56. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

136/2009 FORU AGINDUA, 2009ko apirilaren 6koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, organo berak martxoaren 2an emandako 74/2009 Foru Aginduaren testuan atzemandako akatsa zuzentzen duena. Foru agindua 2009ko 39. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 1ean.

2009ko 39. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 1ekoan, argitaratu zen Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak martxoaren 2an emandako 74/2009 Foru Agindua, 2009. urtean garapenerako lankidetzaren barrenean gizarte sentsibilizazio ekintzak egiteko diru-laguntzetarako deialdia egiten zuena.

Alabaina, Nafarroako Aldizkari Ofizial berean Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak martxoaren 2an emandako 75/2009 Foru Agindua ere argitaratu zen eta bestearen xede berbera zuen.

Egoera hori sortu da martxoaren 2ko 74/2009 Foru Agindua bidlatzerakoan izandako akats batengatik, foru agindu honen xedea ez baitzen aipaturiko diru-laguntzen deialdia onestea, gazteak elkartasunean sentsibilizatzeko "Joan, parte hartu eta konta iezaguzu" sentsibilizaio programa egiteko diru-laguntzetarako deialdia onestea baizik.

Gertaera horiek aintzat harturik, bidezko da egindako akatsa zuzentzea eta martxoaren 2ko 74/2009 Foru Agindu osoa, eduki zuzenarekin, argitaratzea. Zuzenketak ez du inolako ondorio juridikorik ekarri eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 105.2 artikuluan aurreikusitako posibilitatearen babesean egin da.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 55.1 artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak martxoaren 2an emandako 74/2009 Foru Aginduaren testuan (2009ko 39. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 1ekoan argitaratua) atzemandako akatsa zuzentzea, gazteak elkartasunean sentsibilizatzeko "Joan, parte hartu eta konta iezaguzu" sentsibilizaio programa egiteko diru-laguntzetarako deialdiaren testu osoa, foru agindu honen eranskinean dagoena, argitara emanez.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko apirilaren 6an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

74/2009 FORU AGINDUA, martxoaren 2koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, gazteak elkartasunean sentsibilizatzeko "Joan, parte hartu eta konta iezaguzu" sentsibilizaio programa egiteko diru-laguntzetarako deialdia egiten duena.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak Nafarroako Gazteriaren Institutuarekin batera, 1995. urtetik, "Joan, parte hartu eta konta iezaguzu" izeneko programa egiten du. Programa horren helburua da Nafarroako gazteen artean elkartasunaren balioaz sentsibilizatzea eta gazteek nazioarteko lankidetza programetan boluntario lanetan edo garapenerako laguntza ikastaro teoriko-praktikoetan parte hartzea lekuan bertan, gobernuz kanpoko erakundeek sustatu eta gauzaturiko programetan.

Garapenaren Aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak nazioarteko lankidetzaren eremu honen printzipioak, helburuak eta bitartekoak ezartzen ditu, besteak beste. Izan ere, 13. artikuluak, beste ekintza eremu batzuen artean, Nafarroako gizarte guztia hezi eta sentsibilizatzeko programa eta proiektuak aipatzen ditu, garapen bidean dauden herrialdeetako errealitatea ulertu eta elkartasuna sustatzeko. Halaber, 26. artikuluan eta hurrengoetan boluntarioak garapenerako lankidetzako langiletzat jotzen dira eta honelaxe definitzen ditu: altruismoz eta elkartasunez denei interesatzen zaizkien jarduerak askatasunez egiteko konpromisoa hartzen duten pertsona fisikoak, berezko nortasun juridikoa daukaten eta garapenerako lankidetzako kasuan kasuko programak kudeatzen edo gauzatzen parte hartzen duten irabazi asmorik gabeko erakundeetan dihardutenak. Halaber, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek boluntarioekin dituzten eginbeharrak zehazten dira. Bestalde, foru lege horren 14. artikuluak aipatzen du, besteak beste, funts publikoak erabiliko direla garapenerako lankidetzarako ekintzak sustatzeko.

Diru-laguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legea diru-laguntza publiko guztietarako esparru arautzaile komuna da eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere.

