56. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 8a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

TULEBRAS

Hilerria arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Tulebrasko Udalak, 2008ko abenduaren 23an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzuak egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza.

Iragarkia 2009ko 19. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, otsailaren 13an, eta ezarritako hilabeteko epean inork ez du espedientearen aurka erreklamaziorik, kexarik edo oharrik jaso.

Horrenbertzez, hasierako erabakia behin betikoa bilakatu da eta hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara emanen da, ordenantzarekin batean, orok jakin dezan eta ondorioak izan ditzan.

Tulebrasen, 2009ko apirilaren 7an.-Alkatea, Rafael Ayensa Pascual.

Ordenantza, Udal hilerriaren erabilera
eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzuak egiteko eskubide eta tasak arautzen dituena

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Tulebrasko Udalaren hilerria zerbitzu publikoko ondasuna da, Udalaren agintearen menekoa, hari baitagozkio bere administrazioa, zuzendaritza eta zainketa, bertze agintaritza eta erakundeen esku den hartan izan ezik.

2. artikulua. Udalari dagokio:

a) Hilerriaren antolaketa, zainketa eta egokitzapena.

b) Partikularrei baimena ematea hilerrian edozein motatako obrak edo muntadurak egiteko, baita horiek zuzendu eta ikuskatzea ere.

c) Hilobien gaineko kontzesioak ematea eta mota guztietako ehorzketa-eskubideak onartzea.

d) Legez ezarririko eskubideak eta tasak eskuratzea.

e) Higieneari dagokionez, eman diren edo etorkizunean emanen diren neurriak betetzea.

f) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen ditu eta bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.

II. TITULUA

Hilerriko barne antolamendua eta gobernua

5. artikulua. Hilerriko seriotasunari eta antolamendu egokiari traba egin diezaiekeen animalia orori ez zaio hilerrian sartzen utziko. Garraioko ibilgailuen sarrera ere ez da onartuko, ez badira zerbitzuko udal ibilgailuak, ehorzketa-zerbitzuaren esleipena hartu duen enpresarenak eta hilerrian berean erabiliko diren eraikuntza materialak eramaten dituztenak, betiere gidariek behar diren lizentziak eta baimenak badituzte.

Nolanahi ere, garraiobide horien jabeak izanen dira hilerriko bide eta muntaduretan eragindako kalteen erantzuleak eta berehala konpontzera behartuak, edo, hala behar balitz, kalte-ordaina ematera. Jabea ez badago, erantzukizun hori bera kaltea eragin duen ibilgailuaren gidariari eskatzen ahalko zaio berehalaxe.

6. artikulua. Obrak egiteko materialen sarrera Udalak horrexetarako finkatzen duen ordutegian baizik ez da eginen. Partikularrek egin beharreko obrak aldez aurretik ezarritako orduetan egin beharko dira eta 5. artikuluak aipatzen dituen lizentzia eta baimenak izan beharko dituzte.

7. artikulua. Debeku da hilerri barnean piezak edo marmolak zerratzea, baita legarrak kentzea edo gisakoak egitea.

8. artikulua. Udal organo eskudunek hilerriaren zaintza eta garbiketa lan orokorren ardura dute.

Titularren betebeharra da hilobiak, gauzak eta muntadurak zaintzea, segurtasun, higiene eta apaindurako baldintzak behar bezala betez.

Partikularrek hilobiak garbitzeko eta zaintzeko betebeharrean huts egiten badute, eta narriatze zantzurik baldin bada, Alkatetzak errekerimendu eginen die interesdunei, 30 egunean beren zabarkeriaz eragindako narriadura konpontzeko. Horrela ez egitea aski izanen da hobiratzeko baimena ez emateko.

Epe hori iraganik, Udalak subsidiarioki egiten ahal ditu lan horiek, interesdunen kontura egin ere. Horiek berehalakoan ordaintzen ez badute, kontzesioa iraungiko da eta hilobia udalerriaren eskuetara itzuliko da, hori guztia, borondatezko ukoa ukatu gabe.

III. TITULUA

Gorputegia

9. artikulua. Hilotzak gorputegian utziko dira hilerrira ailegatu eta berehala ehortzi behar ez badira.

10. artikulua. Epaile eta osasun agintariek hilerrian ehortzi gogo diren hilotzak gorputegian sartzeko agindua eman dezakete, heriotzaz geroztik hogeita lau ordu iragan ez badira.

