35. ALDIZKARIA - 2009ko martxoaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

85/2009 FORU AGINDUA, martxoaren 9koa, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak emana, etorkinak hartu eta integratzeko jarduketak, Estatuko eta Foru Komunitateko administrazioek arlo horretan ezarritako lankidetzaren barruan, egiten dituzten toki entitateentzako diru-laguntzen 2009ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Gobernuak, abenduaren 18ko 91/2006 Foru Dekretuaren bidez, Immigraziorako Bulegoa sortu zuen honako helburu honekin: etorkinek gizarte babeserako eta bizikidetzarako sistema normalizatu guztietan sartzeko bidea errazteko politika publikoak sustatu eta koordinatzea, horrela giza talde horren beharrei erantzuteko, hobeki integra daitezen gizartean, lanean, arlo juridikoan, hezkuntzan, osasun sisteman, kulturan, lurraldeko bizikidetzan eta herritarrek parte hartzeko eremuetan.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko ematen diren diru-laguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta deialdiaren xede den egoeran daudenek diru-laguntza eskuratzeko aukera izan dezaten.

Deialdiaren xedea da etorkinen harreraren eta integrazioaren esparruan jarduketak egiten dituzten toki entitateentzako diru-laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea. Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuak arlo horretan sinatutako lankidetza hitzarmenaren babesean finantzatuko dira jarduketa horiek, "Etorkinen Harrera eta Integraziorako Funtsa kudeatzeko lankidetza esparruan" xedatzen denarekin bat etorri beharko dutenak. Hitzarmen hori urtero luzatzen da eta 2009. urtean Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuari dagokio aipatu luzapena egitea.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntza horiek egokiak eta interes publikokoak direla eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abenduaren 18ko 120/2007 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Etorkinak hartu eta integratzeko jarduketak, Estatuko eta Foru Komunitateko administrazioek arlo horretan ezarritako lankidetzaren barruan, egiten dituzten toki entitateentzako diru-laguntzen 2009ko deialdia onestea, foru agindu honen I. eranskineko oinarri arautzaileekin bat.

2. 1.083.307 euroko gastua baimentzea, 2009ko indarreko aurrekontuko "Lanaren eta Immigrazioaren Ministerioarekin sinatutako hitzarmena toki entitateentzako etorkinak gizarteratzeko" izeneko B40000 B0200 4609 231900 kontu-sailaren kargura.

3. Foru agindu hau jakinaraztea Programak Kudeatu eta Koordinatzeko Atalari, Immigraziorako Bulegoari, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko otsailaren 24an.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.-Xedea.

Deialdiaren xedea da etorkinak hartu eta integratzeko jarduketak, Estatuko eta Foru Komunitateko administrazioek arlo horretan ezarritako lankidetzaren barruan, egiten dituzten toki entitateentzako 2009ko diru-laguntzen araubidea ezartzea.

2.-Jarduketa esparrua eta helburua.

Diru-laguntzen xede diren jarduketak Nafarroako Foru Komunitatean eginen dira eta etorkinak hartu eta integratzea izanen dute helburu.

3.-Onuradunak.

Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateek hartzen ahalko dituzte deialdian aipatzen diren diru-laguntzak, 2009an jarduketa horiek egiten badituzte edo egiteko asmoa badute.

4.-Jarduketek bete beharreko baldintzak.

Diru-laguntzen xede diren jarduketek bat etorri beharko dute Lanaren eta Immigrazioaren Ministerioko Estatuaren Immigrazio eta Emigrazio Idazkaritzak ezarritako ardatzekin, neurriekin eta jarduketekin.

Foru agindu honen II. eranskinean aipatzen dira diru-laguntzen xede izan daitezkeen jarduketa motak.

Diru-laguntzen xedea da jarduketa horiei dagozkien ohiko gastuak finantzatzea.

Deialditik aparte geldituko dira ekipamenduetan edo azpiegituretan egindako inbertsio gastuak.

Orobat, aparte utziko dira etorkinei buruzko azterlan eta ikerlanak egiteko gastuak.

