekontua, eta, horiei erantsita, obren gaineko agiri grafikoak. Aipatu memorian eta aurrekontuan bakarrik jasoko dira 2009. urtean egitea aurreikusita dauden obrak.

b) Atalean galdatutako agiriak Iruñeko Udalaren edo bere erakunde autonomoen eskuetan badaude eta haietan aldaketarik izan ez bada, haien ordez erantzukizunpeko aitorpena aurkezten ahalko da, eta bertan adieraziko, noiz eta zein organotan edo bulegotan aurkeztu ziren edo, halakorik balitz, zeinek eman zituen edo zeinetan dauden jasota. Edozein kasutan, ezin izanen dira bost urte baino gehiago igaro, dagokien prozedura amaitu denetik.

Aurrekoan xedatutakoa alde batera utzita, Udalak edo haren mendeko erakunde autonomoek ezin badute agiriren bat eskuratu, eskatzaileei eskatzen ahalko diete hura aurkezteko edo, bestela, agiria zein betekizuni dagokien eta horiek beste bide batzuk erabiliz egiaztatzeko, betiere ebazpen-proposamena egin baino lehen.

8.-Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.

Iruñeko Udalak emandako diru-laguntzak eraikuntzak eragindako gastu guztien %10era bitarte estali ahalko du. Hasteko, %10 aplikatu zaie entitate eskatzaile guztiei, eta baldin eta, behin hori aplikatuta, aurrekontu-esleipena gainditzen bada, portzentaje hori murriztu eginen da -kopuru berean murriztu ere, kasu orotan-, harik eta emandako diru-laguntzen batuketa aurrekontu-esleipenak jotzen duen adina izan arte.

9.-Ebazpena jakinarazi edo argitaratzeko bidea.

Diru-laguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio-bideari, eta interesdunei jakinaraziko zaie, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58 eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat.

Diru-laguntzak emateko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara, eta ondoko datuak zehaztuko ditu: deialdia, diru-laguntza zein aurrekontu-programari eta kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren xedea.

10.-Diru-laguntzen xede diren gastuak.

Diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira diru-laguntzaren xede den jarduerarekin bat datozenak. Diru-laguntzaren xede diren gastuen kostua ezin izanen da inoiz izan merkatuko balioa baino handiagoa.

Deialdi honetan ezarritako justifikazio-aldia amaitu baino lehen ordaindutako gastua hartuko da egindako gastutzat.

Onuradunak diru-laguntza zertarako jaso eta xede hori eman behar dio eraikitako ondasunari, gutxienez bost urtez eman ere, Erregistro publikoan inskribatu ahal diren ondasunen kasuan.

Erregistro publikoan inskribatu ahal diren ondasunak izanez gero, eskrituran adierazi beharko da inguruabar hori, bai eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa ere; halaber, zehaztasun horiek jasoko dira dagokion erregistro publikoan inskripzioa egitean.

Xedearen gaineko eginbehar hori ez betetzea Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 29.4. artikuluak zehaztutakoaren arabera arautuko da.

Diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa denean -obraren exekuzioaren kostua izanez gero-, onuradunak gutxienez hornitzaile ezberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu, dena delako zerbitzua emateko konpromisoa bere gain hartu baino lehen, salbu, diru-laguntza jaso dezaketen gastuen ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua egin dezaketen behar adina entitaterik ez bada, edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen artean bat hautatzeko, eragimen eta ekonomia printzipioei egin behar zaie men, eta eskaintzarik merkeena hautatzen ez bada, memoria batean berariaz justifikatu behar da hartutako erabakia. Eskaintzak, bestalde, justifikazioari erantsiko zaizkio, edo, bestela, diru-laguntzaren eskabideari.

11.-Azpikontratua.

Diru-laguntzen xede diren jarduerak azpikontratatzen ahal dira, betiere Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 30. artikuluarekin bat.

Onuradunak hirugarrenei azpikontratatzen ahal dien jardueraren gehienezko portzentajea %100 izanen da.

Hirugarrenekin azpikontratatutako jarduerak 60.000 eurotik gora jotzen badu, kontratua idatziz egiteko galdatuko da, eta, halakorik egiteko, Udalak berariaz eta aldez aurretik baimena eman beharko du.

