134. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

166/2009 FORU AGINDUA, urriaren 15ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana. Honen bidez, 2009-2010 ikasturterako testuliburuak doan eskuratzeko programa finantzatzeko administrazioaren ekarpenaren gehieneko zenbatekoa finkatu da.

Oinarrizko irakaskuntzarako testuliburua finantzatzeari buruzko martxoaren 25eko 6/2008 Foru Legearen 3. artikuluak (41. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 31n argitaratua) hurrengo hau xedatzen du: "Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legeak aurrekontu-ekitaldi bakoitzean bilduko ditu testuliburuak finantzatzeko behar diren kontusailak, erregelamenduz zehaztuko diren formulen arabera".

Bestalde, martxoaren 25eko 6/2008 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abuztuaren 11ko 89/2008 Foru Dekretuaren 4. artikuluak hurrengo hau xedatzen du: "Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Administrazioak ezarriko du urtero zein izanen den eginen duen gehieneko ekarpena. Onuraduna den ikasle bakoitzeko modulu bat ezarriko du, eta horren balioa ezartzeko kontuan hartuko dira programa aplikatuko deneko irakaskuntza maila eta gehien erabiltzen diren liburuek benetan duten kostua."

Erregelamenduaren lehen xedapen gehigarriak testuliburuak doan eskuratzeko programa pixkanaka ezartzeko egutegia onetsi du; horrela, 2009-2010 ikasturtean Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailei eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailari dagokie.

Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak txostena eman du 2009-2010 ikasturtean testuliburuak doan eskuratzeko programa ezartzen den maila bakoitzeko ikasgai kopuruaren eta ikasliburuen batez besteko prezioaren arabera moduluak izan beharreko zenbatekoaz.

Txosten beretik ondorioztatzen da komenigarria dela, moduluaren zenbatekoa zehazterakoan, ikasliburuak eskuratzeko modua. Hala, Erregelamenduaren 4. artikuluan aurreikusitakoa betetzeko eta zenbateko hori merkatuko benetako balioari doitzeko, modulua beheratuko da ikasliburua argitaletxean bertan erosten denean, izan ere benetako kostua kalkulatu da saltokietan jendeari saltzeko jartzen diren prezioen arabera.

Era berean, administrazioaren ekarpenak ezin du berdina izan, ikastetxeak maila bakoitzerako hautatzen duen liburu-kopurua edozein izanik ere. Horrexegatik, maila bakoitzeko gai edo ikasgaiei dagozkien liburu guztiak aukeratzen ez badira ere, administrazioaren ekarpenak zuzenean lotuta egon behar du ikastetxe bakoitzak benetan erabiltzen duen liburu-kopuruarekin.

Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei dagokienez, kasu asko daudenez, zaila da programa kudeatzea. Hortaz, egokitzat jo da, ikasle horien kasuan, administrazioak urteko ekarpena egitea ikastetxeei, eta horiek izatea beharrezkoa den material didaktikoaren erosketa kudeatzen dutenak, formatuaren aldetik inolako mugarik izan gabe. Urteko ekarpena ekarpen arrunta baino txikiagoa bada ere, urtekoa denez, lau urteko kopuruak arrunta gaindituko du. Bestalde, ikasle horien egoera bereziak aintzat harturik, uste da horiek testuliburuak doan eskuratzeko programan sartu beharko liratekeela matrikulatuta dauden maila kontuan hartu gabe, betiere derrigorrezko eskolatze adinean badaude.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.e) artikuluan ematen zaizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2009-2010 ikasturtean testuliburuak doan eskuratzeko programa finantzatzeko administrazioaren ekarpenaren gehieneko zenbatekoa onestea, I. eranskinean ageri denaren arabera.

2. Ikastetxe batean ez bada erabakitzen testuliburuak doan eskuratzeko programan sar daitekeen maila bati dagozkion gai eta ikasgaietan libururik erabiltzea, administrazioak 2009-2010 ikasturtean ikasleko eginen duen ekarpena kalkulatuko da hauta daitezkeen liburu guztien artetik hartzen diren horien arabera, aurreko atalean aipaturiko gehieneko ekarpenaren araberako portzentajea aplikatuz. Hala dago adierazia foru agindu honen II. eranskinean.

3. Hezkuntza behar bereziak dituzten eta hala diagnostikatu diren ikasleen kasuan, 50 euroko zenbatekoa ezartzen da 2009-2010 ikasturterako, kontuan hartu gabe erabilitako material didaktikoa eta ikaslea matrikulatua dagoen derrigorrezko eskolatze maila.

4. Hezkuntza Departamentuak baimendu eta finantzatu ahal izanen ditu erabilera orokorrerako erosten diren ikasliburuak eta bestelako material didaktiko bereziak, berrerabilpen eta iraunkortasun baldintzak betetzen badituzte -zehaztutako kasuetan eta baldintzetan-.

5. Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiari ahalmena ematen zaio foru agindu hau garatzeko.

6. Foru agindu hau igortzea Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusira eta Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura.

7. Foru agindu honen kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete Nafarroako Gobernuari zuzendua, honako hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

8. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2009ko urriaren 15ean.-Hezkuntzako kontseilaria, Alberto Catalán Higueras.

I. ERANSKINA

Testuliburuak doan eskuratzeko programa finantzatzeko modulua

LEHEN HEZKUNTZAKO

5. ETA 6. MAILAK

DBHKO 1. MAILA

Ikasliburuak non erosi diren

Saltokia

Argitaletxea edo banatzailea

Saltokia

Argitaletxea edo banatzailea

Mailaren gehieneko dotazioa

135,00 euro

94,5 euro

235,00 euro

164,5 euro

Erabilera orokorreko materiala eta bertan egindakoa (ikasgai bakoitzeko)

15,00 euro

20,00 euro

II. eranskina

HAUTATUTAKO LIBURU-KOPURUA

EKARPENAREN PORTZENTAJEA

1-2

% 30

3-4

% 60

5 edo gehiago

% 100

Iragarkiaren kodea: F0924598