148. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

AA7ren nahitaezko desjabetzapenaren espedientea

114/06 kutxa.-Presako prozeduraren bidez nahitaez desjabetzeari buruzko espedientea, 2006ko urriaren 27ko osoko bilkuran hartutako erabakiaz hasitakoa, gero arrunt bilakatua, 2008ko martxoaren 28ko osoko bilkuran hartu erabakiaren bidez, honako obra hauek egiteko: "Egungo Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko AA7ri dagokion parke berriaren urbanizazioa, Díaz Bravo kalearen (de la Almoceda kalea eta de los Poetas pasealekua) eta de las Merindades etorbidearen artean".

Ukipena aldatzeko prozeduraren hasiera

Espedientearen egoera

Aipatuko diren lurzatiak, nahitaez desjabetzeari buruzko espediente honek ukitu ditu: "Egungo HAPOko AA7ri dagokion parke berriaren urbanizazioa, Díaz Bravo kalearen eta de las Merindades etorbidearen artean" (4. unitate integratuan) izeneko obrak egiteko espedientea.

Osoko Bilkurak erabakiak hartu ditu 2006ko urriaren 27an, 2007ko maiatzaren 18an eta, azkenik, 2008ko martxoaren 28an.

Deklaratzen zen interes orokorrekoak eta onura publikokoak zirela HAPOko 4. unitate integratuko AA-7ko urbanizazio obra horiek, antolamendu proposamena zelarik hiri lurzorua izatea, urbanizazio finkaturik gabekoa, eta berdegune gisako erabilera xehakatua zuelarik.

Tuterako HAPOk 7. jarduketa asistematiko hau (aurrerantzean AA-7) ekipamendu alternatiborako uzten du, baina ez du zehazten publikoa ala pribatua.

Balioespenaren espedientea ebatzi da, eta jabe zehatz batzuei deia egin zaie, balio justua ordaintzeko eta okupazio aktak egiteko.

Nafarroako Gobernuaren eskaera

2009ko azaroaren 10ean, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko justizia zuzendari nagusia Udalari zuzendu zitzaion, hari eskatzearren behar den lur zerrendaren jabetza Nafarroako Gobernuari emateko, Queiles parkearen ipar-ekialdeko muturrean. Han eraikin bat eginen da zerbitzu hauek hartzeko: Tuterako Barruti Judizialeko Epaitegiak, Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltza Nagusiko Tuterako Barrutia, Tuterako Erregistro Zibila eta gainerako zerbitzu judizial osagarriak.

Honi lotu behar zaio Nafarroako egunkarietan agertutako informazioen zabalkundea eta entzutea; bereziki Navarra 2012 Plana eta epaitegien egoitza berria (Tutera) aipatu dira.

Ukitzen dituen azalera eta lurzatiak

Kasu honetan funtsezkoa ez den zatia da, neurriz txikia, Tuterako erakunde judizialen egoitza berria ezartzeko erabiliko dena. Halatan, AA-7ren kalkulatutako azalera osotik (gutxi gorabehera 33.000 m² baitira), horretarako 1.684 m² behar dira, gutxi gorabehera; horrek ez dizkio Udalaren jardunari galarazten HAPOren aurreikuspenak.

Epaitegi berrien eraikinak ukituko duen azalera, honako lurzati hauetan sartzen da:

-Tuterako Udalarenak: 337. lurzatia eta 154. lurzatia.

-Abamor, S.L.rena eta Abascal y Asociados Navarra, S.L.rena; okupazio akta egin eta balio justua ordaindu da (oraindik ere jabetza erregistroan inskribatu gabe dago): 333. lurzatia (puska bat).

-Ángel Pérez Pérezena: 156. lurzatia (osorik). (Balio justua ordaindu gabe eta okupatu gabe).

-Francisco Pérez Pérez-Francésena: 163. lurzatia (puska bat). (Balio justua ordaindu gabe eta okupatu gabe).

Aplikatzekoak diren arauak. Prozedura

Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen (aurrerantzean NDL) 54.2 artikuluak, a) idatz-zatian, honako hau aipatzen du itzultze eskubiderik izanen ez deneko kasuen artean: "Desjabetzapena ekarri zuen helburua desafektatzearekin batera era arrazoituan erabakitzen denean beste afektazio bat egitea onura publikokoa edo interes sozialekoa dela deklaratutako beste helburu bati. Kasu honetan, Administrazioak ordezkapenaren publizitatea eginen du, eta hasierako jabeak edo haren kausadunek bidezko juzgatzen dutena alegatu ahalko dute, beren itzultze eskubideari eusteko, uste badute ez direla betetzen legeak eskatutako baldintzak, eta, halaber, balioespena berriz egiteko eskatzen ahalko dute, hasieran aurreikusitako obra ez bada egin edo zerbitzua ez bada ezarri".