Horrenbestez, beharrezkoa da gazteak elkartasunean sentsibilizatzeko "Joan, parte hartu eta konta iezaguzu" sentsibilizaio programa egiteko diru-laguntzen araubidearen oinarriak ezartzea eta urtean urteko deialdi baten bidez argitaratzea, diru-laguntza horietan publizitate, gardentasun, konkurrentzia, objektibotasun, berdintasun, bereizkeriarik eza eta kontrol printzipioak bermatzeko, baita administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko eragimena eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko eraginkortasuna bermatzekoak ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

Lehena.-2009. urtean gazteak elkartasunean sentsibilizatzeko "Joan, parte hartu eta konta iezaguzu" izeneko sentsibilizazio programarako diru-laguntzetarako deialdiaren oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

Bigarrena.-75.000 euroko gastua baimentzea. Diru-kopurua 2009ko gastuen aurrekontuko "(**)Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko 900000-91200-4819-143102 kontu-sailean dago eskuragarri.

Hirugarrena.-Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko martxoaren 2an.-Osasuneko kontseilaria (Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren ordez aritzen dena, Nafarroako Gobernuko lehendakariak otsailaren 27an emandako 3/2009 Foru Dekretuarekin bat), María Kutz Peironcely.

ERANSKINA

GAZTEAK ELKARTASUNEAN SENTSIBILIZATZEKO "JOAN, PARTE HARTU ETA KONTA IEZAGUZU" IZENEKO SENTSIBILIZAZIO PROGRAMARAKO DIRU-LAGUNTZETARAKO
DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehena.-Xedea eta helburua.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak, bertako Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez, "Joan, parte hartu eta konta iezaguzu" izeneko programarako postuak hautatzeko diru-laguntzetarako dei egin du. Programa horren helburua da Nafarroako gazteen artean elkartasunaren balioa eta sentsibilizazioa sustatzea.

Laguntza hauen helburua da garapenerako arazoez sentsibilizatzen laguntzea, nazioarteko lankidetza programetan edo proiektuetan boluntario lanetan parte hartuz edo garapenerako laguntza ikastaro teoriko praktikoetan arituz garapen bidean dauden herrialdeetan praktikak eginez. Hori guztia garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE) sustatu eta gauzatzen dute eta nafar gazteei garapen bidean dauden herrialdeetako bizilagun behartsuekin esperientzia bat izateko aukera eskaintzen diete.

Garapen bideko herrialdetzat hartuko dira ELGA-Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen mendeko Garapenerako Laguntza Batzordearen (GLP) onuradunen egungo zerrendan daudenak.

Horretarako, GGKE interesdunek eskatzen ahalko dute bidezkotzat jotzen dituzten postuak finantza dakizkiela, betiere deialdi honen bi modalitateetako oinarriekin bat:

A modalitatea: "Garapenerako lankidetza proiektuetan edo programetan parte hartzea": 3 eta 12 hilabete bitarteko egonaldietarako.

B modalitatea: "Garapenerako laguntza ikastaro teoriko-praktikoak tokian bertan", praktikaren bidez gazteak proiektu baten zikloa kudeatzen trebatzea helburu dutenak. Esperientziaren iraupena ez da 20 egunetik beherakoa, ez eta 2 egunetik gorakoa ere, izanen.

Bigarrena.-Aurrekontuko zuzkidura.

Guztira, 75.000 euro bideratuko dira helburu horietara. Diru-kopurua "(**) Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko 900001-91200-4819-143102 kontu-sailean dago eskuragarri eta honela banatuko da: 65.000 euro A modalitatean eta 10.000 euro B modalitatean.

2.-Laguntza hauek bateraezinak dira helburu berberekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo bere erakunde autonomoetako beste edozein organok ematen ahal dituen beste batzuekin.

Hirugarrena.-Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen betebeharrak.

