35. ALDIZKARIA - 2009ko martxoaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

92/2009 EBAZPENA, martxoaren 5ekoa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, ikasketak egiteko hamasei lizentzia emateko deialdia onesten duena. Lizentzia horiek 2009-2010 ikasturterako dira eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari atxikitako irakasle funtzionarioendako edo lan-kontratuko langile finkoendako.

Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak, IV. kapituluko 105. artikuluan, Ikastetxe publikoetako irakasleendako neurriak izenekoan, adierazten da hezkuntza administrazioek lizentzia ordainduen banaketa bultzatuko dutela, ezartzen diren baldintza eta betebeharren arabera, prestakuntza, ikerketa eta hezkuntza berriztapeneko jarduerak egiteko pizgarri gisa, gero zuzenean hezkuntza sistemaren onerako baldin badira.

Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko 007-2011 Itunak, "Irakasleen prestakuntza" izeneko 2. puntuan, ikasteko lizentzia ordainduak aipatzen ditu berariaz.

Kalitatearen eta Genero Berdintasunaren Zerbitzuak txostena aurkeztu du eta bertan proposatu ikasketak egiteko hamasei lizentzia emateko deialdia onestea. Lizentzia horiek 2009-2010 ikasturterako dira, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari atxikitako langile finkoendako.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari atxikitako langile finkoek ikasketak egiteko hamasei lizentzia emateko deialdia onestea, ebazpen honen eranskin gisa agertzen diren oinarriei jarraikiz. Lizentziak 2009-2010 ikasturterako dira.

2. Ebazpen hau, oinarriak eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen aurka nahiz deialdiaren oinarrien eta ondoriozko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau, oinarriak eta eranskinak Kalitatearen eta Genero Berdintasunaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Giza Baliabideen Zerbitzura igortzea.

Iruñean, 2009ko martxoaren 5ean.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

OINARRIAK

Lehena.-Lizentzia motak eta haien banaketa.

1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari atxikitako irakasle funtzionarioek edo lan-kontratuko langile finkoek ikasketak egiteko gehienez ere hamasei lizentzia emateko deialdia onesten da. Lizentziak horiek 2009-2010 ikasturterako dira. Modalitate hauek bereizi dira:

A) Ikasketa akademikoak:

A.1) Modalitate honetan baldintza hauetako bat betetzen duten pertsonek parte hartzen ahalko dute:

a) Lehen edo bigarren zikloko unibertsitateko karrera baten azken kurtsoko irakasgai guztiak egin nahi izatea, betiere aurreko kurtsoetatik urte osoko bi irakasgai edo gehiago edo horren baliokidea gainditu gabe ez badute.

b) Lehen edo bigarren zikloko unibertsitate karrera baten azkeneko kredituak egin nahi izatea, bukatzeko 50 kreditutik 75era bitarte falta bazaie.

A.2) Doktoretza-tesia, irakasten duten arloari edo burutzen dituzten eginkizunei lotua.

A.3) Masterra edo graduatu ondoko ikasketak, unibertsitateek abalatuak, irakasten duten edo burutzen dituzten eginkizunekin lotuak.

B) Hezkuntza berriztapeneko proiektuak. Ahal dela, ondoko gai hauei buruzkoak izanen dira:

-Diziplinarteko gaitasunak eskuratzea.

Curriculumeko oinarrizko eskumen batzuk garatzea planteatzen duten proiektuak, arlo edo irakasgai batetik abiatuta ikasgelan garatu beharreko lan proposamen baten bidez. Proiektuan jaso beharko da hezkuntza errealitatean modu orokorrean aplika daitezkeen material didaktikoak prestatuko direla.

-Matematikako gaitasuna.

Matematikako gaitasuna garatzeko proiektuak, matematikaren alderdi instrumentalei, funtzionalei eta prestakuntzakoei heltzen dietenak, ikasgelan lan egiteko proposamen baten bidez. Proiektuan jaso beharko da hezkuntza praktikan modu orokorrean aplika daitezkeen material didaktikoak prestatuko direla.

-Gaitasun zientifikoa.

Gaitasun zientifikoa garatzeko proiektua, hezkuntza estrategia teoriko-esperimentalen bidez, ikasleen parte-hartze aktiboa sustatu eta jakinmina pizteko, irakasgaiaren ezaupide zientifikoak azterketaren, esperimentazioaren eta eztabaidaren bidez lor ditzaten. Proiektuan jaso beharko da hezkuntza praktikan modu orokorrean aplika daitezkeen unitate didaktikoak prestatuko direla.

-Bizikidetza.

Gizarteratzea eta bizikidetza lantzeko proiektuak, hala nola autonomia eta ekimen pertsonala lantzekoak, ikastetxearen bizikidetza planean eta curriculum diseinuan integratuak. Proiektuak aurreikusi beharko du hezkuntza errealitatean modu orokorrean aplika daitezkeen material didaktikoak prestatzea.

-Gaztelania 1. hizkuntza gisa duten ikastetxeetan hizkuntza eta edukiak integratzea.

Eskola hizkuntzak gaztelania 1. hizkuntza gisa duten ikastetxe eleaniztunetan integratzea. Atzerriko hizkuntza (ingelesa) eta hizkuntzaz kanpoko arloen edukiak integratzeko proposamen metodologikoa eta horren gaineko materialak prestatzea.

