122. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartela ematea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Eguesibarko Udalak, 2008ko uztailaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen ordenantza hau: Ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartela ematea eta txartel hori Europar Batasuneko eredura egokitzea arautzen dituen ordenantza (2008ko 93. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, uztailaren 30ean).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, Nafarroako Toki Araubidea Gaurkotzeari buruzko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik, kexari edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantza behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da.

Eguesen, 2009ko irailaren 10ean.-Alkate udalburua, José Anastasio Andía García de Olalla.

EZGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen helburua da ezgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak emateko edo berritzeko arauak ezartzea, kontuan hartuz ezgaitasuna dutenen aukera berdintasuna eta haien gizarteratzea. Hori, legedi honekin bat: Europako Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an egin zuen 98/376/CE Gomendioa eta EEAO C 62/24, 1998ko otsailaren 26koa; Oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legea, martxoaren 25eko 22/2003 Foru Legearen bidez aldatua; eta abenduaren 19ko 19/2001 Legearen 7.b artikulua; azken lege horrek Bide Segurtasunari eta Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari buruzko Legearen testu artikuluduna (martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) aldatu zuen; helburua da ezagaitasuna duten pertsonek ibilgailua aparkatzea, aparkatu eta gero ibilaldi luzerik egin beharrik gabe.

2. artikulua. Betebeharrak.

Aparkatze txartela eskuratzeko, beharrezkoa da baldintza hauek betetzea:

-Ezgaitasuna duten gidariak:

1. Elbarriak indarra duen gidabaimena izan beharko du.

2. Mugikortasuna urritzen dion elbarritasuna izatea; xehetasun hauetako bat frogatu beharko du:

a) %33ko elbarritasuna edo handiagoa egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko edo kolektiboa erabiltzeko ezgaitasunen bat tarteko dela dioena; edo.

b) %33ko elbarritasuna edo handiagoa egiaztatzen duen ziurtagiria eta Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako osasun agiria, frogatzen duena elbarritasunak modu larrian eragiten diola honetarako:

  • Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, makulua, eskumakilak, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartuz.
  • Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalek eraginda.
  • Aulki gurpilduna behar izatea bere joan-etorrietarako.
  • Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela eta.

-Ezgaitasuna duen pertsonaren familiakoa:

1. Indarra duen gidabaimena izan beharko du.

2. Eskaitzailearen agiriak, ezgaitasuna duen eta kontzesioa eskatzeko arrazoia izan den pertsonarekin zer familia lotura duen erakusten dutenak.

3. Zaindutako ahaideak mugikortasuna urritzen dion elbarritasuna izatea; hori dela eta, honako hauek egiaztatu beharko dira:

a) %33ko elbarritasuna edo handiagoa egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko edo kolektiboa erabiltzeko ezgaitasunen bat tarteko dela dioena; edo.

b) %33ko elbarritasuna edo handiagoa egiaztatzen duen ziurtagiria eta Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako osasun agiria, frogatzen duena elbarritasunak modu larrian eragiten diola honetarako:

  • Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, makulua, eskumakilak, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartuz.
  • Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalek eraginda.
  • Aulki gurpilduna behar izatea bere joan-etorrietarako.
  • Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela eta.

3. artikulua. Eskatzeko prozesua.

Txartela Udalaren bulegoetan eskatuko da, eta eskabidearekin batera honako hauek aurkeztuko dira:

-Karnet neurriko argazki bat, kolorezkoa, ezgaitasuna duen pertsonarena.

-Elbarritasunaren ziurtagiriaren fotokopia eta jatorrizkoa.

-Osasun ziurtagiriaren fotokopia eta jatorrizkoa.

-Gidabaimen eguneratuaren fotokopia eta jatorrizkoa.

-Ibilgailuaren zirkulatzeko baimenaren fotokopia eta jatorrizko agiria.

-NANaren fotokopia konpultsatua eta jatorrizkoa.

-Herrian erroldaturik dagoelako ziurtagiria.

-Eskaera familiako batek egiten duenean, ezgaitasuna duen pertsonaren eta eskatzailearen arteko loturari buruzko datuak emango dira: NANa, familia liburua...

-Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.

4. artikulua. Txartelaren erabilera.

1. Txartela erabiltzen denean, ibilgailuaren aurreko aldean jarriko da, txartelaren aurrealdea aise ikusteko moduan dela, kanpotik kontrolatzeko.

2. Indarraldia amaituta, lau urtekoa izanen baita txartela ematen denetik aurrera, ez du gehiago baliorik izanen, eta hartu zen tokian itzuli beharko da. Han, bidezko bada, berritu eginen da.

3. Ibilgailu txartelduna aparkatu ahalko da:

a) Ordutegi mugarik gabe, ezgaituentzako erreserbatuta eta seinalatuta dauden lekuetan.

b) Denbora tarte mugatu batean, bai zamalanetarako erreserbatuta dauden lekuetan bai seinale bidez aparkatzeko debekua adierazita dagoen tokietan bai bertzelakoetan, udaltzainek espresuki baimena emanez gero.

4. Ondoko kasuetan, ezin izanen da inola ere ibilgailua aparkatu baimen honen babespean: txartelaren titularra barruan ez dagoenean, oinezkoendako pasabideetan, espaloiaren gainean, geldialdi debekatua duten eremuetan, garraio publikoarendako erreserbatutako erreietan eta, oro har, ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.

5. Txartela udalerri batean eskuratu eta beste batean aparkatuz gero, udalerri horretan ezarrita dauden arauak eskatu beharko dira.

6. Edozein arrazoi dela medio, txartela erabiltzeari utzi behar bazaio, eskuratutako Udalean itzuli beharko da, arrazoiak adierazita.

7. Txartela galdu edo norbaitek ebatsiz gero, hura eskuratu zen Udalean eman beharko da gertaeraren berri.

5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste administratiboak dira:

-Txartela lortzeko aurkezten diren datu, ziurtagiri edo bestelakoak faltsutzea, eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea.

-Orobat, txartelak baimen administratiborik gabe erabiltzea edo beste baten txartelaz baliatzea edo, iruzur eginez, haien kopiak ateratzea.

Faltsutu dutenak eta txartelaren eskatzaileak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.

Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea irekiko da; betiere, ebazpenaren aitzin, entzunaldia emanen zaie interesdunei. Zehatzeko ahalmenaren gaineko Erregelamenduan xedatzen denari jarraituz tramitatuko da.

Azken xedapena

Bakarra.-Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L0922245