11. artikulua. Partikularrei ez zaie utziko gorputegian egotera hilotzak dauden bizkitartean, agintariek halako denbora mugatu batean egiten dituzten bisitaldietan salbu.

IV. TITULUA

Hilotzak hobiratu, hobitik atera, lekuz aldatu eta haiei autopsiak egitea

12. artikulua. Hilotzen inguruko Osasun Neurriei buruzko Erregelamenduaren arauen arabera eta ondoko artikulu hauetan xedatutakoari jarraikiz dira hilotzak edo gorpuzkiak hobirako, hobitik aterako eta lekuz aldatuko:

13. artikulua. Hilerrian, ehorzketarako ekartzen den edozein hilotzi lur emanen zaio, betiere legezko tramiteak bete badira.

14. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita bertze hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz aterako dira hilotzak, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

15. artikulua. Hilotzak hobitik zein egunetan eta zein ordutan atera behar diren, horren berri emanen zaie Udalean horren ardura dutenei, jarduketa hori ikusi ahal dezaten, lana gainbegiratzeko.

Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman behar izanen.

16. artikulua. Hilerrian berean bertze hilobi batera aldatzeko nahiz bertze hilerri batera eramateko atera diren gorpuzkinak ez dira gorputegira eramaten ahal.

17. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Lurperatu ondotik gutienez ere bi urte iraganda, panteoietan edo nitxoetan ehortzitako hilotzak atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude. Heriotzaren arrazoia osasun arrisku handikoa izan bazen, ez da egiten ahal heriotzatik bortz urte iragan arte.

b) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere 8 urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

c) Hilobi mota guztietan ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, edozein momentutan atera eta lekualdatzen ahal da, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da ateratzerik bat ere eginen epaile batek manatu ezean.

Hala ere, bizitakoan, hilabete horietan hildako lagun baten ezkontide edo 2. mailako ahaide odolkide izandakoaren gorpuzkinak ateratzen ahal dira, hildakoarekin batean eta haren ondoan ehortzi ahal izateko.

Betiere, ehorzketa hori egin ahal izateko a), b) edo c) baldintzak bete beharko dira.

18. artikulua. Hilotz baltsamatuak hobitik atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi ematen ahal da, baina zerraldoaren kanpoko kutxa aldatu egin beharko da ongi kontserbaturik ez badago.

19. artikulua. Bai hilotz bat hilobitik ateratzen denean lekuz aldatzeko bai berriz ere hobiratzeko, horren oharra jasoko da erregistro liburuan, dagokion hilobian eta haren titularraren baimenaz.

V. TITULUA

Ehorzketa-eskubideak

1. KAPITULUA

Ehorzketa-eskubideak oro har

20. artikulua. Ehorzketa-eskubidean titulu honek aipatzen dituen kontzesio eta errentamenduak sartzen dira. Udalak eman eta onartuko ditu ehorzketa-eskubideak, ordenantza honen printzipioei jarraikiz.

21. artikulua. Ehorzketa-eskubide guztiak dagokien erregistro-liburuan inskribatuko dira eta kontzesioak behar den titulua luzatuz egiaztatuko dira.

22. artikulua. Ehorzketa-eskubideak hilerriko hilobiaren erabilpena baizik ez dakar, hilerria Udalaren jabaria baita, ordenantza honen 1. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

23. artikulua. Gizakien hilotzak eta gorpuzkiak hobiratzea izanen da aitzineko artikuluan definituriko ehorzketa-eskubidearen arrazoi eta xede. Nitxoei eta hezurtegiei dagokienez, famili unitate bakoitzeko bi nitxo eta hezurtegi bat onartuko dira, salbu eta kasu berezietan premia handiagoa egiaztatzen bada.

Lurzatiak direnean, kontzesioak berarekin dakar titularrak panteoia gehienez ere 2 urtean egiteko konpromisoa, izan ere horrela egin ezean Udalak eskuratuko du berriz, kalte-ordainik ordaintzeko eskubiderik gabe, kasu hori hilobia abandonatzearen parekotzat hartuko baita.

24. artikulua. Nitxoak edo hilerrian dagoen bertze edozein eraikuntza merkataritzarik kanpoko ondasuntzat jotzen dira. Hortaz, ez dira salerosten ahal, ezta trukatu edo inola eskualdatu ere. Ordenantza honetan aurreikusten diren eskualdaketak baizik ez dira baliozkoak.