5.-Eskaerak aurkeztea.

5.1. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako tokietan aurkezten ahalko dira eta Nafarroako Gobernuko Immigraziorako Bulegoko Programak Kudeatu eta Koordinatzeko Atalari zuzendu beharko zaio.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen. Gainera, entitate interesdunak, egun berean, fax bidez (948365309) jakinarazi beharko dio Immigraziorako Bulegoko Programak Kudeatu eta Koordinatzeko Atalari eskaera igorri duela.

5.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideak toki entitatearen legezko ordezkariak (alkateak, mankomunitateko edo udal elkarteko lehendakariak) sinaturik aurkeztu beharko dira, eta haiekin batera agiri hauek:

a) Inguruko immigrazioarekin lotutako elkarteen mugimenduaren deskripzioa eta balorazioa.

b) Diru-laguntzen xede diren jarduketen azalpena, non adieraziko baita:

-Eskatutako jarduketa bakoitza kokatzeko ardatzaren aurreikuspena, II. eranskinaren arabera.

-Jarduketaren izena.

-Jarduketaren azalpen laburra.

-Helburuak eta jarduerak.

-Jarduketa zein tokitan edo esparrutan egin behar den.

-Jomugako biztanleak.

-Jarduketa kudeatzeko tresna (hitzarmenak, deialdia, toki entitateak eman beharreko diru-laguntzak, norbere baliabideak).

-Jarduketa bakoitzaren aurrekontua, non adieraziko baita hura bakarrik deialdiaren bidez finantzatuko den edo kostuaren parte bat toki entitateak berak bere gain hartuko duen. Kasu horretan zenbatekoa emanen da. Jarduketak berarekin badakar langileak kontratatzea, haiek kontratatzeko eguna zehaztuko da.

-Jarduketaz arduratzen den unitate organikoa.

-Jarduketa eginen duen entitatearen izena.

-Zenbatekoak ebaluatzeko adierazleak.

c) Hala bada, onartutako zenbatekoa aldez aurretik kobratzeko oinarri hauetan xedatutakoaren arabera, diru-laguntzaren xede diren helburuak lortzeko funtsak aurretik hartu beharra frogatzen duen txostena.

d) Eskatzaileak bere eskaera sendotzeko interesgarri jotzen duen zeinahi agiri.

5.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskabideak adierazitako betebeharrak bete ezik edo harekin batera agindutako agiriak aurkeztu ezik, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan xedatu bezala.

6.-Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdiaren ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko eginkizunak Immigraziorako Bulegoko Programak Kudeatu eta Koordinatzeko Atalari esleitu zaizkio.

Oinarri arautzaileotan ezarritako irizpideen, moduen eta lehentasunen arabera ebaluatuko ditu organo instruktoreak aurkezten diren eskaerak, eta ebazpen proposamena emanen du.

Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak du kontzesioaren gaineko prozedura ebazteko eskumena.

7.-Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdian aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura ohikoa izanen da, hurrengo ataletan ezarritako irizpideekin bat.

8.-Balorazio irizpideak eta zenbatekoa esleitzeko prozeduraren irizpideak.

Deialdiaren gastua 1.083.307 eurokoa da.

8.1. Zenbateko osoaren banaketa, jarduketa ardatzen arabera:

Lanaren eta Immigrazioaren Ministerioak eta Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak ezarritako plangintzaren arabera, zenbateko osoa jarduketa ardatz hauen artean banatuko da, haietariko bakoitzerako aipatzen den zenbatekoan:

ZK.

JARDUKETA ARDATZA

AURREKONTUKO DIRU IZENDAPENA

I.

HARRERA

157.664

III.

ENPLEGUA

75.829

IV.

ETXEBIZITZA

25.017

V.

GIZARTE ZERBITZUAK

274.129

VI.

OSASUNA

25.017

VII.

HAURRAK ETA GAZTEAK

158.851

VIII.

TRATU BERDINTASUNA

41.695

IX.

