134. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLATZ

Udal ordenantza, Bestetan eremu publikoa ostatuko barrarekin okupatzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Olazko Kontzejuko Batzarrak, 2009ko apirilaren 6an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Bestetan eremu publikoa ostatuko barrarekin okupatzea arautzen duen udal ordenantza (70. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2009ko ekainaren 8an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Olatzen, 2009ko urriaren 14an.-Kontzejuko burua, María Soledad Corres.

BESTETAN EREMU PUBLIKOA OSTATUKO BARRAREKIN OKUPATZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Eremu publikoaren erabilera

1. artikulua. Eremu publikoa ostatuko barrekin behin-behinekoz okupatzea

1.1.-Definizioa: besta tradizionaletan eta bizilagunen interes publikoarengatik, edozein jarduerari buruzko arauekin bat, ostatuko barrak behin-behinekoz paratzen ahalko dira erabilpen publikoko jabari publikoan, hala nola kaleetan, plazetan, parkeetan eta abarretan, titulartasuna publikoa dela edo pribatua dela.

1.2.-Kontzejuak finkatuko du jabari publikoko zein tokitan paratuko diren behin-behineko instalazio horiek eta haien azalera eta bolumena zenbatekoa izanen den. Halaber, kaleko hornigai guztiak eta seinale guztiak, daudenak eta aurreikusten direnak, zehaztuko dira.

Kontzejuak onetsiko du instalazioek zein eredutara egokitu beharko duten eta eredu horrekin bat egiten ez duena ez da baimenduko.

Jabari publikoko proiektuak edo instalazioak egokitzeko balio duten ereduak guztiz edo zati batean aldatzeko, beharrezkoa izanen da haiek onesteko ezarritako prozedura berari jarraitzea.

Baimenak eskatzen diren egunetarako emanen dira, betiere eskaeraren urtearen barnean, hurrengo urteetararako ezin baitira berez luzatu.

Instalazioak paratzeko baimena jasotzen duenak 100 euroko kanona ordaindu beharko du. Zenbateko hori urtero eguneratuko da KPIren arabera.

Jabari publikoko eremuaren proiektua guztiz edo zati batean aldatzen bada, instalazioak ezaugarri bereko beste toki batera eraman behar izateak ez du inolako kalte-ordainik ekarriko.

Baimenak ez dakar berarekin altzaririk (barra, hozkailuak etab.), deus paratzerik, ezta ekipoen alokairurik, hori guztia esleipen-hartzaileak ordaindu beharko baitu. Kontzejuak elektrizitateko eta ur korronteko hargune bana eskainiko du soilik.

2. artikulua. Eskatzaileak.

Bestetan eta halakoetan ostatuko barra paratzeko baimena jasotzerakoan, egoitza herrian duten gizarte erakundeek eta irabazi-asmorik ez dutenek izanen dute lehentasuna. Haatik, Olazko lau bizilagunek edo gehiagok osatutako elkarteek ere eskatzen ahalko dute.

Horretarako, Kontzejuak ezarritako epe muga bukatu aurretik idatzizko eskaera bat aurkeztu beharko dute bertan, kultura, kirol, gizarte edo herritarren elkartea den eta Olatzen finkaturik dagoen zehaztuz.

Instalazioak paratzeko lurzoruan sartzen direnak baino eskaera gehiago aurkezten badira, kontzesioa zozketa bidez eginen da eskatzaileen artean.

Kontsezioa jasotzen duen elkarteak instalazioak eta inguruak zaindu eta garbitzeko ardura izanen du. Hori bete ezean baimena kenduko zaio, betiere arau-haustea jakinarazi eta hura zuzentzeko epea bukatu ondoren.

Esleipen-hartzaileak ostatuaren zerbitzua behar den bezala emanen du, kontsezioak irauten duen bitartean herritarren eskariari euts diezaion. Instalazioa hornitzearekin ikusteko duen oro bere kontura joanen da.

II. KAPITULUA

Zehapenen araubidea

3. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

3.1.-Debekuak eta betebeharrak ez betetzea dira ordenantza honetan zehatzen diren arau-hausteak.

Honako hauek dira neurriak:

a) Lortutako baimenak bertan behera uztea.

b) Instalazioetan beharrezko aldaketak egiteko agintzea.

c) Ordenantza betetzen ez duten instalazioak guztiz edo zati batean kenaraztea edo prezintopean jartzea.

d) Antzeko beste edozein, indarrean dagoen legedian aurreikusita badago.

Iragarkiaren kodea: L0924644