56. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 8a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

FITERO

Kontribuzio berezien ehunekoaren
hautapena arrazoitzeko erabakia

Fiteroko Udalak, 2009ko martxoaren 31n egin osoko bilkura arruntean, bertzeak bertze honako erabaki hau hartu zuen:

Ikusirik Nafarroako Administrazio Auzitegiaren 2009ko otsailaren 17ko ebazpena, Udal honetako Erregistro Orokorrean 100 zenbakiarekin sartu zena, 2009ko otsailaren 20an. Ebazpen hori luzatu da gora jotzeko 08-5857 errekurtsoan, eta hura Carmen Rita Bayo Graciak eta bertze batzuek paratu zuten Alkatetzaren 2008ko uztailaren 3ko ebazpenaren kontra. Delako ebazpenaren bidez kontribuzio bereziak ezarri ziren, sareak berritzeko eta zoladura emateko obren IV. fasea egiteko.

Ikusirik Nafarroako Administrazio Auzitegiaren jarrera, hartatik segitzen baita kontribuzio bereziaren ezarpena zuzena izan dela, kasu honetan zoladura eta moldaketa ematea proiektatzen baitzen udalerriko komunikazio sistema orokorretik kanpora dauden karrika batzuetan, eta IV. faseko karriken zoladurak onura berezia ekarri baitie obrek ukituriko jabeei.

Ikusirik, nolanahi ere, ebazpen horren ustez kontribuzio berezien zerga-oinarria kalkulatzeko aplikatzen den ehunekoa -%90, obren kostuaren gainean- ez zegoela arrazoitua, eta beraz, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren irizpena da, epaiaren ebazpen zatian, "Udalak betebeharra duela kontribuzio bereziekin kargatu nahi duen kostuaren ehunekoa arrazoitzea. Gainerako nahikeriak ezetsirik gelditu dira".

Kontuan harturik erabaki dela Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpen hori zehatz-mehatz betetzeko bitartekoa dela.

Kontuan harturik IV. fasean sarturiko karriketan saneamendua eta zoladura egiteko obren kostuaren gainean aplikatutako ehunekoaren hautapena arrazoitzeko Udal honek txosten teknikoa manatu diola Joaquín Aliaga Montes industria ingeniariari, bera baita IV. fasearen proiektuaren egilea eta obren zuzendaria, baita Fiteroko udalerriko saneamendu lanen lehengo faseen proiektuen egilea eta obren zuzendaria. Txostena, 2009ko martxoaren 23an luzatua, administrazio espedientean jasoa dago eta hartan oinarritu da Fiteroko Udal honek kontribuzio berezien zerga-oinarria aurkitu beharrez hautatu den ehunekoa arrazoitzeko.

Kontuan harturik txostenetik ondorio hauek ateratzen direla:

1. Sareen berritzea eta saneamendua erabiltzaileen zuzeneko onura da.

2. IV. fase honek ukituriko bizilagunek onurak jaso dituzte, eta horiek erabat arrazoitzen dituzte jasan behar izan dituzten kostuak.

3. Espediente honetan aplikaturiko gehieneko ehunekoa (orobat, sareak berritzeko lehengo faseetako kontribuzio berezien prozedura guztietan) erabat arrazoitu dute ukituriko jabeek eskuratu dituzten onura partikularrek, txostenean aipatzen baitira.

4. %90 hori aplikatu da sareak berritzeko aurrekontuaren gainean, sartu gabe gasaren sarea paratzeko obrak, Udal honen bizkar egin badira ere (partikularren bertze onura erantsi bat, ekonomiko hutsa gabe, teknikoa ere bai).

Azken batean, jabeei jasanarazteko %90 hori, kontribuzio bereziak ezartzeko erabakian hasieran adierazten zena, pixka bat apaldua geldituko da betiere, Udalak bere gain hartu duelako gas sarearen kostua.

5. Txostenak dioenez, espedienteko dokumentaziotik segitzen zen, kontribuzio bereziak ezartzeko erabakiaren aitzin, partikularrek izan behar zuten onura, egin behar zen obraren ezaugarri teknikoaren ondorioz; are gehiago, dokumentazio hark berekin zekarren hautatutako ehunekoaren arrazoitzea, eta arrazoitze hori sendoturik eta baieztaturik gelditu da lanak gauzatzean.

Kontuan harturik IV. fase honetako saneamendu eta zolatze lanak jarduketa orokor eta oso baten atal direla eta hark Nafarroako Gobernuaren oniritzia duela, hura egin bada ere "mailaz maila eta hirurteko planetan sartu ahal izateko eta Nafarroako Gobernuak horretarako aurreikusten dituen laguntzak eskuratzeko maneran", txosten teknikoak argi eta garbi aditzera ematen duenez.

Kontuan harturik ezen, horren ondorioz, obra multzo bakoitzerako kontribuzio berezien espediente guztietan ezarri dira baldintza juridiko berak eta aplikazio parametro berak (bereziki, egotzitako ehunekoari dagokiona), betiere obra horiek bilaturik hirurteko plan ezberdinetan sartzea, Udalaren ekonomian eta orobat ukituriko partikularrei jasanarazi beharreko zenbatekoan duten eragina apaldu beharrez.

Kontuan harturik ezen lehenago adierazitako arrazoibideak, administrazio espedientean agertzen den txosten teknikoak babestuta, sostengatzen eta arrazoitzen dutela %90 hautatu izana sareak berritzeko lanen IV. fasearen kostuaren gaineko jasanarazpenaren ehunekoa izan dadin kontribuzio berezien zerga-oinarria zehazteko.

Honako hau erabaki da:

Lehena.-Onestea %90 hautatzeko arrazoia sareak berritzeko lanen IV. fasearen kostuaren gaineko jasanarazpenaren ehunekoa izan dadin kontribuzio berezien zerga-oinarria zehazteko, Nafarroako Administrazio Auzitegiak 2007ko otsailaren 17an eman ebazpenaren agindua bete beharrez.

Bigarrena.-Erabaki hau jakinaraztea interesaturik egon daitezkeen guztiei eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Erabaki honen kontra, errekurtso hauetariko bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, erabakia hartu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean erabakia jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazten denetik aitzina.

Fiteron, 2009ko apirilaren 4an.-Alkate udalburua, Francisco Javier Yanguas Fernández.

Iragarkiaren kodea: L0913618