51. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

563/2009 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Eslabako lurzati berrantolamenduari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena; Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak sustatu du.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi duenak, 3B eranskinaren D atalean, ezartzen du 300 hektareatik goitiko lurzati berrantolamenduetan Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar dela.

Eslaba aldeko lurzati berrantolamenduari dagokion Ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedurari hasiera emateko, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak, 2007ko urtarrilaren 10ean, laburpen-memoria aurkeztu zuen Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusian, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 48. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2007ko apirilean, aurretiazko kontsulten tramitea egin zen, aipatu den artikuluan xedatu bezala. Kontsulta egin zitzaien 14 entitateri eta haietatik Ebroko Ur Konfederazioak, Gurelur elkarteak eta Lurra elkarteak erantzun zuten, Ingurumen eraginaren azterlanean (IEA) kontuan hartu beharreko alderdi batzuk aipatuz. Kontsultatuen zerrenda eta eman zituzten erantzunen laburpenak Ingurumen eraginaren adierazpen honen I. eranskinean daude. Aurretiazko kontsulten tramitearen emaitzak eta IEAren irismenari buruz Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak egindako txostena sustatzaileari igorri zitzaizkion 2007ko azaroaren 14an.

Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak "Eslaba aldeko lurzati berrantolamenduaren ingurumen eraginaren azterlana" aurkeztu zuen Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusian, oinarrizko proiektuarekin batera, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz tramitatzeko. Dekretu horrek onetsi zuen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

II. eranskinean jaso dira proiektuaren laburpena eta ingurumenean eragina izanen duten lanak. Ingurumen eraginaren azterlanean (III. eranskinean laburturik ageri da) proiektuak ingurumenaren gainean izanen dituen eraginik nabarienak egoki aztertzen dira eta neurri zuzentzaile batzuk ezartzen, ingurumenean eragin nabarmenik ez eragiteko.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak irailaren 24an emandako 466/2008 Ebazpenaren bidez Ingurumen eraginaren azterlana, oinarrizko proiektuarekin batera, jendaurrean jarri zen hogeita hamar egun baliodunean. Ebazpen hori 2008ko 127. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 17an. Jendaurreko aldian ez da alegaziorik jaso.

93/2006 Foru Dekretuaren 52. artikuluak ezartzen duen bezala, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak Ingurumen eraginaren adierazpenari buruzko ebazpenaren proposamena igorri zion Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari, eta horrek 2009ko otsailaren 16an erantzun zuen, baldintzetan sartu den iradokizun bat eginez.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adierazi du espedientea osorik dagoela, eta Ingurumen eraginaren azterlanean eta Ingurumen eraginaren adierazpeneko baldintzetan azaltzen diren neurri zuzentzaile guztiak betetzen badira proiektuaren garapenean, horrenbestez ingurumenaren gaineko eraginak murriztutzat jo daitezkeela.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Eslabako lurzati berrantolamenduari buruz Ingurumen eraginaren adierazpen aldekoa egitea. Landa Garapeneko Zuzendaritzak sustatu du.

2. Proiektua garatzean, Ingurumen eraginaren azterlanean azaltzen diren neurri zuzentzaile guztiak jarriko dira eta gainera ondoko baldintza hauek beteko dira:

-5. ingurumen unitateko olibadiak hormatxoak eta arteak ditu. Kultura, paisaia eta ekologia aldetik duen balioa kontserbatu behar da. Unitate horretako bideak (I, I-5 eta K) ingurumen balio txikiena duen ertzean zabaldu behar dira. Hormatxo eta zuhaitzak dituen ertza da balio handienekoa.

-Ingurumen eraginaren azterlaneko 9. planoan 1:5.000 eskalan ageri diren "balio handiko elementuak" osorik errespetatuko dira. Balio handiko ezponda edo mugaren bat ordezkapen finka berrien barnean gelditzen bada, tarte bat erauzteko baimena eman ahalko da, nekazaritzako makinak lurzatiko alde batetik bestera igaro ahal izateko.

