56. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

52/2009 EBAZPENA, apirilaren 23koa, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko gidari (C maila) izateko lanpostuak barne igoera murriztuan eta oposizio bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak, apirilaren 23an emandako 52/2009 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko gidari (C maila) izateko lanpostuak barne igoera murriztuan eta oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zuen.

Hautapen prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren testu bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena; hori garatu eta betearazteko sarrera erregelamendua; abenduaren 15eko 122/2008 Foru Dekretua, Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikita dauden eta gidari lanpostua duten langileen araubide berezia arautzen duena; gainerako aplikazio arauak; eta deialdi honen oinarriak.

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko gidari (C maila) izateko lanpostuak barne igoera murriztuan eta oposizio bidez betetzea.

1.2. Hautaprobak gainditu ondoren, deialdi honen xede diren lanpostuetarako izendatzen diren langileak C maila edo taldean sartuko dira, eta honako hauetan C mailarako oro har finkatutako ordainsariak jasoko dituzte: uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretua, Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamendua onetsi zuena; abenduaren 15eko 122/2008 Foru Dekretua; eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barneko Zuzendaritza Nagusiari atxikiko zaio.

1.3. Maila igotzeko probetan parte hartzeak ez du ezertan aldatuko langileak izendapenaren aurretik zuen funtzionarioen araubide juridikoa. Eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari ere eutsiko dio.

Baldintza horretatik salbuetsita daude Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako funtzionarioak, MUFACEn afiliaturik daudenak eta, beraz, Estatuaren Klase Pasiboen Araubidearen mende daudenak. Horiek, mailaz igotzean, nahitaez araubidea utziko dute eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira.

1.4. 2008ko abenduaren 15eko 122/2008 Foru Dekretuan ezarri zen deialdi honen xede diren lanpostuetarako izendatzen diren langileei zereginak eta eginkizunak emateko araubidea (foru dekretu horren bidez arautu zen gidari lanpostuarekin Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikitako langileen araubide berariazkoa). Gainera, aplikatzekoak diren gainerako xedapenek ere osatuko dute araubide hori.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako langile finkoa izatea.

b) D mailako gidari izateko lanpostu baterako izendatua izana.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, barne igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.

2.2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira arestiko baldintzak, eta mantendu egin beharko dira hautapenaldiak irauten duen artean eta lanpostuaz jabetu arte.

3.-Eskaerak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) edo Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetako edozeinetan (zerrenda 2008ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 30ean) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazi diren bideetakoren bat erabiliz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Eskabideak deialdi honen eranskinean dagoen ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eredu hori Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan dago eskuragarri. Internet bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta bai aipu honetatik abiatuta: "Zerbitzuen Katalogoa", "Enplegu publikoa".

3.2. Ezgaitasun aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera ezgaitasunen bat dutela frogatzeko agiriaren kopia konpultsatua ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Aurreko atalean aipatzen den Interneteko helbidean eskabide eredu bat dago, interesdunen eskura.

3.3. Eskabideari, behar bezala bete ondoren, agiri hauek erantsiko zaizkio:

Bat.-Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nortasuna egiaztatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

Bi.-Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 25 euro ordaindu izanaren jatorrizko ziurtagiria. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Sistema hauetako bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa hori:

-Behar den bezala betetako ordainketa-gutunaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko banku entitateetan ordaintzeko. Arestian aipatutako Interneteko helbidean, deialdiaren iragarkian, bada ordainketa-gutunaren eredua.

-Banestoko (Banco Español de Crédito) 00308124 87 0870002271 kontuan eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez ordainduz; horrelakoetan, ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:

-Izangaiaren izen-deiturak.

-NANa/IFZ.

-Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.

-Kontzeptua: oposizioak.

-Deialdiaren xede den lanpostua.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo gehiagoko ezgaitasun aitortua dutela frogatzen duten pertsonek, organo eskudunak luzaturiko jatorrizko agiriaren edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiaren bidez.

Hiru.-2.1 oinarrian azaldutako baldintzak betetzen direla frogatzen duen agiriaren jatorrizkoa edo kopia konpultsatua.

3.4. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.5. Eskaeran atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendariak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eskuordetuta (103/2008 Ebazpena, ekainaren 26koa), ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eskuordetuta (103/2008 Ebazpena, ekainaren 26koa) ebazpena emanen du, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

4.4. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen diren izangaiei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

-Epaimahaiko burua: Juan Ramón Rábade Iraizoz jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barneko zuzendari nagusia.

-Ordezkoa: Alfredo González Echarren jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

-Mahaikidea: Fátima Sesma Vallés andrea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Zerbitzu Teknikoen eta Ibilgailu Parkearen Kudeaketa Bulegoko burua.

-Ordezkoa: Idoia Insausti Larrea andrea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko administraria.

-Mahaikidea: Pilar Zapico Revuelta andrea, Lehendaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzuko zuzendaria.

-Ordezkoa: Itziar Sagasti Hermoso andrea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko enpresa zientzietako diplomaduna.

-Mahaikidea: Administrazio Erroko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak proposatua.

-Ordezkoa: Administrazio Erroko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak proposatua.

-Mahaikide idazkaria: Juan Carlos Lázaro López jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Ibilgailu Parkearen Ataleko burua.

