48. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

88/2009 FORU AGINDUA, otsailaren 26koa, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak emana, kontseilari horrek uztailaren 29an emandako 97/2008 Foru Agindua aldatzen duena. Horren bidez "Bitartekotza Zerbitzuko hitzorduen kudeaketa" izeneko fitxategi informatizatua sortu zen.

Kontseilari honek uztailaren 29an emandako 97/2008 Foru Aginduaren bidez "Bitartekotza Zerbitzuko hitzorduen kudeaketa" izeneko fitxategi informatizatua sortu zen.

Datuak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan xedatutakoa betetzeko, fitxategia sortu zela jakinarazi zitzaion Datuak Babesteko Espainiako Agentziari (AEPD), Datuak Babesteko Erregistro Orokorrean inskripzioa egin zezan. Inskripzio hori aipatu agentziako zuzendariaren 2008ko azaroaren 5eko Ebazpenaren bidez egin zen.

Bestalde, ia aldi berean, 2008ko azaroaren 6an hain zuzen, Datuak Babesteko Espainiako Agentziako Fitxategi Publikoen arloko buruak inskribatutako fitxategi horren gaineko komunikazio bat egin zuen. Komunikazio horren arabera, tratamenduaren ardura duen pertsona edo enpresa ezin da inola ere izan tratatzen dituen datuen lagapenaren xede, fitxategiaren arduradunarekin duen harreman juridikoa dela eta. Hortaz, aipatu agentziaren iritziz, fitxategia sortzeko araua aldatu beharko litzateke, akats hori zuzentzeko.

Horrenbestez, Immigraziorako Bulegoak egindako txostena eta Datuak Babesteko Espainiako Agentziako Fitxategi Publikoen arloko buruak 2008ko azaroaren 6an egindako komunikazioa ikusirik,

AGINDU DUT:

1. "Bitartekotza Zerbitzuko hitzorduen kudeaketa" izeneko fitxategi informatizatua sortzeko kontseilari honek uztailaren 29an emandako 97/2008 Foru Agindua aldatzea. Zehazki, foru agindu horren xedapen zatiko bigarren idatz-zatiko e) letra aldatzen da, "Datu pertsonalak lagatzea" izenekoa. Honela geldituko da:

"e) Datu pertsonalak lagatzea.

Ez da daturik lagako."

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Foru agindu hau igortzea Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Immigraziorako Bulegoari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Informazio Sistemen Segurtasuneko Zerbitzuari.

Iruñean, 2009ko otsailaren 26an.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F0911335