56. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

AKATS ZUZENKETA, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 10ean emandako 532/2009 Ebazpenarena. Ebazpen horren bitartez 2009. urtean Nafarroako Pirinioko langile medikoak egonkortzeko planerako toki entitateendako diru-laguntzetarako deialdia onetsi zen.

Aipatutako ebazpenaren argitaratzean (48. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 22koa) oinarri arautzaileen eranskina argitaratu gabe gelditzeagatik egindako akatsaz ohartuta, zuzendu egiten da argitaratu gabeko eranskina gehituta.

Iruñean, 2009ko apirilaren 22an.-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Carlos Garde Celigueta.

NAFARROAKO PIRINIOKO LANGILE MEDIKOAK EGONKORTZEKO TOKI ENTITATEENDAKO DIRU-LAGUNTZETARAKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.-Xedea.

Deialdi honen xedea da, Nafarroako Pirinioko osasun eskualde oinarrizkoetako toki entitateei, bertan aritzen diren langile medikoak egonkortzeko jarduketak egiten dituztenei, 2009. urteko ekitaldirako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea, Nafarroako 2009ko aurrekontu orokorretako "(**) Pirinioko langile medikoak egonkortzeko planerako hitzarmenak" izeneko 547000 52300 4609 312202 kontu-sailaren arabera.

2.-Jarduketa eremua eta helburua.

Diruz lagunduko diren jarduketak Nafarroako Pirinio aldean gauzatuko dira, hots, "Nafarroako Pirinioaren Garapenerako Plan Estrategikoan" sarturik dauden toki entitateetan (Agoizko, Aurizko, Izabako eta Zaraitzuko osasun eskualde oinarrizkoak eta Longidako, Irunberriko, Erromantzatuko, Urraulgoitiko eta Urraulbeitiko udalerriak) eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko medikuen plantillak pizgarrien bitartez egonkortzea izanen dute helburu, profesional horiek alderdian koka daitezen.

3.-Onuradunak.

Deialdi honen diru-laguntzak jaso ahalko dituzte Nafarroako Foru Komunitateko Pirinio aldean dauden osasun eskualde oinarrizkoetako toki entitateek, hots, "Nafarroako Pirinioaren Garapenerako Plan Estrategikoan" sarturik dauden udalek (Agoizko, Aurizko, Izabako eta Zaraitzuko osasun eskualde oinarrizkoak eta Longidako, Irunberriko, Erromantzatuko, Urraulgoitiko eta Urraulbeitiko udalerriak), 2009. urtean jarduketa horiek gauzatzen badituzte edo gauzatzeko asmoa baldin badute.

4.-Jarduketek bete beharreko baldintzak.

Diruz lagundu behar diren jarduketek alderdi horietan zerbitzua ematen duten Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko mediku plantillaren egonkortzea sustatzeko egokiak beharko dute izan.

Diru-laguntzen xedea da jarduketa horiei egozten ahal zaizkien gastu arrunten eta funtzionamendu gastuen eragiketak, inbentariagarriak ez diren zaintze, mantentze eta konponketa lanak eta ekipamenduak zaintzeko gastuak finantzatzea. Gastu inbentariagarriak ez dira inolaz ere lagunduko.

5.-Eskaerak aurkeztea.

5.1. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erregistro Orokorrean (Irunlarrea kalea, 39 31008 Iruña) aurkeztuko dira edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorreko edozein bulegotan (ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretua, 95. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 7koa) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan ezarritako erregistro eta bulegoetan, Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzari zuzendurik.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen. Gainera, entitate interesdunak, egun berean, telefax bidez (848 429384) jakinarazi beharko dio Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzari eskaera igorri duela.

5.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideak toki entitearen legezko ordezkariak (udaleko alkateak, kontzeju, mankomunitateko edo udal-elkarteko lehendakariak) sinaturik aurkeztu beharko dira, eta haiekin batera agiri hauek:

a) Diru-laguntzen xede diren jarduketen azalpena, non adieraziko baita:

-Jarduketaren izena.

-Jarduketaren azalpen laburra.

-Helburuak eta jarduerak.

-Jarduketa zein tokitan edo esparrutan egin behar den.

-Jomugako biztanleak.

-Jarduketa kudeatzeko tresna (hitzarmenak, deialdia, toki entitateak eman beharreko diru-laguntzak, norbere baliabideak).

-Jarduketa bakoitzaren aurrekontua, non adieraziko baita hura bakarrik deialdiaren bidez finantzatuko den edo kostuaren parte bat toki entitateak berak bere gain hartuko duen. Kasu horretan zenbatekoa emanen da.

-Jarduketaz arduratzen den unitate organikoa.

-Jarduketa eginen duen entitatearen izena.

b) Eskatzaileak bere eskaera sendotzeko interesgarri jotzen duen zeinahi agiri.

