56. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

154/2009 EBAZPENA, apirilaren 16koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez 2009-2010 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan gizarte eta kultura egoera ahulean dauden ikasleei laguntzeko giza baliabideak esleitzeko deialdi publikoaren oinarriak onesten dira.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 80. eta 81. artikuluetan administrazio publikoei eskatzen zaie egoera ahulean dauden pertsonei, giza taldeei eta lurralde eremuei laguntzeko konpentsazio neurriak hartzea, hezkuntza sistemaren lana sendotzeko, horrela faktore sozialek, ekonomikoek, kulturalek, geografikoek, etnikoek edo bestelakoek eragindako desberdintasunak saihesteko asmoz.

2009ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 21/2008 Foru Legeak, 38.6 artikuluan, ezartzen du bestelako giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak izanen dituztela Haur Hezkuntzako eta Derrigorrezko Irakaskuntzetako ikastetxe itunduek, baldin eta hezkuntzako behar berariazkoak dituzten ikasleak badituzte, edo gizarte edo kultura egoera ahulean daudenak. Baliabide horiek behar diren txosten teknikoek finkatzen dutenaren arabera banatuko dira, Hezkuntza Departamentuak onetsi beharreko deialdi publiko baten bidez.

Hezkuntzako kontseilariak ekainaren 13an emandako 93/2008 Foru Aginduaren 36. artikuluak ezartzen du, berdintasuna bermatzeko eta desberdintasunak orekatzeko asmoz, jantokirako, eskolako materialerako, jarduera osagarrietarako eta prestakuntza jardueretarako laguntzak eta deialdiak ezarriko direla urtero.

Hezkuntza Departamentuak 2008-2009 ikasturtean horrelako ikasleei laguntzeko baliabideak Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 5eko 217/2008 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdi publikoaren bitartez banatu ziren. Horregatik, beharrezkoa da 2009-2010 ikasturterako behar diren baliabideak esleitzeko deialdia onestea.

Nafarroako Gobernuak, 2009ko martxoaren 23an hartutako Erabakiaren bidez, 648.085,14 euroko urte anitzeko gastua onetsi zuen deialdi hori finantzatzeko.

Hortaz, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuko zuzendariak emandako txostena ikusirik, non proposatzen baita 2009-2010 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan gizarte eta kultura egoera ahulean dauden ikasleei laguntzeko giza baliabideak esleitzeko deialdi publikoaren oinarriak onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2009-2010 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan gizarte eta kultura egoera ahulean dauden ikasleei laguntzeko giza baliabideak esleitzeko deialdi publikoaren oinarriak onestea.

2. Deialdi honen xede diren baliabide ekonomikoetarako diru-laguntzak banatzeko kreditua 648.085,14 euro ingurukoa izanen da. Horietarik 211.792,53 euro 2009ko aurrekontuko "Immigrazioa eta gutxiengo kulturalak. Diru-laguntza irakaskuntza pribatuari" izeneko 410003-41140-4811-322002 kontu-sailaren kargura izanen dira. Gainerakoa, 436.292,61 euro, 2010erako gastu aurrekontuan izen berarekin sortuko den kontu-sailaren kargura.

3. Ebazpen hau eta I. eta II. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Ikastetxeen eta haien Finantzaketaren Atalari, Kultura-aniztasunaren Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Hezkuntzako Itunen Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2009ko apirilaren 16an.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

1. ERANSKINA

2009-2010 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan gizarte eta kultura egoera ahulean dauden ikasleei laguntzeko beharrezkoak diren giza baliabideak esleitzeko
deialdi publikoaren oinarriak

1. Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da giza baliabideak esleitzea hezkuntzako behar berariazkoak dituzten ikasleak eskolatzen laguntzen duten ikastetxe itunduei, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 80. artikuluari jarraikiz.

2. Giza baliabideak.

2.1. Irakasle laguntzaileak izanen dira deialdi honetan aipatzen diren beharrei erantzuteko giza baliabideak, eta Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan bi ikasturteko edo gehiagoko curriculum atzerapena duten ikasleekin eginen dute lan.

Irakasleen lansariak, antzinatasuna eta karga sozialak Administrazioak ordainduko ditu zuzenean, ordainketa eskuordetuaren bidez, galarazi gabe irakasleen eta ikastetxe bakoitzeko titularraren arteko lan harremana, eta inolako lan harremanik sortzen ez duela Hezkuntza Departamentuaren eta aipatu irakasleen artean, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 117. artikuluaren arabera.

2.2. 2009-2010 ikasturtean, astero gehienez ere 350 irakastordu laguntzen ahalko dira diruz, behar berariazkoak dituzten ikasleak txertatzen laguntzeko irakasleenak, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Horietarik 15 ordu gordeko dira matrikulatzeko epe arruntaren ondoren eskolatutako ikasleentzat.

2.3. Ikastetxe bakoitzaren hezkuntza ituna formalizatzeko dokumentuan, non jasotzen baitira Hezkuntza Administrazioak eta ikastetxe itunduaren titularrak elkarrekin dituzten eskubide eta eginbeharrak, klausula gehigarri batean agertuko dira deialdi honen ebazpenean ikastetxe itundu bakoitzerako onesten diren baliabideak.

