25. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2009ko otsailaren 9an hartua. Horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegiturei buruzko Lurralde Plana aldatu eta gaurkotzeko lehen espedientea jendaurrean jartzeko izapidearen gainean ebatzi da. Espediente hori Vodafone España, S.A. enpresak aurkeztu du.

I.-Aurrekariak.

Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legeak zehazten duenez, operadoreek Azpiegiturei buruzko Lurralde Plan bat aurkeztu behar dute, onesteko. Plan horrek lehendik dauden estazio finkoak, ezartzekoak direnak eta sare osoaren garapena bilduko ditu. Halaber, xedatu du operadoreek planaren edukiaren edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunari jakinarazi beharko diotela, hura behar den moduan gaurkotuz.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak, ekainaren 26ko 219/2006, Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegiturei buruzko Lurralde Plana, Vodafone España, S.A. enpresak aurkeztua, onetsi zuen.

Gero, Nafarroako Gobernuak, 2008ko martxoaren 21eko Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegiturei buruzko Lurralde Plana aldatu eta gaurkotzeko espedientea, Vodafone España, S.A. enpresak 2006an aurkeztua, jendaurrean jarri zuen eta, aldi berean, eraginpean dauden udalei entzunaldia eman zien. Erabaki hori 2008ko 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 14an.

II.-Aurkeztutako alegazioak.

Jendaurreko aldi horretan 4 alegazio idazki aurkeztu dira. Haien eduki laburtua eta erantzuna ondoren azaltzen dira.

Alegazio idazkiak:

1.-Juan José Azcona Ruiz de Galarreta jaunak Iruñeko González Tablas kaleko 5eko jabeen izenean aurkeztua.

Edukia:

Iruñeko Bergamín kaleko 45eko AT-NA-Bergamín izeneko kokalekuari dagokionez, alegatu dute instalazioa kokaturik eta arian ari dela, behar diren baimenak eduki gabe, eremu sentibera batean, Jesuitas, Santo Angel eta Cristo Rey ikastetxeetatik 100 metro baino gutxiagora. Hori kontuan hartuz, jabeen elkarte horrek zerbitzua berehala geldiarazi dadila eskatu du eta adierazi kokaleku horren kontra dagoela, ingurumenari sortzen dizkion arazoengatik eta, antena horri dagokionez, azterlan serio eta dokumentaturik ez dagoelako.

Erantzuna:

Sustatzaileak, alegaturiko kokalekuari dagokionez, berariazko azterlan bat igorri du, non aipatu diren eremu sentiberetarako kalkulatu diren irrati-elektrizitateko emisio mailak zehazten baitira. Hala ere, sustatzaileak, erabaki honetan eskatzen den testu bateginarekin batera, kokaleku horretako fitxaren aldaketa aurkeztu beharko du, eremu sentibera guztiak bilduz.

Bestaldetik, esan behar da azpiegiturei buruzko lurralde planak behar diren gainerako baimenak deusetan galarazi gabe onesten direla, aplikatzekoak diren gainerako xedapenekin bat. Hori horrela, lurralde plana onesteko prozesu honi ez dagokio geldiarazi eta, bidezkoa bada, zehatzeko neurriak hartzea, horiek toki entitate eskudunaren aurrean eskatu behar baitira.

2. María Victoria Castillo Floristán andreak Tuterako Udalaren izenean aurkeztua.

Edukia:

Lehena: espedientean Tuterako Padre Moret kaleko 6ko AT-NA-Ipar Tutera deritzon kokalekuari dagokionez, adierazi du instalazio hori badagoela eta horren gainean udal horretako Hiri Antolamendu eta Ekonomiako Arloko zinegotzigoak hirigintzari buruzko legeria babesteko espediente bat ireki duela, 2008ko otsailaren 18ko ofizioaren bidez, eta agindu bat eman duela 2008ko martxoaren 17an, sakelako telefoniako antena berehala kentzeko. Halaber, adierazi du operadorak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu duela egintza horien kontra, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegian, 42/08 prozedura arruntekoa, ebazteke dagoena.

Orobat, kokaleku horretaz alegatu da toki entitate horretako Gobernu Batzordeak, 2008ko maiatzaren 16ko Erabakiaren bidez, operadorari uko egin diola alegaturiko instalaziorako jarduera sailkatuko eta obretarako udal lizentziak lortzeko eskaerari.

Bigarrena. Kokaleku beraz alegatu da, gainera, ehun metro baino gutxiagora eremu sentiberak daudela.

Hirugarrena: hauxe azaldu dute: Udal honek, 2001eko apirilaren 27ko osoko bilkuran hartu erabakiaren bitartez, irrati bidezko komunikazioetarako azpiegitura batzuk instalatzeko moratoria onetsi zuen, kutsatuta dauden gune edo eremuak zehaztu eta mugatu arte nahiz sektorea arautu eta antolatu beharko duten ordenantzak onetsi arte.