5.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskabideak betebeharrak bete ezean edo harekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezean, instrukzio organoak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezean, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan xedatu bezala.

6.-Prozedura antolatu, bideratu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Instrukzio organo gisa, balorazio batzorde bat eratu da, honako kideak dituena: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendaria, batzordeburua, eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Barrutietako zuzendariordeak (Nafarroako Iparraldekoa eta Nafarroako Ekialdekoa), Oinarrizko Osasun Laguntzako Administrazio eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko burua eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio Publikoko teknikari bat (arlo juridikoa), batzordekideak. Deialdi honen ondorioetarako diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko eginkizunak esleitu zaizkio.

Laguntzak emateko prozeduraz ebazteko eskumena Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak du.

7.-Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdian aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura ohikoa izanen da, hurrengo ataletan ezarritako irizpideekin bat.

8.-Balorazio irizpideak eta zenbatekoa esleitzeko prozedura.

8.1. Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honi jarraikiz ematen diren diru-laguntzen finantziazioa Nafarroako 2009ko aurrekontu orokorretako "(**) Pirinioko langile medikoak egonkortzeko planerako hitzarmenak" izeneko 547000 52300 4609 312202 kontu-sailaren kargura izanen da. Kontu-sailak gehienez ere 100.000 euroko kreditua du.

8.2. Dirua banatzeko irizpideak eta entitateen araberako banaketa.

Deialdiaren zenbatekoa orotariko irizpide hauei jarraikiz banatuko da:

-Eskualdeen arteko elkartasuna dela-eta, oinarri arautzaileotan xedatutakoarekin bat datozen jarduketak aurkezten dituzten toki entitate guztiek diru-laguntza hartuko dute, proposatutako jarduketa bat gutxienez gauzatu ahal izateko.

-Entitate bakoitzari dagokion zenbatekoa xedatuko da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak dituen datuen arabera mediku plantillan egonkortasun txikiena duten entitateak lehenetsiz. Horretarako parametro hauek hartuko dira kontuan: azken hiru urtean izandako medikuen txandaketa, mediku ezberdinen kopurua eta kontrataziorako zailtasuna.

8.3. Eskaeren balorazioa.

Aurreko ataletan ezarritakoa oinarri hartuz, balorazio prozedura honelaxe eginen da:

-Balorazio batzordeak aurkeztutako eskaerak bideratu, aztertu eta ebaluatuko ditu, oinarri arautzaile hauetan ezarritako irizpide, modu eta lehentasunen arabera, eta organo eskudunari diru-laguntzak emateko ebazpenaren proposamena igorriko dio.

Balorazio batzordeak arlo horretan adituak diren pertsona fisikoen edo entitate pribatuen aholkularitza eska dezake.

-Eskaerak aurkeztuta, instrukzio organoak toki entitateek proposaturiko jarduketak sailkatuko ditu eta haien aurrekontua jarduketa hasteko aurreikuspenera egokituko du.

-Diru-laguntzak ez dira behin ere eskatutako zenbatekoa baino handiagoak izanen.

Instrukzio organoak noiznahi ere eskatzen ahalko dio entitateari eskaera hobeki baloratzeko edozein argibide.

9.-Diru-laguntzaren zenbatekoaren esleipena.

Diru-laguntzaren zenbatekoa aurreko atalean adierazitako prozeduraren arabera esleituko da.

Instrukzio organoak proposamen txostena eman aurretik, interesdunei entzuteko tramitea egiten ahalko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

Proposatzen den diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa izanez gero, entitate eskatzaileak eskaera aldatzen ahalko du, gehienez ere hamar egun naturaleko epean, jakinarazten denetik hasita. Betiere, bermatu beharko da aldatutako proiektuak jatorrizko proiektuaren xede eta ezaugarri berak izanen dituela.

10.-Prozeduraren gaineko ebazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaerak aztertu ondoren, instrukzio organoak aurkezturiko ebazpen proposamena ikusirik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du diru-laguntzen gainean.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta bertan hura emateko arrazoiak, diru-laguntza hartzen duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ukatzeko arrazoiak adieraziko dira. Emate kasuetan xedea eta esleituriko zenbatekoa azalduko dira.

Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertu ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpenaren aurka, ebazpen espresua izan edo ustezkoa, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko Legean xedatutakoarekin bat, deusetan galarazi gabe Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 97.2 artikuluan adierazitako aurretiko errekerimendua egin ahal izatea, Lege Jurisdikzionalaren 44. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

11.-Bateragarritasuna.

Deialdian aipatzen diren diru-laguntzak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu batzuek jarduketa gauzatzeko ematen dituztenekin batzen ahal dira.