-Euskara 1. hizkuntza gisa duten ikastetxeetan hizkuntza eta edukiak integratzea.

Eskola hizkuntzak euskara 1. hizkuntza gisa duten ikastetxe eleaniztunetan integratzea. Atzerriko hizkuntza (ingelesa) eta hizkuntzaz kanpoko arloen edukiak integratzeko proposamen metodologikoa eta horren gaineko materialak prestatzea.

-Bigarren hezkuntzako ikastxeetan hizkuntza eta edukiak integratzea (lau hileko 2 lizentzia).

Bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan ingelesez ematen diren irakasgaietan hizkuntza eta edukiak integratzeko proposamen metodologikoa. Materialak prestatzea. Arlo hori ebaluatzeko proposamena.

-Kultur aniztasunari arreta ematea (HLHn edo DBHn).

Berandu eskolaratu diren ikasleak (derrigorrezko hezkuntza etapetan), harrera tokiko hizkuntza edo irakas-hizkuntza ez dakitenak edo arlo instrumentaletan curriculum atzerapena dutenak. Eduki hauek bilduko ditu: aniztasunari arreta emateko neurriak gidatzen dituzten printzipioak; metodologiak, estrategiak eta arrakastarako prozedurak; arlo instrumentalen materialak, planteatutako helburuen arabera sekuentziatuak eta hautatuak, kontuan hartuz oinarrizko gaitasunak eskuratzea; halako ikasleei harrera egiteko eta ebaluatzeko jarduketa-ildoak; programazio ereduak harrera hizkuntzaren ikaskuntza eta irakaskuntza prozesuan; programazio ereduak curiculumean atzerapen nabarmenak dituzten ikasleen irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuan.

-Web aplikazioen erabilera didaktikoa ikastetxe bateko intranetean eta Interneten.

Web zerbitzuetan eta aplikazio informatikoetan (Internetekoak zein Nafarroako Gobernuaren mendeko ikastetxe publikoen sare lokaletan instalatzen direnak) oinarrituriko esperientzia didaktikoen garapena (Web 2.0 delakoaren aplikazioak eta zerbitzuak, blogak, Sarean idatzi eta argitaratzeko beste aplikazio batzuk, Wikiak, elkarrekin idatzi eta argitaratzeko beste aplikazio batzuk...).

Nafarroako Gobernuaren mendeko ikastetxeetan dauden sare lokalen azpiegiturarekin eta "Teknologia berriak eta Hezkuntza" programak eskaintzen dituen hezkuntza arloko web zerbitzuekin loturarik handiena duten lizentziak ematea lehenetsiko da.

-Teknologia berriak ikastetxeen kudeaketarako laguntza gisa.

Dokumentuen web bidezko kudeaketa eta adierazleen kudeaketa. Horrek berarekin dakar neurketak, azterketak eta hobetzeko planak egitea. Horretarako, beharrezkoa izanen da tresna informatiko ezagunenak menperatzea eta kalitatea kudeatzeko sistemen oinarrizko ezagutza izatea.

-Nafarroako ikastetxeetan hezkidetza eta Berdintasun Plana garatzeko baliabideak eta orientabideak kudeatzeko proiektua.

Helburu nagusia da ikastetxeei Hezkuntzako Genero Berdintasunaren Planaren helburuak garatzeko tresnak ematea eta hura hedatu eta zabaltzea, berdintasunaren printzipioak ikasteko interes eta balio pedagogiko handia duten material eta tresnak ikasgelan erabil daitezen. Lan hauek egin beharko dira: euskarri ezberdinetan dauden materialak hautatu eta antolatzea eta material berriak diseinatzea on line erabil daitezen.

-Lanbideko espezializazioa.

Lanbide Heziketarekin zerikusia duten teknologia, ezaupide eta didaktika berritzaileetan sakondu eta arlo horretan prestakuntza jasotzea.

-Musika irakaskuntzak.

Espezialitatearen prestakuntza berariazkoa hobetzeko proiektuak edo alderdi berritzaileak dakartzaten proiektuak, didaktika arloa berritzeko, goi irakaskuntzetan ikerkuntza sustatzeko edo musika ikasketak Goi Hezkuntzaren Europako Esparrura egokitzeko lagungarri direnak.

-Laneko arriskuen prebentzioa hezkuntza jardueran eta Hezkuntza Departamentuaren egituran integratzeko proiektuak.

Arlo hauek landu beharko dira: egoeraren azterketa, kudeatzeko eta antolatzeko proposamenak, arriskuen prebentziorako prestakuntza proiektuak Departamentuko langileentzat eta arlo honi buruzko informazioa eman eta hedatzeko materialak prestatzea.

2. Ikasteko lizentziak honela banatuko dira:

-A modalitatea: sei lizentzia.

-B modalitatea: hamar lizentzia.

Irakaskuntzako kidegoei dagokienez, honela banatuko dira:

-Maisu-maistren Kidegoa: 2 lizentzia A modalitatekoak eta 5 lizentzia B modalitekoak.

