48. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

94/2009 FORU AGINDUA, martxoaren 11koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, eri zeliako bat edo gehiago duten familiendako laguntzen deialdia onesten duena.

Gizarte zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak 2 a) artikuluan dioenez, gizarte zerbitzuetako politiken helburuetako bat da pertsona guztien bizi kalitatea hobetu eta haien normalizazio, parte-hartze eta integrazioa sustatzea arlo guztietan: gizartean, ekonomian, politikan, lan munduan, kulturan eta hezkuntzan.

Eri zeliakoak dituzten familiek elikagai gastu osagarriak egin behar dituzte, ohikoak edo arruntak baino handiagoak, produktu bereziak erosi behar dituzte eta.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak araubide juridiko orokorra ezartzen du, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko ematen diren diru-laguntzei aplikatzeko. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta deialdiaren xedeko egoeran daudenek diru-laguntza eskuratzeko aukera izan dezaten.

Ikusita espedienteari lotutako txosten tekniko eta juridikoak, zeinetan deialdia onetsi beharra justifikatzen baita eta, halaber, antolamendu juridikoarekin bat heldu dela.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez ditudan eskurantzen arabera,

AGINDU DUT:

1. Eri zeliako bat edo gehiago duten familiendako laguntzen deialdia onestea, baita haren oinarri arau-emaileak ere, foru agindu honen eranskinean ageri direnak.

2. 200.000 euroko gastua baimentzea, "Eri zeliakoak dauzkaten familiendako laguntzak" izeneko 920005-91810-4809-231002 kontu-sailaren kargura, 2009ko gastuen aurrekontutik.

3. Foru agindu hau Nafarroako Mendekotasun Agentziako Programen Atalera igortzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko martxoaren 11n.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

Deialdia arautzen duten oinarriak, eri zeliako bat
edo gehiago duten familiei laguntzeko

1.-Xedea eta helburua.

Eri zeliako bat edo gehiago duten familia unitateei laguntzak emateko araubidea ezartzea dute xede oinarri hauek.

Eritasun hori duten pertsonen berariazko beharrak asetzeko egokiak diren elikagai bereziak erosteko erabili beharko dira laguntzak.

2.-Onuradunak.

Eri zeliako bat edo gehiago duten familia unitateak izanen dira deialdi honetan aipatzen diren laguntzen onuradunak.

Deialdi honetarako, familia unitatetzat hartzen da Pertsona Fisikoen gaineko Zerga arautzen duen abenduaren 30eko 22/1998 Legearen 71. artikuluan zehaztutakoa.

-Legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta adingabeko seme-alabek osatutakoa (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatuaren edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.

-Berariazko legeen araberako bikote egonkor bateko kideek eta, halakorik bada, adingabeko seme-alabek osatutakoa (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatuaren edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.

-Legezko banakuntzaren kasuetan edo, ezkontzaren bidezko loturarik edo bikote egonkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin edo bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko ataletan aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

Ezin da aldi berean bi familia unitatetako kide izan.

Familia unitateek eskabide bana aurkeztu beharko dute. Eskabidean adieraziko da nor izanen den unitate horren ordezkaria, deialdi honi dagokionez.

3.-Baldintzak.

3.1. Laguntzaren onuradun izateko, balditnza hauek bete beharko dira:

-Familia unitateko kide batek eritasun zeliakoa diagnostikatua izan beharko du.

-Eritasun zeliakoa diagnostikatua duen pertsona Nafarroako Foru Komunitatean bizi dela eta bertan bizitzen bi urteko antzinatasuna duela egiaztatzea.

-Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuraduna izateko ezartzen diren gainerako baldintzak betetzea.

3.2. Laguntza hartzen den bitartean eutsi beharko zaie baldintzei.

4.-Agiriak

-Eskabidea.

-Diru-laguntza transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

-Eskatzailearen NANa.

-Eskatzailea legez ezindua baldin bada: legezko ordezkariaren NANaren fotokopia.

-Eskatzailea adingabea bada: ahaidetasuna frogatzen duen familia liburuaren fotokopia, eta gurasoen NANa edo bietako batena.

-Osasun txosten edo ziurtagiria, eritasun zeliakoa duela frogatzen duena.

-Erroldako ziurtagiria, udalerrian noiz inskribatu zen adieraziko duena.

-Erantzukizunpeko aitorpena, diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko baldintzak betetzen dituela dioena.

2008an laguntza eskatu bazen:

-Eskabidea.