12.-Diru-laguntzaren xede diren jardueren finantzazioa.

Diru-laguntza hauen onuradunek konpromisoa hartzen dute, proiektuaren %90 bitarte haien ekarpenen edo beste bide batzuen bitartez finantzatzeko.

13.-Diru-laguntzen bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste administrazio, entitate edo pertsonengandik xede bererako diru-laguntzak eskuratzearekin.

Diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen diru-laguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa.

14.-Ordainketa.

Ordainketa dagokion ebazpenaren bidez eginen da, behin onuradunek 15. oinarrian galdatutako egiaztagiriak aurkeztu eta gero.

Diru-laguntzak ezin izanen zaizkie ordaindu onuradunei, horiek ez badituzte tributu-betebeharrak zein Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik, edo diru-itzulketa bidezkoa dela xedatu duen ebazpen batek zorduntzat jotzen baditu.

Halako kasu batean, Udalak bere kabuz kitatzen ahal izanen ditu, aldez aurretik, diru-laguntzen onuradunengandik kobratzeke dituen zorrak, diru-laguntza horiek, osorik edo parte batean, zor dituzten kopuruekin konpentsatuta.

15.-Justifikazioa.

Ezarritako baldintzak bete eta diru-laguntza ematerakoan aurreikusitako helburuak lortu direla justifikatzeko, gastua frogatzeko kontu-ematea aurkeztu behar da; kontu horretan, dirua jaso duen jarduera dela-eta aitortzailearen erantzukizunaren pean egindako gastuak oro justifikatu behar dira (ez bakarrik diru-laguntzaren zenbatekoaren adinakoa), gastuen zuzeneko egiaztagiriak aurkeztuta. Fakturak eta gainerako egiaztagiri baliokideak aurkeztu behar dira, betiere trafiko juridikoan balioa dutenak edo indar administratiboa dutenak, diru-laguntzaren xedea bete dela egiaztatze aldera.

Frogatzeko kontu-ematea ondoko agiriek osatuko dute:

a) Ebaluazio-memoria, diru-laguntzen xedea den jardueraren gainean; bertan xehetasunez aitortuko dira diru-laguntzen bidez finantzatu diren jarduerak eta haien kostua.

Memoriak gutxienez ondoko edukiak jasoko ditu:

-Programaren edo proiektuaren izena.

-Diru-laguntzaren xedea, aurrekontuarekin eta aurkeztutako proiektuarekin bat.

-Egindako jarduerak eta erdietsi nahi ziren helburuen zein lortutako emaitzen deskribapena.

-Proiektua edo jarduera garatzean egindako aldaketak.

-Finantza bideak zerrendatuta: Diru-laguntzarekin finantzatu diren jardueren deskribapena, haien kostua adierazita, bai eta norbere funtsekin edo beste diru-laguntzekin finantzatu diren jarduerak ere aipatuta.

b) Egindako gastuen eta lortutako diru-sarreren zerrenda izenpetua eta ordenan zenbakitua, memoria deskribatzailean ageri diren azalpenen arabera ordenatuta eta zenbatekoak guztira emanik.

c) Maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuak (uztailaren 4ko 96/2005 Foru Dekretuak aldatua) aipatzen dituen egiaztagiriak, fakturak edo horien ordezkoak eta ordainagiriak, gastua egiaztatze aldera, baita nominak, tributuak zein Gizarte Segurantzako kuotak eta, oro har, trafiko juridikoan baliodun izan edo indar administratiboa eduki eta balio frogagarria duten bestelako agiriak ere, betiere modu korrelatiboan ordenaturik eta zerrenda zenbakituan emandako ordena-zenbakiaren arabera. Agiri horien fotokopiak egin eta zerbitzu kudeatzaileak konpultsatu eta adostuko ditu, jatorrizkoak interesdunei itzuliko zaizkielarik. Agiri jatorrizkoak edo horien kopia konpultsatuak entitate onuradunak gorde beharko ditu, gutxienez, lau urtean.

-Obrak esleitu izanaren akta, gutxienez ondoko datuak adierazita: esleipenaren data, enpresa esleipenduna, eta horri dagozkion esleitze-datuak (IFZ, helbidea, herria eta esleipenaren zenbatekoa).