-Bigarren Hezkuntzako, Hizkuntza Eskola Ofizialetako, Musikako eta Arte Eszenikoetako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen eta Katedradunen Kidegoa: 2 lizentzia A modalitatekoak eta 4 lizentzia B modalitekoak.

-Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Tailer-Maisuen Kidegoak: 2 lizentzia A modalitatekoak eta 1 lizentzia B modalitekoak.

3. Horren araberako banaketa egin ondoren, lizentziaren bat eman gabe gelditzen bada, B eta A modalitateetako eskatzaileei emanen zaie, ordena horretan, lortzen diren puntuazioen arabera.

Bigarrena.-Ikastekak egiteko lizentzien iraupena.

Ikasketak egiteko lizentziak urtebetekoak edo lau hilabetekoak izaten ahalko dira, data hauen arabera:

1. Urtebeteko lizentzia: 2009-2010 ikasturte osoa hartuko du, 2009ko irailaren 1etik 2010eko abuztuaren 31ra bitarte.

2. Lauhileko bateko lizentzia: 2009-2010 ikasturteko lehena edo bigarrena. Ondoan ematen dira hasteko eta bukatzeko datak:

Lehenbiziko lauhilekoa: 2009ko irailaren 1etik 2008ko abenduaren 31ra.

Bigarren lauhilekoa: 2010eko martxoaren 1etik 2010eko ekainaren 30era.

Hirugarrena.-Hautagaiak.

1. Ikasketak egiteko lizentziak eskatzen ahal dituzte, deialdi honetan, Hezkuntza Departamentuari atxikitako unibertsitatez kanpoko edozein ikastetxe publikotan diharduten irakaskuntzako funtzionario edo lan-kontratuko langile finkoek, unibertsitatean ari ez badira.

2. A.2 modalitatera unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako funtzionarioak eta unibertsitatez kanpoko lan-kontratuko langile finkoak aurkezten ahalko dira, haien titulu akademikoa doktoretza ez bada.

Laugarrena.-Bete beharrekoak.

Honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Eskabidea aurkeztean eta 2008-2009 ikasturtean jardunean edo zerbitzu berezietan egotea.

b) Karrerako irakaskuntzako funtzionario gisa edo lan-kontratuko langile finko gisa, gutxienez bost urteko antzinatasuna izatea. Horretarako, ikasturte hau aintzakotzat hartuko da.

c) Ikasketak egiteko Nafarroako Gobernuak edo beste edozein administraziok, dela Estatukoa, dela autonomia erkidego batekoa, emandako lizentzia bat lehenago hartu ez izana.

d) A.1 modalitatean parte hartzea eskatzen dutenek lehenengo oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela frogatzeko, 2009ko uztailaren 1eko egoerari buruzko ziurtagiria aurkeztu beharko dute eta ikasketak bukatzeko falta zaizkion irakasgai guztiak egin beharko dituzte.

e) A.2 modalitatean parte hartzea eskatzen dutenek kasuko doktoretza programa gainditua izan beharko dute, eta horrez gainera, ikertzeko gaitasuna aitortua edo Ikasketa Aurreratuen Agiria. Gainera, tesia egin behar duten unibertsitateko Doktoretza Batzordeak tesi proiektua onetsia izan beharko dute.

f) A.3 modalitateko eskatzaileek, urtebeteko lizentzia bat eskuratzeko, frogatu beharko dute graduatu ondoko masterrek edo unibertsitate-ikasketek gutxienez ere 60 kreditu dituztela eta unibertsitateek abalatzen dituztela.

g) B modalitateko eskatzaileek zilegi izanen dute aurkezten duten proiektuan irakasle laguntzaileen zerrenda eranstea, haien parte-hartzea proiektuaren faseetan zehaztea eta parte-hartze hori bermatzea. Hautaturiko proiektuaren koordinatzaileak hartuko du ikasketetarako lizentzia.

Deialdi honetan ezartzen diren betebeharrak eskabideak aurkezteko seigarren oinarrian epea bukatzen diren egunean bete beharko dira, A1 modalitatean parte hartzea eskatzen dutenen kasuan izan ezik, kasu horretan, behin-behinekoz emana izanez gero, noten ziurtagiria aurkezteko azken eguna 2009ko uztailaren 5a izanen baita.

Bosgarrena.-Eskaerak eta agiriak.

1. Deialdiaren xede diren ikasketa lizentzietarako hautagaiek modalitate bakar baterako, A edo B, aurkeztu beharko dute eskabidea, 2009-2010 ikasturteko denboraldi bakar baterako, urtebete edo lau hilabete, eta Kalitatearen eta Genero Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariari igorriko diote (Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusia, Santo Domingo aldapa, zk.g, 31001 Iruña), ondoko hauetan eskura dagoen eredua erabiliz: Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan, Irakasleentzako Laguntza Zentroetako idazkaritzetan eta Hezkuntz Departamentuaren webgunean (www.pnte.cfnavarra.es).

Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean itxitako zerbitzu-orria edo zerbitzuen ziurtagiria. Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz gaineratuko ditu atal honi dagozkion merezimenduak.

b) Lizentzialdian burutu nahi den ikasketa proiektua edo berrikuntza proiektua, deialdi honen I. eranskineko eskemari jarraituz.

c) Eskatzailearen espezialitateko gaiarekin zerikusia duten eta hark aipagarritzat jotzen dituen ikasketa nahiz lan merezimenduen frogagiriak. Merezimendu horiek egiaztatzeko, deialdi honetako II. eranskineko baremoan zehazten diren agiriak erabiliko dira.

d) Zinpeko adierazpena, deialdi honetako hirugarren oinarrian edo laugarren oinarriaren c) atalean aipatzen diren betebeharrak betetzen direla dioena.

2. Aurkezten diren agiri guztien zerrenda datatua eta sinatua aurkeztu beharko da, agiriak baremoan agertzen den ordenaren arabera zenbakituz.

3. Oker materialik edo egitatezko okerrik izanez gero edonoiz zuzentzen ahalko dira, bai ofizioz, bai doakionak hala eskatuta, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 105.2 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.

Seigarrena.-Eskabideak nori zuzendu eta non eta noiz aurkeztu behar diren.

Eskabideak Hezkuntza Departamentuko Erregistro Bulegoan aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedu Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 38.4 artikuluan aipatu bulegoetako edozeinetan, edo bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ekainaren 23ko 70/2009 Foru Dekretuak ezartzen duen bezala.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, kartazal irekian eginen da, posta funtzionarioak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan.

2. Eskabideak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Zazpigarrena.-Hautaten organoa.

Honako kide hauek osatuko dute izangaiak hautatzeko batzordea:

-Batzordeburua:

Kalitatearen eta Genero Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendaria, edo berak izendatzen duena.

-Kideak:

Irakasleen Prestakuntza Ataleko burua, edo berak izendatzen duena.

Prestakuntza Programen Bulegoko burua.

Irakasleen Laguntza Zentroen Bulegoko burua.

Irakasle ez-unibertsitarioen Batzordeak izendatutako ordezkari bat.

Zortzigarrena.-Hautapena.

1. Aurreko oinarrian aipatzen den Hautapen Batzordeak oinarri honetako hurrengo ataletan ezartzen diren prozedura eta epeen arabera hautatuko ditu 2009-2010 ikasturtean ikasketak egiteko lizentzia izanen duten irakasleak.

2. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, onartu eta baztertu diren pertsonen zerrenda Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoaren iragarki-oholean eta Hezkuntza Departamentuaren www.pnte.cfanavarra.es webgunean argitaratuko da eta bost egun naturaleko epea irekiko da, argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko.

3. Hautapen Batzordeak erreklamazioak aztertu ondoren, horrek Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiari proposatuko dio deialdi honetako onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, ebazpen baten bidez, onets dezan. Zerrenda hori Hezkuntza Deparrtamentuko Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiko Argibide eta Agiri Bulegoko iragarki oholean eta Hezkuntza Departamentuaren webgunean argitaratuko da.

4. Eskabide onartuak II. eranskineko baremoaren arabera aztertu eta baloratuko ditu Batzordeak. Eskatzaile bakoitzak lorturiko puntuen arabera, batzordeak Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusira ebazpen proposamen bat igorriko du, 2009-2010 ikasturtean ikasketak egiteko lizentzia bat hartzeko hautatuen behin-behineko zerrenda bilduko duena, eta zazpi egun naturaleko epea irekiko da erreklamazioak aurkezteko, zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita. Zerrenda puntuazio osoaren arabera ordenatuko da, lehenengo oinarrian aurreikusitako lizentzien banaketa errespetatuz. Hautatuen artean berdinketarik gertatuz gero, irizpide hauek erabiliko dira hura hausteko:

1. Nork puntuazio altuagoa baremoko 1. atalean.

2. Nork puntuazio altuagoa baremoko 2.1. atalean.

3. Nork puntuazio altuagoa baremoko 3. atalean.

5. II. eranskineko 1. atalean ezarritako baremoan gutxienez ere 5 puntu lortu beharko dira, eta gutxienez 12 puntu baremo horretako 2., 3., 4. eta 5. ataletan.

6. Hautapen Batzordeak erreklamazioak aztertu ondoren, horrek berriro jakinaraziko dio Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiari 2009-2010 ikasturtean ikasketetarako lizentzia bat hartzeko hautaturiko irakasleen behin betiko zerrenda, ebazpen baten bidez, argitara dezan. Zerrenda Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Departamentuko webgunean argitaratuko da. A1 modalitatearen kasuan zerrenda behin-behinekoa izaten ahal da, eta ikasketen ziurtapenak aurkeztearekin emanen litzateke behin betikoa.

Bederatzigarrena.-Uko egitea.

1. Aurreko oinarriko 4. idatz-zatian erreklamazioak aurkezteko ezarritako epe berean, hautagaiek ukoa aurkezten ahalko dute. Behin betiko destinoa beste autonomia erkidego batean erdiesten baldin bada, uko egitea nahitaezkoa izanen da.

2. Ukoak Hautapen Batzordeari igorriko zaizkio idatziz eta Hezkuntza Departamentuko Erregistro Bulegoan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedu Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 38.4 artikuluan aipatu bulegoetako edozeinetan aurkeztuko dira, edo bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ekainaren 23ko 70/2009 Foru Dekretuak ezartzen duen bezala.