EMAKUMEA

41.695

X.

PARTAIDETZA

142.956

XI.

SENTSIBILIZAZIOA

123.776

XII.

BATERAKO GARAPENA

16.678

GUZTIRA

1.083.307

Banaketa gutxi gorabeherakoa da eta oinarri arautzaileotako 8.4 atalean xedatutakoarekin bat aldatzen ahalko da.

8.2. Neurrien lehentasuna, ardatzen arabera.

Deialdiaren gainean ebatzi eta dirua banatzeko, ardatzen artean hauxe izanen da lehentasun hurrenkera: VII, V, III, XI, X, VIII, IX, VI, IV, XII, I.

8.3. Dirua banatzeko irizpideak eta entitateen araberako banaketa.

Deialdiaren zabatekoa orotariko irizpide hauei jarraikiz banatuko da:

-Eskualdeen arteko elkartasuna dela-eta, oinarri arautzaileotan xedatutakoarekin bat datozen jarduketak aurkezten dituzten toki entitate guztiek diru-laguntza hartuko dute, proposatutako jarduketa bat gutxienez gauzatu ahal izateko.

-Europar Batasunetik kanpoko etorkinen, egoera berezietan dauden Europar Batasuneko etorkinen eta herritar guztien erroldaren datuetarako, Estatistikaren Institutu Nazionalak ofizialki argitaratutako azkeneko datuak erabiliko dira, Immigraziorako Bulegoaren esku baitaude jadanik.

-Egoera berezietan dauden Europar Batasuneko herrialdetzat hartuko dira 2004ko maiatzean gehitu zirenak Europar Batasunera (Estonia, Letonia, Lituania, Polonia, Txekia, Eslovakia, Eslovenia, Hungaria, Zipre eta Malta), 2007ko urtarrilean gehitu zirenak (Bulgaria eta Errumania) eta Portugal.

-Entitate bakoitzaren laguntza finkatzeko orduan, lehentasuna emanen zaie aurreko urteetan etorkinei laguntzeko programak garatu zituztenei, Lanaren eta Immigrazioaren Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuaren artean sinatutako hitzarmenaren esparruaren barrenean, eta, orobat, etorkin gehien duten herriei, Immigraziorako Bulegoko Immigrazioaren Behatokiak ematen dituen datu ofizialen arabera.

Horretarako, zenbatekoaren banaketa Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioak eta Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak sinatutako hitzarmenean toki entitateentzako gorde den zenbatekoa hainbanatuz eginen da. Banaketa egiteko, aldagai hauek hartuko dira kontuan:

a) Oinarrizko esleipena (zenbateko osoaren %15).

Eskualdeen arteko elkartasuna dela-eta, toki entitate bakoitzari diru-kopuru bat emanen zaio. Horretarako, atal honetako zenbatekoa 4. oinarrian ezarritako betebeharrak betetzen dituzten entitate guztien artean hainbanatuko da.

b) Europar Batasunetik kanpoko edo egoera berezietan dauden Europar Batasuneko atzerritarrak (zenbateko osoaren %15).

Atal honetako dirua udalerri bakoitzean edo, hala bada, mankomunitatea edo udal elkartea osatzen duten udalerrietan erroldatutako Europar Batasunetik kanpoko edo egoera berezietan dauden Europar Batasuneko atzerritarren kopuruarekiko proportzioan banatuko da.

c) Etorkinen ehunekoa bizilagun guztien aldean (zenbateko osoaren %15).

Atal honetako dirua lau taldetan banatuko da. Europar Batasunetik kanpoko edo egoera berezietan dauden Europar Batasuneko atzerritar erroldatuek herrian erroldatutako pertsona guztiei dagokienez egiten duten portzentajea erabiliko da irizpidetzat. Talde bakoitzari atal honetarako dagoen diru-zenbatekoaren ehuneko hauek emanen zaizkio:

Europar Batasunetik kanpoko eta egoera berezietan dauden Europar Batasuneko atzerritarren portzentajea. Esleitutako kopurua:

-%4 baino gutxiagoko udal taldea: atal honetarako diruaren %5.