-Balio ertaineko guneetan aldaketaren bat egin nahi bada finken ustiapena hobetzeko, eskaera tramitatu beharko da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan.

-Arte handiak dituen 665M-P gunea balio handiko kategorian sartuko da.

-Balio txikiko gune hauek larre-sastrakadiak dira eta zati batean luberritu egin daitezke, erabilera eta balio mistoko eremuak direlako edo inbentarioko akatsak direlako: 98 M-P gunea (lur goldagarria da), 668 M-P (hala ere sakanaren ertzean 10 metro zabaleko lezkadia kontserbatuko da), 701 M-P (fruta-arbolak dauden aldea), 703 M-P (fruta-saila da), 704 M-P (ipar-mendebaldeko zatia), 705 M-P gunea (iparraldeko erdia), 707 M-P (lur goldagarria da), eta 712M-P (gaur egun lur landua da).

-Proiektaturiko bideei dagokienez, IEAren III. eranskinean (bideen fitxa) bide bakoitzerako ezarrita dauden prebentzio eta zuzenketa neurriak hartuko dira, eta olibadirako, berriz, goian adierazitakoak. Horrez gain, bide sareari dagokionez, eragina gutxitzeko neurri hauek hartuko dira:

-Neurri orokor gisa, balio handiko elementutzat inbentariatutako tarteetan bideek ahalik eta azalera txikiena okupatuko dute. Betiere oinarrizko proiektuan aurreikusten den errodadura-zabalerari eutsiko zaio. Bideen eta balio handiko gune horien arteko gurutzaguneak balizatu eginen dira, batez ere sakanetan (gurutzaguneak A, A3-2, C1, C3 eta D bideetan, La Tejería putzuak ere barne, eta Tastarango sakanarekin bat egiten duen azken tartea).

-C bidea: atzeraemanen da, ezpondaren goialdetik bereizteko tartea utziz, Zabalzigarko sakanarekin paralelo doan 50 bat metroko zatian.

-D-8 bidea: bide zaharra destrinkotu eginen da landarediaren lehengoratzea errazteko 2. poligonoko 495. lurzatiaren parean (materialak metatu ere egin daitezke lurra bere jatorrizko profilera itzultzeko).

-Sakanak, hezeguneak eta aurreikusitako drainatzeetako jarduketen balizko ukipenak direla-eta, hau adierazi behar da:

-Egungo hustubideak lerrokatuz edo zuzenduz eginen diren hustubide berrietarako eredu-sekzioa handiagoa izanen da eta ezponden malda 2H:1V izanen da. Garbitu behar diren hustubideetan, ertz bat landaredia ukitu gabe utziko da, batez ere Gezariko sakanaren tarte batean dagoen "P hustubidean". Sakanetako tarteen eta lehendik dauden hustubideen garbiketak udan eginen dira, faunari kalterik ez egiteko.

-Ingurumena edo paisaia lehengoratzeko neurri hauek ezarriko dira:

-Ilarako landaketak eginen dira IEAn azaltzen diren zerrendetan (8. planoa, "Ingurumen neurriak").

-Los Pozos edo El Lezcal sakana 10-12 metro zabaleko ur ibilgu gisa lehengoratzeko saioa eginen da bi tartetan: 1) gaur egun baratzeek hartuta dagoen 60 bat metroko tartean, X=627735 eta Y=4712886 koordenatuetatik bideraino; 2) X=627.935 eta Y=4.712.609 koordenatuetatik X=628.287 eta Y=4.712.296 koordenatuetaraino, 500 bat metroko tartean. Azken tarte horretan landaketak eginen dira, edo behintzat H bideko gurutzagunetik 70 metro gora eta behera, ureztatzeko zisterna irits daitekeen tokian.

-Dokumentatu diren aztarnategi arkeologikoak eta obrak egin bitartean aurkitu litezkeenak kontserbatu eta babestu egin behar dira, eta Ingurumen eraginaren azterlanari erantsi zaion txosten arkeologikoan dauden zehaztapenak betetzen direla bermatu.