Deialdi honen xede diren diru-laguntzen onuradun izateko garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek beharkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona juridiko pribatuak eta legez eratuak izatea.

b) Garapenerako Lankidetzarako Espainiako Agentziako Garapenerako Gobernuz kanpoko Erakundeen Erregistroan izena emanda egotea.

c) Egoitza edo bulego iraunkorra Nafarroako Foru Komunitatean izatea. Aurreko beharkizunak aipatzen duen erregistroko inskripzioaren bidez frogatu beharko da hori.

d) Gutxienez azken 5 urteetako batean garapenerako lankidetzaren arloan Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzak jaso izana.

e) Tokian tokiko bazkide edo kontraparte bat edukitzea. Horixe arduratuko da boluntarioen egonaldiaz, mantenuaz eta antzeko gastuez. Bazkideak pertsona juridikoa izan beharko du, herrialde onuraduneko legediaren arabera.

f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatzen diren gorabeheretariko batean dauden entitateak ezin izanen dira deialdiaren xede diren diru-laguntzen onuradun izan.

Laugarrena.-Eskaerak aurkeztea.

GGKEek 20 egun naturaleko epea izanen dute eskaerak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian (González Tablas kalea zk.g., 31002, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako tokietan. Eskaerak posta bulegoen bidez aurkezten badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, posta-funtzionarioak, ziurtatu baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkion eskaerari.

Bosgarrena.-Aurkeztu beharreko agiriak.

Diru-laguntza eskatu nahi duten GGKEek Nafarroako Gobernuko eskabide orokorra aurkeztu beharko dute, honako agiri hauekin batera (agiri horiek jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan beharko dute):

a) Eredu ofizialeko eskabidea. Eskabide bat eskatzen den postu bakoitzerako.

b) Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziako Garapenerako Gobernuz kanpoko Erakundeen Erregistroan egin den inskripzioaren ziurtagiria, eta bereziki adierazirik Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza ireki dela.

c) Hirugarren oinarriko f) atalaren arabera onuradun izateko gorabeheretan ez dagoela dioen erantzukizuneko aitorpena.

d) Boluntario gazteei ostatua eta mantenua emateko konpromisoa tokian tokiko bazkideak bere gain hartzen duela adierazi eta jarduerak horien eta ingurunearen arabera segurtasunez eta higienez egiteko bermea ematen duen agiria.

e) Tokian tokiko bazkidearen legezko eratzearen egiaztagiria, proiektuaren onura hartzen duen herrialdeko berezko legeen araberakoa.

f) Gastuen aurrekontua, hamabigarren oinarrian ezarritakoaren arabera. Eskaturiko diru-laguntzaren zenbatekoa guztira 12.000 eurotik gorakoa bada, GKEak hornitzaileei gutxienez ere eskaturiko hiru eskaintzaren artetik eskaintzarik hoberena izanen da.

Seigarrena.-Jarraibidea.

Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzua izendatuko dute instrukzio organo. Horrexek egiaztatuko du diru-laguntzak hartzeko betebeharrak betetzen direla, eta eskaerak ofizioz baloratuko ditu, oinarri hauen arabera.

Zazpigarrena.-Balorazioa eta diru-laguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.

A modalitaterako:

1.-GKEek aurkezturiko postuak irizpide hauek erabiliz baloratuko dira:

a) Barne koherentzia: helburuak, jarduerak eta gazteek eginen dituzten eginkizunak elkarrekin bat etortzea (35 puntu bitarte).

b) GKE eskatzaileak sentsibilizazio eta garapenerako hezkuntza proiektuetan duen esperientzia (20 puntu bitarte).

c) Gazteek parte hartuko duten proiektuaren argitasuna eta xehetasun maila (25 puntu bitarte).

d) Tokian tokiko bazkideak boluntarioekin aritzeko duen esperientzia (20 puntu bitarte).

B modalitaterako:

a) Barne koherentzia (25 puntu bitarte): helburuak, jarduerak eta aurreikusten den programazioa elkarrekin bat etortzea.

b) GKE eskatzaileak sentsibilizazio eta garapenerako hezkuntza proiektuetan duen esperientzia (15 puntu bitarte).

c) GKE eskatzaileak garapenerako laguntzarako prestakuntza proiektuetan duen esperientzia (15 puntu bitarte).

d) Prestakuntza proiektuaren kalitatea: ikastaroaren edukiak, metodologia, hizlarien curriculuma, teoria eta praktikaren arteko lotura... (25 puntu bitarte).

e) Garapenerako lankidetza proiektuak kudeatzen dituzten entitateetan, erakundeetan eta taldeetan praktikak egiten murgiltzea (20 puntu bitarte).

