149. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERROMANTZATUA

Udalaren ordenantza, izatezko bikoteen erregistroa arautzen duena. Behin betiko onespena

Erromantzatuko Udalak, 2008ko abenduaren 18an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Izatezko bikoteen erregistroa arautzen duen udal ordenantza.

Behar den iragarkia 2009ko 85. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 10ean, eta jendaurreko epea inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza behin betiko onesten da eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeaz aldatutako haren) 325. artikuluan xedatuari jarraituz.

ORDENANTZA, EZKONDU GABEKO BIKOTE EGONKORREN ERROMANTZATUKO UDAL ERREGISTROAREN ANTOLAKETA
ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

Lehen artikulua.-Ezkondu gabeko bikote egonkorren Erromantzatuko Udalaren Erregistroak administrazio izaera du eta bertan ondoko artikuluan aipatzen diren elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

Bigarren artikulua.-Ordenantza hau aplikatzerakoan, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legeak ezartzen duenari jarraikiz, bikote egonkortzat hartuko da bi pertsonaren arteko elkartze libre eta publikoa, ezkontideenaren pareko afektibitate-harreman batean, sexu-joera kontuan izan gabe, baldin eta adinez nagusi badira edo legalki burujabe jarritako adingabekoak, eta zuzeneko lerroan edo alboko lerroan, bigarren mailaraino, odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik ez badute. Elkartze hori osatzen duten kideek ezin izanen dute beste pertsona batekin ezkontza-loturarik izan edo bikote egonkorrik osatu.

Hirugarren artikulua.-Bikoteek, sexua kontuan izan gabe, Erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin aurreko artikuluan xedaturiko bizikidetasunezko elkartzeetako bat osatu badute.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Erromantzatuko Udalean erroldaturik, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikote egonkorren beste erregistroren batean.

Laugarren artikulua.-Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistro zibilaz arduratzen den funtzionarioaren aitzinera, haien artean ordenantza honetako 2. artikuluan zehazten denaren araberako elkartze bat osatzen dutela deklaratzeko.

Bosgarren artikulua.-Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat legalki burujabe jarri gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko ahaide badira.

Bikoteko batek bere borondatean eragiten ahal duen akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Horrelakoetan, medikuaren irizpena beharko dute, ordenantza honetako 2. artikuluan zehazten denaren araberako elkartze bat osatzeko gaitasuna aitortzen diena.

Era berean, ukatu eginen da inskripzioa bikoteko bat ezkondua badago, beste pertsona batekin bikote egonkorra osatzen badu edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

Seigarren artikulua.-Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteko kideek nahi dituzten inguruabar guztiak agerrarazten ahalko dituzte beren elkartzeari buruz. Albo ohar baten bidez idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare harremanak arautzen dituzten hitzarmenak. Horretarako, hitzarmenaren edo agiri erregulatzailearen 3 ale aurkeztuko dituzte; horietatik 2 itzuli eginen dira behar bezala eginbideturik, erregistroaren inskripzioko liburukia eta orria adierazita, eta hirugarren alea inskripzioaren agiri erantsi gisa geratuko da.

Aurreko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak agertuta.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

Zazpigarren artikulua.-Erromantzatuko Udalean ordenantza honetako baldintzei jarraikiz inskribatzen diren elkartze guztiek ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute, Udalaren eskumenekoak diren gaietan.

Zortzigarren artikulua.-Bikote egonkorren erregistroa Udalaren Idazkaritza Orokorraren ardura izanen da. Egiten diren inskripzioak eta luzatzen diren ziurtagiriak doakoak izanen dira erabat (baldin eta Udalak berak eskatuta luzatzen badira).

Bederatzigarren artikulua.-Aurreko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua egonen da, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

Hamargarren kapitulua.-Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa izanen da bere oinarrizko inskripzioa, eta haren bazterrean jarriko dira geroago Liburu Orokorrean elkartze horri buruz egiten diren gainerako idazpen guztiak.

Hamaikagarren artikulua.-Erregistroan Liburu Lagungarri bat ere izanen da, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zein orrialdetan dauden inskribaturiko bikoteekin zerikusia duten idazpenak.

Hamabigarren artikulua.-Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta Erregistroaren arduradunak egiten dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra.-Ordenantza honetan aurreikusita ez dagoen orotan, 6/2000 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

I. ERANSKINA

Erromantzatuko Herriko Etxean, Udal Erroldaren bulegoan, halako egunean ......, honako hauek batera agertu gara: Izena: .................., jaioterria: ............., bizilekua (erroldakoa): .................., adinez nagusia (edo adingabea, legalki burujabea dena), N.A.N. zenbakia: ......., eta

Izena: .................., jaioterria: ............., bizilekua (erroldakoa): .................., adinez nagusia (edo adingabea, legalki burujabea dena), N.A.N. zenbakia: .......

Eta adierazten dugu:

"Ezkondu gabeko bikote egonkorren" Udal honen erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako,

Adierazten dugu:

Lehenbizikoa.-Aipatu ordenantzan ezarritako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ............ (Oroitarazten da T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraikiz erroldatu beharra dagoela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarrena.-Ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor bertze inorekin ere.

Hirugarrena.-Gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ezta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarrena.-Gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik, ezta ezkontzeko inolako ezgaitasun aitorturik ere.

Bosgarrena.-Ez dugula nahi/nahi dugula Erregistroan jasotzea gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmenak.

Seigarrena.-Baimena ematen dugula Erromantzatuko Udal Erroldan datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua ez Erromantzatuko erregistroan, ez maila eta xede bereko inongo herritako erregistroan ere.

Horiek horrela,

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Erromantzatuko Udaleko Erregistroan inskribatu gaitzatela eskatzen dugu.

Stua.: ..................... Stua.: .....................

II. ERANSKINA

Erromantzatuko Udaletxean, halako egunean ........ Agertu gara:

Izena: ..........................., N.A.N. zenbakia: .............., eta

Izena: ........................., N.A.N. zenbakia: ..............

Eta Ezkondu gabeko bikote egonkorren Udalaren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu asmoa dugula gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat jotzeko, izan ere horrelaxe inskribatua dago aipatu Udalaren erregistroan.

Horregatik guztiagatik, eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat jo dadila aipatutako elkartzearen inskripzioa.

Stua.: ..................... Stua.: .....................

Erromantzatuan, 2009ko azaroaren 12an.-Alkatea, Elena Rodríguez Sánchez.

Iragarkiaren kodea: L0926383