56. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

97/2009 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, unibertsitateko ikasleak nazioartean mugitzeko laguntzen deialdia egiten duena, 2009-2010 ikasturterako.

Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du, eta bertan proposatu onets eta argitara dadila "Unibertsitateko ikasleak nazioartean mugitzeko laguntzen 2009-2010 ikasturteko deialdia", Europako Goi Mailako Ikasketen Esparrua sortzeko bateratasun markoaren barruan.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa eta Balorazio Batzordearen ekarpenak kontuan harturik eta Nafarroako unibertsitateek esan dutena aditurik.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Unibertsitateko ikasleak nazioartean mugitzeko laguntzen deialdia onestea, 2009-2010 ikasturterako. Ebazpen honen eranskinean ageri da.

2. 149.874,61 euro arteko gastua onestea, 2009ko ekitaldirako gastuen aurrekontuko "Atzerriko unibertsitateekin trukeak egitea: Erasmus eta beste batzuk" izeneko 431000-43100-4800-322300 kontu-sailaren kargura. Kopuru hori esleipenaren unean handitzen ahalko da, aurrekontuan behar beste diru izanez gero.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta, biharamunetik, hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

5. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiari, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuari, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen eta erakundeekiko harremanen errektoreordeari, Nafarroako Unibertsitateko ikasleen errektoreordeari eta erakundeekiko harremanen errektoreordeari, Nafarroako Unibertsitateko Europako Dokumentazio Zentroko zuzendariari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu hartzaile-delegatuari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko apirilaren 15ean.-Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, Pedro González Felipe.

ERANSKINA

UNIBERTSITATEKO IKASLEAK NAZIOARTEAN MUGITZEKO LAGUNTZEN DEIALDIA, 2009-2010 IKASTURTERAKO

Oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honetako laguntzek ikasle nafarrak nazioartean mugitzea bultzatzen dute, eta unibertsitateko mugikortasun programetan parte hartzeagatik jasotzen dituzten laguntzak osatzen dituzte. Laguntza hauen xedea da halako programek onuradunen familiei sortzen dizkieten gastuak murriztea.

2. Laguntzen izaera.

Laguntzak onuradunei ordainduko zaizkie zuzenean.

Laguntza hauek ez dute zerikusirik Erasmus Agentzia Nazionalak eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak ematen dituztenekin, ez eta Nafarroako unibertsitateek edo beste erakunde zein entitate publiko edo pribatu batzuek ematen ahal dituztenekin ere.

3. Laguntzen onuradunak.

Laguntza hauek eskatzen ahal dituzte ikasle nafarrek edo Nafarroako foru izaera zibila dutenek edo Nafarroan erroldaturik jarraian bi urte gutxienez egin dituztenek, baldin eta Espainiako unibertsitateren batean matrikulatuta badaude eta unibertsitateko lehen eta bigarren zikloko ikasleentzako nazioarteko mugikortasun programa batean sartuta badaude 2009-2010 ikasturtean, eta egonaldia 2009. urtean hasten badute.

4. Laguntzen zenbatekoa.

Laguntza bakoitzaren zenbatekoa Balorazio Batzordeak zehaztuko du, honako hauek kontuan hartuz: baliozko eskaerak zenbat diren, finantzatutako hilabeteen kopuru orokorra zein den eta aurrekontuetan zenbat diru dagoen.

5. Laguntzen iraupena.

Laguntzak hiru hilabeterako izanen dira gutxienez eta bederatzirako gehienez.

6. Eskatzaileen betebeharrak.

a) Nafarroan jaioa izatea edo Nafarroako foru izaera zibila izatea edo eskaera egunaren aurreko bi urteetan gutxienez Nafarroan jarraian erroldaturik egotea.

b) Espainiako unibertsitate batean matrikulatuta egotea.

c) Unibertsitateko ikasleentzako nazioarteko mugikortasun programa batean sartuta egotea.

d) Gutxienez ere hiru hilabetekoa izanen den trukea egitea 2009ko ekainaren 1etik 2010eko irailaren 30era bitarte.

e) Aurreko deialdietan halako laguntza jaso ez izana.

f) Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko eskatzen diren betebehar orokorrak betetzea.

7. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea 2009ko ekainaren 20an bukatuko da.

Eskabidea eta agiriak Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bulegoetako batean.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 76. artikuluan xedatutakoarekin bat, eskaera behar bezala aurkezten ez bada, dela eskabidea gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentazioa osorik ez dagoelako, eskatzaileari egindako akatsen berri emanen zaio, jakinarazi eta 10 eguneko epean zuzen ditzan. Horrela egin ezean, artxibatu eginen da espedientea, horretarako ebazpena eman ondoren betiere.