Hamargarrena.-Deialdiaren ebazpena.

1. Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak ebatziko du deialdi hau, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den ebazpen baten bidez.

2. Zuzendari nagusiaren ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako.

3. Deialdi hau ebatzi ondoren, ikasketak egiteko lizentzien ukorik ez da onartuko, salbu eta Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak aztertu eta larritzat jotzen duen kasurik gertatzen baldin bada, hautapen batzordeak txostena egin ondotik, edo izangaia, aldi berean, zerbitzu eginkizunetan aritzeko lanpostu baterako edo aldi bateko atxikipena duen kanpoko lanpostu baterako ere aukeratua izan baldin bada. Kasu horietan, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak behar den ebazpena hartuko du zerbitzuaren beharren arabera eta proposamenen sarrera-hurrenkeraren arabera.

Horrelako kasu bat gertatuz gero, lizentzia automatikoki pasatuko zaio kasuan kasuko modalitateko eta irakasleen kidegoko hurrengo izangaiari. Inor ez badago, lehenbiziko oinarriaren hirugarren puntuak xedatzen duenari men eginen zaio.

Hamaikagarrena.-Urratsez urratseko txostenak eta bukaerako memoria.

Ikasketak egiteko lizentziak dirauen bitartean, onuradunek Kalitatearen eta Genero Berdintasunaren Zerbitzuko Zuzendaritzan honako agiri hauek aurkeztuko dituzte:

1. Ikasketak egiteko lizentziak, A edo B modalitatekoak, urtebeteko iraupenekoak:

a) 2010eko otsailean, txosten bat ordura arte eginiko lanaren garapenari buruz. Lizentzia A1 modalitateari badagokio, txosten horri matrikula egin den unibertsitateak luzatutako ikasketen ziurtagiri ofiziala erantsiko zaio eta bertan sartuko dira hautatutako irakasgaiak eta horien ikastorduak kreditutan. Lizentzia A.2 edo A.3 modalitatekoa bada, urratsez urratseko lanaren txostenari, tesiaren zuzendariaren edo masterraren/graduatu ondoko ikasketen arduradunaren ikus-onespen agiria eta unibertsitateko dagokion departamentuko zigilua gaineratuko zaizkio.

b) Ikasketak egiteko lizentziaren denbora amaitzen denean, luzatu ezin den hilabeteko epean, egindako lanaren gaineko memoria orokorra, edo egindako ikasketen ziurtagiri akademikoa, bidezkoa dena. Lizentzia B modalitatekoa bada, azken memoria, III. eranskinaren araberakoa, eta prestatutako materialak.

2. Ikasketak egiteko lizentziak, A edo B modalitatekoak, lau hileko iraupenekoak:

Ikasketak egiteko lizentziaren denbora amaitzen denean, luzatu ezin den hilabeteko epean, egindako lanaren gaineko memoria orokorra, edo egindako ikasketen ziurtagiri akademikoa, bidezkoa dena. Lizentzia B modalitatekoa bada, azken memoria, III. eranskinaren araberakoa, eta prestatutako materialak.

Hamabigarrena.-Egoera administratiboa eta hautatuek bete beharrekoak.

1. Ikasketak egiteko lizentziak dirauen bitartean, onuradunek nork bere ordainsari oinarrizkoak eta kasuan kasuko irakaskuntza kidegoko osagarriak jasoko dituzte.

2. Ikasteko lizentzia bat jasotzen dutenek jardunean edo zerbitzu berezietan dauden funtzionarioei eskatzen zaizkien baterazintasun baldintza berberak izanen dituzte.

3. Deialdi honetan xedatutakoa betetzen ez bada, edo egindako ikasketetan edo lanean "gutxiegi" kalifikazioa lortzen badute, ikasketak egiteko lizentzia galdu eta diziplina erantzukizuna izan dezakete, indarra duen Administrazioko Funtzionarioen Diziplina Araubideari buruzko Erregelamenduaren arabera.

4. B modalitateko lizentzien kasuan, Hezkuntza Departamentuak zilegi izanen du egindako ikerketaren emaitzen memoriak eta sortutako material guztia erabili eta argitaratzea, bidezkotzat jotzen baldin badu, indarra duen jabetza intelektualari buruzko legeriak dioenari jarraituz.

5. A eta B modalitateetako lizentzien onuradunek zilegi izanen dute egindako lana argitaratzea, Hezkuntza Departamentuak hala baimentzen badu. Argitalpenean, lana prestatzeko jaso duten lizentziaren aipamena egin beharko dute espresuki. Aipamen hori lizentziarekin egin den lana osorik edo zatiren bat argitaratzen den aldiro egin beharko da.

Hamahirugarrena.-Jarraipena eta kontrola.

1. Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak lizentziak dirauen bitartean egiten diren ikasketa eta proiektuak behar bezala begiratu eta kontrolatzeko neurriak hartzen ahalko ditu. Horren ondorioetarako, B modalitateko lizentzien kasuan, onuradunei jakinaraziko die zein den jarraipenaz arduratzen den Hezkuntza Departamentuaren administrazio unitatea. Unitate horiek nahi beste informazio eska dezakete eta egoki iruditzen zaizkion orientabideak proposa ditzakete lizentziek dirauten bitartean.

