56. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

81/2009 FORU AGINDUA, martxoaren 3koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, 2009. urtean kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko jarduerak egiten dituzten Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Babesteari buruzko ekainaren 20ko 7/2006 Foru Legearen 16.3 artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuak, kontsumo gaietan eskumena duen departamentuaren bidez, kontsumitzaileei informazioa emateko bulegoen lana koordinatuko duela eta haien ezarpenerako eta funtzionamendurako laguntza teknikoa eta ekonomikoa emanen duela.

Horregatik, beharrezkotzat jotzen da beste deialdi bat onestea, kontsumitzaile eta erabiltzaileei informazio, prestakuntza eta aholkularitza zerbitzuak ematen dituzten udal bulego guztiak sartu ahal izateko. Deialdi honetan jendeari arreta emateko ordutegi zabalagoa eskaintzen duten eta biztanle gehiagori zerbitzu ematen dieten toki entitateak lehenetsiko dira eta, horrela, estaldura handiagoa izanen da.

Horrenbestez, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2009. urtean kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko jarduerak egiten dituzten Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko deialdia onestea. Oinarriak foru agindu honen eranskinean daude.

2. Foru agindu honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, gehienez ere 86.520 euroko gastua onestea, 2009ko gastuen aurrekontuetako 951001 92410 4609 492300 kontu-sailaren kargura.

3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontu Ataleko Kontabilitate Zentroari eta Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiko Kontsumo Atalari bidaltzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko martxoaren 3an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

2009. urtean kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko jarduerak egiten dituzten Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak
emateko oinarri arautzaileak

1. oinarria. Deialdiaren xedea.

Deialdiaren xedea da Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak ematea, 2009. urtean kontsumitzaileentzako informazio bulegoetan oinarrizko eginkizunak eskain ditzaten.

2. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Diru-laguntza ezin izanen da Kontsumitzaileentzako Argibideetarako Udal Bulegoa (aurrerantzean KAUB) aurrera eramateko toki entitateek eskaeran adierazitako aurrekontuaren %50 baino handiagoa izan.

2. Toki entitateek beren funtsekin berdindu beharko dute falta den dirua, eta hori behar bezala justifikatuko dute, diru-zenbatekoa, jatorria eta jardueretan nola aplikatu den azalduz.

3. oinarria. Toki entitate onuradunen betebeharrak.

1. Nafarroako toki entitateek kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko jarduerak KAUB baten bidez egin beharko dituzte. Bulego horren egoitzak udalaren lokal batean egon beharko du.

2. Toki entitateko idazkariaren ziurtagiri baten bidez frogatuko da betekizun hori betetzen dela, eta 2009. urte osoan iraun beharko du.

4. oinarria. Laguntza jaso dezaketen jarduerak.

1. Toki entitateek kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko egiten dituzten jardueretatik hauek dira diruz laguntzen ahal direnak:

a) Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei argibideak eta aholkuak ematea eta haien erreklamazioak eta salaketak bideratu eta tramitatzea.

b) Kontsumoko gaiei buruzko argitalpenak egitea.

c) Ardurazko kontsumoari, bidezko kontsumoari eta bizi-kalitateari buruz informatu eta prestatzeko jardunaldi, ikastaro, mintzaldi edo beste edozein jarduera antolatzea, kontsumo arduratsua bultzatzen duten jarduerak barne.

d) Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko lanetan aritzen diren toki entitateetako langileek KAUBaren jarduerei edo kontsumoaren arloko gaiei lotutako prestakuntza ikastaroetan eta bilera instituzional edo teknikoetan parte hartzea.

2. Diru-laguntzen onuradunek aipatu jarduerak oso-osorik azpikontratatzen ahalko dituzte. Horrelakoetan, kontratistek onuradunen aurrean erantzun beharko dute bakarrik, izan ere, lagundutako jarduera betetzearen erantzukizun osoa administrazioaren aurrean onuradunak hartuko du bere gain.

3. Halaber, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

5. oinarria. Eskabideak eta agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak entitateko alkate udalburuak sinatuko ditu, eta deialdia argitaratu eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dira.

Parte hartu nahi duten toki entitateek Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren erregistroan (González Tablas, zk.g.) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako tokietakoren batean aurkeztuko dituzte eskaerak.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, 3. oinarrian ezarritako baldintza betetzen duela azaltzen duena.

b) Diru-laguntzen onuradunak diruz laguntzen den jarduera azpikontratatzen badu, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 25. artikuluan adierazitakoa betetzeaz gainera, kontratazio publikoari buruzko foru arauekin bat etorriz esleituriko kontratua erantsi beharko da. Betebehar hori toki entitateko idazkariaren ziurtagiriaren bidez frogatu beharko da.

c) 2008. urteari dagokion dokumentazioa:

-Egindako jardueren memoria.

-KAUBen aurkeztu diren aholku-eskaera, erreklamazio eta salaketen zerrenda, eta bakoitzaren gaia.

-KAUBek egindako bitartekaritza lanak.

-Informazio kanpainak, argitalpenak, jardunaldiak, etab.

-KAUBeko langileek egindako ikastaroak.

d) 2009. urteari dagokion dokumentazioa:

-Jendeari arreta emateko aurreikusitako ordutegia, hilabeteko egunak eta orduak zehaztuta eta urteko ordu guztien kopurua adierazita.

-2009ko jardueren programa eta gastuen aurrekontu zehaztua.

Atal honetan hauek azalduko dira:

-KAUBek dituen langileak.

-Aurreikusitako jarduketa, kanpaina eta programen egutegia.