-%4 edo %4 baino gehiagoko eta %6 baino gutxiagoko udal taldea: atal honetarako diruaren %15.

-%6 edo %6 baino gehiagoko eta %11 baino gutxiagoko udal taldea: atal honetarako diruaren %30.

-%11 edo %11 baino gehiagoko udal taldea: atal honetarako diruaren %50.

Talde bakoitzari dagokion zenbatekoa egoera horretan dauden toki entitateen artean banatuko da, Europar Batasunetik kanpoko edo egoera berezietan dauden Europar Batasuneko atzerritarren kopuruarekiko proportzioan.

d) Etorkinen ehunekoa, herrika (zenbateko osoaren %5).

Atal honi dagokion zenbatekoa Europar Batasunetik kanpoko edo egoera berezietan dauden Europar Batasuneko etorkinak %10 baino gehiago diren udalen eta ezaugarri hori daukan udalen bat biltzen duten udal elkarteen artean banatuko da. Banaketa entitate bakoitzean erroldaturik dauden Europar Batasunetik kanpoko edo egoera berezietan dauden Europar Batasuneko atzerritarren kopuruaren arabera eginen da.

e) 2008an hasi ziren jarduketen jarraipena (zenbateko osoaren %50).

Diru hori 2008ko ekitaldian Estatuaren eta Foru Komunitatearen artean ezarritako lankidetza esparruan etorkinei arreta emateko programak garatu zituzten toki entitateen artean banatuko da. Horretarako aipatu ekitaldian egindako programak eta azkenean burutu eta frogatu zen gastua hartuko da kontuan. Entitate bakoitzari emanen zaion dirua Nafarroako toki entitateek garatutako jarduketa justifikatu guztien aldean bakoitzak izan duen parte-hartzearen arabera kalkulatuko da.

8.4. Eskaeren balorazioa.

Aurreko atalean ezarritakoa oinarri hartuz, balorazio prozedura honelaxe eginen da:

-Eskaerak aurkezturik, organo instruktoreak proposatutako jarduketak sailkatu eta ardatzen eta neurrien arabera banatuko ditu, Estatuko eta Foru Komunitateko administrazioen artean sinatutako lankidetza esparruan ezarritako baldintza eta irizpideekin bat. Aurrekontua jarduketa hasi nahi den egunerako egokituko du. Ezarritako ardatz eta neurrietara egokitzeko, jarduketak zatitu edo elkartzen ahalko dira.

-VII. ardatzetik hasita, 8.2 atalean ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraikiz, ardatz bakoitzean sailkatutako jarduketak hautatuko dira, haren erreserba osatu arte, 8.3 ataleko irizpideak erabiliz entitate bakoitzari dagokion zenbatekoa gainditu gabe. Ardatzen batean, proposatutako jarduketek ezarritako erreserba gainditzen badute, haien guztien artean hainbanaketa eginen da.

-Ardatz bakoitzari dagokion zenbatekoa entitateei esleturik, aurrekontuetan dirurik sobratzen bada, entitate eskatzaileen artean banatuko da, irizpide eta lehentasun hauen arabera:

VII., V., III., XI., X., VIII., IX., VI., IV., XII., I. ardatzetan hainbatutako jarduketen aurrekontua, eskatu arren onartu ez dena, osatuko da, baita entitateak bere erreserba gainditzeagatik osorik kontuan hartu ez diren jarduketena ere. Entitateek ez dute behin ere hartuko 8.3 atalean ezarritako irizpideak aplikatzearen ondoriozko diru-kopuruaren %50etik goitiko zenbatekorik.

Ardatz bakoitzerako ezarritako erreserba, kasuan-kasuan sailkatutako eskaeren kopuruaren arabera aldatzen ahalko da. Erreserbaren bat handituz gero, 8.1 atalean ezarritako kopurua baino %50 handiagoa izanen da, gehienez. Handitzera behartzen duten doiketak beti VII. ardatzean hasiko dira eta gutxitzera behartzen dutenak I. ardatzean, lehen ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraikiz.