-Diru-laguntza transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

-Erantzukizunpeko aitorpena, diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko baldintzak betetzen dituela dioena.

-Erroldako ziurtagiria, udalerrian noiz inskribatu zen adieraziko duena.

5.-Eskaerak

Eskaerak horretarako prestatzen diren inprimaki normalizatuetan eginen dira. Inprimakiak Nafarroako Mendekotasun Agentziaren bulego nagusian (Iruñeko González Tablas kalean, zk.g.) banatuko dira. Erakunde horren web orrian ere eskuratzen ahal dira (www.cfnavarra.es/inbs).

Eskabideak, behar bezala beterik eta lehen adierazi diren agiriekin batera, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean aurkeztuko dira Nafarroako Mendekotasun Agentziaren Erregistroan (Iruñeko González Tablas kalean, zk.g.), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean noiz onartu zen adierazita, baita posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan aipatzen diren gainerako zehaztapenak ere. Gainera, eskatzaileak, egun berean, fax baten bidez jakinarazi beharko dio Nafarroako Mendekotasun Agentziari eskaera igorri duela.

Betiere, eskabidea epearen barrenean aurkeztu ote den erabakitzeko, Nafarroako Mendekotasun Agentziaren Erregistroan edo legez baimendutako tokietan zein egunetan aurkeztu den hartuko da aintzakotzat.

Eskabideak arau hauetan eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, hamar egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko eskatuko zaio eskatzaileari. Aditzera emanen zaio, horrela egin ezik, bere eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileak ebazpena eman ondoren.

Nafarroako Mendekotasun Agentziak, organo instruktorearen bitartez, bidezko diren egiaztatze lanak egiten ahalko ditu, interesdunek eskabidean emaniko informazioa egiaztatzearren.

6.-Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Programen Atalari dagozkio.

Organo instruktoreak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, arau hauetan ezarritako irizpideen arabera, eta ebazpen proposamena eginen du.

Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileak izanen du kontzesio prozedura ebazteko eskumena.

7.-Laguntza baloratu eta finkatzea eta haren bateragarritasuna.

Laguntza bakoitzaren zenbatekoa aurrekontuetan dagoen zenbatekoaren, eskabide kopuruaren eta familia bakoitzeko eri zeliakoen kopuruaren arabera zehaztuko da, ondoren ematen den formulari jarraituz:

FAMILIA UNITATEA

ZENBATEKOA

Eri bat

X

Bi eri

2X

Hiru edo gehiago

3X

Laguntza horren zenbatekoa urtekoa da, eta ordainaldi bakar bat eginen da kontzesioa ebazten denean.

Laguntza hau bateragarria da administrazio edo entitate publikoek eta entitate pribatuek eta partikularrek helburu bera betetzeko ematen dituzten bestelako laguntzekin.

8.-Ebazpena.

Laguntzak Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileak emanen duen ebazpenaren bitartez banatuko dira, organo instruktoreak proposamena egin ondotik.

Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean horretarako ebazpenik eman eta jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

Ebazpen espres edo ustezkoaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzenduta.

Laguntzaren xedea kontuan hartuz, ez da adieraziko nori eman zaion, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15.1 b) artikuluan xedaturikoarekin bat.

9.-Betebeharrak eta ez-betetzeak.

Onuradunak behartuak daude diru-laguntzak aurreikusitako helburuetan erabiltzera, Nafarroako Mendekotasun Agentziak edo entitate laguntzaileak egiten ahal dituen egiaztatze lanak onartzera eta, hori dela eta, eskatzen ahal zaizkion agiri eta frogagiriak aurkeztera.

Betebehar horiek bete ezik edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, harturiko dirua osorik edo hein batean itzuli beharko da. Legeek aurreikusitako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutza interesak eskatzea, diru-laguntza pagatu zenetik hura itzultzeko ebazpena eman arte sorrarazia.

10.-Aurrekontuetako diru-kopurua.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak 2009ko gastuen aurrekontuko "Eri zeliakoak dauzkaten familiendako laguntzak" izeneko 920005-91810-4809-231002 kontu-sailaren kargura ordainduko dira.

11.-Deialdiaren eta oinarrien kontra bidezko diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta oinarrien kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedaturikoarekin bat.

12.-Aplikatu beharreko arauak.

Deialdi hau Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren babesean onesten da; beraz, arauetan jasota ez dagoen guztietan, lege hori bete beharko da.

Iragarkiaren kodea: F0911823