2. Kalitatearen eta Genero Berdintasunaren Zerbitzuak lizentzia denboran egindako lan edo ikasketak baloratuko ditu, urratsez urratseko txostena aztertuz. B modalitateko lizentzien kasuan, Hezkuntza Departamentuak proiektuen azken ebaluazioa oinarri honetako 1. puntuan aipatzen diren administrazio unitateen txostenen bidez eginen du.

Hamalaugarrena.-Aurkeztutako agiriak jasotzea.

2009ko uztailean, deialdi honetan parte hartzen duten irakasleek eskabidearekin batera aurkezten dituzten agiriak eramaten ahalko dituzte Kalitatearen eta Genero Berdintasunaren Zerbitzutik. Dokumentazioa zuzenean edo baimenduriko pertsona baten bidez jasotzen ahalko dute. Epe hori amaitutakoan, ulertuko da ez dutela jaso nahi eta horren gaineko eskubide oro galduko dute.

I. ERANSKINA

Proiektuaren edukiaren eskema, modalitatearen arabera

A.1 modalitatea.-Lizentziatura, ingeniaritza, ingeniaritza teknikoa, arkitektura, arkitektura teknikoa eta diplomatura.

1. Egin nahi duen kurtsoa.

2. Eginiko kurtsoen ziurtapen akademikoa.

3. Ikasketak egin nahi dituen ikastetxea: (izena, helbidea, herria, probintzia, herrialdea, telefonoa).

4. Ikastorduak edo kredituak.

5. Egin nahi diren ikasketen plan ofiziala.

A.2 modalitatea.-Doktoretza-tesia:

1. Tesiaren izena.

2. Zuzendariaren txostena, lana hasteko eguna eta dagoen fasea (hastapena, erdibidea, azken idazketa eta abar) zehaztuz.

3. Eginiko lana.

4. Lizentzialdian egin beharreko lana.

5. Hirugarren zikloko kredituak gaindituak dituela, ikertzeko nahikotasuna edo Ikasketa Arreratuen Diploma duela eta kasuan kasuko Doktoretza Batzordeak doktoretza-tesiaren proiektua onetsi diola erakusten duen ziurtagiri akademiko ofiziala.

A.3 modalitatea.-Masterra edo graduatu ondoko ikasketak, unibertsitateek abalatuak.

1. Egin nahi diren ikasketak.

2. Ikasketak egin nahi dituen ikastetxea.

3. Ikastorduak edo kredituak.

4. Egin beharreko ikasketen plan ofiziala.

5. Ikasketa horien justifikazioa eskatzailearen irakaskuntza arloaren edo espezialitatearen ikuspegitik.

6. Ikasketa horien ondorengo aprobetxamendua, bai pertsonala, bai instituzionala.

B modalitatea.-Hezkuntza Berriztapenerako proiektuak.

1. Identifikazio datuak:

1.1. Proiektuaren izenburua.

1.2. Ikastetxeen datuak.

1.3. Koordinatzailea eta, halakorik bada, irakasle laguntzaileak (deiturak, izena, IFZ eta espezialitatea).

1.4. Proiektua eta jarduera zein hezkuntza etapatan egin behar diren.

1.5. Proiektuaren gaia edo esparrua.

2. Gaiaren aurrekariak eta gaur egungo egoera, bibliografia garrantzitsuena barne.

3. Planteamendua eta justifikazioa.

4. Lortu nahi diren helburuak eta landuko diren edukiak, lehenengo oinarrian adierazitako zehaztapenekin bat etorri beharko dutenak.

5. Lan plana eta metodologia.

6. Iraupena eta faseak.

II. ERANSKINA

Baremoa

1. Ikasketa akademikoen, doktoretza-tesiaren, masterraren, graduatu ondoko ikasketen edo hezkuntzako ikerketen proiektua. Gehienez ere 10 puntu.

A.1. modalitatea.-Lehen edo bigarren zikloko unibertsitate-ikasketak.

Honako hauek baloratuko dira:

a) Eginen diren ikasketak nola egokitzen zaizkien eskatzaileak irakaskuntzan daukan lanpostuaren ezaugarri akademikoei. Gehienez ere 5 puntu.

b) Lehenbiziko lizentziatura baldin bada: 3 puntu.

c) Ikasketak azken mailakoak soilik baldin badira: 2 puntu.

A.2 modalitatea.-Doktoretza-tesiak.

Honako hauek baloratuko dira:

a) Egindako lanaren azalpen eta zehaztasunak nolakoak diren. Gehienez ere 2 puntu.

b) Lan horrek irakaslearen lanpostuaren ezaugarriekin duen zerikusia. Gehienez ere 6 puntu.

c) Zein epetan egin gogo den, tesiaren zuzendariaren txostena eta hirugarren zikloko irakasgaietan lortutako kalifikazioak. Gehienez ere 2 puntu.

A.3 modalitatea.-Masterrak edo graduatu ondoko ikasketak.

Honako hauek baloratuko dira:

a) Lizentzia eskaeraren xede diren ikasketak nola egokitzen zaizkion hautagaiaren lanpostuari. Gehienez ere 6 puntu.

b) Eginiko ikasketen ondorengo aprobetxamendua, bai hezkuntza administrazioaren aldetik, bai hautagaia arituko deneko ikastetxearen aldetik. Gehienez ere 4 puntu.