Sobratzen den dirua, atal honetan ezarritako banaketa egin ondoren, hainbatutako jarduketa guztien artean banatuko da, adierazitako lehentasun hurrenkerari jarraikiz.

-Diru-laguntzak ez dira behin ere eskatutako zenbatekoa baino handiagoak izanen.

-Jarduketaren bati dagokion diru-laguntzak, oinarriotan ezarritako irizpideen arabera, eskatutakoaren %50 egiten ez badu, haren finantzaketa baztertzen ahalko da. Kasu horretan, 8.3 atalean adierazten dena errespetatzeko, entitatearen beste jarduketa hautatuen artean banatuko da.

Organo instruktoreak noiznahi ere eskatzen ahalko dio entitateari eskaera hobeki baloratzeko edozein argibide.

9.-Diru-laguntzaren zenbatekoaren esleipena.

Diru-laguntzaren zenbatekoa aurreko atalean adierazitako prozeduraren arabera esleituko da.

Instrukzio organoak proposamen txostena eman aurretik, interesdunei entzuteko tramitea egin daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

Proposatzen den diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa izanez gero, entitate eskatzaileak eskaera aldatzen ahalko du, gehienez ere hamar egun naturaleko epean, jakinarazten denetik hasita. Betiere, bermatu beharko da aldatutako proiektuak jatorrizko proiektuaren xede eta ezaugarri berak izanen dituela, etorkinak hartu eta integratzen laguntzeko funtsa kudeatzeko lankidetza esparruan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aldaketaren ondoriozko aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean baldintza antzekoetan aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino.

10.-Prozeduraren gaineko ebazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaerak aztertu ondoren, organo instruktoreak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusirik, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak ebazpena emanen du diru-laguntzen gainean.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta hura emateko arrazoiak, diru-laguntza hartzen duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ukatzeko arrazoiak adieraziko dira. Emanez gero, diru-laguntzaren helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, Nafarroako Atariko webguneko "Laguntzak eta bekak" atalean argitaratuko da (www.navarra.es). Argitalpenean deialdia, programa, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, onuradunak, onartutako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua adieraziko dira.

Ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskabidea ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpenaren aurka, ebazpen espresua izan edo ustezkoa, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko Legean xedatutakoarekin bat, deusetan galarazi gabe Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 97.2 artikuluan adierazitako aurretiko errekerimendua egitea, Lege Jurisdikzionalaren 44. artikuluan xedatutakoari dagokionez.

11.-Bateragarritasuna.

Deialdian aipatzen diren diru-laguntzak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, norbanako edo erakunde publiko zein pribatu batzuek jarduketa garatzeko ematen dituztenekin batzen ahal dira.

Hala ere, zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

12.-Diru-laguntza ordaintzea.

Aurrerakina eskatu duten entitateentzat, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak transferentzia bidez eginen du ordainketa, diru-laguntza emateko ebazpena sinatzen denean.

Baldintza hori bete ezik, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 32. artikuluan xedatutakoarekin bat pagatuko da diru-laguntza, sei hilabetetik sei hilabetera zatitua, jarduera egin dela frogatu ondoren. Azkeneko seihilekoari dagokion ordainketa tramitatzeko, epe horri dagokion jardueraren gastuaren eta jarduera gauzatzearen justifikazioa 2010eko urtarrilaren 9a baino lehen aurkeztu beharko da.

Jarduerak, diru-laguntzaz gain, berezko funtsekin edo bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, justifikazioan diru-laguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko da eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

13.-Jarraipena.

Diru-laguntzen jarraipena egiteaz arduratuko den organo tekniko bat eratuko da, onuradunek eskatu zaizkien baldintzak finkatutako epeetan betetzen ote dituzten aztertzeko, behar diren egiaztapenak egiteko eta proiektuak nola gauzatzen diren aztertzeko. Organo horrek diru-laguntzen jarraipena egoki egiteko behar diren erregistroak eginen ditu.