8. Dokumentazioa.

a) Laguntza eskabidea, inprimaki normalizatua erabiliz.

b) Betebeharren a) atala frogatzen duten agiriak. Honako hauek izaten ahal dira:

-Nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia, Nafarroan jaioak direnen kasuan.

-Erregistro Zibilaren ziurtagiria, Nafarroako foru izaera zibila duten eskatzaileak izanez gero.

-Erroldaren agiria, Nafarroan jaio ez direnen eta Nafarroako foru izaera zibila ez dutenen kasuan.

c) Betebeharren b), c) eta d) atalak frogatzeko agiriak:

-Nafarroako unibertsitate batean matrikulatuta ez dauden eskatzaileen kasuan, Espainiako unibertsitatearen ziurtagiria, honako hauek egiaztatuko dituena: ikasketak, kurtsoa, destinoko unibertsitatea, atzerriko egonaldiaren hasiera eta bukaerako egunak (eskatzaileak parte hartu behar dueneko truke programa edo hitzarmenaren barneko egonaldia).

Ziurtagiri hori ezarri diren epeetan aurkezterik ez bada, eskatzaileak ekainaren 15erako aurkezteko konpromisoa hartuko du. Luzaezina izanen da epe hori.

-Nafarroako unibertsitate batean matrikulatuta dauden eskatzaileen kasuan, unibertsitateak berak ofizioz aurkeztuko du ziurtagiria.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzen dituela azaltzen duen erantzukizuneko aitorpena. Eskabide inprimakia sinatuz egiaztatuko da aitorpen hori.

Oharra: laguntzaren onuradunak, laguntza jasotzeko, bankuko kontuaren titularra izan behar du.

Eskaera egiteko inprimikia Hezkuntza Departamentuko Argibide Bulegoan eta Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuan eskuratzen ahal da. Halaber, oinarri hauek eta inprimakia Hezkuntza Departamentuaren web orrian azalduko dira: http://educacion.pnte.cfnavarra.es/portal/, bide honi segituz: Ikasketen Gida / Bekak eta Laguntzak / Unibertsitate ikasketak.

9. Balorazio Batzordea.

a) Balorazio Batzorde bat sortuko da, ebazpen proposamen egin dezan. Honako hauek osatuko dute:

-Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburu.

-Goi Mailako Irakaskuntzaren Ataleko burua.

-Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoko burua, idazkari.

b) Irizpena:

Balorazio Batzordeak irizpena eman eta, bertan, laguntzak jasotzeko izangaien zerrenda proposatuko du. Irizpena loteslea izanen da eta Nafarroako unibertsitateek esaten dutena aditu ondoren emanen da.

10. Laguntzak emateko irizpideak.

Esleitutako kopuru osoa onartutako eskaeren artean banatuko da, egonaldiek zenbat hilabete irauten duten kontuan hartuta.

11. Ebazpena.

Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren ebazpen bidez eman edo ukatuko dira laguntzak. Ebazpena 2009ko abuztuaren 20a baino lehen emanen da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian argitaratuko da.

Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluan ezarritako moduan jakinaraziko zaie interesdunei.

Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

12. Onuradunen betebeharrak.

Laguntza aldia bukatu eta bi hilabeteko epean, laguntzaren xede izan den atzerriko egonaldia egin dutela frogatu beharko dute onuradunek eta, horretarako, unibertsitatearen ziurtagiria aurkeztuko dute, non hasierako eta bukaerako egunak agertuko baitira.

Agiri hori Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuari zuzenduko zaio eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Erregistroan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bulegoetako batean aurkeztuko da. Aukera izanen da, halaber, pdf agiri gisa helbide elektroniko honetara bidaltzeko: ensenanzas.universitarias@cfnavarra.es

Egiaztagiri hori unibertsitateek ere aurkezten ahal dute, eta, hala jokatuz gero, horren berri emanen zaio interesdunari.

13. Uko egiteak.

Laguntzari uko eginez gero, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio. Uko egiteak jasotako dirua itzuli beharra ekarriko du berarekin.

14. Ez-betetzeak.

Arrazoi hauetako bat gertatzen denean galduko da laguntza:

a) Egonaldia ez egitea edo egonaldia egin dela frogatzen duen ziurtagiria ez aurkeztea. Halakoetan, laguntzaren zenbateko guztia itzuli beharko da.

b) Egonaldia epea bukatu baino lehen etetea. Halakorik gertatuz gero, egonaldian benetan egindako hilabeteen arabera eskatuko da dirua itzultzea. Onuradunak egonaldia etetearen arrazoiak azaldu eta, beharrezkoa bada, justifika ditzake, horretarako Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzura idazki bat igorriz, azaldutakoa kontuan har dadin.