25. artikulua. Paratzen diren izaera artistikoko lanak Udalaren eskuetara joanen dira kontzesioa bukatzen denean. Lan horiek, dagokien hilobian paratutakoan, ez dira udal hilerritik ateratzen ahal Udalaren baimenik gabe, eta halakoetan ere, kontzerbaziorako bakarrik.

Araubide bera aplikatuko zaio hilerriko hilobietan paratzen den edozein muntadura finkori, artistikoa ez bada ere.

Muntadura finkotzat hartuko da hilobiari erantsita edo eratxikita dagoen edozein, baldin eta, kenduz gero, narriadura eragiten ahal bazaio hilobiari, den tikiena ere.

26. artikulua. Titularra testamenturik utzi gabe eta ahaiderik gabe hiltzen bada, ehorzketa-eskubidea Udalaren esku geldituko da, zer epetarako eman zen, hura iragan ondoan. Halaber, nitxoekin, senideek ez badute kontzesioaren luzapenik eskatzen, epea iragan ondoan iraungiko da eta eskubidea Udalaren eskuetara itzuliko da.

27. artikulua. Ehorzketa-eskubideaz baliatzeak behar den tasa edo ordainarazpena ordaintzea dakar berarekin, ordenantza honetako xedapenekin bat.

2. KAPITULUA

Kasuan kasuko ehorzketa-eskubideak. Kontzesioak

28. artikulua. Kontzesioak eta errentamenduak honela ematen ahalko dira:

a) Pertsona fisiko bakar baten izenean.

b) Erlijio komunitate edo elkarte baten izenean, edo laguntzarako edo ospitale gisako establezimendu batenean, horiek administrazio publikoak onartuak badira eta beren kide, onuradun edo babespekoek baizik ez erabiltzeko bada.

c) Korporazio, fundazio edo legez eraturiko entitateen izenean, beren kide edo enplegatuek erabiltzeko bada.

d) Bi ezkontideren izenean, lehen eskuraketaren unean.

29. artikulua. Aseguru konpainiak eta gisakoak ez dira, inola ere, ez kontzesioen ez bertzelako ehorzketa-eskubideren titular izaten ahal. Hortaz, Udalari dagokionez, hitzartzen dituzten poliza edo kontratuen klausulek ez dute ondoriorik izanen, kasuan kasuko ehorzketa-eskubidea ordaintzeko behar den kapitala emateaz bertze eskubide batzuk eman nahi badizkiete beren aseguratuei.

30. artikulua. Kontzesioak behar den tituluaren bidez egiaztatuko dira eta hura udal administrazioak luzatuko du.

Kontzesio tituluetan hauek jasoko dira:

-Hilobia eta titularra identifikatzeko datuak.

-Udalak noiz eman zuen kontzesio ebazpena eta hori zer epetarako den.

-Hirugarrenei eskualdatzearen gaineko xehetasunak.

31. artikulua. Hilobi titulu bat hondatu, ebatsi edo galduz gero, haren kopia luzatuko da, interesdunak eskaria eginda.

Hilobi tituluetako izenetan edo bertzelakoetan akatsik hautematen bada, arrazoitu eta frogatu ondoan zuzenduko dira titularrak eskabidea eginda.

32. artikulua. Alkateak, hilobien (lurzatiak eta nitxoak) kontzesioa emanen du, interesdunek aldez aurretik eskatzen badute eta betiere eskaeren ordenari jarraikiz.

Adinez nagusia bada, jende guztiak eskatzen ahal du hilobien kontzesioa.

33. artikulua. Ehorzketa-eskubidearen kontzesio administratiboaren bidez erabiliko dira hilerriko lur guztiak eta hura Udalak emanen du ordenantza honi jarraikiz.

Ez da inoiz-inola epe mugarik gabeko kontzesiorik emanen.

Hiru kontzesio mota egonen dira:

a) Nitxoak, ehorzketetarako eta gorpuzkiak lekualdatzeko.

b) Hilobiak egiteko lurzatiak.

c) Mausoleoak egiteko lurzatiak.

Kontzesioak 50 urte iraunen du. Kontzesioaren luzapena eskatzen bada, gehienez ere 25 urterako emanen da, eta eman zen unean indarra zuen prezioaren %25 ordaindu beharko da. Eskaera mugaeguna baino bi hilabete lehenago egin beharko da eta gutienez ere 15 egun lehenago.

