22. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

71/2009 FORU AGINDUA, urtarrilaren 29koa, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak emana, udalek herria sustatu eta nabarmentzeko toki ekimenen eta ekitaldien publizitatea egiteko laguntzen 2009ko deialdia onesten duena.

Komunikazio Zuzendaritza Nagusiak dituen eginkizunen artean Foru Komunitatea sustatzea dago. Hori horrela, uste du horretarako bide egokia dela Nafarroako herrien ezagutza sustatzea, baita beren ekitaldi eta ekimenena ere, ez bakarrik nafarren artean, baizik eta baita inguruko lurraldeetako biztanleen artean ere.

Horrelako ekitaldiak arrakastatsuak izateko, funtsezkoa da haiek ezagutarazteko eta ahalik eta parte-hartzaile gehien erakartzeko zabalkunde edo publizitate lana.

Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak egokitzat jo du Nafarroako udalentzako laguntza deialdi bat prestatzea toki ekitaldiak zabaltzeko, toki entitateek beren ekimenak iragartzeko sustapen eta publizitate lanak diruz laguntzeko, esate baterako, eskualdeko produktu gastronomikoen gorapena, lanbide eta ohitura zaharrak berreskuratzea, etab.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko ematen diren diru-laguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezarri zuen. Diru-laguntzak eman aitzin, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, deialdiaren xede den egoeran daudenek diru-laguntza eskuratzeko aukera izan dezaten.

Deialdiaren xedea da Nafarroako udalei komunikabideetan publizitatea sartzeko, material inprimatuak argitaratzeko edo herria sustatzeko ekimenak zabaltzeko gauzatzen dituzten bestelako ekintzak egiteko diru-laguntzak ematea.

Espedienteko txosten teknikoak eta juridikoak diru-laguntzen egokitasuna eta onura publikoa eta deialdiaren eta oinarri arautzaileen legezkotasuna adierazi dute, hurrenez hurren. Ogasun Departamentuko kontu-hartzaile delegatuak ontzat eman du deialdia.

Horrenbestez, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 120/2007 Foru Dekretuan aitorturiko ahalmenak erabiliz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat,

AGINDU DUT:

1. Udalek herria sustatu eta nabamentzeko toki ekimenak eta ekitaldiak egiteko laguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinean daude.

3. Laguntzetarako 60.000 euroko gastua baimentzea, Komunikazio Zuzendaritza Nagusiaren 2009ko gastuen aurrekontuko "Udalentzako laguntzak tokian tokiko gaiak jendartean zabaltzeko" izeneko B1120 B10003 4609 921500 kontu-sailaren kargura (Id 1481).

4. Foru agindu hau igortzea Komunikazio Zuzendaritza Nagusiari, Komunikabideen Zerbitzuari, Prentsa Bulegoaren Atalari, Sustapen Atalari, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari eta Ogasuneko Departamentuak Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu honen aurka, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Halaber, aldez aurretik, Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epean.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 29an.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.

ERANSKINA

Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak, Nafarroako udaletako tokiko gaiak jendartean zabaltzen laguntzeko, deialdi hau egin du, gehienez ere 60.000 euroz hornituta. Honako hauek dira

OINARRIAK

1. Xedea.

Deialdiaren xedea da diruz laguntzea udalek beren herria bere lurraldetik kanpo nabarmentzeko eta bisitariak erakartzeko bultzatzen dituzten tokiko gaiak, ekimenak eta ekitaldiak sustatzeko eta iragartzeko ekintzak, zehazki historia, tradizioak, ohiturak, produktuak, lanbideak edo bestelako berezitasunak bultzatzeko asmoz egiten direnak.

2. Aurrekontua.

Diru-laguntzetarako 60.000 euro bideratuko dira gehienez, Komunikazio Zuzendaritza Nagusiaren 2009ko gastuen aurrekontuko "Udalentzako laguntzak tokian tokiko gaiak jendartean zabaltzeko" izeneko B1120 B10003 4609 921500 kontu-sailaren kargura.

3. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Deialdian ezarritako laguntzak jasotzen ahalko dituzte 2009ko urtarrilaren 1etik abenduaren 15era bitarte Nafarroako Foru Komunitatean norberaren herria sustatzeko ekitaldi edo ekimenen bat programatu edo egin duten Nafarroako udalek.

Ezin izanen dituzte deialdian ezarritako laguntzak jaso udalerri ez diren partzuergoek eta bestelako toki entitateek, hala nola kontzejuek, mankomunitateek, elkarte tradizionalek edo udal taldeek.

