122. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2074/2009 EBAZPENA, irailaren 2koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, "Arronizko (Nafarroa) udal mugapeko Arronizko hirigunean gas naturala banatzeko sarea" proiekturako instalazioak egiteko administrazio baimena ematen duena.

Tramitazioa egin ondoren eta urtarrilaren 23ko 419/2008 Ebazpenaren bitartez, aurretiko administrazio baimena eman zitzaion Gas Navarra, S.A. enpresari Arronizko hirigunean gas natural kanalizatua hornitu eta banatzeko.

Enpresa horrek, 2009ko uztailaren 3an, administrazio baimena eskatu zuen "Arronizko hirigunean gas naturala banatzeko sarea" proiekturako instalazioak egiteko. Proiektuak Arronizko udal mugapea ukitzen du.

Instalazioak egiteko proiektuaren oinarrizko datuak honako hauek dira:

MOP 0,1-2 barreko banaketa sarea abiatuko da AR-1.000 Nm³/h erregulazio armairuaren irteeratik. Hori NA-6343 eta NA-6340 errepideen elkargunean instalatuko da, Arronizko hirigunearen hegoaldean, eta Gas Navarra, S.A. enpresaren jabetzakoa da. Sare horrek dentsitate ertaineko polietilenozko adar nagusi bat izanen du (UNE 53333-90 araua), 160 DN-koa, eta Alloko errepidetik igaroko da. Adar nagusi horretatik beste zenbait adar aterako dira udalerrian barna, 110, 90 eta 63 mm-ko DNekin.

Egin beharreko sarea, guztira, 5.714 ml-koa da. Banaketa sarearen diseinuaren presioa MOP 0,4 barrekoa da, diseinuko tenperatura 15ºC-koa, aurreikusitako gehieneko emaria 1.000 Nm³/h-koa da eta gasaren lastertasun handiena 20 m/s-koa.

Aurrekontua hirurehun eta laurogeita hamalau mila bost ehun eta hogeita hamahiru euro eta hirurogeita bost zentimokoa da (394.533,65 euro).

Baimena eskatu duen enpresak Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 67.2 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ditu.

Gas Navarra, S.A. enpresak ondasun eta zerbitzuak babesten dituzten erakunde publiko guztiei eskatu dizkie baimena eta baldintzak. Horregatik enpresa titularrak haiek ezartzen dizkioten baldintzak bete beharko ditu.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22,1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Arronizko hirigunean gas naturala banatzeko sarea" proiektua onestea eta Gas Navarra, S.A. enpresari proiektu horren instalazioak egiteko administrazio baimena ematea.

2. Baimenduriko instalazioen onura publikoa deklaratzea, nahitaez desjabetzearren eta bide zortasuna ezartzearren.

3. Gas Navarra, S.A. enpresari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.

4. Administrazioaren baimena baldintza hauetara egokituko da:

Lehena.-Instalazioetan eta beren muntaketan Gas erregaien banaketari eta erabilerari buruzko erregelamendu teknikoan eta bereziki ICG-01 jarraibide tekniko osagarrien 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoa beteko da. Erregelamendu hori uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen.

Bigarrena.-Enpresak Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 74. artikuluan eta bereziki d) letran aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez Gas Navarra, S.A. beharturik dago hornidura ematera eta behar diren hedakuntzak egitera, baimen honen eremu geografikoaren barreneko edozein eskatzailek zerbitzua eskatuz gero.

Hirugarrena.- Administrazio baimenaren titularrak abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuaren 10. artikuluan aipatzen diren eskubide eta baldintzak izanen ditu, banatzailea den aldetik. Dekretu horren bidez arautzen dira gas naturala garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak, baita instalazioak baimentzeko prozedurak ere.

Laugarrena.-Baimen honek ez du zerbitzua erabiltzeko eskubide esklusiborik ematen.

Bosgarrena.-Instalazioak eraiki eta gero, Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak ikuskatuko du lan eta muntatzeak burutu diren eta, horiek bukatutakoan, eta instalazioen obra bukaeraren ziurtagiria -eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia- kontzesio-hartzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik (UNE 60311 arauan ezarritako erresistentzia mekanikoaren eta estankotasunaren proben aktak barne), aipatu zerbitzuak hori guztia biltzen duen akta eginen du, eta ondotik Zuzendaritza Nagusi honetara igorriko.

Kontzesioaren xede diren instalazioetan indarrean dauden xedapenen arabera egin beharreko izaera orokor nahiz partzialeko ikuskapen, saio eta proben berri aldez aurretik eman beharko dio banatzaileak aipatu zerbitzuari.

Halaber, eta obrak hasi baino lehen, haiek egiteko plan zehatza aurkeztu beharko du kontzesio-hartzaileak.

Seigarrena.-Urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimena bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Proiektuak aurrera eramaterakoan, Zuzendaritza Nagusi honek baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarrean dauden xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

b) Ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten instalazioak egitea edo indarreko erregelamenduak, pertsonen eta gauzen segurtasuna eta horniduraren baldintzak bermatzearren, ezartzen dituen baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak ez betetzea.

5. Ebazpen hau Gas Navarra, S.A.ri jakinaraztea eta ohartaraztea haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2009ko irailaren 2an.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

Iragarkiaren kodea: F0922395