Hura bukatzean, titularrak edo heredentzia edo bertze titulu baten bidez subrogatzen direnek hautara izanen dute, gorpuzkinetarako nitxo baten kontzesioa eskatu edo kasuan kasuko nitxoan, panteoian edo mausoleoan diren gorpuzkinak hobi orokorrera eraman.

34. artikulua. Nitxo berean hurrenez hurren egiten diren hobiratzeek ez dute ehorzketa-eskubidea aldatuko. Hala ere, salbuespen bat egonen da, izan ere kontzesioa edo, bertzenaz, luzapena bukatzeko falta den epea hilotzak lekuz aldatu edo kentzeko legez ezarritako denbora baino tikiagoa izan daiteke; beraz, hilotz bat orduan hobiratzen bada, epe hori 2 urtez luzatuko da, hobiratze egunetik hasita, edo 5 urtez, heriotza eritasun kutsagarriak eragin badu.

Salbuespeneko 2 edo 5 urteko luzapen hori bukatuta, 33. artikuluak dioena aplikatuko da.

35. artikulua. Hilerrian ematen diren lur edo nitxoen kontzesio guztiak, ehorzketetarako eta hilobietako elementuak paratzeko baizik ez dira ematen, eta horretara mugatzen dira kontzesioen eskubide guztiak.

Lur kontzesioek ez dute salmentarik sorraraziko. Kontzesioko lurren gainean hilobi-elementuak paratzeak ez dakar haien gaineko eskuragarritasun egintzarik.

36. artikulua. Kontzesioetarako aipatu den epeagatik ere, hilerria epe hori ahitu baino lehen itxi behar bada, eskubideen titularrek kalte-ordaina hartzen ahal dute iragan gabeko epeagatik, nahiz eta kalte-ordaina kalkulatzeko ordaindutako tasaren zenbatekoa baizik ez den kontuan hartuko, eta ez kontzesiodunak egindako obra edo muntadurena.

37. artikulua. Kontzesioen tasak hauek izanen dira:

-Nitxoak: 626,45 euro/bakoitza, hezurtegiarekin (kolunbarioa).

-Lurzati arruntak: 182,01 euro/bakoitza.

-Lurzati bikoitzak: 741,06 euro/bakoitza.

Kontzesio epea, aitzineko artikuluetan erran den bezala, 50 urtekoa da. Aipatu prezioa urtero aldatuko da, tasak aldatu bezala.

Luzapenaren prezioa izanen da aurreko erregela hori aplikatzetik ateratzen dena.

Kontzesioaren prezioa 30 egun balioduneko epean ordainduko da, jakinarazpena egiten denetik. Kontzesioak ez du inolako ondoriorik izanen ordainketa egiaztatzen ez bada.

38. artikulua. Udaleko teknikariak eta eraikitzaileak, biek batera eginen dute zuinketa, eraikuntza hirigintzako diseinuan zehazten den gisan koka dadin.

39. artikulua. Lurzatien gainean erabakitzen diren kontzesioek barnean izan behar dute lehenagoko hilobiek okupatutako lurra. Aldiz, ez da inguruko hilobiek okupatzen duten eremuan sartuko, haien baimena izan ezean.

Era berean, ez da zilegi karrikei dagokien lurrean eraikitzea, hilerriko esparruan zehazten den bezala.

40. artikulua. Bi kontzesiodun ukitzen dituzten obretan, mehelinei buruz indarra duten xedapenek aginduko dute.

41. artikulua. Hilobien kokalekua, lurrerauzketa gastuak eta gainerako guztiak ere lanak bururatu arteraino, kontzesiodunaren kontura izanen dira.

Hobiratze aldeak mugatzeko gaur egun diren zintarriak zertaz eta zer handi-zabaletan eginak dauden, berdin eginen dira tarteak hilobien bi aldeetara.

42. artikulua. Ordenantza hau baino lehenagoko kontzesioak zeuden horretan eta haien tituluei jarraikiz errespetatuko dira.

Hemendik aitzina ematen direnek, ordea, 33. artikuluan aipatu den iraupena izanen dute.