-Obrak zuinkatu izanaren akta, zuzendaritza fakultatiboak, enpresa esleipendunak eta jabeak sinatua.

-Onuradunak hartutako erabakia, non azalduko baitu obrak finantzatzeko konpromisoa, horiek diru-laguntzak estaltzen ez dituen partean.

-Agiri bat, elkartearen sarreran kartel bat paratu dela egiaztatzeko. Kartelean egiten ari den obra adierazi behar da, eta Iruñeko Udalaren laguntza jaso dela ere, haren logotipoa eta anagramarekin batera.

-Obra-ziurtagiriak, jabeak, zuzendaritza fakultatiboak eta enpresa esleipendunak sinatuak.

-Obrak onartu izanaren akta, zuzendaritza fakultatiboak, enpresa esleipendunak eta jabeak sinatua, baldin eta obrak amaiturik badaude.

Aurrekoaz gain, honako baldintza hauek bete beharko dira:

c.1) Faktura jaulkitzen duen entitatea BEZatik salbuetsirik dagoenean, organo eskudunak emandako egiaztagiria aurkeztu beharko da, kasuan kasuko salbuespena egiaztatu eta horretaz fede emateko.

c.2) Langileria gastuak soldata-kostuen gisara egiaztatzeko, beharrezkoa da ondoko agiriak aurkeztea: lan-kontratuaren kopiak, langileei dagozkien nominak, jasotzaileak sinaturik eta ordainduta daudela egiaztatuta, edo, bestela, bankuaren abonu-agiria, eta Gizarte Segurantzaren kotizazioei dagozkien ziurtagiriak.

c.3) Proiektua gauzatzeko dataz besteko bat duten fakturak onartuko dira, baldin eta organo eskudunak aldez aurretik proiektuaren aldaketaren bat baimendu badu eta aldaketa horrek proiektua gauzatzeko epeari eragiten badio.

d) Hartzekodunei ordaindu izana egiaztatzen duten ziurtagiriak. Ordaindu izana banku zordunketa bidez egiaztatu behar da, behar bezala sinatutako hartu-agiri baten bidez edo, bestela, aurkeztutako fakturak ordaindu egin direla ziurtatzen duen beste agiri bat aurkeztuz.

e) Dagokion itzulketaren ordainketa-gutuna, baldin eta aplikatu gabeko gerakinik bada edo diru-laguntzen xede izan den jardueraren kostua baino diru gehiago jaso bada, eta horiei dagozkien berandutze-interesak.

Emandako diru-laguntza justifikatu eta, horrenbestez, agiri frogagarriak aurkezteko epea 2009ko abenduaren 31n amaituko da.

Nolanahi ere, diru-laguntzen onuradunek balorazio txostena erantsi behar diote aurkeztutako justifikazioari, Udaleko teknikari batek izenpetua.

Halaber, kontuan harturik diru-laguntza publikoek ezin dutela inolaz ere irabazirik sorrarazi, haiekin batera jarduera edo helburu jakin batzuetarako beste diru-laguntza batzuk eskuratzeak Udalaren diru-laguntza murriztea edo horren zenbateko osoa itzuli beharra eragiten ahal du.

Diru-kopurua kobratu izanak diru-laguntzak jaso dituzten hezkuntza- edo kirol-entitateen kontabilitate edo erregistro liburuan agertu behar du, betiere entitateok halakorik izatera behartuta badaude.

Diru-laguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak aldatzen badira, eta, edozein kasutan, beste administrazioek, pertsonek edo entitate publiko edo pribatuek emaniko diru-laguntzak aldi berean eskuratzen badira, eta ez bada horien berri lehenago eman, diru-laguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da.

Halaber, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu eginen da, justifikatutako gastuak diru-laguntzaren xede izan direnak baino gutxiago badira, edo aurreikusi baino diru-sarrera gehiago eskuratu badira.