Immigraziorako Bulegoaren Institutuko bi teknikarik eta diru-laguntza hartzen duen entitatearen bi ordezkarik osatuko dute organo teknikoa. Ordezkari horietariko bat idazkari lanetan arituko da.

14.-Betebeharrak eta ez-betetzeak.

Diru-laguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren xede diren proiektua eta jarduerak deialdiaren oinarrien, baldintzen, betebehar formalen eta materialen arabera gauzatzea, eta dirua, betiere, eman zen kontzeptuetarako baizik ez erabiltzea.

b) Diru-laguntzen xede diren jarduketak eta gastua oso-osorik egin direla justifikatzea, dokumentazio hau aurkeztuz:

b.1) Jarduketen memoria tekniko zehatza.

b.2) Jarduketa bakoitzaren memoria ekonomikoa.

b.3) Idazkariaren edo kontu-hartzailearen ziurtagiria, emandako diru-laguntza oso-osorik aplikatu dela adierazteko, gastuak jarduketaz jarduketa adierazita.

Dokumentazio hori 2010eko urtarrilaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da.

c) Immigraziorako Bulegoko Programak Kudeatu eta Koordinatzeko Atalak edo, indarreko antolamenduaren arabera, eskumena duten beste organo batzuek (bereziki Lanaren eta Immigrazioaren Ministerioak izendatzen dituenak) egiten dituzten egiaztapen lanak eta kontrol tekniko eta finantzariorako jarduerak onartzea eta emandako diru-laguntzari buruz eskatzen dioten dokumentazio guztia eskura jartzea.

d) Proiektuaren publizitate eta hedatze lan guztietan diru-laguntzaren jatorria adieraztea. Hedapen idatzi edo grafikoetan Lanaren eta Immigrazioaren Ministerioko Immigrazio eta Emigrazio Zuzendaritza Nagusiaren logotipoa azaldu beharko da, bai eta Nafarroako Gobernuarena ere.

e) Helburu bererako eskatutako eta/edo jasotako diru-laguntzen berri ematea Immigraziorako Bulegoko Programak Kudeatu eta Koordinatzeko Atalari.

f) Proiektua gauzatu ezin bada edo diru-laguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, entitate onuradunak jasotako dirua itzuliko du, edo dena justifikatu ezin bada, justifikatu ezina itzuliko du.

g) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako eginbeharrak.

15.-Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

15.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honi dagokionez, zilegi da azpikontratazioa egitea, hots, beste batzuekin diru-laguntzaren xede den jardueraren erabateko edo hein bateko gauzatzea hitzartzea. Onuradunak berez diru-laguntzaren xede den jarduera egiteko pagatu behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da.

Onuradunak diruz lagundutako jarduera oso-osorik azpikontratatzen ahalko du. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egin ahal izateko, idatzizko kontratua sinatu beharko da.

15.2. Hornitzaileen kontratazioa.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 28. artikuluaren 3. idatz-zatian xedatutakoarekin bat, diru-laguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa, zerbitzuak aholkularitza edo laguntza enpresek ematen dituztenean, 12.000,00 euro baino handiagoa bada, onuradunak frogatu beharko du, organo emailearen aurrean, hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela.

Kasu horietan, entitate onuradunak gutxienez ere helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Entitate onuradunak kontsultatzeko, izapidearen inguruko dokumentazioa eta eskaintzak gorde beharko ditu. Kontu horiek agirien bidez frogatu beharko ditu diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Enpresa batzuei kontsultatu beharra ez da gauzatuko, diru-laguntzaren xede diren ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzua ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

16.-Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Immigraziorako Bulegoko Programak Kudeatu eta Koordinatzeko Atalari.

Salbuespen gisa, diru-laguntzak hartzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, programa gauzatzea eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak azalduz gero.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren gaineko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira, betiere, diru-laguntzaren xede den programa burutzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak, Administrazioak onartua izanda ere, diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, eta, bidezkoa bada, kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da.