Halako familia batek hilobi bat erabili badu orain arte betiereko kontzesioa izateagatik, kontzesio hori frogatu ezin badu titulurik ez duelako, gaurko erabiltzaileek haien kontzesioa eskatzen ahal dute kontzesioetarako aipatu diren baldintza beretan.

III. KAPITULUA

Ongintzako ehorzketak eta hobi orokorra

43. artikulua. Lur emateak dakartzan gastuak ordaintzeko diru baliabiderik batere ez duten lagunen hilotzak ehorzteko hobiak izanen dira.

Horiek ez dira kontzesioetan sartuko eta haien erabilpena ez da inolako eskubideren menean egonen.

44. artikulua. Hilobi hauetan ez da hilarririk edo hilartitzik paratuko eta Udalarenak direla baizik ez du jarriko.

45. artikulua. 17. artikuluan ezarritako epea beteta, gorpuzkiak hobi orokorrera eramanen dira.

46. artikulua. Hildako baten ahaideek ezta bertze pertsona interesdunek ez dute inola ere hobi orokorrean lurperaturiko hilotza erreklamatzen ahal.

Salbuespena egitea beharrezkoa izanen da agintari judizial eta sanitarioek horrela agintzen duten kasuetan.

IV. KAPITULUA

Ehorzketa-eskubideen eskualdaketa

47. artikulua. Hilobien oinordekotzari buruz Udalak egiten duen aitorpenak ondorioak sorraraziko ditu administrazio aldetik, baina horrek ez du arlo zibilean deusen gainean indarrik izanen.

48. artikulua. Onartutako panteoiak, kaperak eta nitxoak eskualdatzen ahal dira inter vivos egintzen bidez, oinordetza bidez, haien titularrak testamentua egin ala ez, baita dohaintza bidez ere, horrelakoetan araubidea ondorengotzarena bera izanen delarik.

49. artikulua. Eskualdaketa inter vivos egintzen bidez egin ahal izateko beharrezkoa izanen da hilobian ehorzketarik egin ez izatea kontzesioa eman zenetik. Salbuespenez, Udalak baimena eman diezaioke eskualdaketari, hilobia erabili izanagatik ere, behar diren baldintzak paratuz gero.

-Eskualdaketa egiten bada ondoko ahaidetasun mailetan sartzen ez den pertsona bati:

a) Titularraren ezkontideari.

b) Horien bien lerro zuzeneko ahaideei, lerroa gorakoa nahiz beherakoa izan, mugarik gabe, eta alboko lerrotik odolkidetasunaren 4. gradu zibileraino eta ezkontzahaidetasunaren 3. graduraino, beraz, halako ez bertzeei egiten bazaie, eskuratzaile berriak kontzesioa eman zenean nitxoaren edo lurraren truke ordaindu zen prezioaren eta subrogazioaren egunean tarifaren arabera ordaindu behar denaren arteko aldea pagatu beharko dio Udalari, eta eskualdatzaileak, berriz, ez du kontzesioa hartu zuenean Udalari ordaindu ziona baino gehiago eskuratzen ahal.

Hala ere, erregistroko liburuaren arabera, kontzesioa eman zenetik 4 urte baino gutiago iragan baldin bada, Udalak kontzesioa bertan behera uzteko eskubidea izanen du eta hilobia Udalaren eskuetara itzuliko da. Eskubide hori erabili ezean, aurreko lerrokadan ezarritakoari lotu beharko zaio.

Eskubide hori erabiltzeko epea hilabetekoa da, modu fede emangarrian eskualdaketaren berri ematen denetik.

50. artikulua. Mortis causa eskualdaketari dagokionez, ehorzketa eskubidearen titularraren heriotza gertatzen denean, hauena izanen da, hurrenez hurren, eskualdaketarako eskubidea: testamentuaren araberako ondorengoak, bizirik geratzen den ezkontidea edo, halakorik ez bada, testamenturik gabeko ondorengotza zer pertsonari dagokien, haiexek.

Kausatzaileak jabe-ondorengoak uzten baditu edo bizirik irauten duen ezkontiderik ez bada, eta hainbat lagun gertatzen badira interesdunaren ondorengo, ondorengo guztiek beren artean gehiengoz hautatzen dutenaren alde onartuko da ehorzketa-eskubidearen titulartasuna. Hori hiru hilabeteko epearen barnean egin behar da kausatzailearen heriotzatik edo ondorengoak deklaratzeko egintza eman zen egunetik hasita. Gehiengoa ezina bada, eskubidea ondorengoen artetik zaharrenaren alde onartuko da.