B modalitatea.-Hezkuntza Berriztapenerako proiektuak.

Proiektuak hautatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1. Proiektuaren eta proiektuaren arduradun eta koordinatzailearen lanpostuaren arteko lotura. Gehienez ere 3 puntu.

2. Proiektuaren erabilgarritasuna eta bideragarritasuna hezkuntza praktika hobetzeko proposamena eta gelan zuzenean aplikatzeko aukera den aldetik, eta proiektuan irakasle laguntzaileen parte-hartzea. Gehienez ere 3 puntu.

3. Lehenengo oinarrian ezarritako zehaztapenetara zenbateraino egokitzen den. Gehienez ere 2 puntu.

4. Burutzeko bermea eta proiektua orokortzeko aukera. Gehienez ere, puntu bat.

5. Izaera berritzailea, haren edukiagatik eta haren egokitzapen metodologikoarengatik. Gehienez ere, puntu bat.

2. Lanbideko esperientzia. Gehienez ere 12 puntu.

2.1. Irakaskuntzako merezimenduak.

Irakaskuntzako zerbitzuak: irakasle lanetan, funtzionario edo lan-kontratatu finko gisa emandako zerbitzu urte bakoitzeko: puntu bat urte osoagatik, bosgarrenetik, hots, eskatu den gutxienekotik aurrera. Gehienez ere 8 puntu.

2.2. Berariazko merezimenduak. Gehienez ere 7 puntu.

2.2.1. Irakaskuntzako ikastetxe publikoetan, irakasleendako laguntza zentroetan edo antzeko erakundeetan zuzendari edo alboko zuzendari lanetan karrerako funtzionario edo lan-kontratuko langile finko gisa aritutako urte bakoitzeko: puntu bat, urte oso bakoitzeko.

2.2.2. Zuzendariorde, alboko zuzendariorde, idazkari, alboko idazkari, ikasketaburu edo alboko ikasketaburu lanetan, karrerako funtzionario edo lan-kontratatu finko gisa aritutako urte oso bakoitzeko: 0,75 puntu, urte oso bakoitzeko.

2.2.3. Zikloaren koordinatzaile, mintegiburu, alboko mintegiburu, departamentuburu, alboko departamentuburu edo tutore lanetan, karrerako funtzionario edo lan-kontratatu finko gisa aritutako urte oso bakoitzeko: 0,5 puntu, urte oso bakoitzeko.

2.2.4. Tutore edo Eskola Kontseiluko kide lanetan karrerako funtzionario edo lan-kontratatu finko gisa aritutako urte bakoitzeko: 0,5 puntu urte bakoitzeko.

2.2.5. Hezkuntza administrazioan emandako zerbitzuak, horien barne direla zerbitzuko zuzendari, ataleko buru, unitate teknikoko edo bulegoko buru, irakaskuntza gaietarako aholkulari eta irakasleendako laguntza zentroetako aholkulari gisa emandakoak, karrerako funtzionario edo lan-kontratuko langile finko izanda: puntu bat, urte oso bakoitzeko.

Agiriak: izendapenaren egiaztagiria ohiko bidetik aurkeztuko da, seigarren oinarrian adierazten den bezala, eta bertan iraupena adierazi beharko da.

Oharra: atal bakoitzari dagozkion puntuazioak ateratzeko, ez dira kontuan hartuko hilabetetik beherako zerbitzualdiak. Hortik gora, hilabete oso bakoitzeko, adierazitako puntuazioaren hamabiren bat emanen da. 2.2.1 eta 2.2.2 ataletako informazioa ofizioz agertzen da zerbitzu-orrian.

3. Etengabeko prestakuntza jarduerak. Gehienez ere 10 puntu.

3.1. Eskatzailearen espezialitatearekin zerikusia duten ikastaro, talde egonkor, mintegi eta bestelako jardueretan parte hartzea, baldin eta hezkuntza administrazio batek, unibertsitate batek edo hezkuntza administrazio batekin hitzarmena sinatua duen irabazi asmorik gabeko erakunde batek antolatua bada: 0,10 puntu 10 prestakuntza orduko. Gehienez ere 6 puntu.

3.2. Prestakuntza jardueretako parte-hartzea urrutiko prestakuntzako tutore gisa edo lantaldeen edo mintegien koordinazio lana: 0,20 puntu 10 prestakuntza orduko. Gehienez ere: 2 puntu.

3.3. Hezkuntza administrazioek edo irabazi asmorik gabeko entitate publiko edo pribatuek eskaturik, irakasle lana beren espezialitatearekin zerikusia duten prestakuntza jardueretan, entitate horiek irakasleen etengabeko prestakuntzan badihardute eta hezkuntza administrazio batekin hitzarmenak sinaturik badauzkate: 0,3 puntu 10 prestakuntza orduko. Gehienez ere 2 puntu.

Oharra:Irakaskuntza arloko prestakuntzarako aholkularien edo Irakasleentzako Laguntza Zentroetako irakaskuntza arloko aholkularien kasuan, ez dira kontuan hartuko haiei dagozkien eginkizunen aribidean egindako jarduerak.