Nolanahi ere, itzuli beharreko diruari dagozkion berandutza interesak gehituko zaizkio.

15. Laguntzaren ordainketa.

Deialdia ebatzi eta hilabete geroago, gutxi gorabehera, jasoko dute laguntzaren zenbatekoa onuradunek.

Ordainketa hori aurrerakintzat joko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

Ordainketa egiteko ezinbestekoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuak baimena ematea, onartutako betebeharrei erantzuteko dauden funtsak ikusita, horixe ezartzen baitu aipatu den legearen 33.5 artikuluak.

16. Laguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira izaera bereko beste laguntza batzuekin.

17. Laguntzen araubide juridikoa.

Oinarri hauetan xedatuta ez dagoen orotan, arau-hausteen eta zehazpenen araubidea barne, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

18. Errekurtsoak.

Oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

19. Argibideak.

Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzua

Santo Domingo kalea, zk.g. - 31001 Iruña (Nafarroa)

Telefonoak: 848 426078, 848 426064, 848 426065

Helbide elektronikoa: ensenanzas.universitarias@cfnavarra.es

Hezkuntza Departamentuaren web orria:

http://educacion.pnte.cfnavarra.es/portal/guia de estudios/becas y ayudas/estudios universitarios.

Unibertsitateko ikasleak nazioartean mugitzeko laguntzen deialdia, 2009-2010 ikasturterako

Eskabide orria

DEITURAK ETA IZENA

DEIALDIA

NANa:

2009 - 2010

HELBIDEA (kalea, plaza, zenbakia, solairua)

P. K.

HERRIA

PROBINTZIA

TELEFONOA

SAKELAKOA

HELBIDE ELEKTRONIKOA

Laguntzaren ordainketa egiteko kontu zenbakia (onuradunak kontuaren titularra izan behar du)

Entitatea

Sukurtsala

Kontroleko digituak

Kontuaren zenbakia

Aukera hauetako bat seinalatu

Nafarroan jaioa (1)

Nafarroan erroldatua (2)

Nafarroako izaera zibila (3)

HURRENGO IKASTURTEAN NON EGONEN DEN MATRIKULATUTA:

TITULUA:

KURTSOA:

UNIBERTSITATEA:

HERRIA:

HURRENGO IKASTURTEAN NON EGINEN DUEN EGONALDIA:

UNIBERTSITATEA:

HERRIA:

HASIERAKO EGUNA:

HERRIALDEA:

BUKAERAKO EGUNA:

Seinalatzen diren agiriak erantsi dira (x bat jarri dagokion tokian):

?

(1) NANaren fotokopia (bi aldeetatik) edo pasaportearena.

?

(2) Nafarroako udalerri batean erroldatuta dagoela frogatzen duen agiria.

?

(3) Nafarroako foru izaera zibilaren ziurtagiria.

?

Nafarroako unibertsitate batean matrikulatuta ez dauden eskatzaileen kasuan: Eskatzailea ikasketak egiten ari dela eta mugikortasuneko programa batean parte hartzen ari dela frogatzeko ziurtagiria. Agiri hori ezarri den epean aurkezterik ez bada:

?

Onuradunak ziurtagiria ekainaren 15erako aurkezteko konpromisoa hartu du

?

Beste agiri batzuk:

Ohar garrantzitsua: laguntza jasotzen duenak, laguntza aldia bukatu eta bi hilabeteko epean, unibertsitatearen ziurtagiria aurkeztu behar du, non laguntzaren xede izan den atzerriko egonaldiaren hasierako eta bukaerako egunak agertuko baitira. (Deialdiaren 12. oinarria).

Behean sinatzen duenak:

-Erantzukizunez aitortzen du Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko betebeharrak betetzen dituela: zergei buruzko betebeharrak, Gizarte Segurantzakoak edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeari buruzkoak eguneratuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko akordioa lortu duela frogatzea.

-Deiadi honetako arauak ezagutu eta onartzen ditu, aurreko datuak egiazkoak direla adierazten du eta laguntza eman dakiola eskatzen du.

Iruñean, 2009ko ................ aren .... (e)an

(Eskatzailearen sinadura)

HEZKUNTZAKO KONTSEILARI JAUNA.

F0914306

Iragarkiaren kodea: F0914306