Edonola ere, ezin izanen dira onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako kasuren batean dauden entitateak.

4. Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdian aipatzen diren laguntzak emateko prozedura norgehiagoka bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluko 1. idatz-zatian xedaturikoarekin bat.

5. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Deialdiaren xedea da diruz laguntzea udalek beren herria bere lurraldetik kanpo nabarmentzeko eta bisitariak erakartzeko bultzatzen dituzten tokiko gaiak, ekimenak eta ekitaldiak sustatzeko eta iragartzeko ekintzak, zehazki historia, tradizioak, ohiturak, produktuak, lanbideak edo bestelako berezitasunak bultzatzeko asmoz egiten direnak.

Deialditik kanpo geratuko dira herriko jaiak, zaindariarenak eta antzekoak, bai eta kirol ekitaldiak ere, zabaltzea helburu duten jarduerak. Deialditik kanpo geldituko dira, halaber, herriari buruzko alderdi orokorren edo udaletako urteko programazioan sartzen diren eta nagusiki herriko biztanleentzako diren kultur ekintzen egutegiaren berri ematea helburu duten ekintzak edo argitalpenak (buletinak, eskuorriak, etab.).

Halaber, kanpo gelditzen dira herria turismoaren, ekonomiaren edo industriaren ikuspegitik, oro har, sustatzeko ekintzak edo material inprimatua, baldin eta ekimen edo ekitaldi zehatz batekin lotuta ez badaude.

Gastu hauek dira diruz lagun daitezkeenak:

-Ekitaldiak sustatzeko afixak, eskuorriak eta gainerako material inprimatua argitaratu eta zabaltzea.

-Prentsarako, aldizkarietarako, irratirako, telebistarako eta kaleko euskarrietan jartzeko iragarkiak prestatu eta zabaltzea.

-Ekitaldia sustatzeko bestelako ekintzak.

Edonola ere, aurreko lerroaldean adierazten diren motatako gastuak baizik ez dira diruz lagunduko, betiere 2009ko urtarrilaren 1etik abenduaren 15era bitarte egiten badira eta publizitate ekintzaren xede den ekitaldia epe horren barruan egiten bada.

6. Eskaeren aurkezpena.

6.1. Eskaera non eta noiz aurkeztu.

Laguntza eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, -31002, Iruña) aurkezten ahalko dira, 8:30etik 14:30era, baita ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipatzen diren Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko gainerako bulegoetan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren erregistro eta bulegoetan ere.

Eskaerak aurkezteko hogei egun naturaleko epea izanen da, oinarriok Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Eskaera Komunikazio Zuzendaritza Nagusiko Sustapen Atalari igorriko zaio eta bertan "Udalek herria sustatu eta nabarmentzeko toki ekimenen eta ekitaldien publizitatea egiteko laguntzen 2009ko deialdia" adierazi beharko da.

6.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Ekitaldi edo ekimenaren azalpen memoria eta helburuak.

b) Ekitaldi edo ekimena zabaltzeko plana; horren aurrekontua (BEZa barne), non planteatutako ekintzen zenbatekoak xehekatuta azalduko baitira; eta finantzaketa plana.

7. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskabideak ez baditu eskatzen diren baldintzak betetzen edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezten ez badira, organo instruktoreak entitate interesdunari gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko eskatuko dio, eta ohartaraziko dio, horrela egin ezean, eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko agindu eta horren berri emanen da.

8. Tramitazio eta balorazio organoak.

Eskaerak Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Sustapen Atalak tramitatuko ditu.

Eskaerak hauek osatuko duten batzorde batek ebaluatuko ditu: Komunikazio zuzendari nagusia, Komunikabideen Zerbitzuko zuzendaria, Prentsa Bulegoko burua eta Sustapen Ataleko burua. Sustapen Atalak, ebaluazio batzordearen akta ikusita, deialdiaren gainean ebazteko proposamena aurkeztuko du.

9. Balorazio irizpideak.

Laguntzak emateko, balorazio irizpide hauei jarraikiko zaie:

-Programatutako ekimenaren izaera eta kalitatea eta herria sustatu eta nabarmentzeko helburuetara nola egokitzen den (50 puntu gehienez).

-Publizitate plan baten beharra justifikatzea eta hautatu baliabide eta aurrekontuak nola egokitzen diren lortu nahi diren helburuetara (50 puntu gehienez).