-Ingurumen eraginaren azterlanean aurreikusten den mailegu eremua udalerriko hego-ekialdeko mugan kokatzea ez da egokia, hango malda handiak ingurumena lehengoratzea zailtzen duelako eta gaur egun basogintzako erabilera dagoelako. Legarra lehendik dauden legartegi baimenduetatik aterako da, edo bestela legartegiak aparteko proiektu gisa tramitatu beharko dira beren ingurumen dokumentazioarekin, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan adierazitakoari jarraikiz.

-Lur hondakindegirik egin behar izanez gero, salbu eta alorren gainean zabaltzen den lur geruza, betiere metro batetik beherako altuera badu, proiektu bereizi gisa tramitatu beharko dira, Ingurumen ukipenen azterlana eta guzti, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O atalean sailkatuak egoteagatik, edo bestela lurra inerteen hondakindegi baimendu batera eraman beharko da.

-Bideen eta drainatzeen sareko obrak bukatutakoan eta ordezkapen finka berriak emandakoan, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalera (Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusia) igorriko dira obra garaian ingurumenean egindako jarraipenari buruzko txostena eta neurri zuzentzaileak aplikatu ondoko hondarreko ingurumen-eraginen balorazioa.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

4. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Basozaintzari, Eslabako Udalari eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari igortzea.

Iruñean, 2009ko martxoaren 9an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

I. ERANSKINA

AURRETIAZKO KONTSULTEN IZAPIDEAREN EMAITZA

Kontsulta egin zaien erakundeen zerrenda
eta eman dituzten erantzunen laburpena

Eslabako Udala

Kultura eta Turismo Departamentua

Ebroko Ur Konfederazioa

X

LAB

UGT

CCOO

Nafarroako Unibertsitatea

ELA

Unión de Agricultores y Ganaderos de Navarra

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

EHNE

Gorosti Natur Zientzien Elkartea

Gurelur

X

Lurra elkartea

X

Aurretiazko kontsulten aldian jasotako erantzunek ondoko eduki hau dute ingurumenaren aldetik:

1. Ebroko Ur Konfederazioa: erantzun du ez dela eragin negatibo larririk ikusten proiektua gauzatzeari dagokionez. Nolanahi ere, gomendatzen du Ingurumen eraginaren azterlanean ur jabari publikoa babesteari garrantzi berezia ematea, eta, halaber, azterlan hori egiteko jarraibide batzuk ematen ditu.

2. Gurelur: bere erantzunean adierazten du udal mugapean balio natural garrantzitsuak daudela, baso eta sastrakadi mediterraneo gisa naturalizatu diren eremuak barne, lur malkartsuetan kokatutako alorrak 60ko hamarkadaz geroztik bertan behera utzi izanaren ondorioz, eta han bizi diren hegaztien dibertsitatea ere garrantzizkoa dela.

3. Lurra elkartea: bere erantzunean adierazten du udal mugapeak "dibertsitate handia duela faunan, floran, arkeologian eta paisaietan" eta naturaren lehengoratze garrantzitsua gertatu dela azken urteotan.

II. ERANSKINA

Proiektuaren laburpena

Aztertu den Eslabako alderdiak 1.852 hektarea ditu, 1.873 lurzatitan banatuak, 202 jabe partikularrekin. Lurzatiek batez beste 0,99 hektareako azalera dute. Lurzati berrantolamenduko planaren arabera, jarduketak eginen dira herrilurretako 697 hektareatan (%37,63) eta jabe pribatuen 1.155 hektareatan (%62,37).

Plan horrek 0,76ko berrantolamendu koefizientea eta 3ko murrizketa indizea ezartzen ditu.

Obren eta lurralde hobekuntzen planean 41,8 km bidetarako aurrekontua dago. Horietatik 18,4 km trazadura berrikoak dira eta gainerakoek trazadura zaharrari jarraitzen diote. Errodadura-zabalerak hauek dira: 4 metro (19,79 km-tan), 5 metro (20 km-tan) eta 6 m (2 km-tan).