Postua finantzatu ahal dadin, bi modalitateetan, gutxienez ere 50 puntu lortu beharko ditu.

3.-Hautatzen den postu bakoitzerako diru-laguntzaren zenbatekoa eskatzen denarekin bat etorriko da A modalitatearen kasuan, eta B modalitatean, gehienez ere 1.900 euro izanen dira postu bakoitzerako.

4.-Eskaera guztiek bigarren oinarrian bi modalitateetako bakoitzarentzat aipatzen den aurrekontuaren muga gainditzen badute, lorturiko puntuen arabera lehenetsiko dira. Modalitateetako batean kreditua ez bada agortzen, besteari gehitzen ahalko zaio, beharrezkoa izanez gero.

Zortzigarrena.-Ebazteko epea.

1.-Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari dagokio aurkezten diren eskaeren gainean ebaztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuari jarraikiz emandako ahalmenez baliatuz.

2.-Deialdiaren gaineko ebazpenean GKE onuradunen zerrenda, finantzatuko diren postuak eta horien ezaugarriak eta diru-laguntzaren zenbatekoa agertuko dira.

Ebazpenean beste gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak ere agertuko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

3.-Eskaerak ezetsitzat joko dira horiek aurkezteko epea bukatu eta handik sei hilabetera ebazpen espresurik eman ez bada.

Bederatzigarrena.-Jakinarazpena

Deialdiaren gaineko ebazpena banan-banan eta Nafarroako Atarian argitaratuz jakinaraziko zaie GGKE eskatzaileei.

Hamargarrena.-Diru-laguntza eta horren aurrerakinak.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak postuak boluntario gazteei esleiturik, emandako diru-laguntzaren %75 aurreratuko da.

2.-Diru-laguntzaren gainerako zatia emandako diru-laguntzaren aplikazioa osorik justifikatu ondoren ordainduko da, organo emailearen nahiaren arabera.

Hamaikagarrena.-Diru-laguntzaren justifikazioa.

1.-Boluntario gazteak Nafarroara itzuli ondoren, GGKE onuradunak hiru hilabeteko epean justifikazio-kontu formako azken txosten bat aurkeztuko du, honako hauek bilduko dituena:

a) Kontuan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizuneko aitorpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

b) Gazte boluntarioek egin dituzten jarduerei buruzko txosten teknikoa eta orotariko balorazioa, eredu ofizialaren araberakoa.

c) Proiektuko diru-sarreren eta gastuen balantzea.

d) Diruz lagundutako gastuen zerrenda.

e) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzari aplikaturiko gastuen jatorrizko fakturak.

f) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako programaren exekuzioa edo martxa ona bermatuko duena.

Hamabigarrena.-Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.-Hauek dira diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.1.-Zuzeneko gastuak:

a) Boluntarioak Nafarroatik proiektuaren destinora eraman eta ekartzea, aireportuko tasak barne.

b) Herrialdean egoteko baimenak berritzeko nahitaez ordaindu beharreko joan-etorrien gastuak.

c) Txerto eta bisatuen gastuak, atzerrian daudeino betiere gaixotasun eta istripu arriskuak estaltzen dituen laguntza aseguruarenak, aberriratze gastuak eta hirugarrenei sufriarazi edo eraginiko kalteengatiko erantzukizun zibila.

d) Diruz lagun daitezkeen adierazitako gastuekin loturiko ezustekoak, gehienez ere eskaturiko diru-laguntzaren %3, aski justifikaturik egonen direnak.

1.2.-Zeharkako gastuak:

a) Proiektuaren zeharkako kostuengatik diru-laguntzari %10eko edo hortik beherako zenbatekoa gehitzen ahalko zaio. Zeharkako gastuak GGKE eskatzaileak Nafarroan dituen gastu administratiboak dira, alegia: langileen gastuak, lokalenak, bulegoko materialenak eta bestelako ohiko gastuak.

