51. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

99/2009 FORU AGINDUA, martxoaren 6koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arauemailearen 2009. urteko aurrekontua onetsi eta, ekitaldi honetarako, zenbait tasatan aplikatzekoak diren zerga tasak aldatzen dituena.

Ikusirik "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arauemaileak 2009. urterako aurkeztu duen aurrekontua, hala gastuetan nola diru-sarreretan 2.713.262,00 euro egiten duena, eta Kontseilu Arauemaile berak egindako eskaera, aurtengo ekitaldian landaketen, babesturiko produktuen eta prezintoen gaineko zerga tasak aldatzeko, kostaprezioaren %1, %1,5 eta halako 2 izan daitezen, hurrenez hurren.

Ikusirik, halaber, Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuaren aldeko txostena eta

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen 163. artikuluan eta "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren Erregelamenduaren 46.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arauemaileak 2009. urterako aurkeztu duen aurrekontua onestea. Aurrekontu hori hala diru-sarreretan nola gastuetan 2.713.262,00 eurokoa da.

Aurrekontu hori onesteak ez dakarkio departamentu honi inolako konpromisorik bertan ezartzen diren diru-laguntzei dagokienez.

2. 2009ko aurrekontu ekitaldian, landaketen, babesturiko produktuen eta kontraetiketak eta prezintoak saldu eta bidaltzearen gaineko zerga tasak kostaprezioaren %1, %1,5 eta halako 2 izanen dira, hurrenez hurren.

3. Foru agindu hau "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arauemaileari eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Kalitate Deituren eta Nekazaritzako Elikagaien Sustapenaren Zuzendariordetza Nagusiari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko martxoaren 6an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0911644