17.-Itzulketa.

Programa burutzen ez bada, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdian berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutza interesak pagatzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak goian aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraikiko dio eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da haren gainean.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

18.-Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdian aipatzen diren diru-laguntzen entitate onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloan ezarritako erantzukizunaren eta administrazioko arau hausteei buruzko zehapen araubidearen mende egonen dira.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidezko prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

19.-Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko diren errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

20.-Aplikatu beharreko arauak.

Deialdia Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz egin da eta, beraz, oinarrietan jasota ez dagoen orotan, oso-osorik bete beharko da lege hori.

II. ERANSKINA

Diru-laguntzen xede izan daitezkeen jarduerak, Lanaren
eta Immigrazioaren Ministerioko Estatuaren Immigrazio
eta Emigrazio Idazkaritzaren Etorkinen Harrera eta Integraziorako Funtseko ardatzen arabera

I.-Harreraren ardatza.

IA.-Harrera.

a) Harrera integralerako programak, gizarte hartzailean txertatzeko proiektuak, zerbitzu publiko orokorretara bideratzeko ekintzak eta, hala bada, hizkuntza klaseak eta gizarteratzeko ibilbideak dauzkatenak.

b) Egoera ahulean dauden etorkinentzako harrera espezializatua, ostatua, mantenua, aurreko atalean aipatzen diren jarduketak eta haien egoera bereziagatik behar diren beste batzuk barne.

III.-Enpleguaren ardatza.

a) Enplegua eskuratzeko eta hari eusteko, eta enplegu sustapeneko programei laguntzea.

b) Etorkinek enplegurako politika aktiboen esparruan duten parte-hartzea sustatzea; gizartean eta lanean integratzeko ibilbide integratuak prestatzea; eta lan bitartekotzarako entitateekiko elkarlana sustatzea.

c) Etorkinen artean enpresak sortzeko ekimena, norberaren konturako lana eta lan elkartua sustatzea (autoenplegua, minikredituak eta ekonomia soziala).

d) Argibideak eta prestakuntza ematea laneko arriskuen prebentzioari buruz eta laneko segurtasunaren eta osasunaren sustapenaz.

e) Familia bizitza eta lana uztartzeko programei laguntzea.

f) Enplegu zerbitzu publikoetako langileak eta herriak garatzeko eragileak kulturartekotasunean prestatzea.

g) Ezagutza eta praktika egokiak jakinaraztea.

IV.-Etxebizitzaren ardatza.

a) Iritsi berritan ostatua aurkitzeko baliabideei buruzko informazioa eta orientazioa ematea eta etxebizitzaren merkatuan bitarteko lanak egiteko programak sendotzea.

b) Etorkin askoko auzoetan esku-hartzeko programetarako laguntza.

c) Biztanle gutxiko herrietan etorkin familiak gizarteratzen laguntzea, herriak garatzeko proiektuen esparruan.

d) Ondasun higiezinen merkatuko bitartekotzako profesionalak kulturartekotasunean prestatzea.

e) Ezagutza eta praktika egokiak jakinaraztea.

V.-Gizarte zerbitzuen ardatza.

a) Oinarrizko laguntzako gizarte zerbitzuetako baliabide eta langileak hobetzea, etorkinen gizarte eta kultur beharrei eta gizarte larrialdiko egoerei kasu egiteko.

b) Kulturarteko bizikidetza kudeatzeko programak: bitarteko lana gizartean eta auzoan; liskarrei aurrea hartzeko eta horiek bideratzeko moduak.

c) Bakarrik bizi diren atzerriko adingabeentzako programei laguntzea.

d) Jatorri eta kultura ezberdinetako bizilagunei laguntzeko eta kulturen arteko bitartekotzarako profesionalak prestatzea.

e) Ezagutza eta praktika egokiak jakinaraztea.