51. artikulua. Hilobia erabiltzeko eskubidea nork duen aldiro jakiteko, erregistroko liburuan paratuko da nor den eskubide horren edukitzailea eta horregandik abiatuta kontatuko dira betiere, 52. artikuluak aipatzen dituen ahaidetasun mailak. Eskubide horien eskualdaketak ere jasoko dira kontzesioaren tituluan.

52. artikulua. Hilerriko lurren kontzesioak hilobia erabiltzeko eskubidea sorrarazten die titularrari eta ahaideei, ordenantza honetako aginduei lotuz betiere.

Lurren kontzesioetan, titularraz eta ezkontideaz landa, lerro zuzeneko haien ahaideak ere ehorzten ahal dira, aurrekoak nahiz ondokoak izan, mugarik gabe, baita alboko lerrotik odolkidetasunaren 4. graduraino eta ezkontza-ahaidetasunaren 3. graduraino daudenak ere.

Udalak bertze edozein ehorzketa baimentzen ahal du, titularrak baimen idatzia ematen badu aldez aurretik eta baimenaren momentuan dagozkion eskubideak ordaintzen baditu.

53. artikulua. Ehorzketa-eskubide bat zer epetarako eman zen, haren hurrenez hurreneko eskualdaketek ez dute epe hori aldatuko.

54. artikulua. Titularrak uko egiten ahal dio ehorzketa-eskubideari, betiere dagokion hilobian gorpuzkin ehortzirik ez bada.

Horretarako eskabidea eginen dio Udalari, eta hura gero berretsi beharko da interesduna bera edo, halakorik bada, haren legezko ordezkaria agertuz.

V. KAPITULUA

Ehorzketa-eskubideen galera edo iraungipena

55. artikulua. Ehorzketa-eskubidearen galera edo iraungipena dekretatuko da eta kasuan kasuko hilobia Udalari itzuliko, honelakoetan:

a) Eraikuntzaren hondamen egoera dela eta, aldez aurretiko txosten teknikoan deklaratua, eta titularrak konpontzeko eta egokitzeko ematen zaion epea betetzen ez badu. Lehenago espedientea ireki behar litzateke eta interesdunari entzutea eman.

b) Hilobia abandonaturik uzten denean. Halakotzat hartuko da, titularra hil eta bi urte geroago ondorengoek edo herentzia edo bertzelako tituluren baten bidez subrogaturiko pertsonek eskaririk egin ez badute beren aldeko eskualdaketa egin dadin.

Ondorengoak edo herentzia edo bertze tituluren bidez subrogaturiko pertsonak eskualdaketa eskatzera agertu eta hilobia egoera okerrean aurkitzen badute, 3 hilabete izanen dira hura egokitzeko. Epe hori konponketak egin gabe iraganik eta 8. artikuluko tramiteak egindakoan, ehorzketa-eskubidearen iraungipena dekretatuko da, eta Udalaren eskura itzuliko da.

Kontzesioa zer lurretarako eman den, eraikuntza haien gainean egiten ez bada orduan ere itzuliko da Udalaren eskura.

c) Eskubidea zer epetarako eman zen, hura iragaten denean.

d) Behar den epearen barrenean eskubideak edo tasak ordaintzen ez badira.

e) Aurreikusi bezala titularrak berariaz uko egiten duenean.

f) Hilerria kentzeagatik.

Artikulu honetan aipatzen diren espedienteetan, 15 egunean entzutea emanen zaio kontzesioaren titularrari edo haren ondorengoei, banan banako jakinarazpenaren bidez eta iragarkia oholean paratuta, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da horiek ezezagunak direnean edo haien helbidearen berri ez dagoenean.

Xedapen gehigarria

Ordenantza honek aipatzen ez duen orotan, alor honetako legeriak aurreikusitakoari eginen zaio men.

Azken xedapena

Bakarra.-Ordenantza honek 2009ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra, behar diren tramiteak egin ondoan.

Xedapen indargabetzailea

Bakarra.-Indarrik gabe uzten dira, baliorik ez eraginik ez dutela, ordenantza hau osoki betetzeari kontra edo traba egiten dioten udal mailako lehenagoko xedapen guztiak.

Iragarkiaren kodea: L0913568