-Programatutako jarduketei buruzko ingurumen arloko zehaztapenak.

-Bestelako gorabehera nabarmenak.

3. Bai aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez bai esku-orrien, informazio-afixen eta publizitaterako gainerako euskarrien argitalpenari dagokionez, paperaren neurrizko erabilera bultzatzeko ingurumen arloko jokabide egokiak kontuan hartu beharko dira, konparazio batera, paper birziklatua eta klororik gabe zuritutako papera erabiltzea eta orriak bi aldeetatik inprimatu eta fotokopiatzea.

6. oinarria. Diru-laguntza emateko irizpide objektiboak.

1. Diru-laguntza emateko irizpide objektiboak, balorazio bera izanen dutenak, honako hauek dira:

-KAUB bakoitzak jendeari arreta emateko egiazki erabilitako denbora (orduak/hilabetea): 50 puntu bitarte.

-Udalaren biztanleria eskubideduna, Estatistikaren Institutu Nazionalaren azken datu ofizialen arabera: 50 puntu bitarte.

2. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Hala ere, aurrekontuetako dirua aski ez bada, diru-laguntzaren gehieneko zenbateko osoa onuradunen artean hainbanatuko da.

7. oinarria. Balorazio batzordea eta ebazteko eskumena duen organoa.

1. Batzorde batek baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak. Batzorde horrek kide hauek izanen ditu:

-Kontsumo Zerbitzuko zuzendaria.

-Kontsumo Ataleko burua.

-Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusiak izendatutako teknikari bat.

2. Batzorde horrek organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela eta bakoitzari dagokion diru-kopurua.

3. Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusiak du deialdia ebazteko eskumena.

4. Diru-laguntza emateko ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da gehienez, eskaerak aurkeztu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

5. Epe horretan ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

6. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epeetan.

8. oinarria. Onuradunek bete beharrekoak eta ez-betetzearen ondorioak.

Diru-laguntzen onuradunak diren toki entitateek, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrez gainera, beste hauek ere bete beharko dituzte:

a) Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei informazio orokorra, oinarrizkoa eta doakoa ematea beren eskubideez eta eskubide horiek defendatzeko moduaz.

b) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuarekin elkarlanean aritzea, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko ekintzetan.

c) Behar bezala iragartzea laguntza jaso duten programek, jarduerek, inbertsioek edo jarduketek finantzazio publikoa izan dutela.

Oinarriotan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege haren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharrak hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehaztuko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuliko.

9. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Onuradunek ekainaren 30era arte egindako jardueren memoria eta 2009ko ekitaldiko gastuen egiaztagiriak 2009ko uztailaren 15eko 14:30 arte aurkezten badituzte, agiri horiek aztertu ondoren, lehengo ordainketa eginen da, onartutako laguntzaren %50 adinakoa gehienez.

2. Bigarren ordainketa ordaintzeko falta den diru-laguntzaren zatia adinakoa izanen da, eta bigarren seihilekoko gastuen frogagiriak eta, lehenengokoak izanda ere, aurkeztu gabe uzten diren frogagiriak aztertu ondoren ordainduko da. Egiaztagiri horiek 2009ko azaroaren 27ko 14:30 baino lehen aurkeztu beharko dira, egindako jardueren memoriarekin batera.

10. oinarria. Onuradunek eginiko gastuak eta ordainketak justifikatu beharra.

1. Hala gastuak nola ordainketak 2009. urtea bukatu baino lehen egin beharko dira.

2. Gastuak eta horien ordainketak frogatzen dituzten agiriak jatorrizkoak edo konpultsaturiko fotokopiak izanen dira eta betebehar hauek bete beharko dituzte:

-Gastuak justifikatzeko, fakturak erabiliko dira, baldin eta legeak haiek ematera behartzen badu, baita haien ordainagiriak ere, hala nola gordekinak eta bankuko letrak eta karguak.

-Langileen gastuak justifikatzeko, nominak eta Gizarte Segurantzarekiko kotizazio orriak aurkeztuko dira.

-Fakturak edo nominak ez diren frogagirietan argi eta garbi azalduko da zer ordaintzen den, hartzailea nor den, IFZ edo IFK barne, dagozkien atxikimendu fiskalak eta, behar baldin bada, BEZa.

-Era berean, hala egindako gastuak nola horien ordainketa toki entitateko idazkariaren eta/edo kontu-hartzailearen ziurtapenaren bidez justifika daitezke. Ziurtapen horretan, gutxienez, diruz lagundutako jardueraren hileko kostuak eta horiek ordaindu izanaren egiaztagiriak jasoko dira.

Horrelako kasuetan, ordainketa ebazteko eskumena duen organoak agiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, hala nola fakturak, nominak, etab.

11. oinarria. Bateragarritasuna.

Deialdiko diru-laguntza bateragarria da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek edo norbanakoek xede berarekin emandako beste diru-laguntza batzuekin.

Dena dela, bestelako diru-laguntzak jaso ondoren. 2. oinarrian ezarritako gehieneko portzentajeak gainditzen badira, soberakina Nafarroako Foru Administrazioari itzuli beharko zaio.

12. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdiaren aurka eta hura aplikatzeko egintzen aurka (administrazio bideari bukaera ematen baitiote) toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko edo sei hilabeteko epean, ebazpena berariazkoa edo ustezkoa den, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

13. oinarria. Zabalkundea eta publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Kontsumo Zerbitzuak jendaurrean paratuko ditu emandako diru-laguntzak, eta bertan azalduko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua.

14. oinarria. Ordezko araudia.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F0914427