VI.-Osasunaren ardatza.

a) Etorkinen behar bereziei kasu egiteko eta giza talde horretan osasuna sustatzeko programak bultzatzea.

b) Osasun arloko langileak prestatzea jatorri eta kultura ezberdinetako bizilagunei laguntzeko, eta kulturen arteko bitartekotzaren arloan.

c) Ezagutza eta praktika egokiak jakinaraztea.

VII.-Haur eta gazteen ardatza.

a) Haur eta gazte etorkinen parte-hartze soziala sustatzea, haur eta gazte elkarteetan eta boluntario programetan hain zuzen ere, eta kulturen arteko bizikidetza errazten duten udal gune eta proiektuak sortzen laguntzea.

b) Hezkuntza formaletik kanpoko profesionalak prestatzea (kale hezitzaileak, astialdirako begiraleak, animatzaileak eta gazte bitartekariak).

c) Ezagutza eta praktika egokiak jakinaraztea.

VIII.-Tratu berdintasunaren ardatza.

a) Arrazagatiko edo jatorri etnikoaren ondoriozko bereizkeriaren kontra borrokatzeko programei laguntzea, bereziki enplegua lortzeko eta enpleguan, hezkuntzan, etxebizitzan eta osasun sisteman aukera berdintasuna bermatzeko.

b) Bereizkeriaren biktimei laguntzeko programak sustatzea.

c) Langile publikoak eta erakundeen arduradunak tratu berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren arloan prestatzea.

d) Ezagutza eta praktika egokiak jakinaraztea.

IX.-Emakumearen ardatza.

a) Emakume etorkinei erraztasunak ematea, eskuarki emakumeentzat diren orotariko eta berariazko programetan modu arruntean parte har dezaten.

b) Egoera bereziki ahulean dauden emakume etorkinak, gehienbat, genero bortizkeriaren biktimak, emakume prostitutak eta sexurako erabiliko diren pertsonen trafikoaren biktimak, gizarteratzen laguntzeko jarduketak.

c) Etorkinei laguntzeko zerbitzuetako profesionalak genero ikuspegitik prestatzea.

d) Ezagutza eta praktika egokiak jakinaraztea.

X.-Partaidetzaren ardatza.

a) Integrazioa sustatzen eta hemen jaiotako bizilagunekiko harremanak indartzen diharduten etorkin elkarteak sortzen laguntzea.

b) Etorkinak elkarteetan sar daitezela sustatzea (auzo, eskola, kirol eta aisia elkarteak, elkarte politiko eta sindikalak, enpresa eta lanbide elkarteak...).

c) Kulturen arteko elkarrizketa, bizikidetza eta herritarren parte-hartzea sustatzen duten ekimenei laguntza ematea.

d) Ezagutza eta praktika egokiak jakinaraztea.

XI.-Sentsibilizazioaren ardatza.

a) Migrazio prozesuen nondik norakoak hobeki ulertzeko ekimenak, etorkinen ekarpenak nabarmendu eta aurreiritzi eta esterotipoak gainditzen dituztenak.

b) Etorkinen eta hemen jaiotako bizilagunen arteko elkarguneak sortzeko ekintzak eta bi kolektiboentzako sentsibilizazio jarduerak.

c) Etorkinen tratamendua hedabideetan, bereziki eskualdeetakoetan eta Nafarroakoetan, hobetzen saiatzen diren proiektuei laguntzea.

d) Ezagutza eta praktika egokiak jakinaraztea.

XII.-Baterako garapena.

a) Etorkinen parte-hartze aktiboa duten elkarren arteko garapena bultzatzeko jarduketa eta proiektuei laguntza ematea; elkarren arteko garapenari buruzko orientazioa eta informazioa ematea; proiektuak egiteko prestakuntza eta haiek garatzeko laguntza ematea.

b) Nahi duten etorkinak beren herrietara itzultzeko programei laguntzea, jatorrizko herrietan laneratzeko proiektuei lotuta.

c) Elkarren arteko garapenaren arloko profesionalak prestatzea, batez ere etorkinak.

d) Ezagutza eta praktika egokiak jakinaraztea.

Iragarkiaren kodea: F0910984