Gainera, 11,2 km hustubidetarako aurrekontua dago (7,9 km hustubide berri eginen dira eta lehendik dauden 3,2 km hustubide garbituko dira).

Bide eta hustubideetako obren balorazioa 1.784.120 eurokoa da, guztira.

III. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterlanaren laburpena

Eslaban, lurzoruaren erabilera eta aprobetxamenduei dagokienez, baso eremuak dira nagusi. Zuhaitzik gabeko baso eremuak azalera osoaren %40,9 dira, larizio pinuaren sailak %17,0 eta hostozabalen basoak %2,2. Lehorreko belarkien laborantzak azaleraren %22,1 hartzen du. Lehorreko zurezko landareen laborantzak %17,2 inguru hartzen du (mahastiek %14,6, olibadiek %2,1 eta almendrondo sailek %0,5).

Eslabako paisaia gorabeheratsua da. Sakanek eta muinoek lurra modelatzen dute. Sakanek (Artamaldeta, Dorreta, Presaldea, Zubialdea, Arangaitz, Elkea, Gezari, etab.) udal mugapea iparraldetik hegoaldera zeharkatzen dute paraleloan eta denek jotzen dute Aragoi ibaiaren adarra den Induzi ibaira.

Eslabako mugapeko lurzoruek bi multzo osatzen dituzte: Tertziario kontinentaleko material geologikoen gainean garatutakoak (tuparriak hareharriekin eta toki batzuetan kareharrizko geruzak) eta Kuaternarioko materialen gainean garatutakoak (glaziak eta haran hondoak).

Eslabako flora eremu submediterraneokoa da. Erkametza (Quercus faginea) nagusia da beste espezie batzuekin batera, hala nola ezpela (Buxus sempervirens), elorri-triska (Genista scorpius), arangurbe arrunta (Amelanchier ovalis), lizarra (Fraxinus angustifolia), astigarra (Acer monspessulanum) eta Brachipodium phoenicoides bezalako gramineoak.

Aztertutako eremuan aurkitu diren landare komunitateei erreparaturik, eta beste alde batetik Europako Habitatei buruzko Zuzentarauan egindako balorazioa kontuan harturik, sailkapen hau egin daiteke, bakantasunaren, eboluzio egoeraren eta proiektuak eragiteko arriskuaren arabera:

Oso balio handia dutenak: aldaketen aurrean sentikorrak diren landare formazioak dira, banaketa eremu barreiatua dutenak eta eboluzio maila handikoak: erkamezti eta artadiak, ur bazterreko zuhaiztiak eta arantzadi hostoerorkorrak.

Balio handia dutenak: eboluzio maila ertain-handiko landare formazioak (zuhaixka formazioak); maldetan egoten dira, edo noizbehinka uholdeak izaten diren tokietan (ur bazterrak, erretenak etab.). Sahasti baxuak, Juniperus communis edota Juniperus oxycedrus-en ipurudiak, belar-ihitokiak eta lezkadiak dira.

Balio ertaina dutenak: aurreko ezaugarrietakoren bat bete dezaketen komunitateak dira, baina azterketako eremuan hedadura handia dutenez, aldaketaren bat izanez gero jasangarria izan daiteke (neurri bateraino) ingurumenaren aldetik. Hala gertatzen da elorri-triskarekin eta Brachypodium fhoenicoides edo Brachypodium pinnatum-en albitz-belardiekin.

Balio txikia edo oso txikia dutenak: gizakiaren edo abereen eraginaren ondorioz sortutako komunitateak dira eta kaltea izanez gero laster berrosatu daitezke. Pinus nigra-ren sailak, lehorreko belarkien alorrak, mahastiak, olibadiak eta almendrondo sailak dira, besteak beste.

