51. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

46/2009 FORU AGINDUA, apirilaren 2koa, Hezkuntza eta Kulturako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean batxilergoko ikasketen modalitatearen aldaketa arautzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateak Nafarroako Foru Komunitatean batxilergoko ikasketen egitura eta curriculuma ezartzen dituen maiatzaren 12ko 49/2008 Foru Dekretua argitaratu zuen.

Foru dekretu horren 5.7 artikuluan honako hau ezarri da: "Batxilergoko ikasleek modalitatea edo, hala denean, bideak (...) zein baldintzatan aldatzen ahalko dituzten ezarriko du Hezkuntza Departamentuak".

Era berean, ekainaren 30eko 806/2006 Errege Dekretuak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez ezarritako hezkuntza sistemaren antolaketa berria aplikatzeko egutegia ezartzen duenak, 15. artikuluan ("Gutxieneko ikasketak eta ezarpena") dioenez, 2009-2010 ikasturtean, oro har, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak arautu dituen batxilergoko bigarren mailako ikasketak ezarriko dira. Ondorioz, ez dira emanen Hezkuntza sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak arautu dituen batxilergoko bigarren mailako ikasketak.

Beraz, modalitatearen edo, hala denean, bidearen aldaketak arautzen dituen araudia xedatu behar da orain, batxilergoko ikasketak modalitate zehatz batean hasi arren, beste modalitate edo, hala denean, bide bat hartu nahi duten ikasleentzat.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Helburua eta aplikazio eremua.

Foru agindu honen helburua Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatuetan batxilergoko ikasketak egiten ari diren ikasleen modalitatearen edo bidearen -Arteen modalitateari dagokionez- aldaketa arautzea da.

2. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Ikasleek batxilergoko modalitatea edo bidea aldatu ahal izanen dute, ikasturte berri batean matrikula egitean. Aldaketa hori ikastetxeak duen hezkuntza eskaintzaren barnean egin beharko da.

2. Batxilergoko bigarren maila amaitutakoan, ikasleek irakasgai komun guztiak, hautazko bi irakasgai eta modalitateko sei irakasgai (lehenengo mailako hiru eta bigarren mailako beste hiru) gaindituta izan beharko dituzte. Azken horietatik bost, gutxienez, batxilergoa amaitzean egin den modalitatekoak izan beharko dira, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 14ko 66/2008 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3. Modalitatearen edo bidearen aldaketetan gainditu diren irakasgai guztiak kontuan hartuko dira batxilergoaren batez besteko nota kalkulatzeko, Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 4ko 191/2008 Foru Aginduaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera.

4. Zilegi izanen da ikasleak modalitatean gainditutako irakasgai batzuen izaera aldatzea, hau da, modalitateko irakasgaiak hautazko irakasgai bihurtzea eta alderantziz.

3. artikulua. Modalitatea aldatzea, lehenengo maila osorik errepikatzerakoan.

Lehenengo maila osorik errepikatzerakoan ikasleak modalitatea aldatzen badu, lehenengo mailako irakasgai guztiak egin beharko ditu modalitate berrian.

4. artikulua. Modalitatea aldatzea, lehenengo mailatik bigarrenera pasatzean.

1. Modalitatearen aldaketa dela eta, ikasleak lehenengo mailako irakasgaiak gehitu behar baditu hezkuntzako bere ibilbidean, horiek ez dira kontuan hartuko hurrengo mailara igarotzean eta gainditu gabeko irakasgaitzat joko dira.

2. Ikasleak utzi duen modalitatean gainditu den modalitateko irakasgai bat kontuan hartu ahal izanen da foru agindu honen 2.2 artikuluak aipatzen duen kalkulua egiteko orduan.

3. Gainditu den modalitateko irakasgai bat lehenengo edo bigarren mailako hautazkotzat jo ahal izanen da.

4. Hautazko irakasgaien multzoaren barnean gainditu den modalitateko irakasgai bat foru agindu honen 2.2 artikuluak aipatzen dituen modalitateko sei irakasgaietako bat dela ulertu ahal izanen da.

5. artikulua. Modalitatea aldatzea, bigarren mailan beste urte bat ematean.

1. Modalitatearen aldaketa dela eta, ikasleak lehenengo mailako irakasgaiak gehitu behar baditu hezkuntzako bere ibilbidean, horiek lehenengo mailako gainditu gabeko irakasgaitzat joko dira.

2. Ikasleak utzi duen modalitatean gainditu den modalitateko irakasgai bat kontuan hartu ahal izanen da foru agindu honen 2.2 artikuluak aipatzen duen kalkulua egiteko orduan.

3. Gainditu den modalitateko irakasgai bat lehenengo edo bigarren mailako hautazkotzat jo ahal izanen da.

4. Hautazko irakasgaien multzoaren barnean gainditu den modalitateko irakasgai bat foru agindu honen 2.2 artikuluak aipatzen dituen modalitateko sei irakasgaietako bat dela ulertu ahal izanen da.

6. artikulua. Bidea aldatzea, Arteen modalitatean.

Arteen modalitatean batxilergoa egiten duten ikasleak bide batetik bestera aldatu ahal izanen dira modalitate horren barnean. Horretarako, foru agindu honen 2. artikulutik 5.era artean xedatutakoari jarraituko zaio, modalitateari buruz egiten diren erreferentzia guztiak bideari ere aplikatuko zaizkiola ulertuta.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Xedapen gehigarri bakarra.-Modalitate beraren barnean multzoa aldatzea.

Modalitate beraren barneko multzoaren aldaketa dela eta, ikasleak irakasgaiak gehitu behar baditu hezkuntzako bere ibilbidean, horiek ez dira kontuan hartuko maila errepikatzeko edo hurrengora pasatzeko ondoreetarako.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Xedapen iragankor bakarra.-2009-2010 ikasturtean batxilergoko bigarren maila errepikatzea.

1. 2008-2009 ikasturtean batxilergoko bigarren maila egin duten eta batxilergoaren titulua eskuratu ez duten ikasleek maila hori errepikatu beharko dute 2009-2010 ikasturtean, osorik edo zati batean, Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren maiatzaren 9ko 151/2002 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera, horren bidez arauak eman baitziren Batxilergoa Nafarroako Foru Komunitatean egiten duten ikasleak ebaluatu eta kalifikatzeko.

2. Bigarren mailako irakasgaiak eta, hala denean, lehenengo mailako gainditu gabekoak 2009-2010 ikasturtean eginen dira, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren ikasketen arabera.

3. Xedapen gehigarriak aipatzen dituen eta 2008-2009 ikasturtean Teknologiaren modalitatean edo Natur eta Osasun Zientzien modalitatean matrikulatuta dauden ikasleak 2009-2010 ikasturtean Zientzien eta Teknologiaren modalitatean matrikulatuko dira, foru agindu honek arautzen duen modalitate aldaketa egiteko aukeraren kalterik gabe.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Indargabetutako arauak.

Indargabetu egin da 702/2002 Foru Agindua, abenduaren 26koa, Hezkuntza eta Kulturako kontseilariak emana, Batxilergoko modalitateak eta ibilbideak aldatzeko eta Batxilergoan sartzeko arauak ematen dituena, Batxilergoko ikasketak 2002-2003 ikasturtearen aurreko antolamenduaren arabera egin duten ikasleentzat.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko apirilaren 2an.-Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea.

Iragarkiaren kodea: F0913463