149. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SAN ADRIAN

Ordenantza fiskala. Behin betiko onespena

San Adriango Udalak, 2009ko urriaren 9ko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herriko jabari publikoko zoru, zorupe eta hegalkinean hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Hasierako onespena 2009ko 131. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 23an, eta jendaurreko epea haren kontrako erreklamaziorik edota alegaziorik aurkeztu gabe iragan denez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, delako ordenantza fiskala behin betiko onetsitzat jo da eta, hortaz, haren testu osoa ematen da argitara, indarra har dezan.

ORDENANTZA FISKALA, HERRIKO JABARI PUBLIKOKO ZORU, ZORUPE ETA HEGALKINEAN HORNIDURA ZERBITZU PUBLIKOAK USTIATZEN DITUZTEN ENPRESEN APROBETXAMENDU BEREZIEN TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenengo tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Delako tasaren zergapeko egintza dira toki entitateko jabari publikoko zoru, zorupe eta hegalkinaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, hala nola hariak, hodiak eta galeriak, argi indarra, telefonia finko nahiz mugikorra, gasa edo bertze edozein fluido eramateko; lineetarako zutoinak; kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, transformadoreak, burdin-barrak, baskulak, salmenta automatikorako makinak eta gisakoak, betiere herritar guztiei edo frankori eragiten dieten hornidura zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek egiten badituzte.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Tasa urtarrilaren 1ean sortuko da urtero, eta zergaldia urte naturala izanen da, salbu eta aprobetxamendua urte hartan hasi edo bukatu egin den kasuetan, orduan zergaldia horren arabera moldatuko baita eta kuota hainbanatuko.

4. artikulua. Enpresak tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, baldin eta, toki entitatearen jabari publikoko zoru, zorupe eta hegalkinaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia egiten badute, hornidura zerbitzu publikoak ustiatzeko.

Oinarriak, tasak eta tasak

5. artikulua. Kuota emanen digun tasa aplikatzeko oinarria enpresek udal mugapearen barnean urtean lortutako fakturazioak emandako diru-sarrera gordinen arabera kalkulatuko da.

6. artikulua. Aplikatuko den tasa izanen da hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek lortutako diru-sarrera gordinen %1,5.

Tasa hauek bateragarri izanen dira toki erakundeen eskumeneko zerbitzuak edo jarduerak egiteagatik ezar daitezkeenekin. Aipatu enpresek izan beharko dute haien subjektu pasiboak.

Kudeaketa arauak

7. artikulua. Hornidura zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziren bat egin behar dutenean, hori egiteko behar den lizentzia eskatu beharko dute.

8. artikulua. Erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezi hori egin ahal izateko obra egin behar denean, enpresek behar den obra lizentzia eskatu beharko dute.

9. artikulua. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostua ordaintzera beharturik dago, bai eta aitzinetik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Gordailu hori osatuko da ukituak izan daitezkeen elementuen edo instalazioen balioaren arabera eta sor daitezkeen kalteen arabera, betiere propio egindako balorazioaren gaineko irizpena edo txosten teknikoa ikusita.

Enpresek aprobetxamenduak nola edo halako jarraikortasun eta aldiorotasun batez egiten badituzte, udalerritik kanpo izanda ere, kudeaketa administratiboa erraztu ahal izateko, gordailu oso bat ezar dezaten itun daiteke, Udalaren organo eskudunak ezarri aldietan ikuskatu eta aipatu aldietan aprobetxamendu horietan ustezko kalteen arabera haien zenbatekoa atera ahal izateko.

Gordailua lot daiteke indarra duen arautegia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin. Fidantza itzultzeko, aldez aurretik beharrezkoa izanen da aldeko txostena, non azalduko baita indarra duen arautegia eta lizentziaren baldintzak hertsiki bete, eta zoladura eta kaltetuta gerta daitezkeen beste elementu batzuk behar bezala konpondu direla.

10. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik dauden hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek hiruhilero aurkeztu beharko dute San Adriango Udaleko Erregistro Orokorrean udalerrian erdietsi dituzten diru-sarrera gordinen aitorpena. Diru-sarrera horiek aurreko hiruhilekoari dagozkionak izanen dira.

Aipatu aitorpen horretan tasaren zenbatekoa kalkulatu beharko da, arau honetan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua. Aitorpena aurkeztearekin batera, enpresek dagokien tasaren zenbatekoa Udalean berean edo horretarako ezarri erakundean sartu beharko dute.

Ordaindutako zenbatekoa autolikidaziotzat hartuko da eta zenbateko hori behin-behineko izaerako izanen da, Udalak beste pertsona natural edota juridikoengandik, publiko nahiz pribatu izan, jaso dezakeen dokumentazio osagarria jaso arte, betiere aipatu horiek ordenantza honetako enpresa hornitzaile izan badira.

San Adriango Udalarekiko lankidetza

12. artikulua. San Adriango Udalak eska diezaioke pertsona natural edo juridiko orori, pribatu nahiz publikoa izan, behar adina datu, txosten edo aurrekari, baldin eta horiek eragina badute ordenantza honetan arauten den tasa zehazterakoan, eta horretarako alderatuko dituzte enpresa horiek emandako datuak eta horien hornitzaile izan direnek ematen dituzten datuak.

San Adriango Udalaren datu-eskatze horren funtsa da Toki Administrazioarekiko edozein pertsona natural edo juridikok, pribatu nahiz publikoa izan, izan behar lukeen lankidetza, hori guztia Nafarroako Toki Ogasunei buruzko arautegian ezarritakoari jarraikiz.

Azken xedapena

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 262.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean.

San Adrianen, 2009ko azaroaren 30ean.-Alkatea, Carlos Monasterio Muro.

Iragarkiaren kodea: L0924972