Agiriak: egiaztagiriak ohiko moduan aurkeztuko dira, seigarren oinarrian adierazten den bezala. Homologazioak ziurtagiriekin batera aurkeztuko dira. Azpiatal hauen ondorioetarako, jarduera guztietako orduak batuko dira eta hamar ordutik beheitiko hondarra ez da puntuatuko.

4. Eskatzen diren ikasketa akademikoen gaineko edo aurkeztu den berriztapen proiektuko gaien gaineko argitalpenak edo ikerketak: 1 puntu lan bakoitzeko. 5 puntu gehienez ere.

Oharra: argitalpena kolektiboa baldin bada, hainbanako proportzionala ezarriko da.

Agiriak: argitalpen bakoitzaren aleak aurkeztuko dira, ISBN edo ISSN derrigorrez agertu beharko dutela, indarreko arauei jarraikiz. Argitaratu gabeko ikerketa lanak direnean, aurkezten den aleak ikerketaren ardura izan duen erakundearen abala beharko du.

5. Merezimendu akademikoak. Gehienez ere 2 puntu.

5.1. Doktoretza titulu bakoitzeko, A.2 modalitateko eskatzaileendako izan ezik: puntu bat, titulu bakoitzeko.

5.2. Bigarren eta hurrengo diplomatura, ingeniaritza tekniko eta arkitektura teknikoengatik, legezko ondorio guztietarako baliokidetzat jo badira, eta lizentzia, arkitektura edo ingeniaritza bateko lehen zikloko ikasketengatik: 0,5 puntu titulu bakoitzeko.

Oharra: izangaiari ez zaizkio inoiz baloratuko maila horretako lehenengo titulua edo ikasketak.

5.3. Lizentzietako, ingeniaritzetako edo arkitekturako bigarren zikloko ikasketak edo, ondorio guztietarako, legez haien baliokide deklaratu diren tituluak: 0,75 puntu titulu bakoitzeko.

Oharra: izangaiari ez zaizkio inoiz baloratuko maila horretako lehenengo titulua edo ikasketak.

Agiriak: titulua edo dagokion unibertsitateari hura eskatu izanaren gordekina ohiko bidetik aurkeztuko da, seigarren oinarrian adierazten den bezala.

III. ERANSKINA

Memoria prestatzeko gidoia

1. Proiektua garatu deneko testuinguruaren ezaugarri orokor eta partikularrak.

2. Proiektuaren helburuen lorpena:

Hasiera batean proposatuak.

Proiektua bukatutakoan lortuak.

3. Proiektuan abian zegoela eginiko aldaketak:

Helburuetan.

Metodologian.

Antolaketan.

Egutegian.

4. Proiektuan zehar erabili den ebaluazio prozesuaren laburpena.

5. Ondorioak:

Proiektuaren lorpenak.

Eragina ikastetxean.

6. Parte hartu duten irakasleen zerrenda, izena, bi deitura eta NANa adieraziz. Txosten bat aurkeztuko da, eginiko lanak eta partaidetza-maila adieraziko dituena.

7. Prestatutako materialak.

Lizentzia eskaera, ikasketetarako

2009-2010 ikasturtea

Deiturak: ............................................. Izena .

Ikasteko lizentzia bat eman diezadatela eskatzen dut, ondoren adierazten diren modalitaterako eta eperako:

I.-Modalitateak:

A1.-Unibertsitateko ikasketak.

A.2.-Doktoretza-tesia.

A2.-Masterrak edo graduatu ondoko ikasketak.

B.-Hezkuntza Berriztapenerako proiektuak.

II.-Iraupena.

Urtebetekoa.

1. lauhilekorako

2. lauhilekorako

X batez adierazi aukeratu duzun modalitatea eta epea.

III.-Zein maila edo etapatan ari zaren irakasle:

Haur eta Lehen Hezkuntza.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa.

Lanbide Heziketa.

Hizkuntzak eta Arte ikasketak.

X batez adierazi bidezko dena.

IV.-Lanbideari buruzko datuak:

Irakasgaia, arloa edo espezialitatea: ............................. LEZ:

Ikasketa titulua:

Destinoko ikastetxea: ........................................... Telefonoa:

Ikastetxearen helbidea:

Herria: ......................................... PK: .................

V.-Norberaren datuak:

NANa: ................................... Telefono partikularra:

Posta elektronikoa:

Etxeko helbidea:

Herria: ............................. PK: ................... Probintzia:

VI.-2009-2010 ikasturtean zerbitzu eginkizunetan aritzea eskatu al duzu?

  • Bai
  • Ez

Zer dela kausa?

VII.-Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak edo Hezkuntza, Gizarte-Politika eta Kirol Ministerioak beka eman al dizu, dela zuzenean, dela beste herrialde batzuekiko alde biko lankidetza hitzarmen baten bidez?

  • Bai
  • Ez

.................(e)n, 2009ko ...............aren .....(e)an.

(Sinadura)

Hezkuntza Departamentuko Kalitatearen eta Genero Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendaria. Santo Domingoko aldapa, zk.g., 31001, Iruña.

Iragarkiaren kodea: F0911619