-Ordezkoa: Miguel Ángel Marzábal Díaz jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Joko, Ikuskizun Publiko eta Josteta Jardueren Ataleko burua.

Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren gainean sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.-Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

Lehena: teorikoa. Test motako galde-sorta bat erantzun beharko da, idatziz, erantsitako gaitegiko edukiei buruz. Epaimahaiak adieraziko du, ariketa hasi baino lehen, zenbat denbora duten izangaiek azterketa egiteko.

Bigarrena: praktikoa. Gidatzeko eta lanpostuari buruzko ezagupen praktikoak aztertzeko proba bat izanen da.

Hirugarrena: proba psikoteknikoak izanen dira, aztertzeko ea zein neurritan egokitzen diren izangaiak lanpostuaren izaerara eta ezaugarrietara. Proba horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak prestatuko ditu, eta haren emaitza loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

6.2. Oposizioko ariketen balorazioan 80 puntu eman daitezke gehienez, honela banatuak:

Lehenengo ariketa: gehienez ere 20 puntu.

Bigarren ariketa: gehienez ere 50 puntu.

Hirugarren ariketa: gehienez ere 10 puntu.

6.3. Baztertuta geldituko dira lehenbiziko, bigarren eta hirugarren ariketetako puntuak batuta gutxienez 40 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

6.4. Ariketak zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioaren hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago. Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.navarra.es helbidean, Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

6.5. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat. Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez beren nortasuna frogatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.6. Hautaprobak egiteko, ezgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7.-Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Azkeneko ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketak egiten diren tokietan. Gero, zerrenda hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio, izangaiak izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera. Aipatutako proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta Internet bidez ere lortzen ahalko da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta bai Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

8.-Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak izendapen proposamenean jasotako izangaiak gidari izendatuko ditu, C mailakoak.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta biharamunean sortuko ditu ondorio ekonomiko eta administratiboak. Ondorio guztietarako, ulertuko da egun horretantxe jabetu zirela nor bere lanpostuaz, espresuki inolako ekitaldirik egin beharrik gabe.

8.3. Gidari izendapena duten langileek ez badute prozedura honetan parte hartzen, ez badituzte parte hartzeko baldintzak betetzen edo, parte hartuta ere, hautaprobak gainditzen ez badituzte, D mailan segituko dute, oraingo lanpostuari eta atxikipenari eutsita, plantillan "iraungitzeko" izaera dutela.

9.-Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren eta oinarrien kontra eta oinarriak aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2009ko apirilaren 23an.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Ignacio Bandrés Urriza.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Eskaera, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko gidari (C maila) izateko lanpostuak barne igoera murriztuan eta oposizio bidez betetzeko deialdian parte hartzeko. Deialdia .....(e)ko ..... Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

1) Datu pertsonalak.

Izen-deiturak

NAN zenbakia.

Gaur egungo helbidea

Posta kodea

Herria

1. tel.: .................. 2. tel.: .................. Laneko tel.:

2) Datu administratiboak.

a) Zer lanpostutarako izendatu zuten.

(X batez adierazi bidezko dena).

  • Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionarioa.
  • Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako funtzionarioa.
  • Gizarte Segurantzatik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako estatutupeko langilea.
  • Lan-kontratudun finkoa.

b) Egoera administratiboa (X batez adierazi bidezko dena).

  • Jardunean (jarduneko zerbitzuarekin parekaturiko egoera bada, zehaztu zein)
  • Zerbitzu berezietan.
  • Eszedentzia berezian haurrak zaintzeko.

c) Egungo destinoa.

Departamentua:

Zerbitzua

Atala

Bulegoa

Erakunde autonomoa

Unitatea

d) Zein maila edo taldetakoa den:

3) Izenpetzen duenak, erantzukizuna bere gain hartuta, adierazten du deialdi honetan parte hartzeko eskatzen diren betebehar guztiak betetzen dituela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

4) Ezgaitasuna duela eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen duela. (Beste orri batean, ezgaitasunaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira).

5) Eskabidearekin batera aurkeztu dituela deialdiaren 2.1 atalean adierazitako baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriak.

Horrenbestez,

Eskatzen du onar dezatela Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko gidari (C maila) izateko lanpostuak barne igoera murriztuan eta oposizio bidez betetzeko deialdian.

Iruñean, ........(e)ko .........................aren ............(e)an.

Sinadura

NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN ZUZENDARI KUDEATZAILEA

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia.-Nafarroako bide sarea: autobideak, autobiak, bide bikoiztuak, prestazio handiko errepideak, interes orokorreko errepideak eta Foru Komunitatearen intereseko errepideak.

2. gaia.-Oinarrizko segurtasun arauak. Bideetako ezbeharrak: zergatiak eta arrisku faktoreak. Norberaren segurtasuna. Puntukako gidabaimena.

3. gaia.-Protokoloko oinarrizko arauak. Gidaria Nafarroako Gobernuaren erakundeetan. Gizalege arauak. Ibilgailuari eman beharreko arreta. Izen handiko pertsonak non eseri behar duten ibilgailuan. Diskrezioa.

Oharra: gai guztiak bat etorriko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den legeriarekin.

Iragarkiaren kodea: F0914479