Laugarrena: Udalaren iritziz, egokia da Europako Kontseiluaren 1999ko uztailaren 12ko 1999/19/EE Gomendioa, jendea eremu elektromagnetikoen eraginpean jartzeari buruzkoa. Horren arabera, erabat beharrezkoa da Europar Batasuneko herritarrak babestea eremu elektromagnetikoen eraginpean jartzeak osasunean eragin ditzakeen kalteen aurka, kalteak egon daitezkeela jakina baita.

Bosgarrena: AT-NA-Ipar Tutera izeneko kokalekuari dagokionez, adierazten da hiri lurzoru sendotuan dagoela eta Foru Komunitateko eta toki entitateko legeak ez dituela betetzen, bereziki hirigintzari buruzkoak, jarduketa horrek merezi dituen zehapenak deusetan galarazi gabe. Izan ere, instalazioa edozein baimen hartu baino lehen burutu da, baita Azpiegiturei buruzko Lurralde Planean sartu baino lehen ere.

Seigarrena: indarra duen arautegia betetzeko asmoz, eskatu du Azpiegiturei buruzko Lurralde Planaren aldaketa hori ez dadila onartu kokaleku horretarako, berrikusten ari den udal planaren bidez, Udalak ezartzen dituenak zehaztu arte.

Erantzuna:

Lehena eta bosgarrena: esan behar da azpiegiturei buruzko lurralde planak behar diren gainerako baimenak deusetan galarazi gabe onesten direla, aplikatzekoak diren gainerako xedapenekin bat.

Bigarrena. Sustatzaileak, alegaturiko kokalekuari dagokionez, berariazko azterlan bat igorri du, non alegatuen eremu sentiberetarako kalkulatu diren irrati-elektrizitateko emisio mailak zehazten baitira. Hala ere, sustatzaileak, erabaki honetan eskatzen den testu bateginarekin batera, kokaleku horretako fitxaren aldaketa aurkeztu beharko du, eremu sentibera guztiak bilduz.

Hirugarrena eta seigarrena: azpiegiturei buruzko lurralde planak onestea maiatzaren 10eko 10/2002 Foru Legean ezarri eskakizunak betetzen dituzten etorkizuneko kokalekuetarako aurreikuspena egitea da; dena dela, udalak bere eskumenak erabiliko ditu lizentzia egokiak berariazko udal araudiaren arabera emateko.

Laugarrena: Osasun Publikoaren Institutuak bere iritzia eman du jada herritarren osasunak jasanen dituen eraginei buruz, eta espedientearen aldeko txostena eman du.

3. José Muñoz Arias jaunak Burlatako Udaleko alkatea den aldetik eta horren izenean aurkeztua.

Edukia:

Alegatzaileak eskatu du ez dadila onetsi AT-NA-Burlata Hiribarrena izeneko instalazioa, telekomunikazio sareen irrati-elektrizitateko instalazioak arautzen dituen indarreko udal ordenantzaren kontra jotzen baitu, edo, bestela, ordenantza horretako determinazioetara egokitzeko agindua eman dadila.

Erantzuna:

Sustatzaileak, 2008ko abenduaren 17ko izkribuaren bidez, alegaturiko kolakekuari uko egin dio.

4. José A. Andía García de Olalla jaunak Eguesibarko alkatea den aldetik eta horren izenean aurkeztua.

Edukia:

AT-NA-EHN Sarriguren izeneko kokalekua Eguesibarko Berrikuntzaren Hiriko 10.3/EP-10 lurzatitik gertu dagoenez, alegatu da hezkuntzarako errespetatu beharreko gutxieneko aldeak kontuan hartu daitezela. Izan ere, udal honek lurzati hori jatetxea eta haurtzaindegia izanen dituen eraikin bat eraikitzeko erabili nahi du. Horrenbestez, eskatu du aurreikuspen hori planetik kendu dadila edo, horrelakorik ezean, azpiegitura eremu sentiberarik ukitzen ez duen eraikin edo lurzati batean kokatu dadila.

Erantzuna:

Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legeak, 2. eranskinean, sakelako telefoniako instalazioak ikastetxeetan paratzeko debekua ezartzen du eta behartzen, telekomunikazio azpiegituretatik 100 metrora eremu sentiberak daudenean, berariazko azterlana aurkeztera, non eremu horietarako kalkulatzen diren irrati-elektrizitateko emisio mailak zehazten baitira eta eremu edo gune sentibera horietan esposizioak ahalik eta txikienak izateko harturiko neurriak (garaiera, jarrera, eta abar) frogatzen.