Kasu honetan Nafarroa 2012 Planak, orok ezagutzen duen hark, Tuterako erakunde judizialen eraikin berria egiteko jarduketa dakar.

N.D.L. garatzeko erregelamenduaren, 1957ko apirilaren 27ko dekretuaren bidez onetsitako haren, 11. artikuluarekin bat (Justizia) [Ondasun higiezinen onura publikoaren deklarazioa, nahitaezko desjabetzapena baino lehen]:

"1. Desjabetzapenaren ondasunak higiezinak badira, Gorteek onetsitako lege baten bidez egin beharko da onura publikoaren deklarazioa.

2. Honako kasu hauetan ez da beharrezkoa izanen lege formal bat aldarrikatzea:

a) Estatuaren, probintzia baten edo udal baten planetan sartutako obrak eta zerbitzuak direnean, legeak eskatutako baldintzak beteta onetsitakoak, haietan inplizitoki emantzat jotzen delarik deklarazio hura. Ministro-agindu baten bidez erabakiko da Estatuaren planen gauzatze zehatza, eta probintzien edo udalen planei buruzko erabakiak, berriz, organo eskudunek hartuko dituzte.

b) Baldin eta lege bidez onura publikoaren deklarazio generikoa egin bada obra, zerbitzu edo kontzesio mota zehatz batzuetarako, nahikoa izanen da kasu bakoitzean onura publikoa onartzea Ministro Kontseiluan onetsitako dekretuaren bidez, non eta haiek arautzen dituzten legeek ez duten bestelako biderik agintzen.

c) Legeko 85 eta 97. artikuluetan aipatutako desjabetzapenak arautzeko xedapen berezietan, beste bide bat ezartzen denean onura publikoaren deklarazioa egiteko".

Horretarako, Nafarroako Gobernuak 2008ko azaroaren 17an hartutako erabakiak, 2008ko ekainaren 30eko erabakiaren lehen atala aldatzen duen hark, baimena ematen dio Justizia zuzendari nagusiari urte anitzeko laguntza kontratu hau egiteko: Nafarroa 2012 Planeko lehentasunezko jarduketa, proiektua prestatzea eta, badagokio, nagusiki Tuterako Epaitegietarako izanen den eraikin berria egiteko obren zuzendaritza fakultatiboa".

Ebazteko eskua duen organoa

Legeak dioen legez, Toki Araubidearen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko s) letran ezarritako hondarreko klausulan (abenduaren 16ko 57/2003 Legeak emandako testuan) xedatuari lotu beharra dago. Hark dio alkateak bere esku dituela honako ahalmen hauek: "Legeek espresuki ematen dizkioten gainerakoak eta Estatuaren edo autonomia erkidegoen legediak udalari eman eta udalaren beste organo batzuen eskuetan uzten ez dituenak".

Horregatik, ebatzi dut:

1.-Prozedura hastea helburu hauetarako:

1.1. Batetik, desafektazioa, hasiera batean parkerako ziren lurretan (1.684 m², azalera osoa gutxi gorabehera 33.000 m²-koa delarik), Tuterako egungo HAPOko jarduketa asistematikoan, Díaz Bravo kalearen, de la Almoceda kalearen, de las Merindades etorbidearen eta de los Poetas pasealekuaren artean, 4. unitate integratuan, idazpuruan adierazitako desjabetzapen espedientearekin bat.

1.2. Eta, bestetik, lurren beste afektazio bat (1.684 m², gutxi gorabehera), Nafarroako Gobernuak eskatuta (desjabetzapenaren onuraduna baita) Tuterako erakunde judizialen egoitza hartuko luketenak, obra hau gauzatzearren: "Nafarroa 2012 Plana. Lehentasunezko 48. jarduketa: Epaitegietako eraikin berria, Tuteran".

2.-Prozedura honi publizitatea ematea. Eta horretarako:

2.1. Entzunaldia ematen zaie desjabetzapenaren afektazio berriak ukitutako lurzatien titularrei eta desjabetuei, hamar egun balioduneko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, alegazioak aurkeztu ahal ditzaten.

2.2. Argitara bedi iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

3.-Jakinarazi ukitutako pertsonei eta Nafarroako Gobernuari (Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua, Justizia Zuzendaritza Nagusia).

4.-Tramite egintza denez, honen aurka ezin da inolako errekurtsorik aurkeztu.

5.-Tuterako Udalaren alkate-udalburuari dagokio espedientea ebaztea.

Argitara ematen da, orok jakin eta bete dezan.

Tuteran, 2009ko azaroaren 20an.-Lurraldearen Antolamenduaren alorreko zinegotzi delegatua, M.ª Victoria Castillo Floristán.

Iragarkiaren kodea: L0926968