Onuradunek jarduera jakin bat egiteko diru-laguntzak jasoz gero, diru-laguntza horietako hainbatek edo guztiek batera egiten duten zenbatekoak ezin du inolaz ere gainditu onuradun horiek egin behar dituzten jardueren kostua, diru-laguntzen emailea Udala bera, beste edozein administrazio publiko, erakunde publiko edo pribatu edo edozein banako -nazional zein nazioarteko- izanda ere. Bestela, onuradunek dagokien kopurua itzuli beharko dute, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin bat.

Honako egoera hauetan zilegi izanen da hala jasotako diru-laguntzak itzularaztea, osorik edo hein batean, nola berandutze-interesak galdatzea, diru-laguntzak kobratu eta hortik aitzina:

a) Diru-laguntza zertarako eman eta horren xedea betetzen ez denean.

b) Diru-laguntzak eskatutako baldintzak bete gabe eskuratzea, betiere onuradunei egozten ahal zaizkien zioak direla medio.

c) Jaso diren funtsak zertarako erabili diren justifikatzeko betebeharra bete ez izana.

d) Diru-laguntza gehiago jasotzea aldi berean, salbu horiek bateragarriak badira.

e) Onuradunek jarduerak egiteko jaso dituzten eta bateragarriak diren diru-laguntzek egin beharreko jardueren kostuaren muga gainditzen badute, muga hori zenbatean gainditu eta hainbeste itzuli behar dute.

f) Diru-laguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatu edo ez betetzea.

g) Oinarri honetan aipatzen diren egiaztapenei oztopoak jartzea edo haiek egiten ez uztea.

Emanen diren diru-laguntzak zenbat jo eta kopuru horren %30 murriztuko da, onuradunek hiri-elementuetan pintadak eginez edo baimenik gabe kartel eta pankartak paratuz publizitatea egin edo sustatzen badute.

Diru-laguntza itzularazteko ebazpena organo emaileak hartuko du, behin espedientea instruitu eta gero, betiere aplikagarriak diren lege orokorrekin bat.

Itzuli beharreko kopuruak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira, eta, horiek kobratzeko, diru-bilketarako indarra duten arauetan xedatutakoa aplikatuko da.

16.-Jarduera funts publikoz finantzatu dela iragartzeko publizitatea.

Diru-laguntzak jasotzen dituztenak behartuta daude behar bezala iragartzera diru-laguntzaren xede diren programak, jarduerak, inbertsioak eta ekintzak Iruñeko Udalak finantzatu dituela.

17.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri hauen eta horiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira, aukeran:

-Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

ESKABIDE-EREDUA

Entitate eskatzailea:

IFK: ..................................... Helbidea:

Posta kodea: .......................... Telefonoa: .

Arduradun ahaldunaren izen-deiturak:

NAN: .............................. Helbidea:

Posta kodea: .......................... Telefonoa: .

Azalpena:

2009. urtean arauzko kirol-instalazioak eraikitzeko obrak osorik edo hein batean egin dituzten hezkuntza- edo kirol-entitateei diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emateko deialdiaren berri izan dute.

Eskaera:

Eskaera hau kontuan hartzea. Xede hori harturik, eskatutako agiriak atxikirik doaz, haien egiazkotasuna nik ziurtatuta.

Adierazpena:

-Eskatzaileak Deialdi honetan galdatzen diren baldintza guztiak betetzen ditu.

-Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak aipatzen dituen debeku-zioetako bakar batek ere ez du eskatzailea ukitzen.

Iruñean, 2009ko ..................ren ..............................(e)an

(Sinadura)

Datuen babesa.-Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko 2009-XII-13ko Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakitera ematen dizugu jasotako datuak Iruñeko Udalarena (Udaletxe plaza zk.g.-31001 Iruña) den "Deialdi publikoa, 2009. urtean arauzko kirol-instalazioak eraikitzeko obrak osorik edo hein batean egin dituzten hezkuntza- edo kirol-entitateei diru-laguntzak emateko" izeneko fitxategi automatizatuan bilduko direla, datuak zertarako bildu eta xede horrek iraungi ez duen bitartean. Halaber, jakitera ematen dizugu baduzula datuetan sartu, datuak zuzendu, ezereztu eta haien kontra egiteko eskubidea. Eskubide hori gauzatzeko, Udaleko Erregistro Orokorrera jo dezakezu.

Iragarkiaren kodea: L0914259