Ebaluazio batzordeak, erabakiak hobeki hartu ahal izateko, argibide gehiago eska ditzake, baita eskatzailea bera agertzea ere.

10. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Laguntzen zenbatekoa aurrekontuko diru-izendapenaren araberakoa izanen da, eta eskaeretan aurrekontuko diruz lagun daitekeen gastuaren portzentaje bat joko du, lortutako puntuazioaren arabera ezarriko dena.

Nolanahi ere, laguntzak ezin izanen du 6.000 euroko zenbatekoa gainditu, ez eta aurrekontuko diruz lagun daitekeen gastuaren %70 ere.

Ez dute inolako laguntzarik jasoko puntuazio osoaren %50 lortzen ez dutenek.

11. Ebazpena.

Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak eskaerak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean emanen duen foru agindu bidez banatuko dira laguntzak.

Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Edonola ere, interesdunei eskaeren ebazpena jakinaraziko zaie, deialdiaren emaitza Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuz.

12.-Gastuen justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

Gastu justifikatutzat joko da, diru-laguntza ordaintzeari begira, laguntza eskaerarekin batera aurkeztutako eta diruz lagundutako zabalkunde planeko sustapen eta publizitate ekintzetarako erabilitakoa.

Ez da inola ere gastu justifikatutzat joko aipatu zabalkunde planean jasotzen ez diren sustapen eta publizitate ekintzetarako erabilitakoa, ez eta, planeko ekintzetarako erabili arren, plan horretan ekintza bakoitzarentzako aurreikusitako aurrekontuaren %20 gainditzen duen gastua ere.

Diru-laguntza jasotzeko, onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dizkiote organo instruktoreari, 2009ko abenduaren 15a baino lehen:

a) Diru-laguntzaren bidez finantzatutako ekintzen edo jardueren azalpen txosten laburra eta aurkeztutako zabalkunde planera nola egokitzen den.

b) Diru-laguntzaren xede den proiekturako lortutako bestelako laguntzak eta diru-sarreren adierazpena. Horrelakoetan, zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueran funts horiek nola erabili diren justifikatu beharko da.

c) Gastua justifikatzeko kontua. Kontua I. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da, eta gastuen zerrenda, publizitate ekintza motaren arabera ordenatua, agertuko da eta gastu horien hartzekoduna, zenbateko osoa eta ordainketaren data zehaztuko dira.

d) Aurreko kontuarekin batera, horrekin lotutako gastuak justifikatzen dituzten fakturak edo bestelako frogagiriak, jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak, aurkeztuko dira, bai eta ordainketa egin dela frogatzen duten agiriak ere.

Laguntzak frogagiriak onartu ondoren ordainduko dira, horiek aurkeztu eta 30 eguneko epean.

13.-Diru-laguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo pertsona partikularrenak. Diru-laguntzen zenbatekoa ezinen da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Halakoetan, deialdiko laguntza murriztuko da.

14. Onuradunen betebeharrak.

a) Diru-laguntza ematearen oinarrian dauden jarduerak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

b) Jasotako laguntzaren eta horren kostu osoaren arteko aldea norberaren baliabideekin edo bestelako diru-laguntzekin ordaintzea eta proiektua aurkezpenean azaldu bezala mantentzea.

c) Diruz lagundutako publizitate ekintzak eta iragarritako ekitaldi edo ekimenak 2009ko urtarrilaren 1etik abenduaren 15era bitarte egitea.

d) Ekintza zabaltzeko euskarrietan jasotako laguntza aipatzea, "Laguntzailea:" hitza eta horren ondoan Nafarroako Gobernuaren logotipoa jarriz. Aipamen hori Sustapen Atalaren jarraibideen arabera egin beharko da.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Sustapen Atalari.

f) Organo emaileak egiten ahal dituen egiaztapenak onartzea.

g) Entitatearen ezaugarriak direla-eta eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko baldintzak betetzea.

h) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

i) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako eginbeharrak.

16. Arau-hausteak eta zehapenak.

16.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

16.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

17. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa eta aplikatu beharreko gainerako arauak aplikatuko dira.

18. Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Halaber, aldez aurretik, Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epean.

I. ERANSKINA

Gastua justifikatzeko kontua

Ekitaldia:

PUBLIZITATE EKINTZA MOTA HARTZEKODUNA ZENBATEKOA ORDAINKETA DATA

Kartelak, eskuorriak...

Prentsa iragarkiak

Telebista iragarkiak

Irrati iragarkiak

Beste batzuk

KOSTU OSOA

Iragarkiaren kodea: F0901892