56. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 8a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

ORKOIEN

Deialdi publikoa, garapenerako lankidetza proiektuak
aurrera eramateko. Oinarriak

Orkoiengo Udaleko alkateak, 2009ko apirilaren 8ko ebazpenean, deialdi publiko baten oinarriak onetsi zituen, 2009an garapenerako lankidetza proiektuak aurrera eramateko diru-laguntzen deialdiarenak, hain zuzen.

Txirotasuna eta desberdintasuna ez dira berezko zerbait, "Iparraldeko" herrietako eredu ekonomikoak eta garapenak sortutakoa baizik.

Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko harremanak bidezkoak eta berdintasunean oinarrituak izan daitezen, Orkoiengo Udalak kontusail bat bideratzen du urtero, garatzen ari diren herriekiko lankidetza proiektuak finantzatzeko eta sentsibilizatze jardueretarako.

Lehena.-Deialdiaren xedea.

Laguntza hauek garapen bidean dauden herrien proiektuak bultzatzea dute helburu. GGKEek aurkeztuko dituzte proiektu horiek eta haiekin batera herritarrak sentsibilizatzeko jarduerak eginen dira Orkoiengo udalerrian.

Bigarrena.-Irabazteko asmorik gabeko GGKEek (Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek) eskatzen ahalko dute diru-laguntza, baldin eta estatutuetan -erakundearen berariazko xede gisa- herrien garapena bultzatzen eta haien arteko elkartasuna sustatzen duten jarduerak egitea jasota badute, eta baztertuta geldituko dira aurreko ekitaldietan hartutako diru-laguntzei dagozkien gastuak behar adina justifikatu ez dituztenak, aurreikusitako epean.

Hirugarrena.-Proiektuak Udal honen sarrera erregistroan aurkeztu beharko dira, honako hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 20 egun balioduneko epean.

Laugarrena.-Proiektuetan datu hauek jasoko dira:

A) Proiektuaren izenburua.

B) Laguntza hartzen duen erakundea.

C) Elkarte edo erakunde hartzailearen helburuak.

D) Kontrapartearen deskribapena.

E) Proiektua non kokatuko den.

F) Proiektua kokatuko den eremuko baldintza sozial eta ekonomikoen deskribapen orokorra.

G) Proposatzen den proiektuaren azalpen zehatz eta justifikatua, generoaren ikuspegitik.

H) Komunitate onuradunak proiektuan duen parte hartzea.

I) Bideragarritasun teknikoa eta jarraitzeko aukera.

J) Aurrekontua.

k) Proiektuak beste erakunde edo organismo batzuetatik laguntzarik hartzen ote duen.

L) Proiektuaren ebaluazioa.

Bosgarrena.-GGKEek edo elkartasuneko erakundeek herritarrak sentsibilizatzeko jardueren programa bat ere aurkeztu beharko dute, lankidetza proiektuan oinarritua. Herriko hainbat sektoreri eta kolektibori zuzenduko zaizkie, irizpide hauei jarraituz:

a) Jarrera eta portaeren aldaketa bultzatzea herrien arteko desoreka ekonomiko, sozial eta kulturalen arazoaren aurrean, jendeak bizirik segitzeko eta haien bizi baldintzetan dituen ondorio larriak kontuan hartuta.

b) Informazio kontrastatu, osagarri eta kritikoak eskaintzea.

c) Jarduerak egitea (hitzaldiak, Iparralde-Hegoalde harremanen gaineko ikastaroak, non herritarrek eta kolektiboek parte hartuko duten, erakusketak...).

Seigarrena.-Udal honek lagundutako proiektuak aurkezten dituzten entitateek konpromiso hauek hartuko dituzte:

a) Entitate hartzaileak txosten bat aurkeztuko du, lagundutako proiektua abiatu eta 6 hilabeteren buruan, proiektua zertan den eta gerta daitezkeen gorabeherak aipatuz.

b) Laguntza hartu duen erakundeak txosten bat aurkeztuko du proiektua bukatutakoan, 2010eko otsailaren 10a baino lehen aurkeztu ere, diru-laguntzekin egindako inbertsio edo gastuen ordainagiriak eta material grafikoa erantsita.

c) Proiektua aurrera eramatean izandako gorabehera eta aldaketen berri emanen da, eta Orkoiengo Udalari haiek onartzea eskatuko zaio gauzatu baino lehen.

Zazpigarrena.-Diru-laguntza hartzen duten entitateek, proiektuaren gaineko txostenaz gain, beste bat aurkeztuko beharko dute Orkoienen eta beste herrietan sentsibilizatzeko egindako jarduerei buruzkoa.

Zortzigarrena.-Batzorde bat eratuko da, aurkeztutako proiektuak ebaluatuko dituena, eskatzen diren baldintzei hobekien lotzen zaizkienak aukeratzearren.

Honakoek osatuko dute batzorde ebaluatzaile hori:

a) Batzordeko burua: Orkoiengo Udaleko gizarte gaietarako zinegotzi delegatua.

b) Batzordeko kideak: lankidetza proiektuetako teknikari bat, deialdi honetan proiekturik aurkeztu ez duen GKE edo elkartasun erakunde batekoa, batzordeko buruak izendatua.

Orkoiengo Udaleko Kultura eta Euskarako teknikariak.

Orkoiengo Udaleko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoko teknikariak.

Bederatzigarrena.-Batzordeak alderdi hauek baloratuko ditu:

-Proiektuaren esparru logikoa.

-Proiektuaren azalpena genero ikuspegia kontuan harturik.

-Proiektuaren xedeko komunitatearen edo herriaren garapen integrala.

-Proiektuaren jarraipena.

-Bertako baliabide teknikoen, giza baliabideen eta abarren erabilera (onuradunen ingurunekoak).

-Proiektuaren interes soziala.

-Lortu beharreko helburu eta xedeen azalpen egokia. Proiektuaren kalitate teknikoa eta barne koherentzia (helburu argiak, jarduerak, etab.).

-Onuradunak edo eragin biderkatzailea.

-Proiektua burutuko duen kontrapartearen edo entitate erantzulearen informazio egokia.

-Proiektuaren bideragarritasuna.

Hamargarrena.-Betebeharrak:

10.1. Zertarako ematen diren, hartarako erabili beharko dituzte diru-laguntzak erakunde onuradunek eta haien aplikazioa agiriekin justifikatuko dute. Halaber, Udalak eskatzen dizkien egiaztapenak onartu beharko dituzte, eta haietan lagundu.

10.2. Diru-laguntzaren entitate onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko betebeharretan egunean egon beharko dute; zorrik izanez gero, haiek kitatuz ordainduko da diru-laguntza.

Hamaikagarrena.-Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, datu faltsuak ematen badira edo diru-laguntzaren xedea Udalaren baimenik gabe aldatuz gero, hura galduko da eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira. Gainera, horrek ekartzen ahalko du aurrerantzean helburu horretarako edo antzekoetarako laguntza eskaerarik ez onartzea, deusetan galarazi gabe legeetan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.

-Aurreko ekitaldietan txostenak edo memoriak aurkeztu ez eta, oro har, deialdiaren seigarren oinarrian ezarritakoa bete ez duten entitateen eskaerak ez dira onartuko hurrengo deialdietan, harik eta oinarrietan ezarritakoa bete arte.

Orkoienen, 2009ko apirilaren 8an.-Alkatea, Casimiro Larrea Ruiz.

Iragarkiaren kodea: L0913647