Zazpi ingurumen unitate homogeneo definitu dira, antzeko egiturak, funtzionamendua edo kudeaketa-arazoak dituzten guneak kategoria berean bildu ahal izateko: pinu sailak iparraldean (1. unitatea) eta hegoaldean (7. unitatea), baso mediterraneoa iparraldean (2. unitatea) eta hegoaldean (6. unitatea), erdialdeko alorrak (3. unitatea), herrigunea (4. unitatea), eta olibadien mosaikoa erdialdean (5. unitatea). Baso mediterraneoa "oso balio handikoa" da, eta bai olibadien mosaikoa bai pinudiak, "balio handikoak".

Ortoargazkietan kartografiatu dira, 1:5.000 eskalan (IEAko 9. planoa) 734 elementu edo gune uniforme (sakanak, larre-sastrakadiak, ezpondak...) eta ingurumen balorazioa egin zaie (balio handikoa, balio txikikoa edo balio ertainekoa).

Proiektuaren xede den lurraldean lau ekosistema bereizten dira, bakoitza bere animalia espezieekin. Horiek Ingurumen eraginaren azterlanean (IEA) deskribatzen dira: baso mediterraneoa, sastrakadi mediterraneoa, pinu sailak, alorrak, eta ur bazterreko ekosistema.

Paisaiak dibertsitate handia du. Berrantolamendu eremuko paisaia-unitate nagusia maldetako sastrakadi mediterraneoa izan daiteke, lehorreko lur landuekin batera (belarkiak nahiz zurezkoak). Hala ere, gehiago nabarmentzen dira naturaltasun handiagoko beste paisaia batzuk, hala nola erkamezti edo artadiak, sakanak edo udalerriko gainaldeen zati handi bat estaltzen duten pinudiak.

Ondare historiko-artistikoari buruzko informazioa 2006ko azaroan egindako azterlan arkeologikotik dator. Azterlan hori Ingurumen eraginaren azterlanaren eranskinetan sartu da. Azterlan horretan 30 aztarnategi eta banakako 15 aurkikuntza azaltzen dira, hau da, 1,55eko ratioa, Nafarroako udalerrietako batez bestekoa baino portzentaje handiagoa. Horrek adierazten digu zein oparoa den Eslabako ondarea. Aztarnategi guztien artean nagusia Santa Crizkoa da. Bertan erromatar hiri handi samar bat izan zen.

Proiektuaren eragin orokorraren balorazio kualitatiboa egin da eta moderatutzat jo da. Eragin nagusiak obretan eta ustiapen fasean izanen dira, batez ere laborantzako lurzatien antolamendu berriaren ondorioz eta bideak egin edo egokitzearen ondorioz. Eragin horiek inguruko hegaztietan, landaredian eta paisaian eginen dute kalte gehien, baina lurzoruak kontserbatzeko elementuak ere (ezpondak, zapaldak, heskaiak etab.) galdu edo suntsituko direnez, higadura areagotu eta lurzoru galera izanen da.

Ingurumen eraginaren azterlanean prebentzio eta zuzenketa neurri batzuk azaltzen dira obren eragina gutxitzeko. Proiektaturiko bideetako bakoitzerako prebentzio eta zuzenketa neurri zehatzak azaltzen dira (III. eranskinean, bideen fitxan). Hona hemen beste neurri zehatz batzuk: landaketak, bereziki ur bazterretan; jada itxita dagoen Eslabako udal hondakindegia lehengoratzea; eta B bidea ibiltoki gisa egokitzea.

Azkenik, ingurumena zaintzeko programa aurreikusten da, berrantolamenduak ukituko dituen natur elementuetan aplikatzeko.

Bukaera gisa, Ingurumen eraginaren azterlanean adierazten da Eslabako lurzati berrantolamenduak ingurumenean eraginen dituen kalterik handienak moderatuak izanen direla, betiere aurreikusitako babes neurriak hartzen badira. Azterturiko lurraldearen barrenean, ingurumenaren aldetik ahulen diren eremuetan (balio handikotzat sailkatutakoetan) ez da aldaketa nabarmenik eraginen lurzati berrantolamenduaren ondorioz.

Iragarkiaren kodea: F0912164