3. Eskaerak egiteko epea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Deialdi honen 1. puntuan adierazitako ezaugarriak dituzten ikasleak eskolatzen dituzten ikastetxe pribatuek deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztu beharko dute, departamentu honetako Kultura-aniztasunaren Zerbitzuari zuzendua, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hasita hogei egun naturaleko epean.

3.2. Ikastetxeen erregistro berezian agertzen den titularrak aurkeztu beharko du eskaera.

Eskaeran adierazi beharko da zenbat irakastordu proposatzen diren astean, gizartean eta kulturan desabantailan dauden ikasleei gizarteratzen laguntzeko irakasleenak, betiere curriculum-egokitzapen garrantzitsurik behar badute, 2. eranskinean ezarritako ereduarekin bat.

Ikastetxeak egoki jotzen duen dokumentazioa aurkeztuko du, ikastetxe horretan hezkuntzako laguntza behar berariazkoak dituzten ikasleak ongi ezagutu eta baloratu ahal izateko.

3.3. Laguntza eskaera eta eskatutako dokumentazioa 3.1 atalean adierazten den epean aurkeztu beharko dira Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako tokietan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (erregistro elektroniko hori ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak arautu zuen).

Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, ikastetxeek zazpi egun naturaleko epea izanen dute dokumentazioan egindako akatsak zuzentzeko.

4. Deialdiaren prozedura eta ebazpena.

4.1. Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuak izendatzen dituen teknikariek eskaera egiten duten ikastetxe guztien gaineko txosten bakarra prestatuko dute. Txosten horrek honako hauek bilduko ditu:

a) Ikastetxearen identifikazio datuak.

b) Ikasleengan atzemandako hezkuntza-laguntza beharren azterketa eta balioespena.

Txosten horretan ikasleak eskolatzen laguntzeko behar diren giza baliabideen proposamena eginen da.

4.2. Balorazio prozesua bukatuta, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuko zuzendariak, Balorazio Batzorde Teknikoak aurrez balorazioa eginda, behin-behineko proposamena eginen du, ikastetxeei jakinaraziko zaiena, egoki iruditzen zaizkien alegazioak edo erreklamazioak aurkez ditzaten bost eguneko epean.

Instrukzio organoak erreklamazioak ebatzi ondoren, behin betiko ebazpen proposamena igorriko zaio Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean ebatz dezan. Gero, ebazpena ikastetxeetara igorriko da, diru-laguntzarik eman ote zaien adieraziz.

Epe horretan jakinarazpen espresurik ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

4.3. Bidezko izanez gero bakarrik esleituko dira 2.2 atalean adierazi bezala gorde diren giza baliabideak, betiere 2009-20010 ikasturtea hasi ondoren sortzen diren premien arabera. Horretarako, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak ebazpena eman beharko du, eskaerak balioesten dituen batzordeak proposaturik eta aldez aurretik Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuak txostena emanik.

Eskaerak aurkezten direnetik hiru hilabeteko epean berariazko ebazpen eta jakinarazpenik ez badago, eskaera ezetsi dela ulertu behar da.

5. Organo eskudunak.

Laguntzak emateko prozedura instruituko duen organoa Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzua izanen da.

Eskaerak hautatzeko batzordeak kide hauek izanen ditu:

Batzordeburua:

-Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuko zuzendaria.

Batzordekideak:

-Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuko zuzendaria.

-Ikastetxeen eta haien Finantzaketaren Ataleko burua.

-Kultura-aniztasunaren Ataleko burua.

-Kultura-aniztasunaren Ataleko langile bat.

Idazkaria:

-Departamentuko Idazkaritza Teknikoko legelari bat.

6. Deialdi honen aurka nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, deialdia argitara eman edo dagokien ikastetxeei jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

2. ERANSKINA

Gizarte eta kultura egoera ahulean egonda, hezkuntzako laguntza behar duten ikasleak.

Ikastetxea: ........................................... Herria: ......................... Ikastetxeen kodea:

Ikastetxeko orientzailearen izen-deiturak: .....................................................

ZER IKASLERENTZAT ESKATZEN DIREN LAGUNTZEKO IRAKASTORDUAK

(IZEN-DEITURAK)

KURTSOA

OHARRAK

Oharra:

Curriculum atzerapen adierazgarria duen ikasle bakoitzarentzat prestatutako Curriculuma Norbanakoari Egokitzearen (CNE) sinopsia aurkeztuko da, eta honako hau jasoko du:

CNE zenbakia:

Ikaslearen izen-deiturak:

Kurtsoa:

Gutxi gorabeherako maila pedagogikoa:

Atzerapenaren arloak:

Atzerapenaren zergatikoak:

Astean zenbat laguntza ordu behar dituen:

Zer beste neurri hartu dira aurretik ikasle honekin?

Tokia eta eguna:

Orientatzailearen izen-deiturak:

Sinadura:

Iragarkiaren kodea: F0914228