Agindu hori kontuan hartuz, ez da bidezkoa antena hori Azpiegiturei buruzko Lurralde Planetik kentzea. Hala ere, sustatzaileak espedientea osatu eta berariazko azterlana aurkeztu du, non alegaturiko eremu sentiberarako kalkulaturiko irrati-elektrizitateko emisio mailak zehazten baitira. Horrekin bat, sustatzaileak, erabaki honen bukaeran eskatzen den testu bateginarekin batera, kokalekuaren fitxaren zuzenketa aurkeztu beharko du, bertan azpiegituratik 100 metro baino gutxiagora dauden eremu sentiberak biltzen dituena.

III.-Erabakiaren determinazioak.

Nafarroako Gobernuaren 2008ko apirilaren 28ko erabakiak bere xedapen zatian ondoko determinazio hau ezarri zuen:

"2. Espedientea behin betiko onetsi baino lehen, erakunde sustatzaileak departamentuetako txostenetan zein Erabaki honen III. atalean ohartarazi eta adierazitako gabezia eta akatsetatik datozen aldaketa guztiak biltzen dituen testu bategina aurkeztea, paperean eta euskarri digitalean eta txosten honen IV. atalean aipatzen diren dokumentuak ere bai.

Departamentuetako txostenetan azaldutakoari jarraikiz kokalekuei buruzko dokumentazioa osatzen edo zuzentzen ez bada, horiek planetik kanpo geldituko dira.

Espedientea behin betikoz onetsi baino lehen, Vodafone España, S.A. enpresak bere sarearen orotariko eskema bat aurkeztu beharko du, espediente honetako kokaleku guztiez gain, onetsiriko planekoak biltzen dituena. Halaber, haien zerrenda aurkeztu beharko da, euskarri informatikoan, UTM koordenatuak barne."

Sustatzaileak eskatu zaion azken puntuari erantzuna eman dio, bere sarearen orotariko eskema eta kokaleku guztien zerrenda, kokagunea barne, baina ez du bidali espediente honetako kokalekuen zerrenda, dagozkien UTM koordenatuekin. Determinazio hori berretsi egin da espediente honen gaineko ebazpenean.

Ondoren, edukia aztertuko da eta bidezkoa izanez gero, departamentuetako txostenei erantzuna emanen zaie:

III.1. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzua

2007ko maiatzaren 15ean eta azaroaren 13an eta 2008ko urtarrilaren 17an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txosten batzuk luzatu ditu, ingurumen ikuspegitik, proposamen guztiak baimentzeko modukotzat jotzen dituztenak.

Gero, 2009ko urtarrilaren 20an, zerbitzu horrek beste txosten bat eman du, gogoeta hauek biltzen dituena:

-Espedienteko sakelako telefoniako estazio guztiak bideragarriak dira ingurumenari dagokionez. Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M letrarekin bat tramitatu beharko da. Tramitazio horretan proiektuak ingurumen aldetik hobeki integratzeko neurri zuzentzaileak hartuko dira.

-TM-NA-Zizur Txikia eta AT-NA-Ribaforada azpiestazioak burutuak daude eta ez diote ingurumenari eragin nabarmenik ekarri. Ingurumen ondorioetarako legeztatu ahal izateko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan xedaturikoaren bat bidezkoak diren agiriak aurkeztu beharko dira.

-Berriobeitiko Larragetako Cerro de la Fuente dermioan eraiki nahi den estazioak ez dio ingurumenari eraginik ekarrik, Telefónica enpresak badaukan toki berean kokatuko baita. Antzeko zerbait gertatuko da AT-NA-Ribaforada izeneko estazioarekin, Amena Orange enpresak badauzkan instalazioak partekatuz burutuko baita.

-Noain Elortzibarko AT-NA-Noain eta Tuterako AT-NA-Barrena sakelako telefoniako estazioak Ingurumen ukipenetarako baimena edukita tramitatu beharko dira, obrak hasi aitzik, eta proiektu teknikoak eta Ingurumen eraginaren azterlana aurkezturik.

III.2. Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua.

Zerbitzu horrek, 2007ko irailaren 10ean, aldeko txostenean determinazio hau ezarri zuen:

-Oihanak Kudeatzeko Atalari obrak hasi aitzin jakinarazi beharko zaio.

III.3. Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua.

Zerbitzuak, 2007ko ekainaren 6an, aldeko txostena eman zion espedientea, determinazioak determinazio. Horietan lehena, AT-NA-Noain izeneko kokalekuari dagokionez, Auzitegi Gorenak 2007ko azaroaren 27an eman Epaia ikusirik, indarrik gabe gelditu da. Izan ere, epai horren bidez erabaki zen Airtel Móvil, S.A. entitateak (gaur egun Vodafone España, S.A. deritzonak) sustaturiko 184/2001 administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aintzat hartzea eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak abenduaren 27an eman 1324/2000 Foru Agindua baliorik gabe uztea. Foru agindu horren bidez, telekomunikazioko oinarrizko estazioen erabilera banatzeko prozedura arautu zen.