Hala ere, zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

12.-Gastuaren justifikazioa:

Diruz lagundutako jarduketen exekuzioa eta gastu orokorra justifikatzeko agiri hauek aurkeztuko dira:

1. Jarduketen memoria tekniko zehatza.

2. Jarduketa bakoitzaren memoria ekonomikoa.

3. Idazkariaren edo kontu-hartzailearen ziurtagiria, emandako diru-laguntza oso-osorik aplikatu dela adierazteko, gastuak jarduketaz jarduketa adierazita.

4. Hala behar denean, gastuen egiaztagiriak edo diru-laguntza publikoaren xedea bete dela frogatzen ahal duen balio juridikoko edozein agiri, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan aipatutakoari jarraikiz.

Nolanahi ere, agiriak 2010eko urtarrilaren 9a baino lehenago aurkeztu beharko dira.

13.-Diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntzaren ordainketa Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da. Diruz lagundutako jarduketen ezaugarrien arabera, ordainketa dena batera egiten ahalko da jarduera bukatutakoan, edo zatika, zatikako justifikazioen bidez, gastua eta jarduera egin direla frogatu ondoren. Ordainketa Nafarroako 2009ko aurrekontu orokorren kargura bideratu ahal izateko, gastuaren eta aldi horri dagokion jardueraren justifikazioa 2010eko urtarrilaren 9a baino lehen aurkeztu beharko da.

Jarduerak, diru-laguntzaz gain, berezko funtsekin edo bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, justifikazioan diru-laguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan xedatutakoaren arabera, toki entitateek emandako diru-laguntzaren ordainketen aurrerakinak eskatu ahalko dituzte eta horretarako baimena, betiere, artikulu horren 5. atalean ezarritakoak baldintzatuko du. Deialdi honetarako, toki entitate bakoitzari emandako dirulaguntzaren %50eko aurrerakina, gehienez ere, eta justifikatzeko lau hilabeteko epea ezarri dira.

14.-Jarraipena.

Balorazio batzordeak diru-laguntzen jarraipena eginen du, onuradunek eskatu zaizkien baldintzak finkatutako epeetan betetzen ote dituzten aztertzeko, behar diren egiaztapenak egiteko eta proiektuak nola gauzatzen diren aztertzeko.

15.-Betebeharrak eta ez-betetzeak.

Diru-laguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren xede diren proiektua eta jarduerak deialdi honen oinarri, baldintza, betebehar formal eta materialen arabera gauzatzea, eta dirua, betiere, eman zen kontzeptuetarako baizik ez erabiltzea.

b) Diruz lagundutako jarduerak eta gastu osoa egin direla justifikatzea.

c) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak edo, indarreko antolamenduaren arabera, eskumena duten beste organo batzuek egiten dituzten egiaztapen lanak eta kontrol tekniko eta finantzariorako jarduerak onartzea eta emandako diru-laguntzari buruz eskatzen dioten dokumentazio guztia eskura jartzea.

d) Proiektuaren publizitate eta zabalkunde lan guztietan diru-laguntzaren jatorria adieraztea. Zabalkunde idatzi edo grafikoetan Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren logotipoa azaldu beharko da, bai eta Nafarroako Gobernuarena ere.

e) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzari xede berarekin eskatu edo jaso diren bestelako diru-laguntzen berri ematea.

f) Proiektua gauzatu ezin bada edo diru-laguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, entitate onuradunak jasotako dirua itzuliko du, edo dena justifikatu ezin bada, justifikatu ezina itzuliko du.

g) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako eginbeharrak.

16.-Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

Deialdi honi dagokionez, zilegi da azpikontratazioa egitea, hots, hirugarrenekin diru-laguntzaren xede den jardueraren erabateko edo hein bateko gauzatzea hitzartzea. Onuradunak berak diru-laguntzaren xede den jarduera egiteko pagatu behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da.

Onuradunak diruz lagundutako jarduera oso-osorik azpikontratatzen ahalko du.

17.-Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzari.

Salbuespen gisa, diru-laguntzak hartzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, programa gauzatzea eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira, betiere diru-laguntzaren xede den programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, administrazioak onarturik egonda ere, eta, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da.

18.-Itzulketa.

Programa gauzatu ezik edo diru-laguntza emateko ezarririko baldintzak bete ezik, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdian berariaz aipatzen diren eginbeharrak egin ezik, harturiko zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezko izanen da diru-laguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza interesak pagatzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak goian aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da haren gainean.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarririko baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

19.-Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen entitate onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko administrazio arau-hausteentzako zehapen araubidearen mende egonen dira eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

20.-Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko diren errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

21.-Aplikatu beharreko arauak.

Deialdi hau Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren babesean onesten da; beraz, oinarri arautzaileotan jasota ez dagoen guztian, lege hori oso-osorik bete beharko da.

Iragarkiaren kodea: F0914309