1.3.-Boluntario gazteen ostatu eta mantenu gastuak ez dira diruz laguntzekotzat hartuko, ezta prestakuntza ikastaroekin loturiko bestelako gastuak ere (matrikula, material didaktikoak, etab.).

Gastuak justifikatzeko fakturak erabiliko dira, salbu eta justifikazio zaila duen gasturik baldin bada. Hala gertatuz gero, diru-laguntzaren onuradun den GGKEaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du.

Ziurtagirian zenbatekoa, gastu motaren erreferentzia, diruz lagundutako proiektuarekiko lotura eta orotariko arauen arabera ezin justifikatu izateko zergatikoak agertuko dira. Gainera, gastua egin izana frogatzen duten egiaztagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orriak edo bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru-kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo diru-laguntzaren %3 gaindituko.

2.-Diruz lagundutako gastuak ekipamendu ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntzako enpresek zerbitzuak emateko erabiltzen direnean, 12.000 eurotik gorakoak izanez gero eta Europar Batasunaren barruan kontratatuz gero, txosten gehigarri bat aurkeztuko da hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.

Hamahirugarrena.-Eginbeharrak.

Programa honetarako diru-laguntza jasotzen duten GGKEek beharkizun hauek izanen dituzte:

1.-Boluntarioei dagokienez:

a) Sustatzen dituzten programetan diharduten boluntario gazteekin harturiko konpromisoak errespetatzea.

b) Ostatua eta mantenua ematea eta jarduerak horien eta ingurunearen arabera segurtasunez eta higienez eginen direla bermatzea.

c) Eginen duten jarduera gauzatzeko argibideak, prestakuntza eta orotariko eta berariazko orientazioa ematea.

d) Laguntza asegurua egitea, hamabigarren oinarriko 1.1.c) atalean xedatu bezala.

e) Boluntarioen Lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legeak, Boluntarioen Lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legea aldatzen duen uztailaren 5eko 9/2006 Foru Legeak eta Garapenaren Aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak horri buruz xedatzen dutena betetzea.

2.-Organo emaileari dagokionez:

a) Programa diru-laguntza ematean ezarritako baldintzetan gauzatzea.

b) Diru-laguntza emateko kontuan harturiko gorabehera, betebehar eta baldintzen edozein aldaketa egin aurretik, organo emaileari baimen administratiboa eskatzea.

c) Tokian tokiko bazkideari diru-laguntzaren iturriaren berri ematea.

d) Organo emailearen aurrean betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako jarduera egin dela eta diru-laguntza hartzeko helburua lortu dela justifikatzea, deialdi honetako hamabigarren oinarrian aipatzen diren agirien bidez.

e) Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin orduko, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak edukitzea.

f) Nafarroako Gobernuari laguntza ematea programaren berri ematen, Nafarroako herritarrak garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

g) Programaren publizitatea eta zabalkunde guztietan diru-laguntza norena den adieraztea. Zabalkuntza lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan diru-laguntzaren onuradunen logotipoarekin batean, tamaina berean eta berdin ikusteko moduan.

h) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

i) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

j) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honetako hamalaugarren oinarrian aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

Hamalaugarrena.-Ez-betetzeak.

1.-Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan, diru-laguntzen onuradun diren entitateek harturiko dirua itzuli beharko dute, bertan ezartzen diren baldintzetan.

2.-Diru-laguntza emateko kontuan harturiko gorabehera, betebehar eta baldintzen edozein aldaketa aurreko oinarrian aipatzen den baimen administratiboa eduki gabe eginez gero, ez-betetzetzat hartuko da eta dirua itzuli beharko da.

3.-Ez-betetzeak mailakatzeko honako hauek hartuko dira kontuan:

-Programaren arlo teknikoari eta aurrekontuei buruzko betetze maila.

-Aldez aurretik baimen administratiboa eduki gabe eginiko aldaketen zenbatekoa eta munta.

4.-Aurreko atalean ezarritakoa ezertan galarazi gabe, arau-hausteei eta zehapenei dagokien guztian, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluak eta hurrengoek eta Garapenaren Aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hamabosgarrena.-Errekurtsoak

Deialdiaren oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baita deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F0914097