Gainerako determinazioak Arazuriko, Iruñeko Baluarteko Auditorioko, Iruñeko Campuseko eta Iruñeko Yanguas y Miranda kaleko kokalekuei buruz argibideak osatu beharraz ari ziren. Sustatzaileak osatu egin ditu argibideak.

III.4. Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasun Publikoaren Institutua.

2007ko uztailaren 30eko eta azaroaren 20ko aldeko txostenetan ez zen determinaziorik ezarri.

III.5. Ondare Historikoaren Zerbitzua.

2007ko otsailaren 21ean, maiatzaren 30ean eta abenduaren 20an, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak aldeko txostenak egin zituen espedientea tramitatzeko. Txosten horietan sustatzaileari honako hau gogorarazi zitzaion:

-Aurreikusitako lanetan, horren berririk izan ez eta aztarna arkeologikoren bat agertuko balitz, lanak gelditu eta horren berri eman beharko dio, berehala, Ondare Arkeologikoaren Bulegoari, ondare historikoaren alorrean indarrean dagoen legeriarekin bat (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Legearen 43.3 eta 44. artikuluak). Azaldu dioten bezala jokatzen ez badu, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatzeko, oharpen hori ez betetzeagatik ondare historikoari gerta lekiokeen edozein ukipen arau-hauste larritzat joko litzateke.

III.6. Edukia.

Sustatzaileari honako hauek aurkezteko eskatu zitzaion: instalazio berriak jartzeko programa eta egutegia, erantzukizun zibileko asegurua eta sarearen orotariko eskema.

Vodafone España, S.A. enpresak 2008ko ekainaren 9an Plana osatu egin zuen eskatu zitzaion guztiarekin.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat etorririk, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuak Osasuneko kontseilariaren, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren proposamenei jarraituz,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioen gainean ebaztea, erabaki honen azalpen zatian adierazitako moduan.

2. Espediente hau telekomunikazioetan eskumena duen departamentuak jarraian azalduko diren determinazioekin onetsiko duela zehaztea; hona hemen determinazio horiek:

-Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren arabera, obretako udal lizentziak eman baino lehen instalazio bakoitzaren ingurumen ukipenetarako baimen egokia tramitatu beharko da.

-TM-NA-Zizur Txikia eta AT-NA-Ribaforada azpiestazioak burutuak daude eta ez diote ingurumenari eragin nabarmenik ekarri. Ingurumen ondorioetarako legeztatu ahal izateko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan xedaturikoaren bat bidezkoak diren agiriak arukeztu beharko dira.

-Noain Elortzibarko AT-NA-Noain eta Tuterako AT-NA-Barrena sakelako telefoniako estazioak Ingurumen ukipenetarako baimena edukita tramitatu beharko dira, obrak hasi aitzin, eta proiektu teknikoak eta Ingurumen eraginaren azterlana aurkezturik.

-Egin beharreko lur mugimenduek oihanetarako lurzoruari eragiten badiote, Oihanak Kudeatzeko Atalari jakinaraziko zaio, obrak hasi baino lehen.

-Aurreikusitako lanetan, horren berririk izan ez eta aztarna arkeologikoren bat agertuko balitz, lanak gelditu eta horren berri eman beharko dio, berehala, Ondare Arkeologikoaren Bulegoari, ondare historikoaren alorrean indarrean dagoen legeriarekin bat (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 43.3 eta 44. artikuluak). Aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatzeko, oharpen hori ez betetzeagatik ondare historikoari gerta lekiokeen edozein ukipen arau-hauste larritzat joko litzateke.

-Vodafone España, S.A. premiatzea, hiru hilabeteko epean, testu bategin bat aurkeztera, paperean eta euskarri digitalean, determinazio horiek eta alegazioen gaineko ebazpenen ondoriozko aferak biltzen dituena. Halaber, aldaketa espediente honetako kokalekuen zerrenda aurkeztu beharko du, paperean eta euskarri digitelean, UTM koordenatuak barne.

3. Erabaki hau Aguilar Kodes, Azagra, Barañain, Berrioplano, Zizur, Eguesibar, Uharte, Milagro, Noain Elortzibar, Oltza Zendea, Iruña, Ribaforada, Tutera eta Vianako Udalei, sustatzaileari eta alegatzailei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabakiak bide administratiboa agortzen duela eta bere kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu edo, kasua bada, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Dena den, administrazio publikoek aurretiko errekerimendua egin dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari, Enpresa Zuzendaritza Nagusiko Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Osasun Publikoaren Institutuari, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko otsailaren 9an.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkariaren ordez, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F0902211